Asun Zelai Beunza. Karrikiriko kolaboratzailea

Asun Zelai Beunza. Karrikiriko kolaboratzailea

imgp6773Goxotasuna eta tinkotasuna. Asunekin hitz egitea gustura egiten den ariketa bat da, maitasunez eta errespetuz aritzen delako beti. Baina, batez ere, bere bizipenak, ideiak eta jarrerak entzuteak egiten ditu interesgarri Asunekin solasteak. Elkarrizketa egin nahi genion, hitzordua egin genuen, gustura egon ginen berriketan eta hona pasarte batzuk ekarri dizkizuegu.

Zein da zure historia pertsonala euskararekin?

Aita eta ama aetzak ziren, Aezkoakoak. Baina ezkontzerakoan Iruñera etorri ziren. Ni Iruñean jaiotakoa naiz, eta bizi, Amaia kalean, goiko aldean. Aitak bazekien euskaraz. Gogoan dut bere anaia-arrebekin euskaraz egiten zuela. Ama, euskaltzalea zen, baina ez zekien. Nik uste dut, ulertu ulertzen zuela, baina hitz egiteko mailarik ez zuen. Herrira joaten ginelarik zerbait entzuten nuen ere.

Aita gazte eta ni umea nintzela hil zen, golpe gogorra izan zen familiarentzako. Etxeko transmisioa hor eten zen. Etxean erdaraz bizi ginen. Bai ingurukoekin eta baita lagunekin ere.

Gazte garaian, oroitzapena dut, ama jesuitengana joaten zela mezatara. Han euskarazko mezak ematen zituzten, eta oker ez banago, helduentzako euskara klaseak hasi ziren ematen eta ama animatu zen.

Ni ere 19 urterekin gau eskolan hasi nintzen euskara ikasten. Garai hartan gau eskolara jende kontzientziatua joaten zen. Baina nire inguruko jendeak, nire lagunek ez zuten horrelakorik. Euskararekiko, adibidez, ez zuten inongo sentimendurik, kontra agian ez, baina alde seguru ezetz.

Beraz, hor hasi nintzen, poliki-poliki, eta ama etxean poz-pozik.  Eta orduan, kanta… Normala den bezala, abesti batzuk ikasten genituen klasean, eta halako batean “Maritxu nora zoaz…” eta orduan aitarekin lotu nuen, berak abesten zuen kanta zelako. Baina urtetan ahaztuta izan nuena. Ni oso gustura sentitzen nintzen, euskara ikasten, herriarekin, aitarekin lotzen ninduen horrek guztiak.

Parisera joan zinen…

Gero, 25 urterekin, bi urtez Parisen ibili ondoren, etxera itzultzerakoan euskararen gaia amaitu behar nuela erabaki nuen. Hondarribiko barnetegira joan nintzen eta han 5 hilabetez egon nintzen. Bertan hasi nintzen euskaraz hitz egiten. Han galdu nuen lotsa, eta bueltatzerakoan euskaraz aritzeko gai ikusten nintzen.

Iruñera etorri nintzenean, nire ingurua ez zen euskalduna, lagunak ezta ere… nirekin gau eskolan ibilitakoak ziren ezagutzen nituen euskaldun bakarrak.  Aurrerago, Xalem-en hasi nintzen lanean, eta hor jabeak eta nagusiak euskaldunak ziren, lankide gehienak ere, eta bezeroekin euskaraz aritzen nintzen.  Beranduago Auzolanen aritu nintzen. Euskara egunero erabiltzen nuen, bikotekidearekin ere euskaraz. Arituz eta arituz, esan daiteke Iruñean euskaraz bizi daitekeela. Orain, aukera asko dago, lehen zailagoa zen nire ustez.  Aukera gehiago dago orain. Bilatu behar dira, baina egin daiteke. Nire bizitzaren %90a egiten dut euskaraz.

 

Iruñean %90a euskaraz! Eta hori nola egiten da?

Poliki-poliki. Baikorra izan behar da, jarrera goxoarekin joan behar da. Baina ekintzailea izan behar duzu, nahi eta ez. Aritu behar da. Adibidez, lagun euskaldun bati beti egin behar zaio euskaraz. Erdalduna bada ez, noski.

Nire ezagunak diren euskaldun ia guztiekin egiten dut euskaraz. Baina bada pendiente dudan jende bat. Nire lehengusinekin ez dut oraindik pausu hori eman. Euskaldun zaharrak dira, baina erdarara jotzen dugu. Hasierako hitzak, kaixo eta zer moduz euskaraz, baina gero erdaraz jarraitzen dugu. Pena ematen dit. Huts bat, niretzako. Konpondu beharreko egoera bat.

Ahalegin pixka bat egin behar da. Baina, nik euskara ikasi nuen erabiltzeko, erabilera bat emateko, ez ahaztuta uzteko.

Euskara Iruñeko auzo guztietara eraman behar dela defendatzen duzu.

Bai. Joera dugu alde zaharrean elkartzeko. Ekitaldiak hor egiten ditugu ia beti, edota Errotxapea eta Txantrean. Ongi dago, baina beste auzoetan ere aritu behar dugu euskaraz, 2. Zabalgunean, Iturraman, Donibanen. Hor euskaldunak ere badaudelako.

Aurrekoan gertatutakoa kontatuko dizut. Lagunak Rex tabernara eramatea lortu nuen. Kostata, eh! Konbentzitzea ez zen erraza izan. Han lagun euskaldun bat zegoelako joan nahi nuen. Sartu ginen, eta laguna egun hartan ez zegoen lanean… Baina bere ordezkoa euskalduna zen! Beraz, orain badakigu, Rex tabernako gutxienez bi zerbitzari euskaldunak direla.

 

Euskara, frantsesa eta gaztelania badakizkizu.

Bai. Moldatzen naiz. Hizkuntzak asko gustatu izan zaizkit. Baina bereziki frantsesa. Eskolan lehenengo eta gero, Pariseko egonaldian ikasi nuen. Orain,  koinatarekin adibidez, frantsesez aritzen naiz beti. Ez dut inoiz utzi, urtean behin Parisera joatea gustatzen zait, eta horrela mantentzen dut. Beno, beti galtzen da zerbait, baina horrela ez dut hainbeste galtzen.

Gainera, hiru hizkuntza jakiteak argudio bezala ere balio izan dit. Askotan galdetu izan didatelako: euskara, zergatik? Zertarako balio du? Erantzuna argia da, nirea delako. Baina gainera, nor zara zu hori esateko?  Zenbat hizkuntza dakizkizu hori esateko? Iruditzen zait, jende asko ausartegia dela besteek zer egin behar duten esaterakoan. Hori ez zait gustatzen.

 

Urtetan liburu saltzailea izan zara, gomendio on bat gure irakurleendako?

Lehenbizi  Xalem-en eta gero Auzolanen aritu naiz lanean. Azken aldian, emakumeek idatzitako liburuak irakurtzen ditut batez ere. Aukeran gizon batena edo emakume batena dudanean, emakumearena hautatzen dut. Errazago irakurtzen dut gaztelaniaz. Eta frantsesez. Euskaraz irakurtzen dudanean gehiagotan begiratu behar izaten dut hiztegia. Orain irakurri nahi dudana Arantxa Urretabizkaiaren azkena da, Bidean ikasia (1993-2016), Hondarribiko Alardearen gatazkaren inguruko liburu bat. Duela gutxi, iaz argitaratutako Katixa Agirreren Itxaron atertu arte irakurri dut, hori gomendatzen dut. Orain esku artean dudana, Simone Beaouvoirren La ceremonia del adiós da, egia esan berrirakurtzen

Eta bi kanta ere aipatu nahiko nituzke: Amaia Airek, bere aitatxi Xalbadorren hitzak abesten dituen Agertu orduko gorde eguzkia abestia. Mikel Laboaren bat ezin da falta, eta Bernardo Atxagaren hitzekin ondutako Gure hitzak kanta aipatu nahi dut.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Mari Jose  Aguayo, Karrikiriko bazkide eta kolaboratzailea

Mari Jose Aguayo, Karrikiriko bazkide eta kolaboratzailea

mjose-aguayoDuela gutxi egin da Karrikiriko bazkide Marijose. Baina urte batzuk daramatza laguntzen eta kolaboratzen. Haren esperientzia eta ikuspegia ekarri nahi izan ditugu, Karrikiriko bazkide eta kolaboratzaile izatea zer den, baina batez ere zertarako balio duen ongi azaltzen duelako. Bere prestutasuna eta jakintzari esker elkarteari bultzada sendo bat eman dio eta etorkizunerako oinarri sendoak jartzen lagundu du. Elkarrizketa bat merezi zuen eta hemen duzue emaitza.

Zein da zure historia pertsonala euskararekin?

Lau urte nituela familia Gipuzkoara bizitzera joan ginen. Garai hartan ikastetxe publikoetan euskara irakasgai bat bezala irakasten zen, eta hiru ahizpok ikasketak erdaraz egin genituen. Ama hizkuntza gaztelania izan zen eta gurasoen etxean gaztelaniaz  hitz egiten genuen. Gainera, txikitatik ikasketak erdaraz egin nituenez, bai etxean bai kalean lagunekin erdaraz komunikatzen ginen.

Unibertsitatera ailegatu nintzenean euskara ikastea erabaki nuen, eta HABEko euskaltegian hasi nintzen. Hiru edo lau urtez egon nintzen bertan,  ez naiz zehazki oroitzen. Eta horrela kalean nahiz lanean euskaraz hitz egiten hasi nintzen.  Nola nahi ere, inoiz ez dut beldurrik izan euskaraz mintzatzeko. Nik hizketan hanka sartzen nuen arren, euskaraz hitz egiten bazidaten, nik euskaraz erantzun behar nien.

Zoritzarrez, zailena eginda nuenean, euskaltegia uztean, lana aldatzean eta, zergatik ez onartu, niretako gaztelaniaz mintzatzea euskaraz baino errazago zelako, euskara gero eta gutxiago erabiltzen hasi nintzen. Eta hizkuntza bat erabiltzen ez baduzu, galtzen da!

Baina, inoiz berandu ez denez, orain dela bi urte eta erdi berriro hasi nintzen ikasten, nire euskarari bultzada bat emateko barnetegi batera joan nintzen hiru hilabetez. Bueltatzean, euskaltegian hasi nintzen eta aurten ere jarraitzen dut C1eko mailan. Kontent nago, gero eta gehiago mintzatzen naiz, eta nire ustez, Nafarroan gero eta gehiago erabiltzen da.

Duela gutxi egin zara Karrikiri elkarteko bazkide.

Esan dudanez, orain dela hiru urte aldera berriro hasi nintzen euskara ikasten. Ordurako, nik Karrikiri elkartearekin harremanak  baneuzkan, nire bikotekideari esker, bera jadanik bazkide zelako. Hasieratik Karrikiriko jendearekin gustura sentitu nintzen, denborarekin harremanak handitu ziren, eta pixkanaka-pixkanaka kolaboratzen hasi nintzen, laguntza behar zutenean. Agian horregatik badakit zein garrantzitsu diren bazkideak Karrikiri elkartearentzat, eta horregatik elkarteko bazkide izatea erabaki nuen.

Bazkide bakarrik ez, kolaboratzaile ere bazara

Gaur egun Karrikirik proiektu asko dauzka Nafarroan euskara bultzatzen jarraitzeko, eta proiektu guztiek dirua behar dute. Horregatik garrantzi handia dauka euskararen aldeko jaietan Karrikiriren presentziak. Karrikirik euskaldendako postua jartzen du. Horrekin, Euskal Herriko jendeak Karrikiri denda eta elkartea ezagutzea eta dendako salmentekin dirua ateratzea lortzen da. Horretarako hainbat kolaboratzaile behar dira, eta ni horrela hasi nintzen kolaboratzen.  Beste aldetik, ekonomiaren arloan nire esperientzia laboralagatik  nire ekarpena ere eskatu zidaten, eta ni pozik laguntzeagatik.

Eta egiten duzunak zer ematen dizu zuri?

Karrikirin kolaboratzailea izateak jende euskalduna eta jatorra ezagutzeko balio izan dit.  Karrikiri elkartearen bidez, beste elkarte euskaldun batzuk ere ezagutu ditut. Euskararen kultura ezagutzen ere lagundu dit. Eta batez ere, nire eguneroko bizitzan euskarari lekua jartzeko balio dit.

Bazkide berriak nahi ditugu Karrikirin, nork egin beharko luke bazkide?

Euskaraz hitz egiteko gogoa duen edozein pertsonak. Euskararen mailak ez du inporta, bazkide berriak gogoak besterik ez ditu behar. Nik aprobetxatu nahi dut elkarrizketa honen irakurleak  bazkide izatera ez ezik, kolaboratzera ere animatzeko, jende gehiago behar dugulako proiektuak aurrera eramateko.

Azkenik, baduzu liburu edo disko gomendiorik?

Zea Mays gustatzen zaidanez, disko berria gomendatuko nuke, “Harro” titulupean. Azaroan aterako da merkatura.