Atzerrian (Nerea Balda)

Atzerrian (Nerea Balda)

Nerea Balda ez da ezaguna Euskal Herriko literaturako plazan, agian baten batek ezagutuko du Iruñeko Egile Berriendako literatur lehiaketan lehen sariak jaso zituelako narrazio eta poesia ataletan. Orain bere lehen liburuarekin hurbildu zaigu, eta bere lehen testuek iradokitzen zutena berriro aurkituko dugu, prosa ongi landua eta oso poetikoa, argia eta aberatsa. Argudioak ezin du sinpleago izan, neska bat atzerrian bizi da, gustuko lana dauka baina herriminez jota dago. Bizitzaren ilusioez, distantziaren gazi-gozoez eta adiskidetasunaz hitz egiten zaigu.

Batzuetan irakurleok hartzen dugu liburu bat, inolako erreferentziarik gabe ez liburuaz eta ez idazleaz, eta sorpresa polit bat hartzen dugu.

Hemen eskuragai.

Cosimoren katiuskak (Dani Martirena eta Ana Ibañez)

Cosimoren katiuskak (Dani Martirena eta Ana Ibañez)

Album Ilustratu honek 2018ko Etxepare saria jaso du, Nafarroako toki- entitateetako euskara zerbitzuek ematen duten saria. Album ilustratu batean zailena da testu eta irudien artean oreka bat lortzea, batak bestea jan ez dezan, eta Ana Ibañezen iduriek eta Dani Martirenaren testuak bat egiten dute istorioa kontatzerakoan.

Cosimok bere etxe ondoan parketxo bat du, hiriko txikiena. Parke horretan badago zuhaitz bat eta zuhaitzaren adarretan Cosimok bere etxola eraiki du. Eta hiru banku ere badaude parkean, eta bankuetan pertsonaia batzuk, eta jostetan pasatzen ditu egunak Cosimok … mehatxu ilun bat ailegatu arte.

Hemen eskuragai.

Etxera bidean (Xamar)

Etxera bidean (Xamar)

Joan den mendeko laurogeiko hamarkada hasieran Aezkoako gazte belaunaldi berri bat hasi zen euskal mundua ezagutzen, eta ala beharrez galderak etorri ziren: zer gertatu zen euskararekin? Zergatik galdu zen hain azkar? Ba ote zegoen euskaldunik bizirik? Naturala ala kanpotik inposatua izan zen galera? Azterketa lanetan murgildu ziren gazte horiek eta haien artean Xamar zegoen. Liburu honetan, kontu xumeak baliatuta, hortik tiraka lortzen du unibertsal bilakatzea etxeko historia zaharrak.

Oso ongi idatzita dago, erritmo egokia du, eta euskararen erabilerari dagokionez Aezkoako euskalkiaz idatzitako pasarteek balio erantsia ematen diote.

Etxera, Garraldara, euskarara eramaten duen bidaia-liburu honetatik gauza asko dago ikasteko.

Hemen eskuragai.

Eneko Bidegain eta Seitan taldea Maiatzaldian

Eneko Bidegain eta Seitan taldea Maiatzaldian

Bidegain

 

Eneko Bidegainek emanen dio jarraipena Maiatzaldiari. Gaur, 19:30ean, “Lurraldea eta herria” (Pamiela) aurkeztuko du Karrikiri euskal dendan.

“Liburu honetan lantzen dira lurraldearen batasunaren garrantzia, Euskal Herria herri batua izatetik herri zatitua bihurtu arteko mendez mendeko kronika, herriaren askatasun eta batasun egarria eta gaur egungo egoera administratiboak sortzen duen egoera arriskutsua, izan euskaldunen arteko harremanetan, kulturan, kirolean, erreferentzietan, hedabideetan, azpiegituretan, ekonomian, irakaskuntzan, zerbitzuetan eta abar. Halaber, oinarri edo abiapuntu batzuk proposatzen dira, herria hobeki artikulatzeari begira.” (http://enekobidegain.eus)

Eta ostegunean, maiatzaren 17an, 20:00etan, Donibane Garaziko Seitan taldeak kontzertua eskainiko du Zaldiko Maldiko elkartean.