Neska bat leku inposiblean (Xabier Amuriza)

Neska bat leku inposiblean (Xabier Amuriza)

Xabier Amuriza bertsolaria, poeta, itzultzailea, euskaltzale amorratua, saiakera egilea eta oraingo honetan eleberri idazlea da. Francoren garaian, Zamorako kartzelan ehunka preso sozialekin batera, Euskal Herriko apaiz antifrankista talde bat kartzelatuta zegoen.

Preso orok ametsa du kartzelatik ihes egitea eta euskal presoek ere amets berbera zuten. Askatasunaren bila, 1970ean tunel bat egiteari ekin zioten, lan horretan Xabierrek berak ere parte hartu zuen, alde horretatik nobelak badu kutsu auto-grafikoa, baina liburuan kutsu fantastiko bat ere aurkituko dugu.

Posible ote da gizonentzako kartzela batean neska bat agertzea eta iheslariei laguntzea? Ba… liburua irakurri eta zalantza argituko zaizu. Disfrutatu liburu honekin, merezi du eta.

Hemen eskuragai.

Zuloan (Urko Apaolaza)

Zuloan (Urko Apaolaza)

AHTk eztabaida sutsuak piztu ditu gure gizartean. Alde daudenek zer azkar eta eroso bidaiatuko dugun azpimarratzen dute, kontrakoek diru xahuketa, kalte ekologikoa eta abar salatzen dute, baina egin, egiten ari da. Inork galdetu dio bere buruari zein lan baldintzetan dauden langileak? Zenbat kobratzen duten? Noraino ailegatzen den azpi-kontratazioa? Zenbat lan istripu daude? Zein tamainakoak dira eraikitzaileen etekinak? Zenbat iruzur egiten zaio gizarte segurantzari?

Galdera potoloak, eta haien erantzunaren bila aritu da Urko Apaolaza eta aurkitu duena ez da izan goxoa.

Manu Robles Institutuaren eta Argia aldizkariaren eskuetatik argitaratu da liburu interesgarri hau.

Hemen eskuragai.

Anita Parker (Anita Parker)

Anita Parker (Anita Parker)

Bukatu da eskuak patrikan izatearen kontua, aldakaz gainera gorputz osoa mugiaraziko duen lana baita Anita Parker taldeak sortu duena. Elektro-swing doinu dantzagarriak dira nagusi proiektu berri honetan.

Arrasateko Gose taldearen arrastotik datorren lagun taldea dira; Ane Martinez, Olatz Andueza, Iñaki Bengoa eta Jon Zubiaga musikaria dira taldea osatu dutenak. Disko jostalaria da haien esanetan, dantzarako gonbitea egiten duena eta berritzailea ere bai Anita Parker izen bereko lana.

Hatortxu Rock jaialdi beteranoaren azken edizioan parte hartu zuten, horren ondoren ari dira beraien lekutxoa hartzen Euskal Herriko musikaren panoraman.

Azkenik, kantu sorta biltzen duen diseinua ere ezin utzi aipatu gabe, azal koloretsu eta deigarria, Pop art estiloan egina, baitauka.

Hemen eskuragai.

Moko Txiki (Leire Bilbao eta Maite Mutuberria)

Moko Txiki (Leire Bilbao eta Maite Mutuberria)

Ipuin honetan ez dakit non dagoen poetika handiagoa, bere esaldietan? edo marrazkietan, akaso? Moko Txiki txoria hipopotamo baten bizkar gainean goxo-goxo bizi da. Hipopotamoa erraldoia da eta ezkertzen dio bere azalean egiten dizkion garbiketa lanak.

Baina Moko Txikik hipopotamo gisa irudikatu du bere burua eta horrek haserrea sorrarazi dio hipopotamoari, hori dela eta honek Moko Txiki bota du bere bizkarretik. Moko Txikik alde egin eta bidaiatu behar du bere benetako izaera aurkitzeko.

Egileez zer esan behar dugu? Leire Bilbaok oso ongi garatu du testua eta Maite Mutuberriaren irudiak oso politak eta esanguratsuak dira. Haurrek eta helduek disfrutatuko dute liburu honekin.

Hemen eskuragai.

Afaltzera etorri zen arkumetxoa (Steve Smallman eta Joelle Dreidemy)

Afaltzera etorri zen arkumetxoa (Steve Smallman eta Joelle Dreidemy)

Arkumetxoa galduta eta hoztuta dago. Otso zaharraren etxeko atea joka ari da, bitartean barruan Otsoak afaltzeko duen salda ordezkatu ahal duen haragiarekin amets egiten du. Oi ama zer gozoa izango den arkumetxo bat labean egina! Jango du Otsoak Arkumetxoa? Egileek ipuin honen bidez erakutsi nahi digute desberdinak, arerioak diren artean ere posible dela amodiozko harremana. Liburu honen gakoa bizikidetza da, zaila baldin bada ere, ez da ezinezkoa. Amodioak ezinaren gainetik pasatzen du, Otsoa eta Arkumetxoa izan daitezke lagunak.

Kontatzen zaigun istorioa oso sinplea da, agian aurrez aurretik entzunda dugu, baina hor dugu ipuinaren balioa, historia sinple batetik heltzen diogulako pertsonen arazo handi bati, auzo bizikidetzari. Ea zerbait ikasten dugun!

Hemen eskuragai.