Karrika 139. 2010eko maiatza

Karrika 139. 2010eko maiatza

Karrika gurea da!!!

Karriri elkarteak duela zenbait urte Zaldiko Maldiko kultur elkartearekin batera ekimen berezi bat martxan jarri zuen euskara karriketara jai giroan eta inongo konplexurik gabe eramateko asmoz, “Karrika gurea da” egitasmoaren bidez. Iruñerriko euskaldun guztiei (haur, heldu zein zahar) zuzenduta dagoen herri egitasmo honek hainbat edizio bete ditu jada eta hurrengo maiatzaren 29an beste hitzordu bat ospatuko dugu. Aurten, gainera, Zaldiko Maldiko elkarteaz gain, beste lagun batzuk izanen ditugu festa-kide eguna behar bezala ospatzeko, hala nola; Iruñeko Muthiko Alaiak peña eta Donibane Lohitzuneko Begiraleak kultur elkartea.

Izan ere, karrikan egiten dena edonork ikus dezake; herritar guztion begien aurrean egiten dena edonork goza eta bizi dezake. Eta gu espazio publiko hori berreskuratu nahi dugu, gune hori gurea ere badela jai giroan aldarrikatuz. Eta nor gara gu? Bada, Iruñeko euskaldunak, eta harrotasunez eta normaltasunez bizi nahi dugu gure nortasuna. Jaia eta ongi pasatzea gustatzen zaizkigulako, gure artean harremanak sendotu nahi ditugulako, elkarrekin gozatzea onuragarria dela sinesten dugulako…Eta horregatik guztiagatik heldu den maiatzaren 29an berriro ibiliko gara alde zaharreko karriketan barna jai giroaz elkarrekin gozatzen.

Muthiko Alaiak peñako eta Begiraleak elkarteko dantzariak, txikiak zein handiak, parte zaharrean barna ibiliko dira goizez eta arratsaldez euren dantzak erakusten eta haiekin batera muxikoak dantzatzeko aukera izanen dugu. Egun osoa zehar, bestalde, euskal kantuak abesteko aukera izanen da eta bazkariaren ondotik berriz helduko diogu jai giroari eta dantzari abeslarien laguntzaz. Eta amaitzeko elkarrekin Larrain dantza dantzatzeko parada izanen dugu.Beraz, badakizue, hurbildu alde zaharrera. Karrika gurea baita!!


Nestor Martinez
Sortzen Ikasbatuaz

“Sasi guztien gainetik” lelopean jaialdi berria deitu du Sortzen Ikasbatuaz elkarteak Iruñeko Takonera parkean heldu den maiatzaren 23rako. Elkarteko Nestor Martinezengana jo dugu lau galdera saskian sartuta.

“Inoiz baino beharrezkoagoa da hezkuntza sistema propio bat, non euskara eta euskal kultura oinarri izango diren”

Karrika: Sortzen Ikasbatuaz-en festak 15. deialdia beteko du aurten. Gainera, Zizur Nagusiko Erreniega eskola publikoan D eredua eskaini zutenetik 25 urte betetzen direla gogoratuko duzue. Hauek ospatzekoak…
Urtemuga hauek esanahi zehatza dute, alde batetik jendarteak bere hizkuntzaren irakaskuntzaren aldeko borrokan zenbat denbora egin duen adierazten du eta, bestetik, ospakizuna antolatzeak bide horretan jarraitzeko prest dagoela erakusten du.

Ospakizunarekin batera, ordea, aldarrikapenerako arrazoiak ere ikusten dituzue. Hortaz, leloa: Sasi guztien gainetik. Zeintzuk dira gainditzeko zailenak diren sasiak Sortzen Ikasbatuaz elkartearentzat?
Zizur Nagusian 25 urte dira D eredua paratu zutenetik baina Arangurenen eta Noainen hirugarren urtea ospatuko dute heldu den ikasturtean. Esan beharrik ez dago Artaxoa, Mendigorria, eta Euskal Herri osoko hainbat eta hainbat herri eta auzotan euskara ikastea oraindik ere debekatuta dagoela, eta hori onartezina da. Gainera, gure hizkuntzan ikas daitekeen lekuetan erasoak beste modukoak izaten ari dira eta curriculumarekin lotuak daude: gure herria, Euskal Herria, mapa eta liburuetatik desagerrarazi nahi dute, gure ikasleak sumiso eta akritikoak hezi nahi dituzte, gure hizkuntza gero eta zokoratuago dago….

Izan ere, heldu den maiatzaren 23ko festak aurpegi hauek guztiak erakutsi nahi ditu, zuen jaialdia ez baita dirua biltzea…
Arestian esandako sasi guztien gainetik pasatzeko, inoiz baino beharrezkoagoa da hezkuntza sistema propio bat, non euskara eta euskal kultura oinarri izango diren. Hori da jaiaren asmoa, behar hori jendarteratzea eta azken hamarkadetan horren inguruan lanean egon den jendearen biltoki izatea. Eguna aurrera jotzeko akuilua izatea nahi dugu. Azkenik, eskola guztiak saretzearen garrantzia azpimarratu nahi dugu. Irakasle, ikasle, eta langile guztien elkarlana inoiz baino beharrezkoagoa da, eta horretarako aukera eta bide hoberena, Sortzen Ikasbatuaz-ekin bat lan egitea da, gure sarean izena ematen dutenen artean proiektu hauek guztiak lehenago erdietsiko baititugu.

Azken aldian, euskararen aldeko ahaleginak ez ditu bere alde administrazioen ahaleginak…
Administrazioak (Euskal Herria zatituta dago erabat) beti jendartearen atzetik joan dira gai askotan eta, zer esanik ez, euskara eta hezkuntza gaietan. Eskolan euskalduntzen ez diren ikasleak egotea adierazgarri da oso. Hori jakinda ere, hizkuntza plan berriek (dekretu hiru eleduna, til eredua…) horretan sakontzen dute, lehentasuna eduki behar duen euskara, ingelesaren aitzakiaz, bigarren, hirugarren mailan edo zuzenean mailarik gabe utziz. Ereduen politikak huts egin du eta hala ere horretan sakondu nahi dute.


Hizkuntzen gaineko gogoeta…
Uxue Larraza, maistra

Hizkuntzak, guztion ondare eta talde jabetza dira: ikasi eta erabili nahi dutenena zein ele-aberastasunaz paso egiten duten horiena ere; izan ere, kasu horretan hizkuntza, (arauaren kasuan bezalaxe) ezagutu ezak ez baikaitu erantzukizunetatik salbuesten.

Honenbestez, hizkuntza aniztasuna errespetatzeko, oztopoengandik babesteko eta aipatuaren biziraupena bermatzeko betebehar morala dagokigu. Ildo beretik, hizkuntzek, horiek ezagutzeko aukera, ikasteko erronka, maitatzeko parada eta erabiltzeko zein beste gizakiei transmititzeko eskubidea ezerezaren truke oparitzen digute.

Aurreko guztia gutxi balitz, nahiz eta ezjakintasunak edota sentiberatasunik ezak eragindako gutxiespenez tratatuak izan, bizirik darraite ezer gutxi eskatuaz eta asko eskainiaz.

Hizkuntzek komunikazioa ahalbidetzen dute, eta hala komunikazioari nola, maiz, komunikazio egokirik ezari esker, sortu dugu egungo gizartearen, zenbaitetan, aitzinamendua, besteetan, ordea, atzerapausoa.

Esan beharrik ez dago, noski, komunikazioa eman ahal izateko, gogoa eta beharra ezinbestekoak direla; orduan, hizkuntzak, xede komunikatiboa lortzeko bitarteko tresna bilakatzen dira.  Honatx kate komunikatiboari jarraipena emanen dion funtsezko kate-maila: transmisioa.

Hizkuntzen transmisioa da, belaunaldiz belaunaldi mintzairei segida emango dien ageriko sekretua eta  premiazko nahiz ezinbesteko rola jokatzen duen betebehar linguistikoa. Jarraikortasun hori, hiztunok emanen diogu eta era naturalagoan nahiz errazagoan izanen da ama-hizkuntza baldin bada.

Transmisio bide zuzen horretan, helduok gara giltzarri. Gizaldi berriei, hala etxean nola ikastetxeetan, zenbat eta hizkuntza gehiago eskaini orduan eta aukera gehiagoren ateko giltza eskaintzen ariko gatzaizkie.

Bada garaia biktimismo linguistikoa alde batera uzteko eta baikortasunez euskaran oinarritutako eleaniztasun baterantz jotzeko. Helduak gara nork bere ardurak eta erabakiak hartzeko, baina horretarako, benetako aukerak eskaini behar zaizkigu.

Geure hizkuntzaren balio erantsiaz baliatu eta inongo aurreiritzirik gabe helburu komuna lortzeko bitartekoak eskatu behar ditugu. Orduan bakarrik irekiko da benetako aniztasunean oinarrituko den gizartea eraikitzeko bidea. Horrela akaso, eleaniztasunaren eskutik, behingoz ikasiko dugu elkar errespetatzen.

Oztopoak oztopo, zailtasunak zailtasun, egia da hizkuntzen benetako biziraupena, hau da, erabilera, geure esku dagoela. Esanetatik eginetara pasatu behar gara, inongo aitzakiarik gabe. Transmisio bidez dela, ikasketa bidez dela edo nola edo hala bada ere, XXI. mendeko mugarik gabeko gizartea osatzen dugu; aniztasuna nagusi den gizarte honetan, eleaniztasuna aspaldi bete beharreko eskubide bilakatu da.

Honenbestez, euskara bermatzearekin batera zergatik ez euskaldun eleanitzak izan helburu? Hizkuntzen aritmetikan ordezkapena edo kenketa beharrean, zergatik ez etengabeko gehiketa nagusitu?

Sarri, arazoak borondate gutxi batekin aukera bihurtzen saiatuko bagina, ibilaldiaren lehen urratsak emanak izango genituzkelakoan nago…

Karrika 138. 2010eko apirila

Karrika 138. 2010eko apirila

Bagoaz aurrera

Aurreko alean aurreratu genizuen moduan, martxoaren amaiera aldera, Karrikiri elkarteak hartutako martxa berria ospatzeko eginiko aurkezpen festatxora etortzeko gonbitea luzatu genizuen bazkide zareten guztioi, Iruñerriko euskara elkarteei, lagun, zein hurbileko kideei. Hitzordua Xabier jaitsierako gure dendan egin genuen martxoaren 24an eta arratsaldeko 19:00ak iritsi ahala, gure saltokia aurpegi ezagunez betetzen joan zen. Reyes Iraola elkarteko kideak ongi etorria eman zigun bertaratuko guztioi, azken hilabeteotan Karrikirik emaniko urratsen berri emanez: barnera begira eginiko saioak taldearen hasierako xedeei berriro helduz eta horiek birplanteatuz, orain arte eginiko bidearen berrikuspena eta aurrera begira jarraitu beharreko lan ildoen zehaztapena… Ondoren elkarteko zenbait bazkide eta lagunekin eginiko jardunaldiak eta hilabete luzeak pasa ondoren, ereindako lanaren fruituak: esku artean duzuen Karrika itxuraldatua, interneten abiatutako web orri berria eta gure logotipo berritua jendartean aurkezteko parada izan genuen.

Eta horietaz guztietaz solastu ondoren, alde zaharreko karriketan zaparrada ederra botatzen zuen bitartean, Karrikiriren martxa berria lagun artean, pintxoak eta poteak dastatuz ospatzeko aukera izan genuen gure dendaren goxotasunean.

Esker mila bide hau guztia egiten lagundu diguzuen guztiei eta hementxe gaituzue elkarlanerako prest. Hurbildu gurera eta ekin diezaiegun egitasmo berriei!!!


Saioa Martinez de Lizarrondo
Atarrabiako Karrikaluze Euskara Elkartea

Karrikaluze Atarrabiako Euskara taldeak hamar urte daramatza herriko euskaldunen arteko sarea ehuntzen. Bigarren urtez Antzerki Aroa antolatu dute, euskara eta aisialdia, euskara eta kultura, euskara eta gozamena, euskara eta plazerra, hori guztia uztartzeko.

“Atarrabian Iruñean baino errazago dugu  euskaldunak identifikatzea, beste kontua da sarea noraino ehunduta dugun”

Apirilean antzerkiak gain eginen du Atarrabian, Antzerki aro berri baten edizioa arrazoi.
Aisialdiak euskaraz bizi eta gozatzeko aukera ematen dio. Eskaintza kultural handiegirik ez dagoen herri honetan, euskaraz gero eta espazio gehiago eskuratzea dugu helburu. 

Antzezlanak anitzak dira, edukierari dagokionean, ikuslego motari dagokionean bezala.
Denboratxo nahiko eskaini behar zaio. Bigarren urtea da zikloa antolatzen dugula. Udazkenean hasi ginen obrak begiratzen, alderatzen, aurrekontuak… Lehendabiziko lana taldeekin hitz egitea da, datak zehaztu, eta honen arabera zikloa zehaztu. Gero propaganda lan guztia dago, eskuorri eta kartel propioak egin baititugu. Udalarekin elkarlanean antolatzen dugun zikloa da eta udala arduratzen da Atarrabiako buzoi guztietan eskuorria uzteaz, baina horretaz gain, bestelako leku eta herrietan gu arduratzen gara informazioa zabaltzeaz, baita aldizkarietara, egunkarietara, ikastetxeetara… bidaltzeaz ere. Eta, bukatzeko, egunean bertako lana egongo da.
 


Zein da Atarrabiako euskaldunen sarearen panorama?
Euskaldunena Iruñerriko beste herrikoen parekoa da. Sareari dagokionez, Iruñean baino errazago dugu, euskaldunak identifikatzea errazagoa da, beste kontua da sarea noraino ehunduta dugun. Izan ere, ingurumari honetan ohikoa denez txokokeria asko dago Atarrabian ere, euskaldunon sarea osatzeari askok ez diote duten garrantzia ematen, beste gauza batzuk lehenesten dituzte herrigintzaz ari direlarik.

Zuen elkartearen xedea sare hori ehuntzea da.
Iaz 10 urte egin genituen eta oso poztekoa da orain arte egin dugun lana. Batetik aisialdi esparrua dago. Atarrabian 3 aisialdi talde ditugu (Larunblai, Jauzi eta Iseka), 8-16 urte bitarte hartzen dituztenak eta gainera, aurten hasi gara gazteekin begirale izateko formazio ikastaroarekin. Bestetik, Atarrabian euskarazko eskaintza zabaltzea da jardunbidea: kultura eskaintza urtero egiten dugu, Xuka aldizkaria argitaratzen dugu hilabetero, herriko elkarte eta kolektiboekin horien euskalduntzean pausoak emateari begira egiten dugun lana dago, lan poltsa zerbitzua… Bestetik ere, hainbat egun puntualetan edota herriko jaietan gure ekarpena ere egiten dugu Jai batzordean parte hartuz.

Eta etorkizun hurbilean, erronkarik?
Orain arte egin dugun lanarekin aurrera jarraitu, indartu eta sendotzea da orain dugun erronka.




Argia profitatuz, ametsa idatzi
Olatz Zabaleta Telleria.Arangurengo Udaleko euskara teknikaria

Berri Txarrak taldeak bere abesti batean ametsak idazteko argiak profitatzeaz hitz egiten duen bitartean, KEN 7 taldeko Eñaut Elorrietak, argiak nork, zerk pizten dituen galdetzen dio bere buruari azken diskoari izena ematen dion abestian. Oraingoan Topaguneak, Urtxintxak eta Soziolinguistika Klusterrak egin berri duten ikerketa batek pizti dizkigu profitatzeko argiak. Alde batetik, euskara elkarte eta administrazioetako kideok gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko nola joka eta lan egin dezakegun galdetzen diogu geure buruari. Beste alde batetik, gazte batzuek amets egiten dugu zeharo euskalduna izango litzatekeen bizi batekin: gurekin euskaraz bizi den familia, koadrila, bikote… batekin. Ikerketa horrek, batzuei zein besteoi, amets hori idazteko profitatu ditzakegun argiak eskaini dizkigu. Lerro hauen bidez horietako argi bakar batera hurbilduko gara, argi horietako bati begiratuko diogu. Hona hemen: bizitzan gizatalde askotako partaide izaten gara (bikotea, lagunak, ikaskideak, familia…). Horietako bakoitzean dagoeneko hizkuntza arau batzuk izaten dira eta horiek portaeran eragiten dute. Horiek aldatzea, nekagarria eta zaila suerta daiteke. Baina, “giro berri batean murgildu eta hizkuntza arau berriak finkatzeko momentuan berriz, erabileran aldaketak gertatzeko aukera handiagoak daude.” Hortaz, ikerketa horretan ikus dezakegunez, gazteengan, helduengan bezala, maila indibidualeko, mikro mailako eta makro mailako faktoreek eragiten dute. Ona litzateke ulertzea zenbait ingurunetan (gizartea edo gizatalde ezberdinak) norbanakoak nahi badu ere, amets hori egia bihurtzea zaila izan litekeela. Halere kontua ez da norberaren erantzukizunak disolbatzea, porrot horren atzean egon daitezkeen faktore ezberdinak ulertu eta hurrengo saiakera baterako indarrak eta gogoak ez xahutzea baizik. Beraz, elkarte eta administrazioek gazteen hizkuntza portaeran eragin nahi badute, momentu horietan eragiten ahalegindu beharko lukete; hizkuntza erabileraren aldaketarako aukera gehiago eskaintzen duten talde berrien sorreretan. Horretan datza, hain zuzen ere, gaur egun Iruñerriko euskara elkarteek eta zenbait udalek abian duten 3blai egitasmoaren indarra. Egitasmo horretan gazteentzako talde berriak osatzen dira, aisialdi talde antolatu berriak, eta horietan hizkuntza arau berriak ezartzen dira, partaideen artean euskarazko harreman berriak sortuz. Ikerketa horrek egitasmo horren lana bide onetik doala erakusten digu. Eutsi diezaiogun piztuta argi horri! Gazte euskaldunok ere, gure euskararen erabilera esparrua zabaldu nahi dugun gazteok alegia, argi hori profitatzeko dugu. Dagoeneko gure bizimoduko taldeak diren horietan hizkuntza arauak bat-batean aldatzea nekeza izan daitekeela ikusi dugu. Egin daiteke ordea, eta ona da gure burua zigortu gabe eta, aurreko alean Rosa Ramosek aipatzen zuen TELPek aholkatzen duen jokamoldea aldatzeko egoeren sailkapen horren bidetik, poliki-poliki aurrera egitea. Horrez gain, orain, ikerketa horri eskerrak, badugu artikulu horretan aipatutako “neke” eta “higadura emozional” gutxi sortzen duten eta oso eraginkorrak izan daitezkeen egoeren berri. Gure euskarazko bizitza eraiki nahi badugu, saia gaitezen gure inguruan sortzen diren gizatalde berrietako hizkuntza ohituretan eragiten, ahalegin gaitezen euskarazko hizkuntza arauak dituzten gizatalde berriak sortzen: unibertsitatean edo institutuan ikaskide berriekin hastean, lantokiz aldatzean lankide berriekin, mendian edo parrandan egiten ditugun lagun berriekin, bikotekide berriekin… Euskaraz bizitzeko gure ametsa idazteko, gure bizitzako fase ezberdinetan eratzen ditugun taldeen osaketak ematen dizkigun aukerak, argiak, profitatzea besterik ez dugu. Animo!!

Karrika 137. 2010eko martxoa

Karrika 137. 2010eko martxoa

Karrikiri klik batean 

Itxuraldatuta heldu ginen zuen etxeetara aurreko alean eta ziurrenik zuetako hainbatek parra gustura eginen zenutela Patxi Uharte komikilariak gure logotipo berriaren inguruan azaleko irudian izaniko ateraldiarekin, ezta? Tira, ba pozten gara, guk ere gozatu baikenuen haren umorearekin eta oraingoan beste berritasun bat dakarkizuegu martxoko zenbaki honetan. Izan ere, logotipoa eta esku artean duzuen Karrika aldizkariarekin batera, Software askean eginiko Karrikiri elkartearen webgune berria martxan jarri baitugu. Horrela bada, hemendik aitzina, klik bakar batean elkartearen inguruko informazio guztia saretik eskuratzeko parada izanen duzue (elkartearen historia eta xedeak, Karrikiri izenaren jatorria, bideratzen ditugun zerbitzuak eta jarduerak, Karrika aldizkariaren hemeroteka, Karrikiri denda, etab.) eta azken kultur ekitaldi eta berriez ohartzeko aukera izanen duzue web orrian gehitu ditugun bi atal berriri esker: Iruñerriko euskarazko ekitaldiak bilduko dituen kultur agenda eta berrien atal bat. Sarean ikusgai izanen duzuen agenda horretan Iruñerrian antolatzen diren ekitaldien inguruko informazioa jaso ahala sartuko dugu eta berrien atalean, aldiz, elkarteari dagozkion notiziez gain, interesgarriak iruditzen zaizkigun beste batzuk ere sartuko ditugu. Beraz, kultur eragile eta talde guztiei deialdia egiten diegu antolatzen dituzten euskarazko ekitaldi guztien berri eman diezaguten denon erakusgai jarri dezagun. 

Eta horrenbeste berritasun iragarri ondoren, horiek guztiak elkarrekin ospatzeko unea dela iritzi diogu eta horregatik martxoaren amaiera aldera eginen dugun festatxora etortzeko gonbitea luzatu nahi dizuegu. Zehazteke dago oraindik eguna, baina laster jakinaraziko dizuegu.



Virginia Cervera. Malaspulgas antzerki taldeko antzezlea

Nafarroako Antzerki Eskolaren oholtza gainean Bergerakeko Cyranoren penak eta pozak euskaraz entzungai eta ikusgai izanen ditugu heldu den martxoaren laugarrenean. Virginia Cerverak eta Sofia Diezek orain dela hamabortz urte osatu zuten Malaspulgas taldea eta euren estreinako antzezlanerako Tormeseko Lazarilloren pasadizoak oinarri hartu ondoren, arma eta letrak pareko neurrian maite zituen sudur luzearen kontuak moldatu dituzte orain, Axularen gure mintzairara goldatuz gainera. Taldeko kideetako Virginiarekin mintzatu gara Karrikan. Hurrenak berripaperaren taulara goratu ditugun galderak.

“Antzezlana euskaraz moldatzea guretzat hagitz aberasgarria izan da, are gehiago, euskara ez denean gure ama hizkuntza”

Lazarilloren joan etorriak lehendabiziko eta orain, Bergeraceko Cyrianorenak. Zergatik? 
Batean zein bertzean bi lan ikaragarriren aurrean gaude. Taldean bi an­tzezle gara, Sofia Diez eta ni neu, eta gurekin batera, Javier Perez Eguaras, zuzendaria. Hiruroi izugarri gustatzen zaigu Lazarilloren kontakizuna. Oso pertsonaia interesgarria da, gainera, antzezlan baten tentsioa iraunarazteko, bera eta bere arrimora dauden gainerako pertsonaiak. Egokitzapenaren emaitza oso ona izan da eta, hori horrela, Cyranori ekitea pentsatu genuen. Agian korapilo gehiago ditu Cyranok, baina antzerkigintzari dagokionez, oso istorio osoa da. 

Euskaraz agertuko duzue zuen lana. Izan ere, zenbai­tzuei, hainbat jaun txit agintari agurgarriri tarteko, gogoratu behar zaie físika aferak euskaraz erakusteko fisika jakin behar dela, hori dela koxka, Pedro Migel Etxenikek berak adierazi bezala, hizkuntza oro mezuaren bitartekari den heinean. 
Noski, zer erran nahi den, horixe da garrantzitsuena. Zein hizkuntzatan, zein moldetan, hori gero dator. Antzezlana euskaraz moldatzea guretzat hagitz aberasgarria izan da. Are gehiago, euskara ez delako gure ama hizkuntza. Gainera, Cyranoren kasuan, antzezlanaren erdia bertsoak dira, eta honek gauzak zaildu ditu. Zentzu honetan, bertsoak euskaratzeko Asis Arbideren laguntza mirestekoa izan da. Asisek bera eta bere ingurukoak hunkitzeko ahalmen handia du. Bertso bat itzultzea hizkuntzen arteko matematika ariketa baino zerbait gehiago ere badelako.

Eta zeintzuk dira antzezlanaren antzerki hizkuntzaren moldeak?
Antzerki hizkuntza zuzena darabilgu. Hauxe da gure giltza, antzezlanaren haria umeek zein helduek jarraitu ahal izateko.

Jatorrian euskaraz idatzita dagoen lanik antzerkirako prestatzea aurreikusi al duzue?
Egia errateko, etorkizun hurbilean ez. Gure hurrengo lana hasieratik bukaera bitartean guk geuk sortutakoa izanen da. Sormen lanaren hasieran gaude, baina ez du hizkuntzarik izanen, hitzen ezean gure keinuak ukanen dituelako soilik. Aurrerago, ordea, zergatik ez?


Rosa Ramos. Berriozarko Euskara Zerbitzuko teknikaria
Hobetzeko dauzkagun aukerez ohartu

Iruñerriko euskaldun guztiontzat ezaguna den egoera: lehenengo aldiz sartu denda edo bulego batean eta betiko zalantza, zer gertatuko da aurrean dudan dendari edo bulegariari euskaraz egiten badiot? Zantzuren bat suma tzen ez dugunean (hitzen bat euskaraz kartel edo errotulu batean, esaterako) edo hasierako kortesia-agurrek arrastorik ematen ez digutenean, betidanik deigarria iruditu zaidan ezerosotasuna sortzen da (estualdia deitzea gehiegi izanen litzateke?). Aurreko batean, hitzaldi batera joan nintzen eta bertan TELPen berri izan nuen: Taller de Espai Lingüístic Personal, Ferran Suay eta Gema Sangines psikologoek hizkuntza asertibitatea lantzeko garatutako metodologia. Orain hobeki ulertzen ditut elebidunen estualdiak aipatutako egoeretan. Izan ere, euskaldun izan nahi dugun elebidunok “zigorra” ziurtatuta omen daukagu. Amore emanda gaztelaniaz hasten bagara (testuinguru ba tzuek zalantzarako tarte txikia uzten baitute) gure buruarekin gaizki senti tzen gara eta, ondorioz, zigorra jasotzen dugu. Gure burua adoretu eta “uretara botata” ezezagunari euskaraz egiten badiogu aurrean daukagunaren erantzuna izan daiteke gure zigorra (aurpegiera, begirada edo gaitzespen esaldia, batzuk ez baitira mozten…). Gauzak horrela ikusita ulertu dut, bestalde, bi ezezagun ohartzen direnean euskaldunak direla sortzen diren (lekuz kanpoko?) irribarre zabalak eta gogokidetasun giroa. Argi dago, behingoagatik, zigorrari ihes egin diote… Batzuei zigor hitza gogorregia irudituko zaie egunerokotasunean gertatzen zaigun hori azaltzeko, baina gutxik ukatuko dute, gutxienez, “nekea”, “higadura emozionala” edo “motibazio-ahultzea” gertatzen zaigula. Zorionez rtenbideak ere landu ditu. Herrialde katalanetan abiatutako esperientzia honek landu beharreko hiru alderdi azpimarratu ditu. Batetik, gure pentsamoldea berrikustea komeni dela azaltzen digu, gure posiziotik eta ez besteen posiziotik berrikusi, gaztelaniaz aritzeko ikasitako beharra berraztertzeko. Bestetik, baliabide komunikatiboak menperatzea komeni zaigula esaten digu eta hitzezko ez diren aldeei garrantzia eman (tonua, abiadura, jarrera, keinuak…); izan ere, hainbat estrategia landuta, eztabaida antzuak ekidin ahalko ditugu eta egoera deserosoetatik atera gure pentsamoldea eta argudio-andana azaltzen ibili gabe eta, garran tzitsuena, emozionalki hustu gabe. Azkenik, baliabide emozionalak lantzea ere onuragarria omen dugu, asertibitatean oinarritutako hizkuntza portaerak (gure hizkuntza erabili mintzakideak errespetatuz eta gu eroso sentituz) jarrera oldarkorrak edo pasiboak baztertzen lagunduko baitigu. Portaera asertiboaren helburua da gure erabilera esparruak zabaltzea, kostu emozionala murriztuz. Alde horiek landuta, Ferran Suay eta eta Gema Sangines psikologoek proposatzen dute norbera gaztelaniara aldatzen den egoerak sailka tzea eta, aldaketen gakoak ikusitaa (aurrekoak “euskaldun itxura” izatea ala ez, bestea gaztelaniaz hastea, solaskidea ongi ez moldatzea euskaraz…), gure jokamoldea era mailakatuan eta modu kontzientean aldatzea. Testuinguruak eragina dauka, dudarik gabe, eta egoera batzuk beste batzuk baino zailagoak eginen zaizkigu. Kontua da gure erabilera esparrua zabaltzearekin batera erosoago sentitzea; hots, hasieran aipatutako “zigor” gutxiago jasotzea. TELPek ez digu ez dakigun gauza askorik esanen, baina, ziur aski, lagungarria izanen dugu burua beste modu batez antolatzeko eta hobetzeko dauzkagun aukerez ohartzeko.

Karrika 136. 2010eko otsaila

Karrika 136. 2010eko otsaila


Esku artean duzuen Karrika berria azken hilabeteotan Karrikiri elkartearen baitan eginiko hausnarketa bidearen emaitza da. Hainbeste urtez zuen etxeetara hilero iritsi ondoren, bazen garaia etenalditxo bat egin eta ibilitako bideari erreparatzeko, barnera begiratuz, ezinbestez, baina baita zuen iritziak jasoz ere. Eta horretan aritu gara, hausnarrean, eta aurreko hilabeteetako Karrikaren zenbaki bereziak horren isla izan dira. Baina jada prozesu hori amaitu egin da eta Karrikak bere betiko jardunari heldu nahi dio. Eta, ikus dezakezuen moduan, aurpegia itxuraldatuta iritsi zaigu, Euskal Herrira heldu berri den inauteri giroarekin bat eginik. Elkarteak berak logo berria erakutsiko du hemendik aitzina eta Karrikak ere bat egiten du aurpegi aldaketa horrekin. Eta barrenak ere zertxobait aldatuta ekartzen ditu, taldean hausnarrean aritu ondoren ateratako ideiak eta zuek etxetik helarazi dizkiguzuenak kontuan hartuta. Hertzainak talde bikainak aspaldi erran zuen moduan “ez dira betiko garai onenak”, baina hementxe egon nahi dugu, zuen ondoan, elkartean ematen diren kontu berri guztiak zuenganatuz. Horixe izan baita hasieratik gure xedea, Karrikiri elkartearen bozgorailu ttikia izatea; taldeak bideratzen dituen ekimenen berri emanez eta Iruñerrian euskaraz bizi ahal izateko aukera eskainiz. Horrela bada, Karrika itxuraldatu honetan elkartearen nondik norakoak ezagutaraziko dizkizuegu azalean bertan, eta barrenean zuetako hainbatek horrenbeste eskertu diguzuen euskarazko ekitaldien agendatxoa biltzen jarraituko dugu hilero hilero. Agenda horretako ekitaldi edo protagonistaren bat sakonean ezagutzeko parada izanen dugu atal berri bati esker eta Xabier karrikako gure dendan ditugun euskal sortzaileen eta bestelako produktuen berri ere emanen dizuegu. Horixe guztia Patxi Uharte komikilari bikainak jarritako umore apartaz lagunduta. On egin diezagula!!!


Estitxu Arozena Bertsolaria

Hizkuntzaren jolasa dugu bertsolaritza; hitzaren dantza, elearen balantza, euskararen gantza, solasaren zalantza. Hau guztia ederki aski daki Estitxu Arozena bertsolari lesakarrak. Bi aldiz jantzita baitu buruan Nafarroakoan txapela eta hamabi urte daramatzalako eskola umeei bertsoaren zirrara erakusten. Aurki hasiko delako gainera txapelketaren edizio napar berri bat, honetaz eta hartaz mintzatzeko bertaratu dugu gure karrikan, prosaren prosaz, zortzi galderek halako neurrian manaturik itaunak erantzuteko.

“Bertsolaritza beti egon da iraultzari lotuta lurra irauli gabe ez baitago uztarik”

Hastear da Nafarroako Bertsolari txapelketaren 39. karrera. Bertsolaritzaren harrobitik harri zahar eta harri berriak, emeak eta harrak, hauetariko aunitz 30 urte beherakoak…

Batzutan badirudi kasualitatez harri azpitik sortzen direla bertsolariak, baina normalean harrobian lan aunitz egin ondotik aurkitzen dira. Oraindik ere Nafarroan denaren beharrean gaude, bai adinez, bai eskualdez ere. Bittor Elizagoien hor dago, hogeita hamar txapelketatik goiti egina. Aurten, gainera, hemezortzi urte beteko dituzten bi hasiko dira. Eskualdeei dagokienean, Iruñerriko, Bidasoa inguruko, Leitzaldeko, Sakanako zein Pirineotako harrobiak behar ditugu. Zenbat eta harri kopuru handiagoa eta desberdinagoa izan, orduan eta hobeki. Zorionez, Nafarroako harrobiak harribitxiak ere eman ditu. 

Txapelketa nagusiak ere orain berriki eraman ditu lehen emakumearen buru gainera txapelaren ohorea eta itzala. Natural antzean ikusi dugu guztia, baina bertsolaritzaren ur korronteetan iraultza osoa ezkutatzen da, hala emakumeen ekarpenari dagokionean, nola kopla kantari gazteen jardunari dagokionean ere.
Bertsolaritza iraultzari lotua egon da garai desberdinetan. Iparragirre iraultzailea zen bere garairako, musikari eta bidaiari. Txirrita zer erranik ez, lanerako alferra omen, baina oraindik gaur egungo bertso eskoletan haren bertsoak eredu gisara ematen dira, errekurtso ezberdinak aztertzeko. Uztapide ezagutzeko aukera izan zutenei oraindik aurpegia aldatu egiten zaie hartaz ari direlarik. Amurizak bertsoa eskoletan ikasi zitekeenaren iraultza ekarri zuen. Egañak bertso bukaera edo baita xorta bukaerako sorpresarena gehitu zion aintzineko guztiari. Maialenena ere iraultza kualitatibo bat izan da. Puntaren puntara iristen direnak zerbait irauli dutelako heltzen dira. Lurra irauli gabe ez dago uztarik. 

Bertsolaritza hizkuntzaren, hitzaren, euskararen jolasa da. Bertsolarien ahotsa, mikrofonoak handituta, hizkuntzari fereka egiteko, bertzelako apaingarririk gabe; noiz eta teknologia berriek ikuskizunak eta taula gainekoak bertze modura apaindu eta birmoldatu dituztenean XXI. mende honetan.
Bertsoa teknologikoki biluzik dago eta agian horrek eusten dio xarmari. Dena den, teknologiak ere badu indarra. Honen adibidea, bertsoen munduak garai berrietara egokitzen jakin izan duela da. Hartara, azken Txapelketa Nagusia ordenagailu pertsonalean zuzenean jarraitu dute milaka pertsonak. Sarrera gehienak internetez erosi eta etxean inprimitu ditu bertsozaleak. 

Hitzaren biluziak non ezkutatzen du, ordea, bertsoaren indarra?
Beti erraten da euskaldunen artean hitza sakratua dela. Hor egon daiteke gako nagusia. Urteetan zehar egindako lana eta hartu diren erabakiek ere zerikusia izanen dute.

Izan ere, Euskal Herria guztira zabaltzen den elkarte baten lana dago. Euskalgintzaren eta kulturgintzaren eremuan lan egiten duten bertze elkarteen eredugarri al da Bertsozale Elkartea?
Ez dut uste hori erratea niri dagokidanik! Hori bertze elkarteek erran beharko lukete. Nik uste Bertsozale Elkarteak lana ongi egin duela, baina perfekzioa ez da existitzen, ezta bertsotan ere –kar, kar, kar-.

Zein da zure irudikoz bertsolaritzaren ekarpena hizkuntzalaritzari eta euskararen berreskurapenari dagokionez?
Urteak daramatzagu, euskara hizkuntza akademikotzat soilik duten haurrei bertsogintza programa ematen eta nik uste gure ekarpen handiena hizkuntzaren ludikotasunean dagoela. Euskararekin jolasean ongi pasaraztea lortzen baduzu, agian ez da emaitza neurgarri bat baina… aunitz egin duzula erranen nuke.
 
Hortaz, bertsolarien plazara arribatuko diren etorkizuneko bertsolariak aipatu gabe ezin utzi, bertso eskoletako irakaslea zaren aldetik gainera. Zer giro?
Urte luzeak behar dira emaitzak ikusteko. Mila haurrekin lan egin behar duzu bertsolari bat sortzeko. Zorionez emaitzak iritsi dira eta iritsiko dira. Hamabigarren ikasturtea dut lan honetan. Bertsoaren inguruko lehen pausuak nirekin eman zituzten zortzi bertsolarirekin kantatzeko ohorea izanen dut. 

Arrakastak bertsolaritzaren dir-dira amatatzeko arriskurik?
Arriskua leku guztietan egon daiteke. Baina ez dut uste juxtu arrakasta denik gure etsai handiena. Garai berriak, bizimodu berriak, hizkuntza gutxitua izateak… horiek beldur gehiago ematen didate.


Oskar Zapata Solano.
Topaguneko Nafarroako arduraduna

Sortu eta eragin!

Kaguenka! bukatu genuen 2009. urtea Topagunekook, euskalgintzako beste hainbat eragilek bezala: haserre, irainduta, nazkatuta… Hau da, toxinaz beteta. Nahikotxo hitz egin da euskarazko hedabideek merezi ez duten  tratuaz, euskaraz zein erdarazko Euskal Herri osoko hedabideetan. Hauxe da gertatu denaren gainean egin dezakegun irakurketa positibo bakarra: alde batetik, hainbat enteratu dira existitzen garela eta egituratu samar gaudela, eta bestetik Euskarabidearen sorrerarekin Nafarroako Gobernuak egin zuen distrakzio maniobra berez erori egin dela, agerian geratuz, Nafar Gobernuak daraman hizkuntza politika euskarafobiko, mendekatzaile  eta aldeanoa ezkutatzeko, Euskarabidea erabiltzea dela euren asmo bakarra, horretarako Euskarabideko  zuzendariak ipurdia agerian utzi behar badu ere.
 Bestelakoa izan zitekeen Institutua baliabidez hornitu izan balute, baina ez. Gero elkarbizitzaz hitz eginen digute. Nork eta gizartearen gutxiengo handi baten nahiak, eskubideak  eta kultura errespetatzen ez dituenak.
Gaurkoan, ordea, ez dut gehiago hedabideen gaiaz hitz eginen, mingarria den arren, ez baita kaltetua atera den sektore bakarra, ez horixe. Azken bi urteko aurrekontuek, euskararen erabilera sustatzeko ekimen guztiak kaltetzea dute helburu: hedabideak, haur eta gazteen aisialdia, kultur programazioa, entitateak euskalduntzeko programak, mintzapraktika egitasmoak, herritarren sentsibilizaziorako ekimenak, euskaltegiak, irakaskuntza… Hau da, erasoa erabatekoa da, helburu garbia duena: euskaraz bizi nahi dugunontzako esparruak irabazteko egindako lanak ahalik eta gehien trabatzea, horretan aritzen diren eragileei diru-laguntzak erabat murriztuz.
Nafarroako euskaltzaleok, gure Gobernuaren babes juridiko, politiko eta ekonomikorik gabe aurrera egin behar dugu. Gainera, kontziente gara  Gobernuak hiru plano horietan  orain ukatzen duen babesa ezinbestekoa dela, gizartearen inplikazioarekin batera, euskararen erabateko normalizazioa lortuko bada.
Egoera larria dela jakin badakigu.  Horren aurrean zer? galdetu dute hainbatek. Gure ustez, zailtasunaz zailtasun bi planotan lan egin behar dugu: alde batetik sormenetik tiraka inurrien antza auzoz auzo, herriz herri antolatu, hiztun sareak osatu, erabilerarako esparruak irabazi, diru iturri berriak bilatu…. Eta,  beste aldetik Nafarroako euskaltzaleon nahia ozenago entzun dadin ekimen bateratu eta jarraituak antolatu; horretarako Nafarroan  gero eta euskaltzale gehiago egon gaitezen diskurtso eta ekimen erakargarriak gizarteratu, politikariekin harremanak ugaritu, botere ekonomikoan ahal dela  eragin, kale agerpen indartsuak egin etab.
Lehendabiziko egitekoari, hots, auzoz auzo saretze lan horri dagokionez, inozokerietan erori gabe, zerbait aurreratua dugula esan dezakegu, ez baita alferrik urteetan euskalgintzakook langintza horretan sortutakoa: ikastolak, euskaltegiak,  hedabideak, aisialdi eta kultur programak, mintzakide, komertzio eta profesionalen gidak…
Bigarren egitekoari dagokionez, Topagunea etxeko lanak egiten ari da; izan ere, azken urte hauetan, euskararen erabileran eragitea helburuarekin sortu diren  euskara elkarte eta ia hedabide guztiak federatu baitira Topagunean. Horren ondorioz, esan dezakegu euskalgintzaren hanka bat Topagunearen inguruan egituratu dela eta horrek lagungarri izan behar lukeela Nafarroako euskalgintza egituratzen  eta batzen.
Beraz, Topagunea prest dago euskalgintza eta Nafarroako gizarte euskaltzaleekin diskurtso eta dinamikak adostu  eta elkarlanean aritzeko.

“El Drogas” -ek esana: Pentsatzeari uzteko garaia iritsiko zaigu hiltzen garenean, bitartean…