Itzuliz usu begiak (Anjel Lertxundi)

Itzuliz usu begiak (Anjel Lertxundi)

Itzuliz usu begiak-Anjel Lertxundi

Saiakera honetan euskarara ekarritako munduko literatura itzulpenen aldarria egiten du. Ez da kontu berria klasikoak euskaratzeko euskaldunek duten grina. Ezin dugu ahaztu Joanes Leizarragak Testamentu Berria euskaratu zuela 1571an, euskarazko itzulpengintzari ateak irekitzen. Batzuek zioten, Unamunoren kasua, euskarak ez zuela balio bizitza modernorako, gabeziaz jositako hizkuntza zela. Egun aurreiritzi horiek gaindituta daude eta adibide hoberenetariko bat da egiten diren itzulpenen kalitatea. Itzulpenek euskal literaturari ekarri dioten onurez, itzulpen on batek duen lanaz eta zailtasunaz hitz egiten zaigu saiakera honetan. Anjel Lertxundik itzelezko gaitasuna dauka saiakera narrazio moduan aurkezteko, oso gustura irakurtzen da seriotasuna, umorea eta fikzioa uztartzen dituen liburu hau.

Hemen eskuragai.

Hil zara (Ibon RG)

Hil zara (Ibon RG)

Ibon Rodriguez Garcia, Sestaon finkatutako kantaria dugu, ahots hutsean aritzea ohitura hartu duen musikaria da. Mursego, Manett edo eta Xabier Montoia musikariekin ibilia da han eta hemen zuzenekoak eskaintzen.

Bere bakarkako proiektu honetan ahots soila ardatz duen ariketa esperimentalak egin ditu, inprobisaziotik abiatuta. Molde zaharreko konposizioak ere landu ditu, pianoa lagun.

«Hil zara» izena hartu duen lan berria bikoitza da. Lehenengo alean a capella emandako zortzi kanta bildu ditu eta bigarrenean piano eta ahotsez emandako beste zortzi.

Lau leku hautatu zituen kantariak proiektu berriaren lehen zatia grabatzeko; baseliz bat, leize bat eta bi bunker. Espazio hauetako hormek eman zioten egileari behar zuen soinua eta giroa. Bigarrena berriz Eibarko musika eskolan grabatua dago, piano bakar batekin eta mikrofonoak grabaketa osoan leku berean kokaturik zeudela.

Tzesne zigilua arduratu da diskoaren grabazioaz eta ekoizpenaz.

Hemen eskuragai.

Larra bideak (Iñaki Larraioz)

La Betty Travan taldean gitarra jotzen aritutakoa da Iñaki Larrayoz musikaria. Zenbait urte pasa dira geroztik, hala ere sorkuntzak ez du etenik izan, melodiak sortu eta kantuak egiten aritu bait da ultzamarra. Frantziako Nantes hirian emandako denboradiak, barrena zirikatu eta hala hasi da bakarlanean.

Behingoz zerurantz hegaldatzearen eta berriz lurrera erortzearen arteko puntu lauso horretan kokatu du bere musika, aurkezpen orriaren arabera. Pop, folk eta bluesa uztartzen ditu modu intimista batean.

«Larra bideak» izeneko lanari osotasun bat eman nahi izan dio, kantu bakoitzak momentu jakin bat deskribatzen du, ziklo baten barruan diren bizipen ezberdinak dira.

Iñigo Astizen zenbait hitz ere bildu ditu bere kantuetan, arnasa izan omen da idazlearen laguntza.

2018ko udaberrian Berako Atala estudioetan nahastua eta grabatua izan da, ekoizpen kontuak berriz kantariak berak hartu ditu bere gain.

Ultravioleta (Revolta Permanent)

Ultravioleta (Revolta Permanent)

Revolta Permanent taldeak jada karrikan du bere azken lana, orain arteko proiekturik garrantzitsuena.

Lan egiteko modua erabat ezberdina izan da oraingo honetan, estatuko zortzi produktore ezagunekin hitzegin eta haien esku utzi dituzte kantuak. Bakoitzak nahi izan duen tankera eman dio egokitutako kantuari, nahasketak egitea izan da haien ardura. Prozesuaren bukaeran New Yorkera bidali eta bertako Cannon Found Soundation ekoiztetxe ospetsuak egin du masterizazio lana.

Honek guztiak esperientzia berezia bilakatu du “Ultravioleta” lana. Emaitzari energia dario alde guzietatik. Taldearen esentzia mantentzea ere lortu dute, Hip- Hop, elektronika eta metal doinuak dira nagusi Revolta Permanenten lan berrian.

Otsailean, Bilboko Kafe Antzokian aurkeztu eta jada hasi dira Euskal Herriko plazak astintzen.

Hemen eskuragai.

Eason (Izaro)

Eason (Izaro)

Izaro kantariak bere lan berria karrikaratu du jada, “Eason” izena jarri dio bigarren lanari. Lehenego lanak, “Om” izeneko hark izandako arrakasta liseritzeko denbora behar izan duela aitortu du. Ahotsik gabe geratu zeneko esperientzia hartatik, gorputza entzuten eta adi jarraitzen ikasi duela dio.

Bi urte beranduago indarberriturik agertu da kantaria, eta estilo ezberdinetan jostetan aritzeko baimena ere eman omen dio bere buruari. Inoiz baino gehiago disfrutatu du kantuak osatzerako orduan. Iker Lauroba Alonso, Oriol Flores Arisa, eta Julen Barandiaran Blanco dira Izarorekin lanean ari diren musikariak.

Erraietatik abesten duen musikaria da Mallabiarra, sentiberatasun handikoa eta hunkigarria askotan. Hasi eta bukatu entzulea harrapatuko duen lana da “Eason”.

Hemen eskuragai.