Ama hil zaigu (Amorante)

Amorantek uda ostean argitaratuko duen diskoaren aurrerapen kanta moduan “ama hil zaigu” argitaratu du Forbidden Colours diskoetxearen eskutik. Joxean Artzeren hitzak Laboak musikatu zituen eta honen ondotik musikari askok bereganatu dute abestia. Amoranteren erritmo geldo eta elektronikoek Artzeren hitzek duten pisua gidatzen dute. Beste alde batetik, Iban Urizaren musikari kolore bereziak ematen dizkion ahotsaren desitxuratzea ere bertan aurki daiteke.

Funanbulistaren beldurra (Karlos Gorrindo)

Funanbulistaren beldurra (Karlos Gorrindo)

Liburuaren hitzaurrean Joseba Sarrionandiak testigantzaren balioaz hitz egiten du. Memoriak beharbada huts egin diezaguke, baina denok dugu geurea.

Liburu honetan 16 urte preso egon den pertsona baten testigantza jasotzen da. Idazlea bera da protagonista, eta kartzela aldian bizitakoa kontatzen digu: epaiketak, gose grebak, itxialdiak, patioko asanbladak eta eztabaidak, presoen sakabanaketa… Kaleko gertaerek markatzen dute denboraren igarotzea: ekintza armatuak, Hiperkor, Aljeriako negoziazioak, Yoyesen hilketa, Langraizeko bidea, familiaren eta lagunen bisitak…

Denbora neurtzeko beste modu bat da. Pasarte pertsonalak eta politikoak oso era egokian daude tartekatuta, narrazioari osotasun bat emanez. Nago liburu hau ezinbestekoa dela Euskal Herriko azken hamarkadetako historia ulertzeko.

Hemen eskuragai.

Barrutik kanpora, etenik gabe

Etenik gabe, hemen gaude. Irailak martxan betean harrapatu gaitu. Egoera aldrebes honetara egokitzen ikasten ari gara eta gure proiektua eskaintzen jarraitu nahi dugu. Pausuz pausu, aitzina beti.

Uda aurreko Karrikan musika gomendioen atalean lekuko pasatzea izan genuen: urtetan Amaia Lasa lagunak egindako lanari Areta Senosiainek eman zion segida. Eta zenbaki honetatik aurrera, zinten txokoa Patxi Huarte Zaldi Eroak Adur Larreari utziko dio.

Urte askotako lanaren ondoren atsedena eskatu digute eta guri eskerrak ematea besterik ez zaigu geratzen. Mila esker urtetan egindako lanagatik.

Urte asko izan dira, batzuk oso gogorrak gainera. Gure bihotzetatik, eskerrik asko biei. Karrikiriko ateak beti zabalik izanen dituzue. Aurrera jarraitu nahi dugu ideia zahar eta berriekin. Bidelagun nahi zaituztegu. Eta bide batez, ongi etorri Adur eta Areta!

Agian melosoegi ari gara jartzen, baina uda zeharo konplikatu honetan guregana hurbildu zaretenoi eskerrak eman nahi dizkizuegu. Mila esker zuei ere. Xabier Karrika 4ko denda txukuna zapaldu duzuenoi, bazkide egin zaretenoi, online erosi duzuenoi (denda.karrikiri.eus eta sare sozialetan), ikastetxeetatik eginiko eskaerengatik, liburutegietara joan diren bidalketengatik eta batez ere beti alboan zaituztegun lagun zintzoei.

Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan: Buruak eta gorputzak martxan jarri ditugun honetan. Euskaraldia agertuko zaigu begien aurrean, hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa soziala. Azaroaren 20tik abenduaren 4ra izanen da. Aurten norbanako bezala (ahobizi edo belarriprest izanez), parte hartzeko aukeraz gain, taldean parte hartzeko aukera ere izango dugu ariguneen bidez. Auzoetan eta herrietan batzordeak martxan daude, eta karrikirikideok bertan ari gara parte hartzen. Zuk ere lagundu nahiko bazenu jarri gurekin harremanetan edo Topaguneko lagunekin bestela.

Etenik gabe (Karrika 248)

Kaixo lagun!

Uda zoragarria izan duzuela espero dugu, bizi dugun egoerari aurre egiteko indarrak bilduta. Anormaltasun berri honetan, gure ohiko zereginetara bueltatzea dugu aukerarik hoberena, posible bada behintzat! Hortaz hemen duzu 2020-21 ikastaldiko lehen Karrika, betiko maitasunez sortua:

248. zenbakia, 2020ko iraila

Beti bezala zure gustokoa izatea espero dugu, eta ez ahantzi edozertarako Iruñeko Xabier karrika 4ean gaudela. Zaindu zaitezte eta zaindu ingurukoak!

Karrikiri Lan Taldea

Karrikiri Iruñerriko euskaldunengana heltzeko hedabidea da, elkartearen eta euskal komunitatearen berriak biltzen dituena. Hilero argitaratzen da eta milaka etxeetara bidaltzeaz gain, hainbat eskola, institutu, erakunde eta elkartetan ere banatzen da.

Zuk ere jaso nahi duzu? ➡️ https://www.karrikiri.eus/karrika-aldizkaria/

Hemeroteka atalean eskuragarri daude 1997etik aurrera argitaratutako Karrikak, hementxe:
https://www.karrikiri.eus/karrika-aldizkaria/hemeroteka/