Zerbitzuko lanean. Lete kazetari, Lete prosagile (Elixabete Perez Gaztelu, Haizea Saez de Egilaz Perez, Anjel Lertxundi)
Lete kantaria eta poeta aski ezaguna da euskal munduan; Lete kazetaria eta prosagilea, berriz, ezezagun samarra dugu. Hutsune hori betetzea da liburu honen asmo nagusia.
Bizitzan zehar, hainbat aldizkaritan kolaboratu zuen eta, bertan idatzi zituen artikuluetan, ikus daiteke zein prosa eder eta aberatsa zuen.
Bestalde, oso ongi ikusten da ere bere pentsamenduen sakontasuna; izan ere, bere hausnarketak beti zorrotzak eta aldi berean argiak ziren.
Bildutako testuen laurdena erdaraz idatzita dago, baina, halere, horrek ez dio baliorik kentzen liburuari: alderantziz, argiago erakusten digu Leteren euskararekiko engaiamendua.
Laburbilduz, beraz, liburu hau aukera paregabea da oiartzuarraren lana eta pentsamendua hobeki ezagutzeko.
Hemen eskuragai.
Barrutik kanpora, Euskaraldia bertan da (Karrika 250)
Dena hankaz gora geratu den urte honetan, poztekoa da gure artean ilusioa eta gogoa sortzen duen Euskaraldia bezalako hitzordu bat iristea. Egia esan, hitzordu bat baino gehiago da, ariketa kolektiboa. Gure hizkuntza ohituretan eragin, aldaketa sortu eta euskarari lekua egin nahi diona.
Lehenengo edizioa arrakastatsu joan zen, eta bigarren honek itxura bera du. Ariguneak milaka sortu dira, Euskal Herrian 25000! Bada marka. Orain, eta Euskaraldia hasi bitartean, norbanakoen txanda da izen emateko: Karrikirin bertan (Xabier karrika 4an, Iruñean), aurtengo Euskaraldiaren txokoan (San Anton kaleko 24an, Iruñean) edo online bidez ere egin daiteke: euskaraldia.eus webgunean.
Izen ematera gonbidatu nahi zaituztegu, belarriprest edo ahobizi, zuek erabaki. Gure dendatik pasatzen bazarete Euskaraldiaren produktu sorta ederra ikusiko duzue: kamisetak, poltsak, eta lanpasak, besteak beste.
Ekin ta ekin bilatzen, saiatze hortan ezin gelditu
Iruñeko udaleko kultura sailarekin eta Nafar Ateneoarekin abiatuko dugun bide berria ezagutarazi nahi dizuegu. Elkarlana abiatzear dugu. Bide honen bi geldialdi egin nahi ditugu azaroan eta abenduan: 10 urte Xabier Lete gabe zikloa. Xabier Leteren heriotzaren 10. urtea betetetzen den honetan hura gogorarazteko eta haren obra ezagutarazteko. Hitzorduak: azaroak 23, Anjel Lertxundirekin eta Alex Gurrutxagarekin solasaldia. Abenduaren 17an, Hor zaude nonbait, Antxon Valverdek gidatutako musika taldearekin kontzertua.
Biziki pozten gaitu elkarlan berri honek, ibil bedi eta jarrai beza urte askoan.
Euskaraldia bertan da (Karrika 250, azaroa)
Kaixo lagun!
Udazkena belzten badoa ere Karrikiritik haize freskoa dakarkizuegu gure Karrika berriarekin. Euskaraldiko 2. edizioa dugu ate joka, eta belarriprest zein ahobizi izan parte hartzera animatu nahi zaituztegu. Hortaz eta beste gauza aunitzetaz dihardugu, zabaldu eta ikusi!
250. zenbakia, 2020ko Azaroa
Ohi bezala ez ahantzi edozertarako Iruñeko Xabier karrika 4ean gaudela. Zaindu zaitezte eta zaindu ingurukoak!
Karrikiri Lan Taldea
Karrikiri Iruñerriko euskaldunengana heltzeko hedabidea da, elkartearen eta euskal komunitatearen berriak biltzen dituena. Hilero argitaratzen da eta milaka etxeetara bidaltzeaz gain, hainbat eskola, institutu, erakunde eta elkartetan ere banatzen da.
Zuk ere jaso nahi duzu? ➡️ https://www.karrikiri.eus/karrika-aldizkaria/
Hemeroteka atalean eskuragarri daude 1997etik aurrera argitaratutako Karrikak, hementxe:
https://www.karrikiri.eus/karrika-aldizkaria/hemeroteka/
Harria (Iñaki Palacios)
“Harrobiko harri hotz eta geldotik datoz entzuten ditugun kolpeak. Harri zulatzaileak dira, zeinak, konturatu gabe, kantu batzuek lehen notak jotzen ari diren gero dantza bilakatzeko.” Hala dio Iñaki Palacios txistulariak bultzatutako “Harria” izeneko lanaren aurkezpen orriak.
Iñaki Perurenak sortutako olerkiak, Mulixka Dantza taldearen koreografiak, txalaparta, soinu txikia eta txistua izanen ditu ardatz lan berriak.
Elkarlan eta uztarketa honek emandako emaitza ederra da. Hamar kantuk osatzen dute lana eta espektakulua izanen denaren aurkezpen modura argitaratu dute.
Argazki ederrez ornitutako liburuxka dotorea da. Iñaki Palacios txistulariaren bigarren lana da, musikari geldi eziña eta ikerketa lanean buru belarri dabilen musikari arabarra.
Harria proiektua, plazaz plaza ikusteko aukera izanen dugu datozen hilabeteetan.
Hemen eskuragarri.