“Euskaraldia entrenamendua da, ez partida” (Pello Jauregi, Argia 2697)
2697. Argia aldizkaritik hartua.
Pello Jauregi EHUko irakaslea da eta hizkuntza ohiturak aldatzeko egitasmoak ikertzen aritzen da. Euskaraldiko belarriprest eta ahobizi figuren diseinatzaileetako bat da. Euskaraz egin nahi dutenentzat koltxoia prestatu behar dela uste du, eta ingurune eroso hori belarriprestek osatzen dute. Belarriprest figuraren garrantzia azpimarratu du elkarrizketan.
ONINTZA IRURETA AZKUNE @oirureta 2020ko abuztuaren 02a
“Arrazoizko epe batean, gutxienez ulermen unibertsala ziurtatu behar da, Euskal Herrian edonon euskara denek ulertuko duten testuingurua”. Argazkia: Jon Urbe / Foku.
2018ko Euskaraldian ahobizi eta belarriprest rolen artean belarriprest izatea aukeratu zenuela adierazi zenuen. Kazetari honek ez zuen hautua ulertu, euskara gaitasuna eta hizkuntza kontzientzia duenak ahobizi rola jokatu beharko zukeelakoan, baldin eta norberaren hizkuntza ohiturak aldatzea bazen helburua. Berdin pentsatzen segitzen duzu?
Are gehiago, lehenengo hartan bi figurek jaso zuten harrera kontuan hartuta, aurten ahalegin berezia egin beharko litzateke belarriprest figura areagotzeko. Aurrekoan ahobizi-rako joera erraz samarra antzeman zen, “ni euskalduna naiz beraz ahobizi naiz”, pentsatu zuen jende batek. Ez zuten kontuan hartu rolak ez duela hitz egiteko gaitasuna bakarrik eskatzen, rol horrek konpromisoa eskatzen du: prest nago nire hizkuntza ohiturak aldatzeko; prest nago euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz hitz egiteko, eta ezezagunekin lehen hitza euskaraz egiteko. Alegia, “euskaraz bizi nahi dut ahal dudan momentu guztietan”. Euskaraz bizitzeko gogo handia duten horiek euskararen legamia dira, benetako motorra.
Beste figura belarriprest da, eta aurrekoan ahobiziak baino askoz ere gutxiago izan ziren. Nire logikan behintzat, askoz ere belarriprest gehiago behar dira, ahobiziak baino. Une honetan bi figura horietatik bat kendu beharko bagenu, nik ahobizi figura kenduko nuke.
Zergatik behar dira ahobiziak baino belarriprest gehiago?
Errealitatearen ispilua hori delako. Euskaraz ondo hitz egiten dutenen eta euskaldun pasiboak direnen artean, gehienek, ez dute euskaraz hitz egiten. Ez da errealista pentsatzea bat-batean jende guztiak euskaraz hitz egiteko konpromisoa hartuko duela. 2018an, zurikeriatik gehiago egon zen: euskalduna naiz, beraz ahobizi naiz. Eskatzen zuen konpromiso maila ez zen bete kasu askotan.
Belarriprest figurak konpromiso maila txikiagoa eskatzen du, errealistagoa da. Batzuek ulertzen dute euskara, baina hizkuntza ohiturak aldatzeko ez daukate iniziatibarik; beste batzuek ez dute nahi; beste batzuei ezezagun guztiei euskaraz egitea nekezegia egiten zaie… baina ulertzen dute, eta jendeak euskaraz egiten badie prest daude euskaraz egiteko. Rol pasiboagoa da. Jende askok tokia eduki beharko luke hor.
“Askoz ere belarriprest gehiago behar dira, ahobiziak baino. Bi figura horietatik bat kendu beharko bagenu, ahobizi figura kenduko nuke”
Pasiboagoa da, bai. Batzuk euskaraz egiteko gai dira eta rol horrek ez dio eskatzen euskaraz egitea.
Kontratu soziala da. Txapak adierazten du bakoitzak nola jokatuko duen ariketa egiten den bitartean. Batzuek konpromiso sakon bat hartuko dute eta beste batzuek konpromiso txikixeagoa, baina konpromisoa da. Ahobiziak euskaraz hasten direnean eta belarriprestak parean dituztenean, gehienak pasako dira inertziaz euskarara, badago kutsadura fenomeno bat. Mekanismo psikologikoa da, hizkuntza simetria deitzen zaio, alegia, eroso sentitzen gara hizkuntza bereko elkarrizketatan. Euskaldunok horretaz badakigu zerbait. Antzematen baldin badugu solaskideak erdaraz egiten duela, gehienok erdarara pasatzen gara.
Beraz, besteak beste, belarriprestak euskaraz hizketan jartzea da asmoetako bat.
Horixe bera. Lan munduan hamar urte daramatzagu Eusle metodologia aplikatzen. Horren arabera, eremu bat, tailerra edo saila hartzen da. Denek ulertu behar dute euskara. Hamarretik bik hartzen dute eusle parera, ahobizi litzatekeena Euskaraldian, eta gainontzeko denak belarriprest dira. Denek egiten dute aurrera, belarriprest direnek ulertzen dute eta haiei euskaraz egitea nahi dute. Ahobiziek lasai egiten dute euskaraz, kargarik gabe. Belarriprestak kutsatu eta euskaraz hasten dira modu naturalean. Presio naturala dago. Belarriprest ez da, “nik erdaraz egingo dut”.
Bi figura hauek Euskal Herriko egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta sortu dira. Espero behar duzu belarriprestak zu euskaraz entzun nahi zaituela, baina gune erdaldunetan ez uste izan ahobizi txapa eraman eta ezezagun guztiei euskaraz egitea. Kostu energetiko ikaragarria da, ez da errealista.
Bi figura hauek aukera eman behar diete oso euskaldunei edo oso kontzientzia handia dutenei, baina baita beste geruza batzuei ere, hala nola euskararekin neutro direnei, edo behar dugu gune erdaldunetan jendea armairutik ateratzea. Horregatik, erabileraren ikuspegitik, bi figurak dira interesgarriak.
Une honetan zabaltzeko aukera gehien duen figura belarriprest da. Euskaraz bizi nahi dugunok behar dugun koltxoi ikaragarria da belarriprest figura, gu eroso aritzeko nonahi eta edonorekin.
Hizketarako soberako gaitasuna dutenek eta hizkuntza kontzientzia dutenek erabileran aurrera egiteko, sarri ausardiaz jokatu behar izaten dute, parean izango duenaren erreakzioen beldur. Profil horretako jendeak belarriprest aukeratzeak ez du ekarriko euskaraz egiteko ditugun zailtasunak ikusgai ez egitea?
Bakoitzak ikusiko du non sentitzen den erosoen, baina biek daukate potentzialitate ikaragarria erabileran aurrera egiteko. Uste dugu hizkuntza ohiturak aldatzeko modu aktiboan jokatu behar dela, bestela ez dela aurrera egiten. Eusle metodologiaren bidez ikusi dugu gauza ez dela horrela, gauza kolektiboa dela. Beti daude batzuk jokaera urratzailea daukatenak. Horiek dinamika berezia sortzen dute, baina aldamenean jokabide jarraitzailea edo irekia daukatenak behar dituzte, alegia, bere burua eramaten uzten dutenak. Zenbat jende dago halako jarrera urratzailea izateko? Batzuk.
Euskaraldia gune erosoa da. Azaldu duzu nola belarriprestek ahobiziei euskaraz lasai egiteko bidea ematen dieten. Alabaina, ahobiziak txapa duenari eta ez duenari egiten dio euskaraz (lehen hitza behintzat), norbanakoei, erakunde publikoei, pribatuei… eta hizkuntza gatazkak sortzen dira.
Bi testuinguru daude. Euskaraldia ariketa da, mugatua, bi figurak ariketa horretarako daude pentsatuta, gure eguneroko inertziei astindua emateko. Baina zuk diozuna da Euskaraldia eta gero zer. Hori beste eztabaida bat da, oso sakona.
Euskaraldia entrenamendua da, ez partida. Partida beste termino batzuetan jokatzen da. Hala ere, konplikatua da partida irabaztea entrenamendurik gabe, eta entrenamendua eginda ere, agian ez da partida irabaziko.
Euskaraldia ekarpen txiki bat da, ez du konpontzen euskararen auzia. Hizkuntza partida jokatzeko hiru zutabe daude. Lehenengoa hizkuntza politika, hartzen diren neurri legalak eta legediaren garapena da. Bigarrena hizkuntza plangintza da. Hirugarren hanka irakaskuntza da. Arrazoizko epe batean, gutxienez ulermen unibertsala ziurtatu behar da, Euskal Herrian edonon euskara denek ulertuko duten testuingurua.
Euskaraldiak marko bat jartzen du. Hurrengo aldira arte bi urte daude hizkuntza plangintzetan aurrera egiteko, hizkuntza politikan neurriak hartzeko, eta irakaskuntza bermatzeko.
Euskaraldiak balio du erabileran indarra jartzen duelako, indarrak metatzeko balio duelako… Askotan egongo gara borrokan instituzioak eta herri mugimenduak, baina behintzat tarte batean aukera dugu hizkuntza ohiturez pedagogia soziala egiteko. Adibidez ele biko elkarrizketak.
Ez dugu bi hizkuntzatan elkarrizketak izateko ohiturarik. Euskaraldian halako praktikak egin dira. Zer moduzko esperientzia izan da?
Ele biko elkarrizketek funtzionatzen dute, baina ezin da modu masiboan aplikatu. Oso antinaturalak dira. Ahalegin gehigarria eskatzen dute eta benetan gogo handia daukaten pertsonek baino ezin dute egin. Ezin dugu pentsatu euskara gaitasun handia duten guztiek horrela jokatuko dutenik. Eusle metodologia aplikatzen dugunean, lantokietan eskatzen dugu %20 izatea ahobizi, eta horiek denei euskaraz egiten diete, nahiz eta askok erdaraz erantzun. Egoera horretan ele biko elkarrizketa instituzionalizatzen da. Gutxi batzuen lan hori lurrikara da, eta denen artean lortzen dute erabileran gora egitea. Baina beti izango da minoritarioa eta borrokarako tresna bat, erabilera suspertzeko bultzagile bat.
“Ele biko elkarrizketek funtzionatzen dute, baina ezin da modu masiboan aplikatu. Oso antinaturalak dira”
Lantokiko esperientzia aipatu duzu. Esaten ari zarenak eremu sozialerako ere balio du?
Bai, baina denek ulertu behar dute. Bigarren Euskaraldian arigune-en kontzeptua sartu da. Horixe da arigunea. Gutxi batzuk gara ahobizi, baina denak gara belarriprest, denok ulertzen dugu. Ingurune horretan euskaraz egiten duenak, nahiz eta erantzuna erdaraz jaso, badaki ez dela enbarazu egiten ari, ez dela gogaikarria. Ez dago giro txarrik eta asko errazten da ele biko elkarrizketak egitea.
Kataluniakoaz gain, zein beste esperientzia daude?
Uler-saioei buruzko liburuan gaia landu dut eta Europako praktikak kontatu ditut. Intercomprehension mugimendua zabaltzen ari da Eskandinavian, Suitzan, hizkuntza latinoak dituzten herrialdeetan… Adibidez, Eskandinavian familia bereko hizkuntzak dauzkate eta mugimendu horren bidez, nolabait ingelesari nagusitasuna kendu nahi diote. Europan, elkarren artean ingelesez egin beharrean, bultzatzen ari dira norberak bere hizkuntzan hitz egitea, besteek ulertzen badute nahikoa da. Unibertsitateetan gauza asko ari dira mugitzen. Baina hala ere, berriz diot, joera minoritarioa da. Ezin du gehiengoarena izan, zeren naturala denok hizkuntza berean hitz egitea da.
Uler-saioak metodologia argitaratu berri duzu Soziolinguistika Klusterraren eskutik. Lehenago Ulerrizketak liburua izan zen. Zertarako dira metodologia horiek?
Aldahitz egitasmoa hasi genuen duela hamar urte eta antzeman dugu hiru komunikazio egoera arketipiko daudela. Lehenengoan bi solaskideak ongi ulertu eta mintzatzen dira. Egoera horri begira Eusle metodologia prestatu genuen eta Euskaraldiak hortik edan du asko.
Bigarren komunikazio egoeran kide bat ongi ulertu eta mintzatzen da, baina besteak ulertzen du, baina hitz egitea kosta egiten zaio, euskaldun pasiboa da. Horrelako egoeratan, bai lan munduan bai eguneroko bizitzan, ikusi dugu hamarretik zortzitan erdara nagusitzen dela. Euskaraz ondo egiten duenak antzematen duenean solaskideak zailtasunen bat daukala, gehienetan erdarara pasatzen da. Administrazio publikoan horrelako egoera asko dago. Hizkuntz eskakizuna atera dute, ulertzen dute, baina hitz egiteko erraztasunik ez daukate, eta horiek ez dira inoiz hiztun bihurtzen, besteak beste euskaldunek euskaraz egiten ez dietelako. Horri begira prestatu genuen Ulerrizketa metodologia.
Hirugarren egoeran bat ongi mintzatzen da, eta bere kideak edo ez du ulertzen edo oso gutxi. Ezinezkoa da euskaraz komunikatzea. Horretarako da Uler-saioak metodologia. Kontua da nola desblokeatu deskribatu dugun komunikazio egoera. Proposatu dugu ulertzen ez duenak 60 ordutan gaitasuna eskuratzea oinarrizko euskara ulertzeko. Oinarrizko gaitasuna badaukate, seguru asko egoera sozial ugari desblokea daitezke. Lan hau batik bat marko teorikoa da, ez dugu nahikoa esperimentatu. Esperantza daukagu ea adibidez euskaltegikoak animatzen diren esperientziak egitera.
Euskaltegiak gune egokiak iruditzen zaizkizu?
Normalean euskaltegiek ez dute horrelako formularik aplikatu. Euskaltegiek daukate formula estandar bat non trebetasun guztiak lantzen diren, entzumena, mintzamena, irakurmena, idazmena, baina prozesu oso luzeak izaten dira. Gure proposamena da fokua ulermenean jartzea eta denbora laburrean egitea. Ulermen unibertsala ahalik eta azkarren lortzeko estrategiak behar ditugu eta gurea ekarpen xume bat baino ez da.