Osto eta Ale (Osto eta Ale)

Osto eta Ale (Osto eta Ale)

Osto eta Ale, alegia Alejandro Irizar eta Jon Ostolaza dira bikotea osatu dutenak.

50 urterekin hasi zen Alejandro dultzaina jotzen, Ostolazak berriz urteak daramatza soinu ttikia jotzen. Konbinaketa oso ohikoa ez bada ere gustagarria egiten da. Hasera batean arrotza suertatu daiteke, segituan ordea magia berezia hartzen du. Freskotasuna somatzen zaio soinuari, porrusalda, fandangoa eta arin arina, balts, pasodoble edota kunbia moduko doinu eta erritmo aski ezagunak lehen aldiz entzuten ariko baigina bezala.

Itziarko jaietan, txarangan jotzen ibilitakoak dira bi musikariak, handik sortutako ideia da biak elkartzearena. Urte hauetan errepertorio zabala osatu dute eta herritik kanpo ezagunak izatera ere iritsi dira.

Bi instrumentuen arteko konbinaketak harridura sortzen du hasera batean, halare diskoa aditu besterik ez dago emaitza bitxi bezain erakargarri hau maitatzeko.

Gaztelupeko Hotsak zigiluak babestutako lana izan da.

Hemen eskuragai.

Berandu baina garaiz (Ibil Bedi)

Berandu baina garaiz (Ibil Bedi)

Berandu baina garaiz datoz Ibil Bedikoak. Iturramako institutuan lagun egin eta handik denbora laburrera elkartu ziren musika egiteko asmoz.

Altxatu taldea sortu eta bertan kantari aritutako da Ibai Osinaga, hiru diska eman zituen proiektu hark.

Aurkeztu berri duten lana ordea arras ezberdina da, Pop doinuak jorratu dituzte oraingo honetan, nahiz eta Folk eta Rock erritmoak ere ageri diren haien kantuetan. Hitzak ere bestelako edukiak dituzte, pertsonalagoak dira, tonu intimoagoa dute kantuek. Ibai eta Ametsek sortutako olerkiak dira diskoa osatzen dutenak. Javier Larrañeta, Areta Senosiain, Amets Aranguren, Ibai Osinaga eta Eder Escalerak osatzen dute taldea.

Lan berria erakutsi, eta beharrezko diren aurkezpen lanak egin ondoren iragarri dute beraien lehen bira, EHZ musika jaialdian eta San Ferminetan ere aritzekoak dira besteak beste.

Talde iruindarra gogotsu etorri da, Ibil Bedi beraz Euskal Herriko txoko guzietan.

Hemen eskuragarri.

Atzerrian (Nerea Balda)

Atzerrian (Nerea Balda)

Nerea Balda ez da ezaguna Euskal Herriko literaturako plazan, agian baten batek ezagutuko du Iruñeko Egile Berriendako literatur lehiaketan lehen sariak jaso zituelako narrazio eta poesia ataletan. Orain bere lehen liburuarekin hurbildu zaigu, eta bere lehen testuek iradokitzen zutena berriro aurkituko dugu, prosa ongi landua eta oso poetikoa, argia eta aberatsa. Argudioak ezin du sinpleago izan, neska bat atzerrian bizi da, gustuko lana dauka baina herriminez jota dago. Bizitzaren ilusioez, distantziaren gazi-gozoez eta adiskidetasunaz hitz egiten zaigu.

Batzuetan irakurleok hartzen dugu liburu bat, inolako erreferentziarik gabe ez liburuaz eta ez idazleaz, eta sorpresa polit bat hartzen dugu.

Hemen eskuragai.

Gorputz madarikatuak (Lucía Baskaran)

Gorputz madarikatuak (Lucía Baskaran)

Deuteronomioak esaten du etxe berean bi anaia bizi badira eta ezkonduta dagoena seme-alabarik gabe hiltzen bada, beste anaia alargunarekin esposatuko dela eta familia osatuko duela.

Ideia honekin Lucíak historia indartsu bat harikaltzen du, Aliziak senarra galdu du eta eten gabe ari da bere buruarekin borrokatzen: senarrak benetan maite ote zuen? Emakumearen begietatik idatzitako nobela. Emakumearen gorputzak zer paper betetzen du gure gizartean? Gorputzaren eta maitasunaren desioak zilegi dira? Zer motako botere
harremanak daude gure gizartean?

Lucía Baskaranek ahots propioa lotu du, batzuetan oso bortitza eta gordina, besteetan goxotasunez betea. Liburua hartu, hasi eta amaitu arte ezin utzi.

Hemen eskuragai.

Haziak erditzen (Kasu!)

KASU! Urteetan lo egondako haziak esnatzearen ondorioa bait da aurrean dugun lana. Hala dio “Haziak erditzen” izena hartu duen lan berriaren azalak.

Kasu rock talde iruindarraren hirugarren lana dugu hau; Patxi bateria jole, Iosu baxu jole, Sahatz kantaria, Lizar eta Mikel kitarra joleak osatzen dute proiektua. Kantu berriez gainera zenbait euskal kanturen moldaketak egin dituzte, Itoiz taldearen “Elurretan” kantua edo eta Bernito Lertxundiren “Txori ttikia” kantu ezaguna besteak beste, guztiak gustu handiz moldatuak.
Tadearentzat diska berezia izan omen da, aspaldian gordeak zituzten doinuak atera eta biltzeak denbora dezente eskatu omen die.

Egunerokotasunak eta ikuspegi sozialak ere badu tokia haien hitzetan, eta egiazko gertakarietan oinarritutako istoriak ere ageri dira haien diska berrian.

CDa biltzen duen diseinuak dotore borobiltzen du lan berria, June eta Lorea artistek egindako lana ederra da.