Arnasgunea (Angel Erro)

Berria, 2020ko irailak 15

Agian urte osoa gabiltzalako arnasbideei erasaten dien gaixotasun bat gora eta behera, gero eta gorroto handiagoa diot arnasgune hitzari. Espero dut ez mintzea adierazpidea asmatu zuena, orain gutxikoa baita hitza: Orotariko Euskal Hiztegian ez da agertzen. Euskaltzaindiaren Hiztegian, berriz, jaso dute, honako adiera honekin: «Arnasa hartzeko, indarra eta adorea hartzeko gunea». Definizioan esplizitatu ez arren, euskarari aplikatzen zaio gehienbat (edo ia soilik), hala egiten du hiztegiak emandako adibide guztietan. Gauza bera Lexikoaren Behatokiak jasotzen dituen laurehunetik gora adibideetan.

Hitzak hartu duen isuri semantiko estuak pentsaraziko luke ez dugula beste ezertaz indarra eta adorea hartu beharrik. Bestetik, ez dut gogoko zenbait egoera edo tokitara lotzeko joera automatizatua, euskarak bizi dituen ahulgune eta indarguneak hain erraz geolokaliza balitezke bezala, euskaraz aise mintzatzera joateko eta erdararen nagusitasunaz deskantsatzera joateko toki seguruak baleude bezala, ia oporretara.

Halere, arnasguneetan ere denak ez dira urre. Gainerako euskaldunak itoguneetan bizi garelako irudia datorkit arnasgunea aditzen dudanean eta erdaraz aritzeko zurigarria handitzen zait.

Barrutik kanpora, aukerak sortzen (Karrika 249)

Euskaraz bizi nahi duenari aukerak ematea da gure nahia, eskura dauden aukerak eskaini, eta ez daudenak sortu. Asmo horrekin sortu genuen pisukide zerbitzua, adibidez.

Urte arraro honetan ere oso ongi funtzionatzen ari den zerbitzua da. Ideia sinplea da: batetik etxea edo gela alokeran jarri nahi dutenak daude, bestetik etxea eta gela behar dutenak, Karrikirik, trukean deus jaso gabe, zubi lana egiten du, eta bi aldeak harremanetan jartzen ditu.

Hizkuntza erdigunean jarrita, logika berri bat agertzen zaigu: espekulazioan edo diru-gosean erori beharrean, euskaraz aritzeko aukera eskaintzen du pisuaren jabeak. Pisu bila dagoenak aldiz, etxetik bertatik euskaraz bizitzeko hautua egiterakoan merkatuaren logikatik kanpo dauden prezioak topatuko ditu. Beraz, gure hiztu komunitatearentzat ariketa osasungarria da: hiztun komunitatea trinkotzen dugu eta euskaraz egiteko aukerak handitzen dira, eta komunitateko kideei ekonomikoki eramangarriagoa zaie. Ez da gutxi.

Uda honetan LUA Arkitektoen proposamena heldu zitzaigun. Aukerak sortzeko bide horretan proposamen hori Karrikan zabalduko dugu. Bide berri bat da, lan mundura salto eginez, elkarrekin, elkarren ondoan lan egiteko aukera eskaintzen digute. Ibilbide oparoa desio diogu.

Aurrera jarraituko dugu zerbitzu hauek denak eskaintzen eta ahal denean sortzen, Xabier Lete handiak idatzi zuen moduan: sortuz ta sortuz gure aukerak, atsedenik hartu gabe.

Aukerak sortuz (Karrika 249, urria)

Kaixo adiskide!

Udazkena datorkigu ate joka eta nahiz eta eguraldi okertzen hasi Karrikitik euskal komunitatea trinkotzeko lanetan darraigu. Bota begirada bat gure buletinaren ale berriari eta jakizu zertan gauden:

249. zenbakia, 2020ko Urria

Ohi bezala ez ahantzi edozertarako Iruñeko Xabier karrika 4ean gaudela. Zaindu zaitezte eta zaindu ingurukoak!

Karrikiri Iruñerriko euskaldunengana heltzeko hedabidea da, elkartearen eta euskal komunitatearen berriak biltzen dituena. Hilero argitaratzen da eta milaka etxeetara bidaltzeaz gain, hainbat eskola, institutu, erakunde eta elkartetan ere banatzen da.

Zuk ere jaso nahi duzu? ➡️ https://www.karrikiri.eus/karrika-aldizkaria/

Hemeroteka atalean eskuragarri daude 1997etik aurrera argitaratutako Karrikak, hementxe:
https://www.karrikiri.eus/karrika-aldizkaria/hemeroteka/