Ospakizun gauean (Benito Lertxundi)

Ospakizun gauean (Benito Lertxundi)

Kantaita Enea zigiluak argitaratu du Benito Lertxundiren bilduma berria, “Ospakizun gauean” izenekoa. Hamar kantuz osatua dago, desikastearen beharraz edota senari arreta jartzeaz ari zaigu kantaria bere azken lanean. J. Bucay eta F. Pessoa idazleen hitzak aukeratu ditu zenbait kantu sortzerako orduan, “Isil isilik”, “Nahiago nuke” eta “Ibertzean” izenekoak.

J. Maiak Ternuatik ekarritako kantu bat ere bildu nahi izan du, “Kimu bat zuhaitzan” izeneko kantua, bere garaian Allan Rankin abeslari kanadarrak sortua. Kantu hau izan da, hain zuzen ere, sarean promozio gisara erabilitakoa.

Lertxundiren hamazazpigarren disko luzea da. Aurreko guziak Elkar etxeak ekoiztu ditu, oraingoan ordea, ekoizpen lana berak aurrez sortutako “Kantaita Enea” zigiluak plazaratu du; arrazoi nagusia obraren jabetza da, bere esanetan, sentsazioa baitu urteetan kantuak ia opari eman direla. Gustu handiz eta txukun egindako kantuak dira Oriokoak eskaini dizkigunak.

Hemen eskuragai.

Etxera bidean (Xamar)

Etxera bidean (Xamar)

Joan den mendeko laurogeiko hamarkada hasieran Aezkoako gazte belaunaldi berri bat hasi zen euskal mundua ezagutzen, eta ala beharrez galderak etorri ziren: zer gertatu zen euskararekin? Zergatik galdu zen hain azkar? Ba ote zegoen euskaldunik bizirik? Naturala ala kanpotik inposatua izan zen galera? Azterketa lanetan murgildu ziren gazte horiek eta haien artean Xamar zegoen. Liburu honetan, kontu xumeak baliatuta, hortik tiraka lortzen du unibertsal bilakatzea etxeko historia zaharrak.

Oso ongi idatzita dago, erritmo egokia du, eta euskararen erabilerari dagokionez Aezkoako euskalkiaz idatzitako pasarteek balio erantsia ematen diote.

Etxera, Garraldara, euskarara eramaten duen bidaia-liburu honetatik gauza asko dago ikasteko.

Hemen eskuragai.

Ezagutzaren matazak (Emagin)

Ezagutzaren matazak (Emagin)

Euskal feminismoa loraldi bat bizitzen ari da, bai karriketako ekintzetan eta bai hausnarketan. Eta bi arlo hauek bai ala bai kolektiboak izan behar dira. Emakumeak subjektu aktiboak dira, oso aktiboak eta haien zereginen barruan sortzen diren kezkak eta korapiloak askatzeko erantzun kolektiboa eman nahi dute, arazoak denak batera lan eginez konpontzen direlako, ezagutza ( gorputzarena, boterearena, ekonomiarena) denon artean eraikitzen da.

Emagin elkarteak pentsamendu feminista kritikoa sustatzeko hainbat baliabide ditu, mintegiak, tailerrak, dokumentazioa eta bar…

Liburu hau, emakumeen burujabetzaren bidean kokatu behar dugu; hagitz interesgarria emakumeentzat eta baita gizonentzat ere.

Hemen eskuragai.