
Kondaira eder hura (Verde prato)
Ana Arsuaga artistak estreinatu berri du Verde Prato proiektu pertsonala. Kondaira eder hura izenpean argitaratu du lehen diskoa udaberri honetan. Abesti bilduma herria utzita hirira abiatzen den mutiko baten istorioan murgilduta dago, hizkuntza sinple baina indartsuan kontatua. Kantak abiatze hori ikusten duten pertsonaia bakoitzaren ikuspuntutik idatzita daude, bakoitzak sentitzen duena islatuz: Amaren kanta, Neskaren kanta, Anaien kanta…
Hitzak amodio, familia, laguntasun, beldur, desira eta gabezien inguruan idatzirik daude, kostunbrismoa eta herrikoitasuna oso presente izanik une oro. Verde Pratoren musikak melodia popularrak, elektronika, folklore euskalduna eta minimalismoa elkartzen ditu.
Kondaira eder hura PLAN Bren zigilupean atera da binilo formatuan. Diskoaren irudi diseinua Anak berak margotutako koadroekin sortu da.