Karrika 148. 2011ko apirila
Korrika, teknologia berriak eta Karrikadantza
Udaberria heltzearekin batera 1919an sortutako Euskaltzaindiari omenaldia eginen dion Korrikaren 17. edizioa iritsiko da Iruñera eta euskararen lekukoak gure hiriko kale bazterrak zeharkatuko ditu gure hizkuntzaren aldarria bazter guztietara hedatuz. Maitatu, ikasi, ari…Euskalakari!!!
Eta lasterka aritu ondoren, solaserako gonbitea luzatuko dizuegu berriro Karrisolasa ekimenaren bigarren saioarekin. Martxoan izan genuen hitzorduan bertaratutako lagun koadrilan giro atsegina eta eztabaida bizia sortu zen. Oraingoan ere halaxe izatea nahiko genuke eta apirilaren 13rako prestatu dugun saioan “Euskaldunak eta teknologia berriak” gaia jorratzeko asmoa dugu, Argia/argia.com aldizkarian argitaratutako Lander Arbelaitzen “Euskal komunitatea Interneten indartzeko zenbait irizpide” artikulua abiapuntutzat hartuta. Hurbildu nahi duzuenok, jarri gurekin harremanetan bulegoa@karrikiri.org helbidera mezua igorriz edo gure telefonora deituz.Webgunean aurkituko duzue Arbelaitzen artikulua. Solasa, esan bezala, apirilaren 13an eginen dugu 19:00etan Karrikiri euskal dendan (Xabier jaitsiera 4).
Eta teknologia berriez ari garelarik, jakizue Twitter sarea euskaratu dezaten martxan jarritako kanpainan –Lander Arbelaitzek berak sustatutakoa- gure atxikimendua eman dugula eta argitaratzen ditugun mezu guztietan #twittereuskaraz gakoa sartzea erabaki dugula gizarte sare hori euskaraz egotea lortu bitartean. Katalanek lortu dute jada, laster gu ere!!!
Eta ahantzi gabe, Karrikadantza izeneko ekimenaren berri eman nahi dizuegu; hilero, hirugarren larunbatean, elkarrekin dantzatzeko Zaldiko Maldikok, Karrikirik eta Nafarroako Euskal Dantzarien Biltzarrak antolatutako egitasmoa. Lehenengo hitzordua apirilaren 16an izanen da, beraz dantzatzea gustuko baduzue, hurbildu Mercaderes karrikara arratsaldeko 18:30ean. Animatu!!!
Goreti Etxepare. Topagunea (3blai)
Haurren hizkuntza ohituretan euskara txertatzea eta gure hizkuntzarekin ongi pasatzea da Topaguneak bultzatzen duen 3blai egitasmoaren xede nagusia. Nafarroako zenbait herritan martxan dagoen egitasmoa Iruñeko alde zaharrean abiatu da berriki. Goreti Etxepare da egitasmo honen koordinatzailea eta hark azaldu dizkigu bere ezaugarriak.
Zer da eta zertan datza 3blai egitasmoa?
3blai gaztetxoen hizkuntza ohituretan euskara txertatzeko esku-hartze bat da, aisialdian kokatzen duguna. Programa honen bitartez bilatzen duguna da gaztetxoek euskaraz ongi pasatzea eta, honela, beraien oroitzapenetan euskara gozamenarekin eta ongi pasatzearekin lotzea nahi dugu, beraien erabileran eta ohituretan eragin ona izan dezakeela sinetsita. Programa larunbat arratsaldeetan gauzatzen da, 16:30etik 18:30era, eta noizean behin asteburuko kanpaldiak edo egun osoko irteerak ere egiten ditugu.
Nori zuzenduta dago?
Gaztetxoak hiru taldeetan banatzen dira adinaren arabera. Taldeak hauek dira: Larunblai: Lehen Hezkuntzako 4 eta 5. mailako haurrentzako egitasmoa. Jauzi: Lehen Hezkuntzako 5 eta 6. mailako haurrentzako egitasmoa. Iseka: DBHko gazteentzako egitasmoa. Nahiz eta printzipioz herri guztietan hiru talde hauek eraikitzea den gure nahia, udal bakoitzaren nahien eta baliabideen arabera proiektu batetik edo bestetik hasten gara. Malgutasunez ere herri bakoitzaren beharrak aztertu ondoren, aldaketak jasan ditzake; hala nola, Lehen Hezkuntzako 2. mailakoak barneratu edo taldeen arteko ezberdintasun mugak aldatu. Hala ere, printzipioz goian aipatutako egitura da proposatzen duguna, uste dugulako adinaren arabera aisialdia ezberdina dela eta horretara egokitu behar garela.
Zeintzuk dira Topaguneak bultzatzen duen proiektu honen xedeak?
Topagunearen proiektuetan betiko jomugak egoten dira: erabilera areagotu eta sentsibilizazioa landu. 3blairen kasuan, haur eta gazteen oroitzapenak euskararekin lotuaz eta hau aisialdian eginik gauza politekin elkarlotuz lortu nahi ditugu helburu horiek. Izan ere, eskola testuingurutik kanpo askotan euskara erabiltzeko aukerak ez dituzte gaztetxo askok. Beraz, hori ahalbidetzen dien gune bat da 3blai egitasmoa. Horretaz gain, kontuan hartu behar da haur eta gaztetxoek beraien denboraren %14 baino ez dutela klaseetan ematen, eta bertan jasotzaile papera bete ohi dute; hau da, ehuneko horren denbora luze batean ez dira beraiek hitz egiten dutenak. Beraz, uste dugu haien hizkuntza ohiturak aldatzeko beharrezkoa dela testuinguru informaletan ere euskaraz bizitzeko aukera izatea, eta horretara zuzendurik doa gure proiektua. Noski, euskaraz gain, beste balore zenbait ere lantzen ditugu zeharka 3blain; hala nola, berdintasuna, naturarekiko errespetua, sorkuntza e.a.
Nafarroako zenbait herritan eta berriki Iruñeko alde zaharrean abian jarri da ekimen hau. Zer nolako harrera izan du? Zer espero duzue Iruñeko alde zaharrean?
Atarrabian, Uharten, Arangurenen, Berriozarren, Burlatan eta Iruñeko Alde Zaharrean martxan dago 3blai. Harrera ona izan du orokorrean, 100 bat gaztetxo dabiltza herrietan eta gainera gazte ugari bildu dira hezitzaile izateko. Horrek asko laguntzen du, izan ere oso garrantzitsua baita hezitzailearen eginkizuna gurean. Alde Zaharrari dagokionez, aurtengo proiektu berriena dugu eta oraindik forma hartzen ari da. Momentuz gutxi batzuek eman dute izena, baina oraindik badago matrikulatzeko aukera. Hemendik gutxira kanpaldia eginen dute Atarrabiako Larunblai taldearekin batera Irañetara, eta hori taldea egonkortzeko eta lagun berriak erakartzeko aukera paregabea dela deritzogu. Bestalde, datorren ikasturteari begira, udal ugarik erakutsi dute interesa. Ikusiko dugu zertan gauzatzen den.
Parte hartu nahi izanez gero, zer egin eta nora jo behar da?
Parte hartu edo informazioa nahi duenak bulegora idatzi edo deitzea besterik ez du: 948 33 08 68 zenbakira edo 3blai@topagunea.org helbidera mezua igorriz.
Pili Yoldi. Kazetaria
Burutik
Asmakizun batekin hasiko naiz. Zerk lotu ditzake lau kontzeptu hauek: Nafarroa, burua, erresuma eta erretiroa? Burujabetasunaren kontuaz pentsatu baduzue, oker zaudete. Hori baino arinagoa den istoriotxo batekin natorkizue: Olentzero etorri baino lehenagoko istorio bitxi batek lotu dizkit gauza horiek guztiak nire buruan. Pasa den abenduan, Nafarroako Henrike IV.a erregeren burua aurkitu zuten, urteetan galduta egon eta gero. Ez zen nolanahiko aurkikuntza izan: erregea 1610ean hil zuten Parisen labankadaz, bertako San Denisen basilikan lurperatu eta, harrez geroztik, baltsamatutako buru-hezurra bueltaka ibili da. Frantziako iraultzaren garaian, XVIII. mendean, iraultzaileek monarkiaren kontrako mendekua hartu zuten eta besoak eta burua moztu zizkioten gorpuari. Gorpuzkinak han-hemenka agertuz joan ziren, baina burua ez. 1919. urtean, baina, antikuario batek salgai jarri zuen, enkante batean. Erosleak sekretupean izan zuen altxorra eta bildumazale jubilatu baten armairuan agertu zen orain dela bi urte. Proba eta xehetasun guztien arabera, Frantziako Henri III.arena (Nafarroako Enrike IV.a) dela baieztatu dute adituek, zalantzarik gabe. Hemendik gutxira, buruaren ehorzketari buruzko berria ikusiko dugu albistegietan.
Burutazioak
Urrutiko errege ezezaguna zela iruditu arren, uste baino gehiago dakigu Henri III.az. Adibidez, hain famatua den “Parisek meza bat balio du” esaldia berak esan zuela hugonote izatetik erlijio katolikora pasatzean, 1574an Frantziako koroa jantzi ahal izateko. Bestalde, bere ama ere oso ondo ezagutzen dugu Nafarroako euskaldunok: Joana III.a Albretekoa, gure hizkuntzaren defendatzaile sutsua, 1560. urtearen inguruan Joanes Leizarragari Testamentu Berria euskaratzeko agindu ziona. Kronikek eta nobelek dioten bezala –Pello Guerraren Jaque mate al Rey de Navarra, adibidez–, Pirinio aldeko jendeak maite zituen erregea izan omen zen. Eta gainera, berak esan omen zuen honako hau: “laborari guztiek oilasko bat izan behar dute igandero lapikoan”. Ez dakit zer egin zuen gaizki Nafarroako eta Frantziako erregeak horrela bukatzeko, baina, nonbait, ez zen etxe guztietara oilaskoaren asuntoa ailegatu, eta jende askok –aurretik, erregea hiltzen hogei aldiz saiatu omen ziren– garai nahasi haietan gorroto zuen.
Buruko minak
Egungo garaietara ekarrita, gertakizunaren atzean gaurko gizartearen buruko min berberak daudela iruditzen zait: boterearen borrokak eta miseriak, buruzagientzako faboreak eta tratuak, erlijioaren eta fanatismoaren eragina, herritarren lapikoak betetzeko premia… Gaur egungo jubilatuek bildumetarako duten zaletasunaz hitz egiteko, psiko-ikerketa burutsuagoren bat beharko dugu, zigiluez edo txanponez haratago. Baina aitortuko dizuet gaur egun arduradunen buruak zentzu figuratuan baizik ez direla eskatzen pentsatzeak neure burua lasaitzen duela: argi dago gure munduak burutik eginda jarraitzen duela, baina behintzat zerbait aurreratu dugula deritzot. Edo ez?