Ordu Beltzak (Sua)

Ordu Beltzak (Sua)

Sua talde bizkaitarrak 2018an utzi zuen bere lehenbiziko arrastoa, laster Euskadi Gazteak antolatutako maketa lehiaketa irabazi eta aparraren moduan hazitako musikari taldea da. Ane (ahotsa), Janire (baxua eta teklatua), Julen (gitarra) eta Esteban (bateria) dira Sua taldearen atzean topatu ditugun lagunak. Pop eta Rock doinuen itsasoan ederki nabigatzen duen taldea dugu Sua.

Belaunaldi berriek asko dute esateko eta Marurikoen proposamena erakargarria da oso, freskotasuna eta energia borbor dariela nabari da kantuetan. Haritz Arreguy Studioan hitzordua egin eta grabatu zuten “Ordu beltzak” izenekoa Gipuzkoako Usurbil herrian.

Portada erakargarri eta iradokitzailearen diseinua berriz Garazi Arano sortzailearen esku joan da.

Hasmentak besterik ez badira ere, zer esana eta entzuna emanen duen proiektua izanen da dudarik gabe. Suaren garrak bizirik eta luze mantenduko diren susmoa dugu.

Hemen eskuragarri.

Krisiari aurre eginez euskaratik (Kike Amonarriz eta Jasone Mendizabal, Berrian, 2020-4-15)

Kike Amonarriz eta Jasone Mendizabal, Euskaltzaleen Topaguneko zuzendaritzako kideak (Berria, 2020/04/15)

Egoera latza bizi dugu. Gaitzak eragindako kalteak handiak dira, konponezinak horietako batzuk. Horregatik, gure lehen pentsamendua senitartekoren bat galdu dutenengana eta gaitza pairatzen ari direnengana doa. Gure elkartasun guztia zuentzat.

Ziurgabetasunak eta kezkek bizi gaituzte. Baina baita itxaropenak eta etorkizunaren alde lanean tinko jarraitzeko gogoak ere. Halaxe ari gara Euskaltzaleen Topagunea osatzen dugun pertsona eta elkarte guztiak. Etxetik, baina gure ardurapeko egitasmoak eta hedabideak gera edo gal ez daitezen saiatzen, eta sortzen ari diren arazoei ahalik eta irtenbiderik egokienak aurkitu nahian. Zenbait kasutan, baita oztopoak aukera bihurtzeko zirrikituak bilatzen ere.

Osasun krisiaren ondoren, krisi ekonomikoa etorriko dela ziurtzat ematen da, eta, horrekin batera, herritarren jarreretan eta politika publikoetan norabide aldaketak egon daitezkeela ari gara irakurtzen edo entzuten batean eta bestean.

Gure ustez, euskal gizarteak funtsezko balio sozialak oinarri dituela atera behar du aurrera krisitik, hala nola elkartasuna, berdintasuna, zaintza, gertutasuna eta komunitate zentzua. Eta balio horiekin bat eginez, euskararen biziberritze prozesuak ere aurrera egin behar du, egoera berrira egokituta. Euskarak komunitatea indartzeko eta balio horiek sustatzeko aukera paregabea ematen digu.

Bide hori, baina, une honetatik bertatik jorratu behar da, larrialdi-egoera honetan ere, funtsezkoa delarik herritarren hizkuntz eskubideak babestea eta bermatzea.

Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok adierazi bezala, pozez hartu dugu Europako Kontseiluak, itxialdia hasi zenean, hainbat estatu europarretan zabaldutako ezohiko mezua: pandemiaren inguruan sortutako informazioa tokiko hizkuntzetan ere helarazi behar zela gogorarazi zuen, hizkuntza horietako hiztunen ongizatea bermatzeko.

Osasun erakundeek eta bertako profesionalek, egoerarik zaurgarrienean dauden herritarrei gertutasunez eta maitasunez eskaintzen ari zaizkien zerbitzua egokiena izan dadin egindako ahalegin ikaragarria azpimarratu nahi dugu, lehenik eta behin. Eta, horrekin batera, gaixoak beraien hizkuntzetan artatuak izateak duen balioaz jabearazi nahi genituzke, berriro ere.

Osasun krisi garai honetan, euskararentzat irabazitako espazioak eta funtzioak baliatzea ezinbestekotzat jotzen dugu gaixo askoren egoera zaurgarria arintze aldera, eta, aukera dagoen guztietan, herritarrak hautatu duten hizkuntzan artatzeak duen garrantzia azpimarratu nahiko genuke.

Hori dela eta, Topaguneak kezka handiz jaso du hainbat erakunde eta eragileren hizkuntza praktika desegokien berri, euskaldunen eskubideak ahaztuz. Bat egiten dugu, beraz, era honetako egoerak jasan dituztenek egindako salaketekin, eta berauek zuzentzeko eskatzen diegu ardura hori dutenei. Bide batez, dei bat egiten diegu euskaldun guztiei osasun erakundeekin nahiz bestelakoekin harremanak dituztenean euskararen aldeko hautua egin dezaten.

Topagunearen jardunera bueltatuz, beste alor askotan bezala, egoera oso kezkagarria da gurean ere: martxan genituen ekimen asko bertan behera geratu dira, udalekuak eta udako programak arrisku bizian daude, hedabideetan publizitate sarrerak nabarmen murriztu dira, eta asko ezin dira banatu, lantalde batzuk ABEEra jo behar izan dute, aurreikusitako diru laguntzak eta finantziazio bideak ez dakigu zertan geratuko diren… Garai zailak aurreikusten ditugu, egitasmo eta egitura askoren biziraupena bera zalantzan jar dezaketenak.

Egoera hau dela eta, erakunde guztiekin ari gara hizketan, sortuko den kaltea ahalik eta txikiena izan dadin eta euskarak agenda sozio-politikoan jarrai dezan. Horregatik, guztion artean erabaki dugu Euskaraldiari eustea eta prestaketa lanetan jarraitzea, jakinik ere egokitzapenak eta moldaketak egin beharko ditugula. Eta ez hori bakarrik; hilabete honen amaierarako etxealdian burutzeko ariketa masibo bat proposatuko dizuegu Ahobizi eta Belarriprest guztiei: Etxealditik Euskaraldira ekimena. Laster izango duzue horren berri.

Euskaltzaleen Topagunea osatzen dugunok, beraz, modu aktiboan eta eraikitzailean jarraituko dugu gure hizkuntza eta kultura indartzeko lanean, krisiak gehien kolpatuko dituen sektoreekiko elkartasunetik eta enpatiatik, inor bazterrean utzi gabe. Prozesu honetan, elkarlana eta ilusioa ezinbestekoak izango dira, komunitatea trinkotzea funtsezkoa, eta euskarak ardatz, lotura eta balioen transmisore izan beharko du.

Berriro ere, ezina, ekinez lortuko dugu.

https://www.berria.eus/paperekoa/1876/018/001/2020-04-15/krisiari-aurre-eginez-euskaratik.htm

Hemen herensugeak daude (Liher)

Hemen herensugeak daude (Liher)

“Hemen herensugeak daude”, hala dio Liher taldearen 3. lanak. 14 abestik osatzen du transmedia proiektu berria. Musika, ilustrazioa,narrazioa eta ikus- entzunezko lana bildu dute CD berrian. Atal guzien loturak bat egiten du eta fikziozko istorio bat kontatuko digute bertan, non amodioa,
bortizkeria eta emakumearen bakardadea izanen diren gainagusiak.

2015ean, beraien lehenbiziko maketa karrikaratu zutenetik, hamaika oholtza ezagutzeko partea izan du taldeak. Europako hainbat herrialde ezagutzeko parada ere izan dute musikaren bitartez.

Lide Hernando (abeslari eta gitarrajolea), Iñigo Etxarri (gitarra eta koroak), Joshka Natke (baxua eta koroak) eta Ander Berzosa (bateria) dira gaur egun Liher taldea osatzen duten musikariak.

Lan berri honetan, rock astunaren bideari jarraitzea erabaki dute, erritmo horien babesean sentitzen bait dira erosoen. Grabaketarako orduan Euskal Herritik atera eta Bartzelonako Cal Pau estudioan batetik eta Gironan kokatua den Ultramarinos Costa Brava estudioan osatu dute lan berria.

Bukatzeko ezin aipatu gabe utzi Teloia izeneko bideoklipa, irudimen haundiz egindako lana.

Hemen eskuragai.

IZASKUN BARBER (Karrikiri elkarteko dinamizatzaile berria)

IZASKUN BARBER (Karrikiri elkarteko dinamizatzaile berria)

Izaskun Barber (Karrikiri elkarteko dinamizatzaile berria)

Zein da zure historia pertsonala euskararekin?

Nire historia pertsonala euskararekin txikitatik hasten da, nahiz eta gurasoak euskaldunak ez izan, San Fermin Ikastolara bidali gintuzten 3 ahizpak. Etxean ez genuen asko hitz egiten, eta egia da kuadrilan ere gutxitan erabili izan dugula zoritxarrez. Baino, zorte handia eduki nuen eta ikastola eta ondorengo ikasketa batzuk euskaraz egin nituen Gipuzkoan.

Bertan lagun oso onak egin eta Bartzelonara abiatu ginen. Katalana ikasteko aukera eduki nuen, han erraztasun asko daude hango hizkuntza ikasteko, eta ikasketeterako eta lanerako oso beharrezkoak ziren. Hala ere, hango kuadrila euskalduna nuen, denak Euskal Herriko toki ezberdinetakoak ginen, ni iruindar bakarra nintzelarik, euskalki ezberdin asko ezagutu nituen. Batzuek hika ere erakutsi zidaten. Euskal Etxean ere denbora asko pasatzen genuen, eta bertan euskara erabiltzeko aukera ona zen beti.

Iruñera bueltatu nintzenean, euskaraz lan egiteko aukera suertatu zitzaidan, eta pentsatu gabe aurrera egin nuen. Euskal hedabide txiki batean hasi eta hortik aurrera beste euskal hedabide ezberdin batzuk ezagutu izan ditut nire lan esperientzia arloan. Zorte handia izan dut euskaraz lan egin izan dudalako beti.

Osasun krisia lehertu zen egunetan hasi zinen lanean (martxoaren 16an), nola bizi izan dituzu egun hauek?

Bada, egia esan, ongi, baina era berean kuriosoa, hasierako egunak bulegoan pasa nituen, egoera nahiko xelebrea zen, baina bertako antolakuntzarekin hasi nintzen eta “terrenoa” pixka bat ezagutzeko aukera izan nuen. Aste hori pasa eta gero telelanean murgildu nintzen eta oso ongi moldatu naiz. Sare sozialei bizia ematen, web gunean eta zerbitzuetan lanean…. egia da, beti badagoela zerbait egiteko, eta bestela materiala sortzen dut. Aipatu nahi dut, beti laguntza jaso izan dudala, beti egon dela norbait arlo edo zerbitzu ezberdinetan laguntzeko prest, eta lasaitasuna transmititu izan didatela beti. Beraz, oso eroso sentitu naiz. Eskerrik asko lan taldeari!!

Lehenagotik ezaguna zenuen Karrikiri?

Lehenagotik ezagutzen dut Karrikiri, noski. Lagunekin Hitzen Hotsak saioetara joaten ginen, sarrerak lortzen genituenean noski, izan ere batzuetan berandu ailegatzen ginen eta!! Baita ere arropa edo
oparitxoren bat erosi izan dut dendan. Ekoizle lokalak Iruñean topatzea geroz eta zailagoa da, esan beharra dut betidanik komertzio txikietan saiatzen naizela erosten eta horregatik nire zerrenda pertsonalean Karrikiri horietako bat zen.

Ezagutzen zenuena eta topatu duzuna berdina izan al da?

Ikusi dudanarengatik jakin izan dut jarduera asko egiten direla eta horiek ez nituenez ezagutzen, niretzat sorpresa handia izan da. Seguru sorpresatxo gehiago topatuko ditudala normaltasunera ailegatzen garenean.

Zein arlo edo asmo bultzatzeko gogoz zaude?

Nire asmoa lehenik eta behin, Karrikiri ongi eta sakonki ezagutzea da, bere puntu fuerteenak eta ahulenak zeintzuk diren ikusi, eta hortik aurrera puntu horien inguruan lan egitea. Egia da, oraingoz ikusi dudanarengatik, gazte askok oraindik ez dutela elkartea ezagutzen eta hori aldatzeko modua bilatu behar dugula uste dut.

Amaitzeko, gustuko duzun musika edo libururik gomendatu nahi?

Nire talderik gustokoena Berri Txarrak da, baino aipatu nahiko nituzke Nøgen eta Izaki Gardenak taldeak ere. Eta liburu bat, “Atertu arte itxaron” Katixa Agirrerena.