Karrika 154. 2011ko azaroa-abendua

Karrika 154. 2011ko azaroa-abendua

Merkataritzan euskaraz 2012
Eguberriak eta establezimendu euskaldunen zerrenda

Larrazkena iristearekin batera, Karrikiri elkartean Iruñerriko establezimendu euskaldunen zerrenda (denda, taberna, jatetxe, e.a) berrikusteari ekiten diogu, Atarrabiako Karrikaluze elkartearekin eta Elhuyar Fundazioarekin elkarlanean. Bada, ikuskapena azken bi hilabeteotan zehar egin ondoren, azaroa eta abenduko Karrika honekin batera zerrenda horren liburuxka berritua eskuratuko duzue, edozein erosketa egitera zoaztelarik euskaraz harrera non eginen dizueten jakin dezazuen. Kasu eman establezimendu horietan guztietan aurkituko duzuen “Euskaraz nonahi, hemen ere bai” logotipoari eta erraz antzemanen duzue non aritu ahal izanen zareten euskaraz. Eta, ahaztu baino lehen, gure zerrendan ez dagoen eta zuek ezagutzen duzuen establezimendu euskaldunik ezagutuz gero, jarri gurekin harremanetan eta emaiguzue horren berri. Denon artean zerrenda mardulagoa osatuko dugu. Ziur baietz!!  

Eta establezimendu euskaldunen zerrenda eguneratzearekin batera, urtero legez Xabier karrikako gure denda produktu aunitzez beteko da Eguberriei begira Olentzerok etxeko guztientzako opariak aurkitzeko parada izan dezan; euskal jantziak, Durangoko azokako azken nobedadeak, haurrentzako jostailuak, kamisetak, jertseak, poltsiko guztientzako mota guztietako opariak, e.a. Ateak zabalik ditugu jada!!

Hilero bezala, bestalde, azaroan ere Karrisolasa ekimenaren beste saio bat izanen dugu. Hitzordua azaroaren 16an izanen da 19:00etan Karrikiri dendan (Xabier karrika 4) eta Koldo Izagirreren “Autopsiarako frogak” liburuaren pasarte batzuk izanen ditugu hizpide. Betiko moduan solasaldi patxadatsua eta gozagarria egiteko xedea izanen da gurea, beraz, atsegin baduzue, hurbildu eta parte hartu. Gure webgunean aurkituko dituzue hizpide hartuko ditugun pasarte horiek.
Eta kasu eman, izan ere abenduan ez baitugu Karrisolasarik izanen eta urte berrian itzuliko gara berriz.

Eta amaitu aitzin, azken ohar bat; udazken-neguko eguraldia dela eta, Karrikadantza ekimenak heldu den urteko udaberrira bitarte atsedena hartuko du, beraz ordura arte entrenatu eta hurrengo urtean berriro izanen gara karrikan dantzan.

Tira, hauxe izanen da bada gure 2011ko azken Karrika, beraz ongi pasa Eguberrietan eta urte berri on aurreratua!!!


Ruben Alvaro
Rubén Álvaro. Sidneyko euskal etxeko presidentea

Urriko arratsalde batean Karrikiriko dendatik bisitan heldu zitzaigun Ruben Álvaro iruindarra. Nafarroako hiriburuan sortu arren, urte dexente daramatza Australia aldean eta Sidneyko euskal etxeko presidentea da egun. Euskal Herrira egun batzuetarako etorri da, besteak beste, Eusko Jaurlaritzak Donostian eginiko euskal kolektibitatearen batzarrean parte hartzeko. Harekin solastu gara Sidneyko euskal etxeaz.

Iruñean jaio zinen arren, Australian bizi zara aspalditik.
Bai, Iruñean jaio nintzen eta 1983an, 17 urtetan, joan nintzen Sydneyra, Australiara, bizitzera. Banuen familia Australian eta, beraz, soldadutza egiteko adina hurbiltzen ari zitzaidala, Sydneyra joan nintzen, gure anaia handiak urte bat lehenago egin zuen bezala. Emigratzeko arrazoia ez zen soldadutza saihestea soilik izan; anaiarekin izan eta ingelesez ikasi ere nahi nuen eta adin horretan bat edozertarako egoten da prest. Orain australiar batekin ezkondurik nago eta 2 alaba eta biloba bat ditut.

Jakin dugunez, Sidneyko Euskal Etxeko presidentea zara, ezta?
Bai, hala da eta, egia esateko, harro nago, baita Iruñekoa izateaz eta Sydneyko diaspora gure artean inolako bereizkuntzarik egon gabe ordezkatzeaz.

Noiz sortu zen Sidneyko euskal etxea?
Sydneyko Euskal Etxea 1966an fundatu zen eta egoitza hiriaren erdialdetik oso hurbil dago, 344 Liverpool Street, Darlinghurst NSW 2010 helbidean. Munduan barnako beste edozein euskal etxeren moduan, gurea ere euskal kultura sustatzeko eta euskaldunak elkartzeko tokia izateko xedearekin sortu zen. Sydneyra bidaiatzen baduzue, horra agertzera animatzen zaituztet, baina kontuan hartu igandeetan bakarrik irekitzen dugula. Gure webgunean ere sartzen ahal zarete gutaz gehiago jakin nahi izanez gero:  www.guretxoko.com.au

Zenbat jende biltzen zarete eta zer ekimen bideratzen dituzue?
20tik 40ra lagun biltzen ohi gara igandero. San Fermin bezalako egunetan 100dik gora lagun, eta parranda ederra egiten dugu. Gure jarduera nagusiak iganderoko bazkaria, euskara eskolak eta zenbait egunetako ospakizun bereziak, hala nola San Fermin, Aberri Eguna eta Korrika, dira. Badugu ere liburutegi bat ere –Australian euskal kulturaren inguruan dagoen handiena- eta frontoi txiki bat ere. Bazkideek, gainera, beren afariak nahi dutenean egin ditzakete.

Hainbat jendek euskal etxeak folklorearekin soilik lotzen ditu. Zer iritzi duzu?
Egia esan, gurean ez da folklorearekin erlazionaturiko gertaera anitz izaten orain, txokoan gazte anitz ez dugulako batez ere. Izan ere, arazoa baitugu bazkide gehienak zahartxo egiten ari direla eta ordezteko gazte oinarririk ez dagoelako.

Zer xederekin etorri zara Euskal Herrira?
Euskal Herrian zenbait arrazoirengatik nago. Australiako selekzioaren ordezkari izan naiz euskal etxeen nazioarteko XXXIV. mus lehiaketarako. Txapelketa orain dela 2 aste egin da Angelun, Lapurdin. Frantzia, Argentina, Peru, Mexiko, Kanada, Estatu Batuak, Uruguay, Venezuela, Txile eta beste zenbait herrialdetako euskal etxeek hartu dute parte. Laugarren geratu gara hamalau talde izanik eta, horregatik, poz samar gaude. Orain Iruñean naiz gurasoak bisitatzen, oraindik hemen bizi dira, baina ni hemen izateko arrazoi nagusia Eusko Jaurlaritzak Donostian eginiko euskal kolektibitateen batzarra izan da.

Zer moduz joan da batzarra?
Ongi, izan ere hainbat herrialdetako euskal etxeak administratzen ditugunok elkartu eta ideiak, esperientziak eta proiektuak konpartitzeko parada izan dugu. Eta, era berean, Eusko Jaurlaritzan euskararen eta euskal kulturaren hedapen gaietan gurekin harremanetan izaten direnak buruz buru ezagutzeko aukera ere izan dugu. Jarduera egitarauari dagokionez, talde lan gehiago egin eta txosten gutxiago entzutea gustatuko zitzaidakeen. Holako bilerak egitea garrantzitsua da, baina neurriz gaineko gastua egin dela iruditzen zait. Dena dela, betiko moduan oraingo bisitan ere berriro maitemindu naiz Euskal Herriaz. Esperientzia ahantzezinak izan ditut eta Euskal Herriko normalizaziorako nor bere harri koxkorra ekartzen ari den, nor bere modura, pertsona anitz ezagutu dut. Hasteko, zuek Karrikirin.

Sidneykoaz gain, ba al da beste euskal etxerik Australia aldean?
Bi dira Australiako euskal etxeak, bata Sydneykoa eta bestea Townsvillekoa. Orain dela urtebete Sydneytik Townsvillerako txangoa egin genuen elkar hobeki ezagutzeko, baina distantziak oso handiak dira eta hori ez da arrunta. Dena dela, esandakoa, Australiara etorriz gero, ez ahaztu bisita egiteaz.


komikia 154


Olentzero. Ikazkina eta opari-banatzailea
Neguko solstizioa eta aro berria

Duela urte dezente Iruñeko euskaldun eta euskaltzale batzuek Gabon gaua hiriaren karriketan pasatzeko gonbitea luzatu zidaten. Hagitz gustura onartu nuen gonbidapena eta zinez ez zait damutu.

Pozgarria zen benetan haurren aurpegiak ikustea, begiak zabal-zabalik, beren desioak aseko nituen ala ez asmatu nahian. Baina batzuetan nahigabetu ere egiten nintzen, hainbat guraso euskaldun petok beren seme-alabekin erdara traketsean hitz egiten zutela ohartzean. Nola zen posible? Lagun batzuek azaldu zidatenez, haurren hobe beharrez ari ziren, berek sufritutako mespretxuak eta trufak jasan ez zitzaten. Hori entzunda, goibel itzultzen nintzen nire basora, jangurarik gabe, kapoiak eta arrautzak beste baterako uzten nituela.

Baina handik gutxira ohartu nintzen guztiek ez zutela berdin pentsatzen, zorioneko ekimen baten berri izan bainuen: hainbat gurasoren lanari esker Iruñeko lehenbiziko ikastolak bere ateak zabaldu zituen, haurrei matematika, gramatika eta abar euskaraz berenganatzeko aukera emateko eta euskarak gizartean merezi duen tokia bermatzen laguntzeko.

Urteak pasa ahala, beste zerbait sumatzen hasi nintzen. Txikitan gurasoengandik euskara ikasteko aukerarik izan ez zuten haur horiek, jadanik helduak, nigana hurbildu eta euskaraz agurtzen ninduten. Alajaina! Zer gertatzen ari ote zen? Iruñeko lagunek argitu zidaten: gau eskolak eta euskaltegiak sortuak ziren, eta harrezkero haien geletan milaka gazte eta helduk ahaleginak egin dituzte hainbat arrazoi direla medio galtzear zegoen hizkuntza berrindartzeko.

Gaur egun, nire inguruan elkartzen diren familia eta lagun talde asko eta asko euskaraz mintzatzen dira eta beren etxeetara hurbiltzeko eskatzen didaten lagunak gero eta gehiago dira. Eta ez hori bakarrik, banatzen ditudan kutxetan ere aldaketa nabaria suertatu da: lehen Geiperman eta Nancy gordetzen zituzten, orain Pirritx eta Marimotots ezkutatzen dituzte, lehen Caperucita Roja eta Mecano, orain Txanogorritxo eta Berri Txarrak. Beraz, pozaren pozez etxeratzen naiz, jateko gogoa berriro pizturik, eta txerri gazteak, saiheski, solomo eta makina bat heste amen batean irensten ditut.

Nik ez dakit ezer soziolinguistikaz, edo hizkuntzalaritzaz, ez dakit ikerlariek zer dioten, nire begiek eta nire belarriek erakusten didatena, nire entendimenduak azaltzen didana, baino ez dakit eta hauxe da: oztopoak oztopo, Iruñerriko karriketan euskararen presentzia areagotu egin dela, geldiezina den haize fresko baten antzera.

Aste gutxi barru neguko solstizioa helduko zaigu, aro zaharra ixten ari dela eta natura laster berpiztuko dela gogoraraziz. Horren antzera, guk ere euskara berpizten jarrai dezagun, horixe da nik eskatzen dudan oparia.

Aro berri on denoi, euskaratik eta euskarara!

Karrika 153. 2011ko urria

Karrika 153. 2011ko urria

bazkidetza kanpainaAurten bai, euskaraz biziko naiz!!!

Ikasturte berria hastearekin batera, proposamen berriak egiten dizkiogu geure buruari eta asmo berriei ekiten diegu ilusio handiz eta gogotsu. Horregatik, guk proposamen sahiestezina egin nahi dizuegu, gurekin bat egin dezazuela eta euskaraz bizitzeko gogoa errealitate bilakatu dezazuela Karrikiriko bazkide bilakatuz. Karrikarekin batera jasoko duzun orribikoari begiradatxoa eman eta ametsa errealitate egin ezazue; aurten bai, euskaraz biziko naiz!!!

Eta egunez egun hori gauzatzen joateko, Karrikiri elkartean baditugu hainbat ekimen, besteak beste Karrisolasa deiturikoa. Oporren ostean berriro helduko diogu euskalgintzako gaiak lasai eta patxadan lantzeari eta Karrisolasaren lehenengo saioa eginen dugu urriaren 19an arratsaldeko 19:00etan Xabier karrikako gure dendan. Oraingoan gure artean hainbatetan jorratu izan den gai bati helduko diogu, elebitasunari, baina haren inguruan izaten diren mito okerren inguruan hausnartuz. Horretarako François Grosjean, Neuchatel Unibertsitateko irakasleak idatzitako “Bilingual: Life and Reality” liburua hizpide hartuta Josu Sierrak eginiko artikulua hartuko dugu kontuan. Animatzen?

Hitzordu horretaz landa, jakizue Karrikirik bideratzen dituen zerbitzuak jada martxa onean direla (pisukideak, lan poltsa, itzulpengintza, establezimendu euskaldunen errolda…) eta uda partean atseden txikia hartu ondoren, gure denda ibiltariak Kilometroak eta Nafarroa Oinez euskararen festak bisitatuko dituela hilabete honetan. Euskal egileen lanak ezagutzera emateaz gain, Azpeitian eta Tafallan eskuratuko diren sosekin elikatuko ditugu urtean zehar eginen ditugun ekimen guztiak. Egun pasa politak eginen ditugu, beraz gogorik izanez gero gurekin etortzeko, jarri gurekin harremanetan.

Eta ahaztu baino lehen, bi kontu interesgarri. Batetik, Nafarroako Topaguneak sustatu eta besteak beste Karrikirik laguntzen duen Larunblai lehen hezkuntzako 3, 4. 5. eta 6. mailako ikasleei zuzenduriko aisialdi ekimena, udazken-negu parteko larunbatetan eginen dena. Informazio gehiago 3blai@topagunea.org emailera idatzita edo honako telefonoetara hots eginda lortzen ahal duzue: 948 33 08 68 eta 678 51 22 86. Eta, bestalde, hitzordu interesgarri batera joateko gonbitea; heldu den urriaren 14ean Bernardo Atxagak eta Jabier Muguruzak Iruñeko Planetarioan eskainiko duten “Paradisuaz” emankizuna. Ziurrenik 19:30ean izanen da eta sarrerak gurean izanen dira eskuragai. Adi bada!!


 

Berri Txarrak
Berri Txarrak

Payola bere azken diskoarekin bira arrakastatsua egin ondoren, lan berriaren grabazioari ekin dio berriki Berri Txarrak talde nafarrak. Los Angelesen dira jada Ross Robinsonen gidaritzapean, Durangoko azokarako prest izanen den disko berria borobiltzen. Emailen bidez gurekin solasteko tartetxoa aurkitu dute azken urteko ibilbide oparoaz eta etorriko den lan berriaz.

Payola diskoaren azkeneko kontzertuak eman dituzue uda partean. Zer moduzkoak izan dira zuen azkeneko lanaren azken urratsak?
Harrigarria izan da zaletuen harrera. 120 kontzertu inguruko bira izan da, bere momentu goxo eta zailekin, eta azken emanaldietan jendearen berotasun hori jasotzeak indar bereziak eman dizkigu disko berriaren grabaketari gogotsu ekiteko.

Azken urtea oparoa eta mugitua izan da zuendako Payola diskoaren aurkezpenarekin, taldekide berrien etorrera eta jasotako zenbait sarirekin, besteak beste “Independent Music Awards”-ek eskainitako publikoaren saria punk kanta onenari. Zer suposatu du horrek guztiak zuendako?
Kide aldaketak sekula ez dira errazak izaten, baina alderdi positiborik ere izan dezakete eta alde horretatik, Galderren sarrerak gauza berri on piloa ekarri dizkio taldeari. Sariei ez diegu garrantzi handiegirik ematen, baina hau mundu mailakoa izanik eta epaimahaien artean Tom Waits bera zegoela jakiteak ilusio pittin bat gehiago egin digu.
 
2005ko “Jaio. Musika. Hil” disko arrakastatsuarekin hasi zineten AEBetara joaten zuen lanei hainbat ukitu ematera, “Payola” bertan grabatu zenuten eta labean duzuen diskorako ere bertara joko duzue. Zer dela eta? Zer bilatzen duzue bertan?
Badirudi halako trilogia amerikarra egingo dugula azkenean. Bilatzen duguna, gehienbat, talde mailako bizipenak dira eta beste edozeren gainetik, ikasi. Albini edo Ross Robinson maisuak dira egiten duten horretan eta gauza handia da gure musika euren eskuetan nola hazten den ikustea.

Disko horiekin, bestalde, munduan barna ibiltzeko aukera izan duzue, zuen musika Euskal Herritik kanpo ezagutzera emateko parada. Zer moduzko harrera egiten dizuete Nikaragua, Mexiko, Japonia edo AEBetan bertan?
Herrialdeka gauza ezberdinak ikusi ahal izan ditugu. Aurten Brasilen emandako kontzertuak itzelak izan dira, eta ziur lan berriarekin itzuliko garela. Txinan eta Macaun, adibidez, kontzertu oso bitxiak bizi izan ditugu, eta Seulen sorpresa atsegin bat baino gehiago… Denetatik!

Esan bezala, lan berriaren grabaketa bertan eginen duzue eta bi hilabete inguru pasako omen duzue Rob Robinsonekin. Irrikitan jada lanean hasteko? Zer espero duzue zure lan berriaren grabazioaz?
K.Dagoeneko hiru aste daramatzagu Venice-en eta beldurrik gabe esan dezakegu disko berri honek beste aro bat irekitzen duela gure ibilbidean. Soinuaren kontzeptu aldetik berria da guretzako.

Noiz izanen da lan hori entzun eta gozatzeko parada?
Durangoko Azokarako kaleratuko da, dena ondo bidean.

Bitartean zuen berri izateko Twitter, zuen interneteko webgune eta Facebooken bidez, ezta? Ba al duzue asmorik grabazioaren berri edo, iturri horien bidez emateko?
Bai, horretaz gain blog bat egiten dihardugu, www.mu­sikazuzenean.com webgunearekin elkarlanean. Hauxe helbidea:http://btxrec.musikazuzenean.com/


komikia 153


 

ordenagailua
Maite Goñi
Mondragon Unibertsitatea (IKTak hezkuntzan eta online irakaskuntza). 5 proposamen euskara sarean zabaltzeko

Inori ez dio ihes egiten Internetek eta IKTek, Informazio eta Komunikazio Teknologiek, aldaketa handiak ekarri dizkietela hizkuntzei. Neurri handi batean, egun, hizkuntza baten nagusitasuna sarean duen presentziaren baitan neurtzen da, dituen eduki eta ailega daitekeen erabiltzaile kopuruaren baitan. Garrantzitsua da, beraz, edukiak euskaraz eta eskura izatea. Horrela izanda, eduki horiek gure hizkuntzan ala beste batean kontsumitzea hautatuko dugu: hautu kontua izango da, ez beharra.

Euskara bultzatu nahi duten erakundeek ahalegin handia egin beharko dute sarea euskarazko edukiez hornitzeko; halere, hori bezain garrantzitsua da besteon ahalegina. Egun, erabiltzaile huts izatetik sortzaile izatera ahalbidetzen duten tresnak edonoren eskura daude; ez dago aitzakiarik, beraz, borondatea izaki, ekarpenak egiteari ez ekiteko: nork bere esparruan, gustuko dituen gaietan, eta bere neurri txiki zein handian.

Hari horretatik tira eginez dator nire proposamena: gutariko askok gure harri koskorra ipini nahi dugu hedapen horretan laguntzeko, baina, sarearen zoko-mokoak ezagutzen ez ditugunez, noraezean ibiltzen gara: ez dakigu nondik hasi edo nora jo. Jarraian datozen proposamenak, beraz, azken hauei zuzendutakoak dira:

1. Iruzkinak utzi
Hasierako urratsa izan daiteke besteen blogetan edota komunikabide ezberdinetan (Sustatu, Zuzeu, Argia, Berriako blogak…batzuk aipatzearren) iruzkinak uztea. Sarean eta euskaraz idazteko ohitura ez duen edonori kosta egingo zaio urrats hori ematea, baina nondik eta zertan hasi ez dakienarentzat aproposa izan daiteke.

2. Bidali zure artikuluak agerkari digitaletara.
Aurreko urratsak artikulu osoak idaztera eraman zaitzake. Egun, ez da oztopo  nork bere bloga ez izatea, iritzia edo dena delako informazioa plazaratzeko. Sustatu agerkari digitalak, adibidez, badu ‘zeuk idatzi’ deituriko atala (http://sustatu.com/addPostingForm). Zuzeun (http://zuzeu.com/) ere beste hainbeste egin dezakezu.

3.  Blog bat sortu gustuko duzun gaiaren inguruan:
Beste aukera bat zuk zeuk blog bat sortzea da. Denok dugu zerbait esateko (eremu profesionalean, zaletasunen inguruan, iritzi pertsonalak…). Zergatik ez? Zure txokoa izanda, zure gaien inguruko edukiak euskaraz plazara ditzakezu, horien inguruko ekarpenak bideratu, elkarrizketa sustatu… Doakoak dira (blogariak.net, blogak.com, mundua.com, wordpress.com…), eta ez da aparteko ezagutza teknologikorik behar (testu editore arruntak izaten dituzte).

4. Euskarazko Wikipedia sustatu:
Wikipedia 200 hizkuntza baino gehiagotan idatzitako entziklopedia askea da. Euskaraz ere badago (http://eu.wikipedia.org/wiki/Azala). Edozeinek edita dezake eta bere edukiak guztion esku daude. Eduki berriak idatzi, daudenak hobetu edota beste hizkuntza batzuetan sortutako artikuluak itzuli denon eskura dauden aukerak dira. Wikipedian idazteko eta laguntzeko informazio eta arauak helbide honetan aurkituko dituzu: http://eu.wikipedia.org/wiki/Laguntza:Edukiak

5. Sortu kontu bat Twitterren:
Twitter (twitter.com) microblogging zerbitzuak bere erabiltzaileei 140 karaktereko mezuak bidaltzea ahalbidetzen die. Egun dauden zerbitzuenetatik interesgarrienetako bat da, informazioa eta edukiak alde batetik bestera modu arinean eta bat-batean mugitzeko oso baliagarria baita. Euskal komunitatea aktiboa da oso Twitterren; halere, zenbat eta gehiago izan, orduan eta errazago zabaldu ahal izango ditugu euskarazko edukiak.

Ekimen ugari egin daitezke euskara sarean hedatzeko, eta aipatutako hauek adibide xume batzuk baino ez dira. Edozein hautatzen dugula ere, benetako zabalkuntza lortze aldera, interesgarria da sortutako oro lizentzia libreekin partekatzea eta, sare sozial ezberdinetan hitza hartzen dugunean, gure lehena euskaraz izatea.

Karrika 152. 2011ko iraila

Karrika 152. 2011ko iraila

Xabier Lete
Leteri omenaldia Iruñean

Merezitako oporraldia amaitu ondoren, hementxe gaituzue berriro ere Karrikiriko martxari neurria pixkana-pixkana hartzen. Ekin diogu jada gure egunerokotasunari eta jakizue gure Karrikiri elkartearen zerbitzuak berriro abian direla eta, betiko moduan, zuen eskura: lan poltsa, pisukideak, establezimendu euskaldunen errolda, itzulpengintza zerbitzua, hala nola gure Xabier karrikako denda eta bulegoa.

Hilabete honetan zehar, bestalde, gure denda ibiltariarekin Euskal Herriko zenbait txokotan barna ibiliko gara (Zarauzko euskal jaietan, Etxauriko ibarraren egunean eta Aezkoako egunean) eta Sanfermin Txikietan ere Karrikadantza ekimenaren saio berezi bat eginen dugu hilaren 24an. Eta horrekin guztiarekin batera, Iruñean hilaren amaiera aldera eginen den ekimen berezi baten berri eman nahi dizuegu. Izan ere, irailaren 23an Xabier Lete euskal musikari eta idazle handiari omenaldia eginen baitzaio gure hiriburuan eta gu bertan izanen gara.

Euskal Herriko hainbat txokotan eginiko gorazarre eta emanaldi berezien ostean, Arantzazukoa kasu, 2010eko abenduan hildako euskal olerkari eta musikari esanguratsuenetako bat gogoan hartuko dugu Iruñeko Gayarre Antzokian eginen den kantaldian. Bertan, Ken Zazpi taldeko Eñaut eta Beñat, Antton Valverde, Pier Paul Berzaitz, Erramu Martikorena, Arantxa Irazusta eta Petti musikariak izanen dira. Eta horiekin batera, Hedoi Etxarte, Iruñeko poeta eta Amets Arzallus bertsolaria ere arituko dira, aurkezpen lanetan Noel Elorga arituko delarik. Eta musikari lanetan ere Karlos Giménez (pianoan), Joxan Goikoetxea (eskusoinuan eta teklatuan), Txema Garces (kontrabaxuan), Xanet Arozena (gitarran), Francisco Herrero (biolinean) eta Luis Fernández(biolontxeloan).
 
Sarrerak salgai dira aspalditik Karrikiri elkartearen dendan, Xabier karrikako 4.ean. Beraz, hurbildu lehenbailehen eta eskuratu txartela 12 (anfiteatrokoak), 16 (palkokoak) edo 20 (patiokoak) euroren truke. Bertan ikusiko dugu elkar!!


Ana Mindegia
Ana Mindegia. Uharteko euskara teknikaria

Euskararekin lotutako gaiak ezagutzera emateko asmoz sortutako Ze Berri? aldizkariak 15 urte bete ditu aurten, nahiz eta hiru urte lehentxeago ere buletin moduan kaleratu zen. Ana Mindegia Uharteko euskara teknikaria da eta hasieratik aritu da egitasmo honetan. Harekin solasean aritu gara aldizkariaren ibilbideaz.

Ze Berri? aldizkariak jada 15 urte bete ditu. Nola sortu zen molde honetako aldizkari bat egiteko ideia?
Hasieran proiektu xume bat zen: bi tintatan egindako buletin bat. 14 udal eta 3 kontzeju izan ziren sustatzaileak eta 6 aldizkari atera genituen. Harrera ona izan zuenez, proiektu zabalagoa eta itxurako aldizkari bihurtzea erabaki genuen. Hasierako asmoa zen euskaraz sortzen ziren gaiak herritarrengana iristea, batez ere erdaldunengana eta, modu horretan, sentsibilizazio kanpaina iraunkorra burutu.

Nola izan ziren hastapen horiek?
Ilusio handiarekin jarri ginen martxan eta urte eta erdi kosta zitzaigun buletina zena aldizkari itxuran kaleratzea: udal gehiago inplikatzea, tartean Iruñeko Udala; esleipen prozesua burutzea…

Hasieratik ibili zara murgilduta Ze Berri?ren sorreran eta egun koordinatzaile lanak egiten omen dituzu.
Bai, hala da, hasiera hasieratik nago proiektu honetan. Prozedura administratiboa burutzeko ardura udal batek hartu behar zuen, beste udalen izenean, eta hasieratik Uhartetik kudeatu da. Horrexegatik egokitu zaizkit beti koordinatzaile lanak.

Irakurleen artean euskaldunak eta erdaldunak dituzue, baina bereziki azken hauei zuzendutako egitasmoa da, ezta?
Bai, lehen aipatu bezala euskararen gaiak irakurleengana hurbiltzea izan da gure helburua. Gaiak era positiboan, arinean eta erakargarrian adierazten saiatu gara. Kontuan hartzen badugu Ze Berri? banatzen den eremua, argi dago herritarren zati handiena erdaldunena dela eta, hain zuzen, horiek izan ditugu kontuan beti, euskaldunak ahaztu gabe noski.

Esan bezala, 15 urte bete ditu jada proiektuak. Zer moduzkoa izan da orain arteko bidea?
Bide gorabeheratsua izan da, hasieratik izan du Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza, baina hori aldatuz joan da: batzuetan hitzarmen propioa, besteetan deialdi orokorra… Baina ikusi dezakezuenez, aurrera egin dugu eta hementxe ari gara, 90. alea esku artean.

Zein da egun Ze Berri?ren egoera? Zenbat jenderengana heltzen da? Zein herritan banatzen da? …
Gaur egun esan dezakegu Ze Berri? proiektua egonkortu dela, toki entitate asko dira sustatzaileak: Agoitz, Aezkoa, Antsoain, Arakil, Aranguren, Atarrabia, Auritz, Erroibar, Orreaga, Luzaide, Barañain, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Erronkari, Zaraitzu, Nabaskoze, Esteribar, Ezkabarte, Galar, Gares, Deierri, Lezaun, Gesalatz, Abartzuza, Oteitza, Villatuerta, Jaitz, Irunberri, Iruña, Itza, Lizarra, Lizoain-Arriasgoiti, Longida, Orkoien, Oltza, Etxauri, Uharte, Tafalla eta Zizur Nagusia.
Ikus dezakezuenez zerrenda luzea da. 67.830 ale banatzen dira: 45.145 ale herrietako postontzietan (128.000 herritar), Iruña, Barañain eta Tafalla ezik, hemen harpidetzen bidez eta toki esanguratsuetan banatuz zabaltzen baita (232.004 herritar). Honetaz gain Euskarabideak 3.000 ale erosten ditu gure eremutik kanpo dauden ikastetxeetan banatzeko eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak beste 1.000 ale campusean banatzeko.
Aldizkariarekin batera, webgunea ere sortu zen, baina duela jada zenbait denbora bertan behera utzi zen.
2004an www.zeberri.com aldizkari digitala sortu genuen Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin. Handik 3 hilabetetara Nafarroako Gobernuak atzera egin zuen eta proiektua bertan behera geratu zen.

Aurrera begira, zer asmo Ze Berri? aldizkariari begira?
Asmoa, dudarik gabe, beste hainbeste urte betetzea!!! Baina erronkatxo batzuk baditugu esku artean: www.zeberri.com web gunea berriro abiaraztea, toki entitate gehiago erakartzea aldizkarira, banaketa egiten den toki entitateetan postontzi guztietara zabaltzea eta herritarren eta irakurleen harreraren nondik norakoak aztertzea.


komikia 152


Patxi Laborda. Dantzaria eta Aiko taldeko kidea
Nik ez dakit dantzan
Nik ez dakit dantzan
“Nik ez dakit dantzan”,
“nik ez dut belarri onik”

 Zure esaera horien aurrean nik galdetuko nizuke zer den dantzan egitea, zer den belarri ona izatea, eta segur aski erantzunak berak pista aunitz emanen lizkiguke jakiteko benetan zer esan nahi dugun esaldi borobil horien atzetik.
Hainbat herritara joaten ginelarik eta bertako zaharrek euskaldun oguzpen nabariaz euskaraz ez zekitela erantzuten zigutelarik, benetan esan nahi ziguten ez zutela menperatzen ETBn erabiltzen zen euskara bera (seguru naiz ulertzen zutela esaten zutena baino askoz gehiago, baina hori beste kontu bat da). Hau da, azken finean guztia bilakatzen da erabiltzen diren  ereduen inguruko eztabaida.
Azken 70 urtetan, dantza taldeen sorrerarekin batera, dantzaren ereduak zeharo aldatu dira. Plazetako dantzak gainbeheran zeudelarik, dantza taldeek sekulako lana egin zuten dantza horiek berreskuratzeko ahaleginetan. Baina ez dugu ahaztu behar dantza talde haiek bi filtro erabiltzen zituztela nagusiki: garaiko modak eta eszenatokia. Alde batetik, garai hartan balleta zen batez ere modan zegoen dantzakera eta hasmentako dantza talde horiek plazetan ezagutu zituzten dantzak balletizatu egin zituzten taula gainean haien aburuz “ikuskizun itxurosoak”  (ulertu dezagun garai hartako estetika) aurkeztu nahian . Beste aldetik, eszenatokiak bere arauak ezartzen zituen: guziak batera aritzearena, koreografia itxiak, jauzia  versus  suspensioa, airea versus  lurra…
“ Nik ez dakit dantzan”, hau da, ni ez naiz gai dantzari trebe horiek ematen dituzten jauziak eta piruetak emateko. Baina, hori da dantzan ez jakitea?
Esaldi hori entzun ondoren nik galdetuko nizueke ea Sanferminetan peña batean gaueko ordu txikietan dantzatu duzuen noizbait, edo ez dakit nongo herriko festetan  edo eta ezkontza batean rantxeraren bati ekin diozuen… ez dakizuela dantzan?
Jakina, gure ereduak baldin badira pasa den mendean sortutakoak, balletizatuak eta akademizatuak, inor gutxik daki dantzan, baina saiatzen bagara dantza eredu tradizionalak berreskuratzen, hain zuzen ere Euskal Herriko plazetan erabiltzen zirenak, (lurraren gainean dantzatu, gorputz osoa erabili, musika jarraitu, askatasuna, inprobisazioa, jokoa, harremana, ligoteoa zentzu zabalean…) ni neu ausartuko nintzateke guztiok dantzariak garela esatera.
Jakina , gaur egun dantzaren funtzioa ez da garai hartan zuena, gaur egun baditugu mila modu harremanetarako , eta horrek baldintzatzen du dantzaren egoera. Horregatik, beste gauzen artean, sortu genuen Aiko taldea, antzinako ereduak berreskuratu daitezkeela uste dugulako, ez  zaharrak izateagatik,  baizik eta gure gaur egungo beharretarako oso egokiak direlako: eredua ergonomikoa, ekonomikoa, ludikoa, dibertigarria, erraza eta zaila aldi berean…
 Datorren Karrikadantzarako erronka polita litzateke dantzara ateratzen garelarik ez ikustea gure burua begiratzen ari direnentzako ikuskizun moduan, dantzatzea gure buruarentzako eta gure lagunentzako, gure artean zerbait konpartitzen, sortzen… Euskararekin egiten dugun bezala. Finean dantza hizkuntza bat da, oso ederra, osasungarria, subertsiboa, aldarrikatzailea eta,  batez ere, oso dibertigarria den hizkuntza bat

 

 

Karrika 151. 2011ko uztaila

Karrika 151. 2011ko uztaila

Atun jana


Bazkideen batzarra, KDG, Literaturia…

Sanferminak hemen dira! Iruñeko karrikei Sanfermin usaia darie ekainaren erdialdetik aitzina eta gure buletina zuen etxeetara iristen denerako akaso festan murgilduta izanen gara batzuk edo oporretan bestetzuk. Eta atsedena hartu baino lehen, bazkideen batzarra egin genuen ekainaren hasieran gure elkarteko kide guztiei bideratzen ditugun ekimenen berri emateko. Eta horrelaxe joan zen Zaldiko Maldiko elkartean eginiko bileratxoa; gure elkartearen ekonomiaren berri emanez, bideratzen ditugun zerbitzuen martxa azalduz, komunikazio alorrean emaniko urratsak aipatuz, egitasmo berriek izandako harrera ona agerian utziz… Hurbiltzeko aukerarik izan ez zenutenontzat, lasai, zuen etxean jasoko baituzue laster batean horren guztiaren berri.

Batzarra baino lehen, ordea, Karrika gurea da ekimenaren beste edizio bat ospatu genuen Iparraldeko Begiraleak taldearekin, Iruñeko Muthiko Alaiak peñarekin eta aurten 30 urte betetzen dituen Zaldiko Maldiko elkartearekin batera. Alde zaharreko egunarekin bat eginik, sekulako giro bikaina sortu zen parte zaharrean eta Iruñeko karrikak euskal dantza eta kantuekin jantzi ziren egun osoan zehar. Eskerrik asko parte hartutako lagun guztiei!!!

Larrabetzun ospatzen den Literaturia euskal liburuaren jaialdian ere gure denda higikorrarekin izateko parada izan genuen ekainaren lehenengo asteburuan. Euskal literaturaren oasi txiki eta zoragarriaren hirugarren edizioan, euskal idazle, musikari, bertsolari eta egileen lanez gozatzeko aukera izan genuen berriro ere. Plazera izan zen hantxe izatea. Zorionak antolatzaileei eta heldu den urte arte.

Eta hasieran esan bezala, dagoeneko Iruñeko kale bazterrek jai giro usaia izanen dute eta Karrikiri elkartea ere festan murgilduko da. Gure denda jada zuri gorriz jantzi da eta uztailaren 10ean Karrikirik antolatzen duen Arrantza egunaren 16. edizioa ospatuko dugu, gure ohiko atun jana antolatuz. Animatu eta agudo ibili izena emateko!! Ahaztu baino lehen, oporrak hartuko ditugunez, gogoan hartu hilero antolatzen ditugun Karrisolasa eta Karrikadantza egitasmoek ere etenaldia izanen dutela eta oporren ostean helduko diegula berriro. Bitartean, ongi pasa sanferminetan eta opor bikainak izan!!!!!!!!!


 

Zaldiko Maldiko

Zaldiko Maldiko. 30 urte

Zaldiko Maldiko Iruñeko elkartea bere 30 urteurrena ospatzen ari da aurten eta eurekin solasean aritu gara elkartearen sorreraz eta orain arte eginiko ibilbideaz.

Nola izan ziren hastapenak?
Elkartea hainbat talde eta pertsonaren hausnarketen eta ekimenen ondoren sortu zen. Euskal Herrian Euskaraz taldeak, zenbait euskaltegitako irakasleek eta zenbait euskaldunek euskal txoko edo elkarte baten beharra sumatzen zuten, bai euskaraz aritzeko, bai ikasten ari zirenen bultza-lekua izateko, bai gainerako euskaldunon biltokia edo elkargunea izateko. Garai haietan, karriketan euskara gutxi gutxika zabaltzen zen, baina ez zen orain bezain ohikoa izaten euskaldunek elkar ezagutzea. Hastapenak, batetik politak izan ziren, bilera irekiak egiten ziren, jende aunitz etortzen zen, izena asmatu zen, leku bila hasi ginen, hiru urte kostatu zitzaigun oraingo egoitzara ailegatzea; beraz, trabak ere izan genituan.

Nolakoa izan da orain arteko ibilbidea?
Denetatik izan du, hasierako uneen indarra eta txinparta, batzuetan krisialdiak, baina garbi dago zenbait arlotan aitzindari izan ginela. Garai haietan udalek eta erakunde ofizialek ez zuten euskarazko ekitaldirik antolatzen, ezta laguntzen ere; Iruñerriko lehen bertso eskola Zaldikon finkatu zen Xabier Amurizak Eusko Ikaskuntzan emandako ikastaro batzuen ondoren; zenbait urtez, gazteentzako literatur txapelketak antolatu genituen; Santo Tomas eguneko txistor jatea, eta urtero kopla berri eta zaharrak kantatzen dituen Agate Deuneko koru txit berezia; urrian, Urrifest antolatzen dugu, eta urte zahar gauez Elkartea euskaldunoi irekitzen diegu, eta orain bederatzi urte beteko duen Liburuak irakurriz libertitzen gara izeneko irakurle-taldea daukagu. Iruñeko Bertso Eskolako talde batek ere gurean dihardu. Eta ezin aipatu gabe utzi Sanferminetan gure Elkartea euskaldunontzako ostatu bihurtzen dela IKA-Campion euskaltegiaren eskutik.

Kultur ekimenak bideratzen dituzue eta Iruñerriko beste elkarteekin, Karrikiri tartean, elkarlana bultzatzen duzue, ezta? Hasierako urte haietan zenbait talde eta ekimenen topalekua izan zen Zaldiko Maldiko, eta gaur ere halaxe da, guztiz irekia baita euskarazko ekimenentzako. Adibidez, gurean bildu dira, Korrok aldizkariko lagunak, Eguzki Irratian euskarazko programak egiten zituztenak; EHE taldea; Vascuencearen Legearen kontrako mugimendua (Euskararen aldeko Batzordea izenekoa, EAB); Oinarriak ekimena 90eko hamarkadaren hasieran; Euskal Kantu Txapelketaren lehenbiziko urteetan antolatzaileak izan ginen; Euskalerria Irratiaren Elkarteko bilera batzuk,e.a. Gaur egun, Karrikirirekin, Orreaga Fundazioarekin eta beste talde batzuekin harremanak ditugu, Topaguneko kideak izateaz gain. Elkarlanaren emaitza da, esaterako, Karrika gurea da festa arrakastatsua (Karrikirirekin, Muthiko Alaiak peñarekin eta Donibane Lohizuneko dantza talde batekin batera antolatua) edo berrikitan hasi den Karrikadantza ekimen jendetsua, Karrikirirekin eta Nafarroako Euskal Dantzarien Biltzarrarekin batera.

Zein zen euskaldunon egoera elkartea sortu zenean eta zer bilakaera izan du azken hamarkadetan?
Orain hiru hamarkada zenbait ekimen ziren, baina ez ziren fruituak oraindik ikusten; lehen ikastolak 10-15 urte lehenago sortu ziren, baina gaztetxoek oraindik ez zuten euskara kalean erabiltzen; D eredurik ez zegoen, ez baitzegoen Vascuencearen Legea (nahiz eta murritza eta banatzailea izan den); ez zen udaletan euskara teknikaririk; kultur ekoizpena bazegoen, baina txikia; oraindik euskaldun batzuek lotsa sentitzen zuten hirian euskaraz mintzatzeko. Era berean, urte haietako giroa oso militantea zen, ilusio handia zegoen, lan egiteko gogoa, nahiz eta bitarteko gutxiago eduki. Gaur egungo egoera oso baldintzatua dago azken hamarkadan Gobernuak euskararen aurka egindako zenbait neurrik eraginda: euskara Administrazioan sartzeko dekretuen aldaketak euskarari balio kentzeko; helduen alfabetatzearen mugimenduaren diru laguntzen alimaleko murrizketa; komunikabideen aurkako gurutzada: EITBren harpen ofizialik eza, Euskalerria Irratiaren lizentzia lapurreta, aldizkarientzako diru-laguntzen murrizketa… Vascuencearen Legea bera hesia da euskara irakaskuntzan Nafarroako zenbait eremutan zabaltzeko. Hala ere, euskararen bilakaera nabaria da, zenbait udaletan euskara teknikariak daude, eta euskarazko kultur eskaintza zabaldu da; batez ere Iruñerriko udaletan. Udal askotan, bestalde, herri ekimenak bultzaturik, Euskararen Ordenantzak jarri dira indarrean; urtero D ereduan matrikulazioak eusten dio edo gora jotzen du, nahiz eta Gobernuak TIL eredua indarrean jarri; Unibertsitatean sartu da euskara poliki-poliki, eta, gutxi bada ere, euskararen erabilera beste eremuetan ere zabaltzen ari da: merkataritzan, herri jaietan eta kalean, adibidez.


komikia 151


 

Arantxa Iturbe. Max sariduna
Max saridun baten kronika


Kronikak nonbait hasi behar du. Eta noizbait. Eman dezagun, egun berean, goizeko zazpietan, Hondarribiko aireportuan. Hegaldia bi ordu atzeratuko dela. Zergatik, eta pilotoek deskantsatu egin behar dutelako. Erruki gutxi, garaiz iristeagatik lo faltan iritsi denak. Madriden Kordobarako AVEa hartu behar dudan orduan irtengo da, gutxi gorabehera, hegazkina (atzerapenak atzerapenik ez badu). Ez du, eta hala, eguerdirako Madrilen. Eta tren geltokian bezero haserretuak baretzeko bizpahiru bulegotara bisita egin ondoren, azkenean, espero baino hiru ordu beranduago, helmugan: Kordoban. Arte eszenikoetako Max sarien banaketa ekitaldia antolatu duen hirian. 30 gradu pisu bero, eta zama handiagoko hainbat galdera, pisuegi ez gertatzeko batera bilduak: zer arraio egiten dut nik hemen? SGAEk banatzen ditu Max sariak, bere burua zuritzeko. Eta antzerki munduko jendea, hala ere, pozik, egun batez sikiera telebista ordu pare bat lapurtzeko aitzakia duelako (egun batez, ordu pare batez, existitzen dutela sinisteko modu bakarra). Zer arraio egiten dut nik SGAEk bere burua zuritzeko antolatzen duen ekitaldi batean? Eta saritzen ditu eskenatokietako jendeak, zuzendari eta aktore, argiztatzaile eta produktore, eta, sari bana, euskaraz, galizieraz eta katalanez idatzitako antzerkirako testurik onenei. Esateko, badakigu zuek ere ari zaretela. Torizue sagartxoa. Ze, Max saria sagartxo bat da, antifaza jantzita bere izaera ezkutatzen duen sagartxoa. Ez da batere tentagarria, itxura batera. Zer arraio egiten dut nik sagartxoa eskutan? Ba, eskertu. Euskaraz lehendabizi, noski, bagarela esateko besterik ez bada ere. Eta sikiera saritu duten hizkuntza horrek ze doinu duen jakin dezaten. “Ya estamos con la vasca”, valentziarren batek, Kordoban, kultura desberdinen topaleku izateaz harro dagoen hirian. Eta la vasca, sagarra boltsoan sartu (bizkar-hezurra arriskuan jarriz), irribarre bat edo beste oparitu, beste euskaldunarekin ospatu eta buelta etxera. Aireportuan, jakina, hegaldia bi orduko atzerapenez (ez da komeni gaizki ohitzea). Eta kronikak nonbait amaitu behar du. Eta noizbait. Baina lastima litzateke hain muga estuz hartzea. Saria eman diotelako suminduta dagoen norbaiten kronika emango luke. Eta ez gaude. Pozik gaude. Kronika hau askoz ere lehenago hasi zelako: orain bi urte t’erdi, gutxi gorabehera, Agurtzane Intxaurraga eta biok, kafe baten bueltan Aitarekin bidaian hastea erabaki genuenean. Aita bat, burua galtzen hasia, eta amari, hil aurretik, zainduko zuela hitz eman zion seme desesperatua. Bi gizon, aurrez aurre, eta elkar maite dutela esateko ahalmenik gabeak. Gorpuztu zuten Joxe Ramon Soroizek eta Joseba Apaolazak, Jabier Muguruza eta haren eskusoinuaren presentzia ezinbestez. Eta landu zuten, eta mimatu, eta erakutsi, eta ehundaka bihotz hunkitu. Eta hortxe galdera guziei erantzuna: Kordobara joan nintzen Max saria hartzera, Aitarekin bidaia egitea merezi izan duelako, eta saria, biziraupena luzatzeko azken itxaropena izan litekeelako. Eta kronika hemen amaituko ez balitz erantsi beharko nuke, saritu gaituztela jakindakoan (igual dio nork, igual dio zergatik) jaso ditugun zorion mezu guzietatik bakarragatik ere, merezi izango zuela saria hartzera joan izana.

Karrika 149. 2011ko maiatza

Karrika 149. 2011ko maiatza

KarrkadantzaEuskal Herrian barna ibiltari

Badirudi eguraldi ona heltzen hasia dela jada Euskal Herrira eta, horrekin batera, ugaldu egiten dira gure lurraldean merkatu, feria, kultur ekimen eta festak. Hori dela eta, Karrikiri euskal denda higikorra motorrak berotzen hasia da jada eta dagoeneko hainbat txoko bisitatu ditugu Nafarroako euskal sortzaileen lanak han eta hemen ezagutzera eman eta, bidez batez, gure ekonomiari bultzadatxoa emateko asmoz. Hemendik aitzina, gainera, hitzordu bat baino gehiago izanen dugu eta gustua baduzue, gurekin etortzeko gonbitea luzatzen dizuegu, lan pixka bat egiteaz gain (ez gehiegi, lasai!!), elkarrekin ongi pasa eta Euskal Herriko bazterrak ezagutzeko. Gure web orrian aurkituko duzue horien guztien zerrendatxoa eta animatzen baldin bazarete, badakizue nola jarri gurekin harremanetan. Plazera izanen da. Hurrengo hitzordua Euskal Eskola Publikoaren aldeko jaia Iruñeko Takonera parkean (maiatzaren 15ean).

Bestalde, pasa de apirilean eginiko Karrikadantza egitasmoaren berri ere eman nahiko genizueke, izan ere sekulako giroa sortu baitzen Mercaderes karrikara hurbildu zineten lagun dantzari eta dantzazale guztiei esker. Eguraldia lagun, jende andana bildu zen, gazte, haur zein heldu, besoak eta hankak astintzera. Bada, jakizue Zaldiko Maldikok, Euskal Dantzarien Biltzarrak eta Karrikirik antolatutako ekimen hau hilero-hilero errepikatzeko asmoa dugula; beraz, badakizue, maiatzeko hirugarren larunbatean hitzordua izanen dugu berriro elkarrekin euskal dantzez gozatzeko. 

Karrikadantzarekin batera, beste hitzordu interesgarri baten berri; Karrisolasaren 3. saioa. Euskalgintzako gaiez patxadarekin solasteko asmoz sortutako ekimen honen lehenengo bi saioetan hainbat lagun elkartu gara eta hurrengoan “Hizkuntza eta politika” gaia jorratzeko asmoa dugu. Horretarako laster batean hainbat egileren artikulu eta ekarpenak eskegiko ditugu gure interneteko web orrian (www.karrikiri.org) eta bertatik hartu ahal izanen dituzue solastartea pixka bat prestatu nahi baduzue. Hitzordua maiatzaren 18an izanen da Karrikiri elkartearen egoitzan (Xabier karrika 4, behea).  

Eta amaitzeko, maiatzaren hasieran eginen dugun beste ekimen bat; euskara karrikara eramateko asmoz alde zaharreko dendariei zuzendutako “Jalgi hadi plazara” egitasmoa. Alde Zaharreko Auzo Elkarteak eta Karrikirik bultzatutako proiektu horrek kalean euskararen presentzia indartzea du helburu eta horretarako azoka txiki bat eginen da maiatzaren 7an goizeko 11:00etatik 14:00etara Mercaderes karrikan.


Elena Aguilera. Sortzen jaia (Ermitaberri)

Heldu den maiatzaren 15ean Sortzen Ikasbatuazek sustatutako Euskal Eskola Publiko Berriaren aldeko jai nazionala ospatuko da Iruñeko Takonera parkean eta aurten Burlatako Ermitaberri ikastetxeari egokitu zaio antolaketa. Elena Aguilera eskolako ama izateaz gain, Sortzen jaiaren koordinazio taldeko kidea da eta berarekin solasean aritu gara Ermitaberri ikastetxeaz eta prestatu duten jaiaren inguruan

Zer nolako ikastetxea da Ermitaberri? 

D eredua soilik eskaintzen duen zentroa da, Burlataren erdi erdian dagoena eta ikastetxe oso handia ez den arren, oso gustura gaude. Orain arte hainbat gorabehera bizi eta sekulako arazoak izan ditugu lekua dela eta, baina gutxika eta denak elkarrekin eta taldean lan eginez, kontu horiek guztiak konpontzen joan gara. Eskolak txiki izaten jarraitzen du eta etxez inguratuta dago, baina polita da eta oso pozik gaude. Guztira 491 ikasle hartzen ditu, Haur Hezkuntzatik hasita 6. mailara bitarte eta aurten, gainera, bi gela berri atera dira eta 32 ikasle sartu dira.

“Gu bai gu” da aurtengo leloa eta Txintxarri da festaren logotipoa. Zer adierazi nahi izan duzue logotipoa eta leloarekin?

Logotipoa txintxarri bat da, ezkila, kanpaia… Izan ere, burlatarrok kanpaneroak baikara eta gure ezizena horixe da. Ermitaberriko irudia ere ezkila bat da eta hortik sortu zen ideia. Kukuxumusuk egina da eta guretako oso irudi maitea da, oso gurea; bihotzean eramaten duguna. Beraz, jendeak berehala eta oso modu errazean bereganatu du. Bestalde, logotipoarekin batera, kanta bat sortu dugu eta hortaz eskolako 5. mailako irakaslea den Josetxo Oloriz arduratu da. Berak aspaldi sortu zuen kanta bat euskara gai hartuta, euskara zaintzeko kezka horrekin; gu euskaldunak garela aldarrikatzeko, guk zaindu behar dugula euskara, guk izan behar dugula bultzatzaileak… gu, gu eta gu… Eta horregatik “Gu bai gu” leloa hautatu genuen. Asko gustatu zitzaigun letra eta Josetxok pozik utzi zigun kantarako. Musika Burlatako musika eskolako irakasle batzuek egin dute eta oso polita gelditu da. Brifi Komako abeslariak parte hartu du, baita Ermitaberriko ikasleek ere. 

Egia esan, denon artean eginiko festa izanen dela esan dezakegu, izan ere Ermitaberri eskolaz gain, Burlatako herria ere oso inplikatuta egon baita: dendak, tabernak, dantzariak, konpartsak, txistulariak, gaitariak, dantzariak, e.a. Jendearengana joan gara laguntza eske eta guztiek oso ongi erantzun dute.

Zeintzuk dira aurtengo festaren xedeak?

Helburuak betikoak dira, alegia euskara sustatzea eta eskola publiko duin eta kalitatezkoa aldarrikatzea. Eta azken bi urteetan bereziki, Artaxoan eta Mendigorrian eginiko festekin, eremu ez euskaldunean eskola publikoetan euskara ikasteko eskubidea aldarrikatu nahi izan dugu eta eurek izan dira gure festetako protagonista nagusienetakoak.
Aurten Ermitaberrikook antolatzaile garen arren, festan eskola guztiek parte hartzen dute eta, esan bezala, eremu ez euskaldunean badago hainbat jende seme-alabak euskal eskola publikora igorri nahi dituena, baina ezinezkoa dutenak eta horiei gure elkartasuna adierazi eta euren eskubideak aldarrikatu nahi ditugu. Garrantzitsua da bertako guraso, irakasle eta euskal eskola publikoaren alde lanean ari den jendeari gure sostengua ematea.

Zer prestatu duzue egun horretarako? Zeintzuk dira egitarauaren ardatzak?
Gune berri bat sortu dugu aurten eta Bosquecillon ere egonen gara. Horrekin batera, programa anitzagoa egiten saiatu gara eta karrikan are eta animazio eta giro handiago egon dadila. Down Sindromea duten haurrekin lan egiten duen Berdini dantza taldea ekarriko dugu, Blues musika, bandako kontzertuak, Burlatako Erraldoiak, Pirritx eta Porrotx ere etorriko dira, noski, puzgarri berriak izanen ditugu (hau sorpresa da), haurrendako tailerrak, ludoteka handiagoa, sabel dantza eta gazteendako musika eguerditik aitzina Bizardunak, Tximeleta, Amorruz…eta beste hainbat talderekin.

Aurtengo jaian, gainera, Sortzen Ikasbatuazek sustatutako haurrentzako kantak eta bideoklipak biltzen dituen CD-DVD berezi bat salgai izanen da. Nola sortu da proiektu hau eta zein da xedea?

Urko Oskoz eta Nerea Arbizu izan dira egitasmo honen bultzatzaileak. Eskolan euskaraz jolasteko eta gozatzeko ideia bat zuten buruan eta Urko gure eskolakoa denez, Sortzeni proposamena egin zioten eta aurrera egin zen proiektuarekin. Jende askok parte hartu du (kirolariak, musikariak, idazleak, Berria egunkaria,Kukuxumusu, e.a) eta oso polita gelditu da. Burlata eta Ezkabako ikasleekin grabatu da eta eurek ere primeran pasa dute. Jendeari asko gustatu zaio eta harrera oso ona izan du, gure eskolatik hasita. Eta bilduko den sosa eremu ez euskalduneko gurasoentzat izanen da.



Asier Basurto. Soziologoa
Kontrako norabidean

Ez dakit zenbat aldiz ikusi dudan euskal rockaren hastapenei buruzko dokumental mitikoena: Salda Badago. Bertan, Anje Duhaldek berari gertatutako pasarte bat kontatzen du. Bera eta beste batzuk Ingalaterra eta Ameriketatik zetozen rock doinuak euskaraz lantzen hasi zirenean, sektore euskaltzaleetan kontrako iritziak agertu omen ziren. Asaldatuta zeuden batzuk, ikusten eta entzuten zutenarekin. Anje eta bere lagunak, gustatzen zitzaien musika euren hizkuntzan egin nahi zuten gazteak ziren. Dokumentalean, Mixel Labegueriek emandako gomendioa ekartzen du gogora lapurtarrak: “Egin zak nahi duana, euskaraz baduk ondo egongo duk.”

Esaldiaren bigarren zatia nahiko barneratuta dago euskaltzaleen artean; edozeri, euskaraz bada, balio erantsia aitortzen zaio. Baina kasu honen gakoa esaldiaren lehen zatian dagoela esango nuke. Nahi dugun hori da, euskaraz egin beharrekoa; desio duguna; gustatzen zaiguna.

Dokumental berean, Hertzainak taldearen sortzaileen hitzak ere jasotzen dira (Montoia eta Zabala). Punk talde bat sortzeko erabakia hartu zuten unetik taldeak euskaraz abestuko zuela oso garbi ikusi omen zuten. Ezinbestekoa omen zen mugimenduaren filosofiarekin bat egiteko. Horrek eman omen zion Xabier Montoiari euskara ikasten hasteko behar zuen azken bultzada. Antza denez, gazte horiei euskarak izaera eman zien: euskaldun izaera bai, ziurrenik; baina baita punk izaera ere.

Ikusten denez, Euskal Herriko rock eszenaren sorreran, musika hori euskaraz egiteko beharra sentitu zuten batzuek. Jatorrizko euskaldun batzuek rocka egin nahi zuten, doinu tradizionalagoetara bideratzen zituen korrontearen kontra. Eta punk jarrera zuten beste batzuek euskaraz abestu zuten, euren inguruan arruntena gazteleraz egitea zenean. Nahi zutena egin zuten, inori men egin gabe, eta hamarkada batzuk beranduago, eurek egindakoak bidea ireki zuela ikus dezakegu.

Gaurko gazteen artean euskara nola sustatu hausnartzen ari direnentzat bada zer ikasia gertaera horietatik, nire ustez. Izan ere, euskara gazteen bizimoduan, euren harreman naturaletan, gertukoetan, informaletan hedatuko bada, gazte horien izaeraren parte bihurtu beharko da eta euren desio eta gustuekin lotuta egon beharko da.

Baina bada beste kontu bat. Gaur egun euskarak gure herriko bizimoduan betetzen duen lekua ikusita eta baldintza soziolinguistikoak eraldatzea zeregin motela dela jakinik, esan dezakegu korronteak gaztelaniaren itsasora garamatzala eta denbora batez gutxienez horrela jarraituko duela. Beraz, 30 urtetik gora pasa direnean, gauza batzuk aldatu diren arren, badirudi gaur egun ere korrontearen kontra joateko prest dagoen gazteria dela euskararen esperantza. Bultza dezagun kontrakorrontea!