Manez eta kobreak

Manez eta kobreak

Munduan barna ibilitakoa da Thierry Biscary musikaria. Kalakan taldearen sortzaileetakoa da. Oraingoan, soinean bestelako jantziz apaindua ikusi dugu. “Manez eta kobreak” izeneko taldea osatu du; Mintxo Garaikoetxea, Ana Telletxea, Laura Etchegoyhen, Bixente Etchegaray eta Vianeey Desplantes musikariak bildu ditu bertan.

Anhauzeko musikariak, sorterria izan du gogoan eta erroei omenaldia egin nahi izan die. Manez, aitatxi zenaren izengoitia hartu du proiektua aurkezterako orduan. Lekukotasun intimoa ematea izan du helburu, eta ahaide, auzokide edo lagunen bizipenak kontatzea.

Metalezko musika tresnekin lan egiteko gogoa asetu omen du disko berri honetan. Ahotsek duten protagonismoa ere nabaria da lan berri honetan, taldekide guziek izan baitute kantuan aritzeko aukera.

Hemen eskuragai.

Bidaia Nafarroara Euskaldunen oldartzearen denboran (Agosti Xaho)

Bidaia Nafarroara Euskaldunen oldartzearen denboran (Agosti Xaho)

Agosti Xahok hainbat arlo jorratu zituen: idazlea, kazetaria, foruzalea, independentista, errepublikarra, pentsalaria, eragilea, baina batez ere bidegilea izan zen. Berak asmatu zuen Euskal Herriari buruzko hainbat kontu eta kondaira batzuk, bere tesiek kasu batzuetan ez zuten ez bururik ez buztanik baina bide bat ireki zuten. Egia da bere euskal kosmobisioa oso urrun dagoela egun dugunetik, baina ezin dugu ahaztu aitzindari bat izan zela, horregatik guztiagatik merezi du liburu hau irakurtzeak.

Karlismoaren lehenengo matxinadan Agosti Xaho Nafarroara etorri zen karlistada eta euskal independentziaren alde borrokatzeko. Karlistak ez ziren fio “frantziar errepublikar” horretaz eta berehala kanporatu zuten.

Bidaia horren lekukotza gisa geratu da liburu hau, eta merezi du Agosti Xahoaren pentsamendura hurbiltzeko.

Hemen eskuragai.

Eboluzioa (Zaratamakers)

Txuma Flamarike gitarrajolearen azken proiektua da Zaratamakers izenekoa. Rock amerikarraren iturritik edandakoa da eta eragin hori erraz nabari da Atarrabiakoaren azken abenturan. «Eboluzioa» izeneko lan berria osatzeko hiru lagun bildu ditu ondoan; Iker Bengoetxea kantaria, Jon Uribeetxeberria bateria eta Oscar Muñoz baxua.

Hamaika kantuz osatzen da lana. Hitzak, Bengoetxeak sortuak dira eta konposizioak berriz Flamarikek eginak dira. Melodia sarkorrak eta rock & rollaren esentzia mantentzen duten doinuak dira nagusi Zaratamakers taldearen estreinako lanean.

Blues doinuek ere badute beren tokia, «Aurrezblues» izeneko kantua sorpresa bikaina da, Iker Bengoetxea kantariak abilezia berezia erakutsi baitu interpretazio lanean.

Elkar ekoiztetxeak argitaratutako eta babestutako CDa da.

Ultravioleta (Revolta Permanent)

Ultravioleta (Revolta Permanent)

Revolta Permanent taldeak jada karrikan du bere azken lana, orain arteko proiekturik garrantzitsuena.

Lan egiteko modua erabat ezberdina izan da oraingo honetan, estatuko zortzi produktore ezagunekin hitzegin eta haien esku utzi dituzte kantuak. Bakoitzak nahi izan duen tankera eman dio egokitutako kantuari, nahasketak egitea izan da haien ardura. Prozesuaren bukaeran New Yorkera bidali eta bertako Cannon Found Soundation ekoiztetxe ospetsuak egin du masterizazio lana.

Honek guztiak esperientzia berezia bilakatu du “Ultravioleta” lana. Emaitzari energia dario alde guzietatik. Taldearen esentzia mantentzea ere lortu dute, Hip- Hop, elektronika eta metal doinuak dira nagusi Revolta Permanenten lan berrian.

Otsailean, Bilboko Kafe Antzokian aurkeztu eta jada hasi dira Euskal Herriko plazak astintzen.

Hemen eskuragai.

Eason (Izaro)

Eason (Izaro)

Izaro kantariak bere lan berria karrikaratu du jada, “Eason” izena jarri dio bigarren lanari. Lehenego lanak, “Om” izeneko hark izandako arrakasta liseritzeko denbora behar izan duela aitortu du. Ahotsik gabe geratu zeneko esperientzia hartatik, gorputza entzuten eta adi jarraitzen ikasi duela dio.

Bi urte beranduago indarberriturik agertu da kantaria, eta estilo ezberdinetan jostetan aritzeko baimena ere eman omen dio bere buruari. Inoiz baino gehiago disfrutatu du kantuak osatzerako orduan. Iker Lauroba Alonso, Oriol Flores Arisa, eta Julen Barandiaran Blanco dira Izarorekin lanean ari diren musikariak.

Erraietatik abesten duen musikaria da Mallabiarra, sentiberatasun handikoa eta hunkigarria askotan. Hasi eta bukatu entzulea harrapatuko duen lana da “Eason”.

Hemen eskuragai.