Maiatzan zehar Iruñea eta Baiona kulturatik hurbilduko dituen egitaraua gauzatuko da

Maiatzan zehar Iruñea eta Baiona kulturatik hurbilduko dituen egitaraua gauzatuko da

Maiatz18

 

Maiatzaren 8tik 24ra, 2018ko Maiatzaldia  Iruñea eta Baiona artean eginen da

Iruñea-Baiona, Baiona-Iruñea, ardatz eta zubi. Oinarri nagusietarik bat gure menturan. Iruñea, euskaldunen Erresumako hiriburua, Baiona, portu nagusietarikoa. Aspaldidanikoa da bi hirien arteko harremana, lotura. Hala ere, sasiak janik dago bidea, zubi anitz eraitsiak; ekaitzek eragindako ahanzturak hartaratuak.

Antidotoak behar, beraz, ahanzturaren aitzi. Horiek hola, funtsean Baionako Maiatz elkarte-argitaletxearen eraginez, Iruñeko beste zenbait elkarteren laguntzarekin, bi hirien arteko literatur zubia izan nahi duten Maiatzaldia jardunaldiak abiarazi ziren 2015ean.

Egun pare bat Baionan eta beste bat Iruñean, maiatzean beti ere. Biltzen gaituen bi hirien arteko jardunaldi hauek ildo horietan sortu eta garatu dira, literatur-bideetan barna. Eta, jakina da, literaturak errealitatea du sortzen.

Aurtengo Maiatzaldia duela mende bateko egoeratik abiatuta garatuko da: Gerla Handiaren amaiera, galera eta odol-huste fisiko eta mentala, eta, era berean, gertatutako kultur eta sozial pizkundea (Euskaltzaleen Biltzarra, Eusko Ikaskuntza, Euskaltzaindia…). Egoera eta gertakizun haiek gogoan, atzoko eta gaurko literatur emariak izanen dira ardatz.

Hona Iruñeko egitaraua (atxikirik egitarau osoa eta kartela):

Maiatzaren 8an, 19:30ean, Karrikirin: “BAM! Dinamika: Hiztunak aktibatzeko esperientzia bat Ipar Euskal Herriko hiri eremu zailenean” Mattin Bachorekin

– Maiatzaren 15ean, 19:30ean, Karrikirin: “Lurraldia eta herria: “Zazpiak bat” Atzo, gaur, bihar” liburuaren aurkezpena Eneko Bidegainen eskutik.

– Maiatzaren 17an, 20:00etan, Zaldiko Maldikon: Seitan taldearen kontzertua

Maiatzaren 24an, Iruñeko Kondestable Jauregian:

18:30: 1914-1918 Oroituz 1914ko Gerlan bidalitako gutun eta postalen diaporama bat. Jean Larrue Milafrangarrak etxekoei bidalitakoak. Lucien Etxezaharretaren eskutik

19:15: Gerla garaiko bertsoakL. Hariñordoki- Lakarekin

19:45: Nafarroa mende hasieran Emilio Majuelorekin

20:15: Lurraldetasun zauritua Eneko Bidegainen eskutik

20:50: bukaera

aurkezpena

 

Euskaraldiaren aurkezpena Iruñean

Euskaraldiaren aurkezpena Iruñean

Iruñeko aurkezpena

 

 

 

Asteazkenean eginen dugu Euskaraldiaren aurkezpen irekia Iruñeko Zaldiko Maldiko Elkartean.

Gurekin Lizarrako Alfredo Dufur egonen da eta Lizarran bizitako esperientziaz ariko zaigu. Ondoren, Ibai Osinagak (Altxatu) abesti batzuk kantatuko ditu eta bukatzeko Saioa Alkaiza eta Iker Gorosterrazu bertsolariekin izanen dugu saiotxo bat.

Aurkezpena 19:00etan izanen da eta Iruñeko euskaldunoi zuzendua dago. Bertan, Amets Arangurenek (Karrikiri Elkartearen izenean) eta Larraitz Amadozek (Topagunearen izenean) Euskaraldiaren inguruan informazio luzatuko digute. Zer da Euskaraldia? zer egin dezaket? nola?  Galdera guztien erantzuna, martxoaren 21ean, arratsaldeko 19:00etan.

 

 

Joseba Asiron 220. Karrikan

Joseba Asiron 220. Karrikan

joseba-asiron

Iruñeko alkate den Joseba Asironekin elkartu gara oraingo honetan, eta alkate eta hiritar euskaldun den heinean, euskararen inguruko zenbait galderari erantzun digu.

– Ba al dakizu nor izan zen zu baino lehenagoko Iruñeko azken alkate euskalduna?

Ez, egia esanda. Pentsatzen dut Iruñeko jatorrizko euskara galdu zenean alkate euskaldunak ere desagertu zirela… momentuz behintzat. Jakin badakit, hala ere, Miguel Javier Urmeneta alkatea nahiko euskaltzalea izan zela, eta ahaleginak egin zituela zertxobait ikasteko.

 – Zer-nolako bilakaera ikusi duzu zure bizitzan zehar Iruñean euskarari dagokionez?

Beno, orain dela 50 urte Iruñean euskaldunak baziren, baina normalean iparraldeko herrietatik etorritako euskaldunak ziren. Gero, poliki poliki, helduentzako eskolek eta D ereduko eskola eta ikastolek beren lana egin izan dute. Orain askoz ere euskaldun gehiago daude hirian, nire ustez, baina hizkuntzaren erabilerari dagokionez zorra galanta dugu.

– Gaur egun, bizi al daiteke euskaraz Iruñean?

Ez. Asko falta zaigu horretarako, egia esanda. “Agian, agian, egün batez…”, kantak dioen bezala… batek daki.

 – Hizkuntzen gaiarekin jarraituz, erantzuten al diete instituzioek biztanleriaren premiei? 

Ez. Inoiz ez dute egin. Egia esanda, hamarkadetan zehar hiritarrak izan dira instituzioen kontra etengabe jo behar izan dutenak, lorpen txikiak eskuratzen joateko, ahalegin handiz gainera. Orain euskaldun eta euskaltzale asko iritsi dira instituzioetara, gauzak aldatzeko asmo irmoarekin, eta UPN-PSN partiduek zer nolako jarrera duten euskararekiko argi gelditzen ari da, berriro ere.

– Eta azkenik, ba al dago zure ustetan Iruñean euskararen egoera diglosikoarekin bukatzeko estrategiarik?

Ez dut uste. Baina hori da, zalantzarik gabe, inoiz serioski hartu beharko dugun erronka, euskarak behar du eta.

 

Aktibazio ekimenak herriz herri hedatzen doaz

Aktibazio ekimenak herriz herri hedatzen doaz

365_logoa

 

Topaguneak, azaroaren 9an, webgunean argitaratutako artikulua uzten dizugu hemen. Iruñean, heldu den abenduaren 2an aurkeztuko dugu datorren urtean 11 egun euskaraz ekimenerako prestatzen ari garena.

Gero eta herri gehiagotan martxan jartzen ari dira aktibazio ekimenak antolatzeko batzordeak. Iaz Donostian Egian euskaraz bizi ekimenak abiarazitako olatua handitzen ari da eta astez aste gehiago dira antzerako ekimenak martxan jarri dituzten edo martxan jartzea erabaki duten herri eta eskualdeetako euskaltzale taldeak. Euskarak 365 egun dinamikaren barnean 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo den 11 egun euskaraz ekimena prestatzen hasiak dira horietako batzorde asko.

Urriaren 7an Donostian egindako mintegian aurkeztutako datuetan aipatu zen 40 herri eta eskualde zeudela ordurarte lanean hasita. Horietako batzuk egin dituzte jadanik aktibazio ekimenak eta datorren urtean errepikatzeko asmoarekin ari dira, beste batzuk aurten egingo dute lehenengoz  eta beste herri batzuetan biltzen hasi berriak dira 2018ko ekimena gogoan. Puntu ezberdinetan daude beraz, baina ehunka lagun ari dira batean eta bestean lanean olatua handitzen jarraitzeko.

Aurten, azaroaren 23an aurkeztuko den ekimenera abenduan eta 2018ko lehen hilabeteetan auzo, herri eta eskualdeak gehitzen joango dira. Herrietako batzorde eragileen eta ekimenaren koordinazioaren artean komunikazioa landu eta haremana errazteko Topagunean lanean daude jadanik ardura hori duten kideak.

Hainbat herritan ekimenak aurten

Baina datorren urteko 11 egun euskaraz ekimenaren aurretik, hainbat herritan buru-belarri ari dira hurrengo asteotan martxan jarriko diren formato ezberdineko saioak antolatzen. Batzuek asteburu batean arituko dira (Lizarran eta Derion, adibidez), beste) batzuk aste betez (Baiona-Angelu-Miarritze), 11 egunez (Deustuan), 20 (Intxaurrondon), 21 (Altzan) edo 30 egunez (Aiaraldean), baina guzti-guztiek dute oinarrian hizkuntza ohituretan eragitera bideratutako ekimenak izatea eta tokiko euskaltzaleen ekimenetik sortuak direla.

Hainbat batzorde, aurtengo Euskararen Nazioarteko Egunaren bueltan datorren urteko ekimena aurkezteko asmoz ari dira lanean.

Zerrenda luzea

Ondorengo lerroetan aipatuko ditugunak dira lanean hasita dauden herri eta eskualdetako batzuk. Ez da zerrenda osoa, baina martxan dauden batzordeak zein puntutan dauden ikusteko baliagarri izan daiteke.

Donostia. Egia auzoan hasitakoak izan du segida gerora ere (Añorga auzoan edo Donostiako Piraten artean, berbarako). Hurrengo egunotan, beste bi auzok hartu dute lekukoa: Altzak eta Intxaurrondok.

  • Intxaurrondoko Plazara Goaz euskara batzordeak abenduaren 12tik abenduaren 2rarteko ekimena antolatu du: 21 egun euskaraz. Jadanik 291 Ahobizi eta 402 Belarriprest-ek eman dute izena.
  • Altza Hadi! izena eman diote Altzako ekimenari. 20 egunetan (azaroaren 11tik abenduaren 1era) 212 Ahobizi eta 515 Belarriprest lortzeko erronka jarri diote antolatzaileek bere buruari.

Auzoetako ekimenaz gain, Bagera euskaltzaleen elkartea ari da jadanik 2018an Donostia osoan egin nahi den 11 egun euskaraz ekimena prestatzen udalarekin batera. Urrian egin dute lehen mintegi irekia eta hasiak dira lehen urratsak ematen.

Deustu. Datorren urteko ekimenaren egun berdinetan egingo dute aurten Deustuarrek 11 egun euskaraz ekimena. Berbaizu euskaltzaleen elkartea gidatzen ari den ekimenean 250 lagun baino gehiagok eman dute izena jadanik.

Aiaraldea. Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluak 30 egunez (azaroaten 3tik abenduaren 3ra) Aiaraldeko zortzi herrietako Ahobizi eta Belarriprest-ak hizkuntza ohiturak aldatzera gonbidatu ditu.  1.000 Ahobizi eta 5.000 Belarriprest armairutik ateratzeko prest

Lizarra. Baietz 48 orduz euskaraz Lizarran! Hori izan zen iazko Euskararen Ginkanan irabazle izan zen taldearen erronka eta geroztik, buru-belarri aritu dira azaroaren 17tik 19rako Euskararen Maratoia prestatzen. Twitterren ere jarrai ditzakezue.

BAM. Baiona-Angelu-Miarritze. Azaroaren 27tik abenduaren 3ra 450 Ahobizi eta Belarriprest lortzeko helburuarekin ari dira lanean antolatzaileak. Informazioa eskuorri hontan (pdf)

Derio. Derion Ahora izena eman diote Tximintx elkarteko kideek bere ekimenari, azaroaren 30etik abenduaren 3ra egingo dute aurten, 11 egunez datorren urtean. Herriko denda, taberna eta zerbitzuen gida egin dute euskaraz zerbitzua emateko duten gaitasunaren arabera sailkatuta. Aurten 365 derioztar nahi dituzte euskarari eutsiz. Twitterren ere aurkituko dituzue.

Batzordeak osatzen

Arabako lautada. Iaz Agurainen 75 orduz euskaraz ekimena arrakasta handiz martxan jarri ondoren, 2018 urtean Lautada osoan egingo dute 11 egun euskaraz. Lehen bileran 107 euskaltzale batu ziren.

Getxo. Urriak 7ko mintegian Getxoko euskara zinegotziak azaldu zuen modura, Bizarra Lepoan eta Egizu euskaltzaleen elkarteak eta udala elkarlanean ari dira lanean jadanik.

Elgoibar. Herriko Euskarak 365 egun batzordea datorren urteko ekimena prestatzen hasiak dira. Aurtengo euskararen eguneko ekitaldian aurkeztuko dute ekimena.

Iruñea. Abenduaren 2an egingo da aurten Iruñeako ekitaldia, eta bertan aurkeztuko dute datorren urtean 11 egun euskaraz ekimenerako Nafarroako hiriburuan duten asmoa.

Bilbo, Gasteiz, Soraluze, Atarrabia, Errenteria, Ermua, Lasarte, Baztan, Tolosaldea, Durango,… eta hamarnaka herri gehiagotan ari dira jadanik euskaltzaleen batzordeak sortzen  datorren urteko olatuan parte hartzeko.

 

Iturria: Topagunea.eus