Karrika 79. 2004 maiatza

Karrika 79. 2004 maiatza

Orkestrak eusten dio sinfonia bukatugabea

Andante. Euskaltzaleon orkestra zuhur abiatu zen. Aretoaren baldintza akustikoak ez ziren hoberenak eta tresnaren bat zaharkitua zegoen. Hala ere, nota leunak airean zabaldu ahala gero eta entzule gehiago hurbiltzen ziren. Komunikazioa gauzatzen hasia zen eta bakarlari iaioen garaitik elkarlanaren arora pasatu ginen.
Presto. Kementsu aritu gara urte askoan eta ekinaren ekinez tentsio musikala iraunarazten jakin izan dugu. Tresna jotzaileen trebetasuna garai batean garrantzitsua izan zen inprobisazioa ordezkatzen ari da. Orkestra erraldoi eta aske honetan ez gabiltza perfekzioaren bila: ez dugu batutadun zuzendaririk eta gu geu gara konpositoreak. Gure nahiei bakarrik jarraitzen diegu, baina prestakuntzarik ezak desafinatzeko arriskua dakar. Halere, kide bakoitzak duen tresnarik garrantzitsuena –euskara- zaindu eta fintzen badu, eta besteekin duen harremanari arreta jartzen badio, ez dugu tonua galtzeko beldurrik izanen.
Allegro ma non troppo. Haizea kontra izanda ere, doinuari ongi eutsi diogula erakutsi dugu. D ereduko ikasle kopurua gorantz, euskararen kale erabilera egonkor, motibazioek sendo jarraitzen duten zantzuak… Soinulariok aurreko malenkoniari agur esateko arrazoiak ditugu. Baina hauek ez dira pozaren pozaz ibiltzeko garaiak. Alde batetik, diskordantziak saihesteko gehiago ezagutu behar dugu elkar. Bestetik, goiko palkuetatik musikarion aurkako jarrerak ez dira baretu. Izan ere, soinua ez da behar besteko indarraz hedatzen ari.
Molto vivace. Mugimendu honetan soinulari guztiok hartzen dugu parte. Ezberdinak gara oso. Baina nork bere funtzioa ezagutzen duenez, orkestra koherentzia eta oreka lortzen saiatzen da. Bibolinak, xirulak, tinbalak eta tronpetak… Lana, borondatea, hausnarketa eta aldarrikapena. Orkestrarena talde lana da. Zenbait arlotan lortu dugun erritmo biziari eusteko, besteei adi egotea eta nagusikeriarik gabe jardutea da kontua. Euskalgintzaren musikan ezer eta inor ez dago soberan, eustetik zabaltzera pasatzea baitugu helburu.
Ez dugu txalorik nahi: gure doinuek komunikazioa baino ez dute bilatzen. Ikusle gutxi eta soinu egile asko izan nahi dituen orkestra garenez, bakarka aritzeari utzi eta gurekin jotzeko gonbita egin nahi dizuegu. Animatzen zara?



ZENBAT BURU… Sortzen Ikasbatuaz

Noiz sortu zen Sortzen-Ikasbatuaz erakundea eta zer helbururekin?
1992an jaio zen sortzen erakundea. Euskal irakaskuntza garatzeko eta balizko erasoei erantzuteko ikastetxeen arteko tresna izateko.

Hasieratik bultzatutako euskal eskola publikoaren aldeko aldarrikapen nagusiarekin batera, hainbat proiektu bideratu dituzue. Horien artean aisialdiko monitoreen lan poltsa bat sortu zenuten. Zer moduz joan da?
Hauxek dira une honetan Sortzen Ikasbatuazek bideratzen dituen proiektu pedagogikoak:
– Euskaraz mintza: Nafarroan 9 ikastetxetan martxan dagoen proiektua, euskara arlo ez formalean ikasleek duten hutsunea gainditzeko asmoz. (2.520 ikaslek parte hartzen dute)
– Kimuberri: Murgiltzeari laguntza goiztiarra 2 urtetan (Amaiur ikastolan) 16 haurrek parte hartzen dute.
Aixe- aisialdia: aisia hezkuntza ikuspegitik eta hizkuntzaren tratamendu egokitik garatzeko programa. Une honetan 60 monitore kontratatuta ditu Aixek eta 15 ikastetxeetako eskolaz kanpoko jarduerak kudeatzen ditu.

Berriki eginiko Ikastolen Elkartearen XI. Jardunaldi pedagogikoetan hezkuntzaren barnean ahozkotasunari eman beharreko garrantzia azpimarratu dute hainbat adituk. Aipatu lan poltsa horretaz gain, Sortzenetik arreta berezia eskaini diozue gai honi eta horren froga da iaz aurkeztu zenuten aisialdiko ekintzak euskaraz kudeatzeko programa. Ikastetxe batzuetan lanean aritu zarete. Zer moduzko esperientzia izan da?
Ditugun programa guztiak honi heltzeko helburuarekin egiten ditugu, aspaldidanik, horren beharra oso argi dugulako.
Aixeri dagokionez, une honetan 2 koordinatzaile ari dira lanean, monitoreaz gain. Aurrerapen handia egin da monitoreen lan egoerari dagokionez (Denek kontratua eta gizarte asegurantza dauzkate), hizkuntzaren kalitate aldetik arreta berezia jartzen dugu eta programazioi eta didaktika aldetik aurreratzen ari gara poliki-poliki. Orain dela 2 urtetik hona arlo honetan oso jauzi kualitatibo handia egin dugula iruditzen zaigu.

Aurtengo matrikulazio datuak nahiko onak izan dira. Zer deritzozue?
Oso pozgarria da une honetan botere politiko administratiboak bideratzen ari diren politika negatiboa kontuan hartuz, Nafar gizarteak gure kultura propioarekiko duen atxikipen handia egiaztatzen baita.

Bertzelako lan arlo batzuk jorratu dituzuela uste dut. Zertan dira?
Gure lan ildoak hauexek dira:
Euskal irakaskuntzaren defentsaren alorrean lan ardatz batzuk jorratu ditugu azken urte hauetan:
– D ereduaren defentsa.
– Ingelesa- euskara kontrajartzearen kontrako jarduera. Hizkuntz ereduen dekretoak eta ingelesaren ezarpena.
– LOCEren kontrako jarduera
– Euskal irakaskuntza publikorako finantziazio egokiaren aldarrikapena

Heldu den hilean, urtero egiten duzuen Euskal Eskola Publikoaren festa ospatuko duzue? Zer prestatu duzue egun horretarako?
Euskal eskola publikoaren aldeko IX. festa egingo da, ekainaren 6an, Takonera parkean, “euskarari bidea eginez” lelopean.
Hauxe da prestatu duguna:
Eszenatoki txikian:
– 10.30ean jaiaren aurkezpena ( Berriozarko zanpantzar txikia, txalaparta, bertsolariak…)
– 11.00etan: abesbatzak ( Mutiko, Atarrabiako abesbatza, Eskolania)
– 12.00etan bertso saioa
12.30ean haur kantari
13.00 pilota txapelketaren sari banaketa
13.30ean herri kilolen sari banaketa
13.45ean txalaparta emanaldia
17.00etan triki mako (birziklai tailerra)

Eszenatoki handian:
11.00etan Takolo Pirritx eta Porrotx
12.30ean: hip-hop emanaldia
13.15ean Mikelats txistu taldearen emanaldia
16.00 – 20.00 kontzertua. Keltiar, Soublind, Kerobia, Ajari Guam, Koma, Tximeleta9

Bistabellan:
11.30ean herri kirolak, ikastetxeen arteko herri kirol topaketa
11.00-14.00: Dantza taldeak (Axular, Elorri, Elordi, Amaiur; Uharte Idoskia)

Egun osoan barna:
Kale animazioa (Txantreako erraldoi txikiak, zezentxoak, gaiteroak, txarangak…)
Eskoletako tailerrak (eskola bakoitzak jaima bat jartzen du eta bertan haurrentzako gauza desberdinak eskaintzen dira, esku- lanak, jolas txikiak, aurpegiak margotzea eta abar).
Txosnak.


HERRIEN ELEAK.
Bolivia

Urrea balio duten herriak
Gaur Bolivia eta antzina Alto Peru deituriko herrian kokatua dagoen Potosín urrea aurkitu zuten XVI. mendean. Garai hartan euskal kolonia nagusi zen hango kolonizatzaileen artean. Esaten denez, zortzi milioi indiar hil ziren Potosíko meatokietan, konkistatzaileek (euskaldunek barne) morroi erabili baitzituzten.
Gaur egun bestelako urreak eskaintzen dizkigu 8,5 milioi biztanle dituen Boliviak. Esaterako, langile eta nekazarien mugimenduak, duintasunez bizi nahi duten gizon eta emakumeen indarra eta bizirik jarraitzen duten mintzoak. Hizkuntza nagusiak hiru dira: aimara –jatorrizkoa; adibidez Evo Morales aimara da-, kitxua -Peru aldetik etorri ziren konkistatzaile inkek ekarria- eta gaztelania.
“Aimara” kontzeptuak Titikaka inguruan bizi diren 12 talde desberdin biltzen ditu baina aimararrek beren herriari “qulla” izena ematen diote. Ondoan duzuen irudia “wiphala” da, Andeetako herrien ikur koloreanitza.

Boliviarrak gurean
Agintariek egin ohi zuten sailkapenaren arabera, esan genezake Iruñerrian bizi diren Boliviar gehienak Cochabamba, Santa Cruz eta Beni aldetik etorri diren choloak edo mestizoak direla. Indiarrak ere badaude, eta zuriak oso gutxi dira. Gehienak emakumeak eta 20-35 urte bitartekoak dira. Hizkuntzei dagokienez, transmisioan etenak gertatu dira eta oro har ez dituzte Boliviako berezko hizkuntzak ongi menperatzen.
2001. urtean oso gutxi ziren Iruñean bizi ziren Boliviarrak: 39. Baina Espainiak ez die Boliviarrei bisaturik eskatzen (ekuatoriarrei bai, ordea) eta kopurua igo da: 160 inguru Iruñerrian eta 380 Nafarroa osoan. Horietako batzuk Arrosadian bizi dira eta orain dela bi urte elkarte bat osatzea erabaki zuten: ASOBOL, Nafarroako Boliviarren elkartea. Zaragoza etorbideko Pauldarren lokaletan biltzen dira eta helburuak bazkideei atzerritartasun legeaz informatzea –izan ere, hemengo boliviar gehienek ez dute paperik-, Bolivian garapen proiektuak sustatzea eta nafarrei Boliviako errealitate kulturalaren berri ematea dira.

Karrika 78. 2004ko apirila

Karrika 78. 2004ko apirila

Eta eskolatik kanpo, zer?

Berri pozgarria da ikustea euskal lerroetara haur eta gazte asko hurbiltzen direla. Ikasle hauek euskara ikasten dutenez, hizkuntzaren geroa ziurtaturik dagoela dirudi; areago irakaskuntzarako baliabide ugari sortzeko gaitasuna daukagunean.
Horren polita eta baikorra al da errealitatea?
Bada, gure ustez, ez. Gazteok ikasi bai, baina erabili oso gutxi erabiltzen dute eta beren barne mundua adierazteko zailtasun handiekin.
Zertan datza hutsunea?
Iruñerriko gazte gehienek euskararekin duten harremana eskolara mugatzen da eta bertan jasotzen duten euskara eredua euskara formala da; hots, eskolari dagokiona. Eskolatik kanpo aurki dezaketen aisialdi eskaintza euskaraz hagitz mugatua da : gehienetan kirol jardueren inguruan eta bertan euskararen erabilera ez da lehentasunezko gaia izaten.
Egoera honi irtenbidea aurkitu nahian, Karrikaluze elkartean Kuadrillategi izeneko egitasmoaren berri(aisialdi tailer bat da lagun koadrilak elkartzeko eta ongi pasatzeko) izan genuen, duela zenbait urte Lasarte-Orian Pello Jauregi pedagogi-doktoreak sortua eta Kuadrillategi Elkarteak garatua. Hona hemen bere ezaugarri batzuk:
– Aisialdi tailer bat da lagun koadrilak elkartzeko eta ongi pasatzeko. Beren arteko harremanaz aparte, inguruko euskaldun koadrila gazteekin erlazionatzen dira.
– Gazteak 13-14 urtekoak dira eta taldeka izena ematen dute.
– Derrigorrez, epe bat pasatu ondoren harremana euskaraz garatu behar dute.
– Dinamizatzaileek, aisialdi-monitoreak izateaz gain, esparru informalean euskara erabiltzeko eta sustatzeko formakuntza sendoa jaso dute lanean hasi baino lehen.
– Egitasmo guztiak lehen aipaturiko elkarteko pedagogo baten gidaritzapean gauzatzen dira. Hark ezarritako helburuen lorpena kontrolatzen du.
Gure herrira ekartzeko asmoz Paz de Ziganda ikastola eta Askatasuna institutuarekin harremanetan jarri ginen hala nola Atarrabia, Burlata eta Uharteko euskara teknikariekin; izan ere lehen momentutik argi geratu baitzitzaigun adin honetako gazteek elkarrekin ikasten dutenez, guztiei eskaini behar geniela eta ez soilik Atarrabiakoei. Hiru udalen konpromiso eta babesa lortu ondoren, 2002an lehen taldea sortu zen.
Kurtso osoa eman eta gero bukaera aldera 20 laguneko talde bat heldu zen, larunbatero ekintza desberdinak buruturik; horien artean interesgarrienak irteerak suertatu zitzaizkien. Balorazioa eginda gazte guztiek aitortu zuten beren arteko harremanetan
Karrikaluze elkartearen kolaborazioa



ZENBAT BURU… Roldan Jimeno

Urtebete pasatxo utzi gintuen arren, Jose María Jimeno Jurio historiagileak hainbat alorretan eginiko ekarpenak eragin itzela izan du eta izanen du aurrerantzean ere bai. Horretaz eta UEUk antolatutako haren inguruko topaketetaz aritu gara Roldan Jimeno bere semearekin.

Berriki UEUk antolatutako Historialari Euskaldunen III. Topaketetan omenaldia egin zitzaion zure aitari eta bere bizitzan zehar eginiko ikerketa eta lanez aritu ziren hainbat aditu. Nola joan ziren saio horiek?
Saioak oso interesgarriak izan ziren. Lehendabiziko aldiz nire aitaren obraren inguruan jardunaldi akademiko batzuk antolatzen ziren, eta hori zientifikoki oso esanguratsua da, bere lana Euskal Herriko mundu akademikoak baloratzen baitu. Hitzaldi batzuk beste batzuk baino sakonagoak izan ziren, baina hori horrelako topaketetan normala da. Orain hitzaldi horiek argitaratzea dugu erronka nagusia.

Duela urtebete pasatxo utzi gintuela, baina eginiko ekarpena eta utzitako ondarea itzela izan da hainbat alorretan: ikerketa historiko eta antropologikoan, memoria historikoaren errekuperazioan, toponimian, etnografian, onomastikan, folklorean, artean.. . Zer nabarmenduko zenuke?
Arlo asko dira nabarmendu ahal direnak, baina izan duten eraginagatik, nagusienak lau dira: lehena Erriberako paloteatuen inguruko azterketa, bere ikerketa hauen ondoren, hainbat dantza-taldek berreskuratu baitzuten dantza mota hau; gainera, Transizioaren garaian ikerketa hauek garrantzitsuak izan ziren Erriberako nortasun euskaltzalea hainbat esparrutan aldarrikatzeko.
Bigarrena Nafarroako historia 1917 eta 1939. urteen arteko ikerketak dira. Tarte honetan eztabaida autonomikoa gauzatu zen Nafarroan, Baskongadekin bat egitearen afera, alegia. Herriaren nahi honekin Nafarroako eskuindarrak iruzurren bitartez bukatu zuen. Bestalde, nire aita aitzindaria izan zen 36ko gerratearen errepresioaren ikerketan.
Euskararen historia da bere hirugarren ekarpenik handiena. UEUko topaketetan Txillardegik esan zuen nire aita euskararen historiarentzat Koldo Mitxelena euskal filologiarentzat bezainbeste izan zela. Haren lanekin Nafarroako euskararen historia, batez ere aro modernokoa, argitu digu.
Azkenik, toponimia dugu. Hau da, nire ustez, bere ekarpenik handiena eta aitzindariena.
Nafarroako historia ezagutzeko erreferentzia zuzena da Jose María Jimeno Jurio eta bereziki Nafarroaren sustrai euskaldunari mimo handiz erreparatu zion eta lan eskerga egin zuen.
Hark ikerketa alor asko jorratzen zituen: historia, toponomastika, etnografia eta folklorea… eta horrek guztiak Nafarroaren ikuspegi zehatz eta osatu bat eman zion, eta gure herrialdearen sustrai euskaldunez aritzeko, ezinbestekoa da ikuspegi anitz hori izatea. Gainera, hark euskal mundua ikerketaren bidez deskubritu zuen, bere jatorria oso bestelakoa baitzen.

Bere lana gertutik ezagutzeko parada izan duten pertsonek bere ikerketetan ere jendearekiko zuen hurbiltasuna azpimarratu dute.
Horrek asko lagundu zion. Nolabaiteko magia bat zeukan jendearekin tratatzeko eta jendearen izaerak eta grinak ulertzeko. Gainera, bere egunean apaiza izateak izaera hori izatera lagunduko ziola suposatzen dut. Etnografia, toponomastika eta 36ko gerratearen fusilatuen historiak jasotzeko jendearekiko hurbiltasun hori ezinbestekoa izan zitzaion.

24 libururen eta ehundaka artikuluren egilea, Euskal Dantzarien Biltzarreko Ohorezko Lehendakaria, Ohorezko Euskaltzaina, Eusko Ikaskuntzako Manuel Lekuona sariduna…
Curriculum oparoa bete zuen, baina horri gehiegi erreparatu gabe azken momentu arte lanean aritu izan zen, historiagilea izan zen.
Langile porrokatua zen, eta oso gutxitan egiten zion tartea patxadari. Gainera, harentzat ikertzea hobbia zen, eta asko disfrutatzen zuen. Sariak eta ohoreak ailegatzen hasi zirenean pozik hartzen zituen, baina batzuetan lanetik deskolokatzen zuten, eta nahiago izaten zuen egunerokotasunaren lasaitasuna: ikertzea, nire amarekin paseotxoak ematea, eta abar.

Zu zeu ere historiagilea zaitugu. Berak markatutako bidetik jarraitzeko asmorik al duzu?
Bai, dagoeneko, nire aitarekin batera bi liburu atera nituen, baita artikulu batzuk ere. Nire doktoretza tesiaren gaiak ere bere ikerketa lerro eta metodologiarekin bat egin zuen, eta berak goitik behera zuzendu zidan. Egun nire aitaren lanak berrikusten ari naiz, Pamiela eta Euskara Kultur Elkargoak bere obra guztiak berrargitaratu behar baitituzte.


HERRIEN ELEAK.
Ukraina

Mugan dagoen herria
Munduan dauden ukrainiarrak (ukraintsy) 60 milioi dira gutxi gorabehera. %75 Ukrainan bertan bizi diren bitartean -herri hartako biztanleriaren %80 osatzen dute- gainerakoak inguruko herrietan, Europako Batasunean eta Ipar Amerikan bizi dira. Ukraina hitzak “mugan dagoen lurraldea” esan nahi du eta Europako bigarren Estatu handiena da. 1991ko abuztuan independentzia lortu zuen herri honetan errepublika autonomo bat (Krimea) eta 24 oblasti edo eskualde daude. Hiriburua Kyiv –Kiev- da (2,6 milioi biztanle). Ukrainiarrez gain, Ukrainan beste 128 talde etnikotako lagunak daude: errusiarrak, poloniarrak, bulgariarrak, moldaviarrak…
Ukrainiera hizkuntza eslabiarren ekialdeko azpitaldekoa da. Hiztunek elkar uler dezakete errusieraz edota bielorrusieraz dakiten pertsonekin, baina zenbaitetan ez zaie erraza suertatzen. Dialekto ugariek zerikusi handia dute errealitate etnografikoarekin eta hiru taldetan bana daitezke: hegoaldekoa, hegomendebaldekoa eta iparrekoa. Gaur egungo hizkuntza idatzia XIX. mendean sortu zen eta hiriburuan darabilten moldea du oinarri. Alfabeto zirilikoa erabiltzen dute.
Biztanleen %66,3k ukrainieraz egiten du; %31,3k, berriz, errusieraz. Estatuko hizkuntza ofizial bakarra ukrainiera da eta ukrainieraz ari diren ikasleak gero eta gehiago diren arren, normalean errusiarrek errusieraz jaso dezakete hezkuntza. Horiez gain, moldavieraz, errumanieraz, polonieraz eta hungarieraz ari diren ikastetxeak 219 dira.

Ukrainiarrak gurean
Azpimarratzekoa da Iruñerrian dauden ukrainiarren artean emakume asko daudela. Gehienak neskame lanetan dabiltza; gizon askok, aldiz, Iruñerriko edo inguruko fabriketan egiten dute lan.
Azken bi urteotan Europako ekialdetik etorri zaizkigun pertsonak 1.000 baino gehiago dira. Gehienak Bulgariatik edo Errumaniatik etorri diren arren, datu ofizialek diote 2003ko ekainean 317 ukrainar zeudela Iruñean. Horietako askok euskararen presentzia ikusi eta entzun ahal izan dute, Iruñeko auzo euskaldunenean bizi baitira: Alde Zaharrean, alegia. Eta ez dira gutxi Barañainen bizi direnak; bestelako elkarterik ezean, han dute ukrainiar ortodoxoek topagune garrantzitsu bat: Santa Luisa Marillac ikastetxeko elizan meza ortodoxoa dute egunero. Sergio Stasenko apaizaren arabera osotara 3.000 inguru izan daitezke Nafarroan dauden ortodoxoak.

Karrika 77. 2004ko martxoa

Karrika 77. 2004ko martxoa

Koloretarako anteojuak ikasleontzat

Erantzi zure betaurreko ilun horiek.
Ikusten? Ez dira itzalak. Gure ohiko egurats lainotsuan koloretako izpiak dira. Eta, konturatzen bazara, bazterrotako ñabardurak aldatzen ari dira argi horiei esker. Usadio zahar eta berriak, bertakoak zein kanpokoak, uztartzen hasiak diren seinale.
Begira hor, herri urrun batean jaiotako neskatila Iruñeko lagunekin jolasean. Edo hango langileak, gelditzen zaizkien opor egunetarako planak egiten, Hego Amerikako gaztelania goxoa ahoan dutela. Eta handik pasatu da, “agur” esanez, astean behin euskara ikastera doan lagun marokiarra. Anekdota gainditzen duten irudiak, denon artean eraikitzera goazen harreman berrien isla.
Bai, baina ele politak esanagatik ere, zisku itxietan bizitzen jarraitzen dugu. Orduan, nork eskaintzen ahal ditu inertziak hausteko tresnak? Nahikoak al dira hitzak eta “hezkuntza”, lagunarte orekatuak lortzeko?
Ikasgelak ere irribarre eta soinu berriez blai daude. Eskola eta immigrazioa, pil-pilean dagoen gaia. Ikastetxeetako langileek badakite erronka berriak egokitu zaizkiela, egungo hezkuntza ereduen gabeziak asko direla eta burua janztea komeni zaiela. Baina aldi berean badakite, beste inork baino gehiago, eskola ezin dela harrera-gune bakarra izan.
Hezkuntza, zentzu zabalean (ba al dago modu hertsian irudikatzerik?), eragile eta gune askoren esku dago: eskola, ahaideak, auzoa, hedabideak, kalea, lagun-taldeak eta elkarteak… Jarduera hezitzaileak edonon aurki daitezke. Baina hori bezain garrantzitsuagoa da ulertzea mundu berrian heziketa eta prestakuntzaren onura denoi dagokigula eta integrazioa ezin dela alde batekoa izan. Hartara, gu ere ikasle.
Ikuskera honek kulturei buruzko ideia mugiezinak kolokan jartzeko balio dezake. Izan ere, betaurreko berriak jantziko bagenitu, ikusiko genuke elkar topo egiten dutenak hezur-haragizko pertsonak garela eta ez “kultura” abstraktuak. Kultura ez da bakoitzak aldean daraman objektu bat edo betiko sustraitu zaigun izaera egonkorra, denboraren gurpilean eta batzuetan abiada bizian aldatuz doazen ezaugarriak baizik.
Euskara da eskaini eta konpartitzen ahal dugun ezaugarririk preziatuena, aipatu harremanak garatzen lagunduko diguna. Baina nola eragin elkar ezagutu gabe? Nola nahi dugu besteek gutaz interesik izatea guk haiekiko grina itzalita daukagun bitartean? Karrikirin emateko eta jasotzeko prest egon nahi dugu, norabide askotako ezagutza euskaldunon arteko harremanetarako eta gizarte euskalduna sortzeko onuragarria izanen delakoan.
Bai, zuzen zabiltza, irakurle. Betaurreko berriak ez dira protesiak: jakingura dutenen begiak dira, lausorik gabekoak, gure bizilagunen kolore guztiak ikusteko nahiaz bizi direnak. Eta zu, koloretan ikusteko prest al zaude?



ZENBAT BURU… Inma Errea

Kazetaria, Iruñeko Udaleko itzultzailea eta “Literatura eta harrikoa” bere lehenengo liburuarekin Zelaia sariko finalista izan zen iaz Inma Errea iruindarra. Harekin bere ibilbideaz eta euskal literaturaz solasteko aukera izan dugu.

Aita euskalduna zenuen arren, hamabost urterekin hasi zinen euskara berreskuratzen, ezta?
Bai, adin horrekin jabetu nintzen euskarak nire bizitzan zuen muntaz. Apitxi-amitxiak –aiton-amonak– eskuaraz mintzatzen ziren, eta aita eta osabak ere bai. 15 urterekin, institutuan, euskara ikasten ari ziren lagun batzuk ezagututa ohartu nintzen ni ere euskaraz mintzatzen ahalko nintzela. Hurrengo ikasturtean, Unibertsitatean, euskara ikasten hasi nintzen ni ere, Jose Basterretxea Oskilasorekin. Gero Arturo Campionera jo nuen. Niretako oso erraza izan zen euskara ikastea, eta oso dibertigarria, aldi berean. Etxean erabiltzen genuen gaztelaniatik euskarara kalkoak eta zuzeneko itzulpenak eginik euskarazko egiturekin asmatzen nuen bete-betean, eta Arturo Campionen zegoen giroa oso ona zen, bizi-bizia.

“Literatura eta harrikoa” zure lehenengo liburuarekin Zelaia sariko finalista izan zinen eta lana argitaratua ikusteko aukera izan duzu Pamiela argitaletxearen eskutik. Zer moduzko esperientza izan da?
Literatura eta harrikoa oso azkar idatzi nuen, 6 astetan edo, ganbaran neuzkan ideia batzuek bat egin zuten momentu jakin batean, eta trumilka atera ziren. Izan ere, ganbara batean otu zitzaidan ideia, hautsez estalitako liburu batzuk begiratzen hasi nintzela, gaztetan irakurritako anitz aurkitzean… Hasierako ideia idatzi ahala joan zen mamitzen, eta Zelaia sariaren epemugarako bi aste falta zirela arras urdurituta nenbilen: alde batetik, lana aurkezteko aproposa ikusten nuen, eta, bestetik, oso denbora gutxi nuen den-dena egoki osatzeko. Albainuz josita aurkeztu nuen, eta sorpresa hartu nuen finalisten artean zegoela jakitean. Pamielak argitaratzeko proposatu eta baldintza bakarra jarri nuen: lana osatu nahi nuen, jantzia behin betiko josi. Hori bospasei hilabetetan egin nuen. Orain liburua bere kabuz ari da. Susmoa dut nire belaunaldiko hainbat emakumek ongi hartu dutela. Beste pertsona batzuei berriz aditu diet haiei ez zaiela interesatzen feminismoaren inguruko libururik, beste batzuk izutu egiten dira saiakera dela entzutean, bitxia dela ere esan didate, eta batek izugarri gustatu zitzaiola esan zidan.

Literatura femeninoaz hitz egin baino, nahiago izan duzu literatura eta emakumearen arteko harremanez, gizonez eta bertze hainbat kontuetaz aritzea
Mundua gizon eta emakumeok nola dugun antolatuta ikustea interesatzen zait niri. Interesgarria da ingurura begira paratu eta galderak egiten hastea, puzzlea desegin eta azpian zer dagoen ikustea. Izugarria da nola betikotzat eta betirako jotzen ditugun hainbat gauza. Zergatik erizainetan emakume gehiago dago gizon baino? Eta zergatik da alderantziz idazleetan, medikuetan edo arkitektoetan? Halako errealitateen azpian anitz arrazoi daude, sustrai sakonekoak. Literaturak neurri batean halako egoerak justifikatu ditu, betikotu, baina, ideiak funtsezko materiala izaki, mundua aldatzen ere laguntzen ahal du.

Aipatu izan duzu emakumeak deseroso sentitzen direla/zaretela literatura egiterakoan. Dena dela, azken urteotan euskal literaturaren baitan emakumeen ekarpena nabarmena izan da; Itxaro Borda, Arantxa Iturbe, Ixiar Rozas, Jasone Osoro, Tere Irastortza, Laura Mintegi e. a. Zer iritzi duzu?
Titular batean jarri zuten hori. Esan nahi nuen literaturan dauden moldeak maskulinoak direla oro har, eta molde horietan emakumeok deseroso sentitzen garela gehienetan. Baina gauza bera gertatzen da enpresaren munduan, edo beste edozein lanbidetan. Gizarte-egitura gehienak gizonezkoek eratuak dira. Hor sortzen da emakumeon deserosotasuna.
Egia da, euskal idazleetan gero eta emakume gehiago dago, zuk aipatu dituzuenez gain beste zenbait ere: Arantxa Urretabizkaia, Miren Agur Meabe, Castillo Suarez, Yolanda Arrieta… Eta egingo nuke Mailaren Lujanbio bera ere, bertsolaria izateaz gain, idazle bikaina dela… Zer deritzot horri? Ongi iruditzen zait, jakina, emakumeen ahotsek literatura aberasten baitute. Eta literaturan elkarreraginak inportanteak direnez, gizon idazleengan ere eragina izanen dute!

Eta euskal literaturaren panorama nola dakusazu?
Uste dut ezin dela ukatu euskal literaturak bizi duen unearen interesgarria… Ahots handiak daude, nortasun poetiko handiko idazleak, eta gero eta askotarikoak dira idazleak beraiek, estiloak, generoak, idazkerak… Besterik da literaturaren alde komertziala… Hor ez gaude hain ongi, jakina, gutxi gara euskaraz irakurtzen ahal dugunok munduan… Horregatik bereziki interesgarria iruditzen zait kanpora begira egin daitezkeen itzulpenak. Euskarazko lanak beste hizkuntzetara itzuli eta munduan zabaltzea behar-beharrezkoa da… Produkzio dezente handia dago, horren adibidea da, ene iritziz, lehen ez bezala euskaldun irakurle arrunt batek ezin duela jada argitaletxeak eskaintzen dioten den-dena irakurri.

Aurrekoan Juanjo Olasagarre idazleari irakurri nion euskal literaturan kritika ausardia falta dagoela euskal idazle gutxi dagoelako eta elkarren artean ezagunak. Zer deritzozu?
Txikitasunak abantailak eta desabantailak ditu, eta desabantailen artean izan daiteke elkarren arteko gehiegizko ezagutza dela-eta kritika ez garatzea. Bestetik, euskaldunok beti gabiltzala ondoko hizkuntza esparruetako moldeei begira, ea gauzak nola diren eta molde horiek berak kopiatu nahian. Agian beste molderik asmatu beharko genuke, ez zait bururatzen nolakoa, baina literatur kontuak kudeatzeko beste modu bat. Kritikan, bestalde, guztia ez da urre, mundu zabalean. Begira zer gertatu den Amazon.com web gune horretan, akats informatiko batengatik jakin izan da liburuen idazleek beraiek igortzen zituztela aldeko kritikak…


HERRIEN ELEAK.
Senegal

Baobaben herriak
Senegal 10 milioi biztanle dituen estatua da. Erdiak baino gehiagok nekazaritzan egiten du lan eta %95 musulmanak dira. NBEk plazaratutako Giza Garapenari buruzko Txostenean munduko 20 estatu pobreen artean dago. 1960. urtean lortu zuen independentzia. Diola herria bizi den Casamance eskualdean independentziaren aldeko talde armatuak altxatu ziren 80ko hamarkadan eta egoera ez da oraindik baretu.
Hizkuntza ofiziala frantsesa izan arren biztanleriaren heren batek bakarrik erabiltzen du, eta ez beti. Biztanle askok wolof hizkuntza erabiltzen dute “lingua franca” moduan: 4.840.000 pertsonaren ama hizkuntza da baina ia 8 milioik darabilte eguneroko zereginetan. Beste hizkuntza asko ere badira: peul, fulani, serer, mandingo, soninke, etab.

Senegaldarrak gurean
2003ko datu estatistikoen arabera, Nafarroan Afrikako 8.302 lagun bizi dira, baina Senegalen jaiotakoak 326 dira bakarrik, gehienak gizon gazteak. Ez dira gutxi ikasketa unibertsitarioak eginak dituztenak. Euskal Herriko kostaldeko zenbait herritan arrantzan aritzen dira baina Nafarroan gizonek gehienbat eraikuntzan eta salmentan ibili behar izaten dute. Emakumeek, aldiz, etxeetan, fabriketan… Atzerritarren Legearen ondorioak, etxebizitza eta lana dira pairatzen dituzten arazo nagusienak.
Hainbat lekutan ikusten dute elkar Iruñerriko senegaldarrek: tabernetan, ostiraletan Sanduzelaiko meskitan edo Senegalgo gazte batek Iruñeko Kuria kalean duen “Bao Bab” dendan; bertan Afrikako musika, arropa, jakiak, artelanak eta bestelakoak aurki ditzakete. Eta aipatzekoak dira Berriozarren biltzen den Senegalgo Immigranteen Elkarteak (AISENA) antolatutako bazkariak eta musika tailerrak.
Senegaldarrek hizkuntzak erraz ikasteko ospea dute. Euskaldun arruntok baino hizkuntza gehiago dakizkite: frantsesez, wolofez, peulez eta gazteleraz egiten dute askok, baina ohikoa da senideekin Afrika Mendebaldeko beste hizkuntzaren bat erabiltzea. Zenbaitek euskarazko hitz batzuk ikasi dituzte eta dagoeneko baten bat euskaraz komunikatzeko gai da.

Karrika 76. 2004ko otsaila

Karrika 76. 2004ko otsaila

Ahots berriei adi

Hizkuntza berreskuratzeaz ari garelarik, zenbaitetan ez gara jabetzen lagun askok euskara ikasi dutenean ez dutela ezer “berreskuratu”. Gutako askok euskara irabazi egin dugu. Eta inork ez du horren irabazi handia galbidean jarri nahi izango, ezta?

Ari naiz, baina ez dut ongi egiten
Egia da hiztunok gaitasun desberdinak ditugula, baina eraitsi ditzagun hesiak: gure arteko harremanetan ezagutza mailek ez gaituzte benetako euskaldunon mundua / ikasleak bereizketa mental eta sozial zorrotza egitera eraman behar. Berdin dio nondik gatozen. Denok gara euskaldun, denok ikasten dugu. Eta denok nahi ditugu aukerak dakiguna praktikan jartzeko. Ohar gaitezen, ordea, gehienetan aukerak hezur-mamizkoak direla: gu geu.

Arian-arian
Euskara ez da neuronetan metatzen den ezagutza abstraktu bat gehiago: bizitza eta pentsamoldea antolatzen laguntzen digun indar dinamikoa dugu. Hartara, interesgarria izan daiteke hiztun berriei aditu eta egin dituzten ibilbideen marrazkia egitea, haientzat eta sortuko diren euskaldun ororentzat baliagarriak izan daitezke-eta.
Gogora dezagun guztion motibazioen bultzatzaile izan gaitezkeela, norberaren erritmoak errespetatuz betiere. Azken finean euskaldun berriok hizkuntzaren sustapenean protagonismoa hartzea da kontua, estatistika bateko datu hotzak baino askoz gehiago izan daitezen: mintzaide biziak.

Harira etorriz: denok aritu
Hiztun berrien ahaleginak euskal komunitate anitzean ordaina jaso beharko luke. Honek esan nahi du besteak beste gure artean ere lan pedagogiko ederra egokitzen zaigula. Hasteko, egin diezaiegun euskaraz ulertzeko gai diren guztiei, jokamoldearen garrantzia gutxietsi gabe: hiztun guztien aurrean jarrera irekia eta abegikorra erakutsiz gero, oharkabean haien hizkuntzarekiko atxikimendua sendotzen lagunduko dugu.
Euskaldun guztion ardura da ikasten ari direnei laguntza ematea. Izan ere, eskailera osatugabean gora goaz, baina falta diren mailak –gune berriak, sareak…jarri ezean, batzuk jauzi arriskutsuak egitera behartuta egonen dira eta baten batek atzerako bidea hartzeko gogoa izan dezake. Osotasunaren bila ahots berriekin batera ari bagara samurragoa izango da horiek eraikitzea eta ez da inor eroriko. Horra erronka.



ZENBAT BURU… Gontzal Agote

Duela hiru urte Nabarra aldizkaria karrikaratzea bururatu zitzaienean, burutik jota ote zeuden pentsatuko zuen batek baino gehiagok. Denborak aurrera egin ahala, ordea, euskal prentsan euren tokia aurkitu eta Nafarroan zegoen hutsune bat bete dute. Eduki anitzak eta kalitateko diseinuaz gain, kolaboratzaile sorta oparoa eskaintzen du hilero Nabarrak eta, horregatik guztiagatik, Argia saria jaso zuen iaz. Aldizkariaren koordinatzailea den Gontzal Agotaren eskutik eginiko ibilbidea gertutik ezagutzeko parada izan dugu.

Nola sortu zen Nabarra, Nafarroan euskara hutsez eginiko lehenengo hilabetekaria?
Orain dela hiru urte baino gehiago erokeria bat egiteko momentua zela bururatu zitzaigun eta ba al da euskal hilabetekari kulturala egitea baino erokeria handiagorik? Ez genuen oso argi nolakoa izanen zen sortuko zen alaba, baina, hori bai, argi genuen euskalduna eta polita nahi genuela. Eta horrela jaio zen Nabarra (aspaldian bere kabuz ibiltzen ikasi zuen).

Laster hiru urte beteko dituzue. Erronka handia izan zen foru lurraldean molde honetako proiektu bati hasiera ematea. Zer moduz orain arte eginiko ibilbidea?
Inguru honetan euskaraz egiten den edozein gauza erronka handia da (askotan delitu ere izan daiteke), baina Nabarra hasi aurretik jakin bagenekien gauzak ez zirela errazak izanen, inork ez zigula deus oparitu behar. Hori hala izanda ere, ez dut uste kexatzen denbora askorik galdu behar dugunik, alderdi positiboari begiratu behar diogu: jende asko izan dugu gure ondoan hasieratik (milesker!) eta, hiru urte pasatuta, oraindik segitzen dugu matraka ematen.

Biltzen dituzuen edukiei arreta berezia eskaintzeaz gain, diseinu lanetan ere kalitateko lana eskaintzen duzue.
Hasieratik oso argi izan genuen ahalik eta itxura ederrena izanen zuen aldizkaria egin behar genuela, ez baitu deusetarako balio oso testu onak egitea diseinu kaskar batengatik inork irakurri behar ez baditu. Esan beharra dago lan horretarako sormen handiko diseinugile fina dugula, Joseba Beramendi jauna, eta diseinuaren arrakastaren errua berea da, ehuneko ehunean. Batzuetan eztabaida batzuk sortzen dira portada batzuen kontura, baina ekaitza horietan azkenean eguzkia nagusitzen da beti.

Kolaboratzaileen zerrenda oparoa da. Hasieratik eman diozue garrantzia horri, ezta?
Halabeharrez gure lan taldea txikia denez, aldizkari txukun bat egin ahal izateko laguntzaile multzo bat osatzea erabaki genuen. Eskertzekoa da horiek guztiek gugan jarri duten konfiantza, horietako asko Nabarra proiektu hutsa zenean, oraindik aldizkaria karrikan ez zegoenean, gurekin kolaboratzeko prest agertu ziren. Ez dakit oso ongi ba ote zekiten non sartzen ziren! Gure kolaboratzaileekin oso pozik gaude eta haien lana da benetan aldizkariari distira ematen diona.

Nola ikusten duzu gaur egun euskal aldizkarien egoera?
Pixkanaka-pixkanaka gauza berriak sortzen ari dira, oso motel bada ere, eta aurretik zeuden aldizkari asko egonkortu dira. Baina euskaldunok dugun merkatua (hitz itsusi hori erabiltzerik badago) oso mugatua da eta arazo handiena ondoan dugun erdal aldizkari mordoarekin lehiatu behar izatea da, eta hori ez da makala. Dagoeneko ez da aski aldizkari bat euskaraz izatea jende euskaldun militanteak eros dezan, gaur egun kalitateko argitalpena eskaini behar duzu. Zorionez, gure artean gero eta aldizkari txukunagoak ikusten ditugu, nahiz eta oraindik bide luzea dugun euskal kioskoa behar bezala janzteko.

Nabarra aldizkaria karrikaratzeaz gain, Nabarreria enpresaren bitartez bertzelako proiektuak bideratzen dituzue. Etorkizunari begira zer pauso egiteko asmoa duzue?
Apirilean hirugarren urtea eginen du Nabarrak eta nik uste dut oso garai aproposa izaten ahal dela hainbat aldaketa sartzeko, baina kontuan izan behar duzue gure baliabideak nahiko mugatuak direla eta ez dakit zein puntutaraino izanen den posible buruan dugun guztia paperera eramatea. Hala ere, gure asmoa hori da, aldizkaria gero eta gehiago osatu, eduki berriekin eta, ahal dela, kalitate handiagorekin. Saiatu, saiatuko gara… auskalo lortuko dugun!


HERRIEN ELEAK.
Berbereak

Libreak eta ez barbaroak
Maroko eta Aljeriako herritarrak izendatzeko askotan “magrebiar” hitza erabiltzen dugu. Arabieraz mendebaldekoa esan nahi du; Maroko “Al-Maghrib” da arabieraz. Baina magrebiarrak arabiarrak al dira, orduan?
Magrebiar askok ez daki edo gaizki egiten du arabieraz, beste hizkuntza bat dutelako. Berbereak orain bizi diren lekuetan zeuden VII. mendean arabiarrak heldu zirenean. Beren buruei “Imazighen” –gizaki askeak- deitu arren, gure artean “berbereak” izenaz ezagunagoak dira. Herri berbereak hitz egiten dituen hizkuntzen artean, Tamazight da gehien zabalduta dagoena: 3.000.000 hiztun Marokon (batik bat Atlas-en) eta 500.000 Aljerian (Kabilian) eta beste zenbait herritan. %40 elebakarrak dira.

Berbereak gurean
Europako Batasunean Marokoko etorkinen %65 berbereak dira. Euskal Herriko erroldek ezer gutxi esaten dute herritar hauen nortasun kulturalaren inguruan, etorkinak jatorrizko Estatuen arabera sailkatzen baititu. Gainera, gutako askorentzat zaila da berbereak bereiztea gehienak musulmanak direlako eta gero eta gehiagok arabieraz egiten duelako gurean.
Egia da etxean eta haien arteko harremanetan berberea erabiltzen jarraitzen dutela, baina Afrikan hizkuntza gutxitua da eta hemen ere erabilgarriagoa egiten zaie arabiera haien berezko hizkuntza baino. Prentsan, satelite bidezko telebistan (oso garrantzitsua Maghreb-etik etorri direnentzat) eta etorkinentzako zerbitzuetan arabieraren aukera nagusi da. Hala ere, irratiaren bidez posible da saioak entzutea berbereaz.
Euskal Herrian Marokoko etorkinen elkartearen barruan etorkin berbereen kolektibo bat dago: AZRAF. Tamazight kultura eta hizkuntza ezagutarazi nahi dute baina hori ez da batere samurra: azaroan, adibidez, “Ahozko inprobisazioa munduan” jardunaldietara etorri nahi zuten bi bertsolariri Marokok herritik ateratzeko baimena ukatu zien.
Orain dela urte batzuk arabiarrak eta berbereak bildu nahi dituen elkartea sortu zen Iruñean: CABE du izena, eta kide gehienak Marokoarrak dira. Horietako batzuk, jatorri desberdinetako beste lagunekin batera, gure hizkuntza ikasi nahi dute eta datozen asteotan euskarazko klaseak hartuko dituzte immigranteen arloan eta euskalgintzan diharduten zenbait elkarteren eskutik.

 

Karrika 75. 2004ko urtarrila

Karrika 75. 2004ko urtarrila

Euskararen etxean eroso

Ezagutzen duzu norbait gai dena txiste bat arrakastaz kontatzeko, telebistako esatari baten hizkera eta doinua erabiliz? Imajinatzen duzu ikasle bat ahozko azterketa bat egiten unibertsitateko irakaslearen aurrean, parrandetan lagun artean erabiltzen dugun hizkuntza mota erabiliz? Bi kasu horietan hiztuna lekuz kanpo dago. Harridura (baita haserrea ere) eragin dezake eta, behintzat, helburua oztopatuta geldituko da: txistearen arrakasta zero izanen da eta irakasleak pentsatuko du adarra jotzen ari den ikasle lotsagabea duela aurrean.
Horrelako egoerak nahita sortzen baditugu, ondorioak aurreikusiko ditugu. Okerrena da, askotan, egoera bakoitzean egokia den hizkera menperatzen ez dugulako erabiltzen dugula erabiltzen duguna, eta, noski, horrela ezin gara eroso sentitu. Izan ere, badakigu zerbaitek huts egiten duela, adibidez, etxeko niniari helduei bezala egiten diogunean. Euskaldun batzuek erregistroz betetako errepertorio aberatsa dute. Euskararen armairua jantziz beteta daukate eta egoeraren arabera janzten dute txandala, trajea edo jaietako arropa. Beste batzuek, berriz, errepertorio urria dute, erregistro bakarrekoa, eta txandalez (edo gorbataz) joan behar dute leku guztietara.
Egia da, hala ere, norberak baduela, bizimoduaren arabera, behar handiagoa edo txikiagoa erregistro gehiago edo gutxiago erabiltzeko. Dena dela, eroso sentitzeko denok behar ditugu erregistro, esateko era, jantzi batzuk. Bestela, elebidunak bagara (eta bagara) gertatuko zaigu etxean sukaldeko altzariak, edo komunekoak, edo ohea, besterik ez duen pertsonari gerta dakiokeena: egun osoa emanen du auzokidearen etxean, edozein aitzakia hartuta. Hau da, geuk ere auzoko hizkuntzan hartuko dugu ostatu edozein aitzakiarekin: “ohitura falta daukat”, “hirugarren horrek ez du ongi ulertzen”, “lotsa ematen dit”, “hanka sartzeko beldur naiz”…
Hizkuntza erabiltzea hizkuntzaren errepertorioa aberastea da, eta hizkuntzaren errepertorioa aberasteak hizkuntza maizago erabiltzea errazten du. Ez da gurpil zoroa, bi norabideko prozesu aberasgarria baizik. Gai honetaz gero eta gehiago mintzatzen da euskaldunon komunitatean. Sakontzeko aukerak ere baditugu lehen ez genituenak; Karrikirik hurrengo otsailean antolatutako ikastaroa, esaterako. Ez galdu aukera hau euskararen etxean erosoago sentitzeko.



ZENBAT BURU… Kike Amonarriz

Telebistan eginiko umore saioengatik ezaguna da jendartean, baina Kike Amonarriz euskalgintza munduan lanean murgilduta dabil aspaldiko partez eta egun Argia astekarian sustapen lanetan dihardu. Horretaz gain, umorezko hiru liburu idatzi ditu, euskararen alde gozagarriak aldarrikatzeko asmoz sorturiko baina sekula bildu ez den Zazpiak Batman taldeko partaide dugu eta azkeneko hilabeteotan Euskal Herrian barna hitzaldi ludikoak ematen ari da.

Jende aunitzek telebistan eginiko umore saioengatik ezagutzen zaitu, baina alderdi serioago bat jorratuz hizkuntzari lotutako gaiak eta lanak egin izan dituzu, ezta? Zertan zabiltza azken boladan?
Azken bi urte eta erdi honetan ARGIA astekarian nabil buru-belarri lanean. Baina, horrekin batera, “Euskara lardaskatzeko manerak” hitzaldia ematen dut Asisko eta Antton Olariagarekin eta hizkuntzaren inguruko beste hainbat lan eta proiektutan ere banabil.

Aspaldixko-edo Argia astekariko sustapen sailean hasi zinen. Azkeneko boladan izandako gertaerez zer iritzi duzu?
Gertaera horiek guztiak nazionalismo baztertzaile baten mentalitatearen ondorio dira, desberdin den guztia mehatxutzat hartzen duen mundu ikuskera atzerakoi eta inperialista batena. Euskalgintza eta ETA parekatu dituen estrategia horren helburua euskal kulturaren aldeko lana oztopatzea eta galgatzea da, hizkuntza normalizazioa estatu batasunaren arrisku ikusten duelako.
Eraso horri aurre egin ahal izateko, euskalgintzak estrategia politiko zaharkituak gainditu behar ditu. Hizkuntza normalizazioak gizartearen eta erakunde publikoen babesa behar du eta, horretarako, estrategia adostuetara iritsi beharra dago, baldintza politiko sozial egokiak sortuz. Eta horretarako ezinbestekoa iruditzen zait distentsio egoera batera heltzea.

Nola ikusten duzu euskal hedabideen egoera?
Gure egiturak ahulak dira eta gure presentzia txikia, gero eta produktu hobeak izan arren. Ahalegin handien ondorioz aurki daitezke egunero, astero edo hilero euskarazko egunkari eta aldizkariak kioskoetan. Epaileek ere ulertzen ez duten esfortzu kolektibo erraldoi baten ondorioz kaleratu da “Berria”. Baina etorkizunak gure egiturak eta gure presentzia soziala indartzea eskatzen du. Eta horretarako bi bide daude: herritarren atxikimendua handitzea eta erakunde publikoek euskal prentsari sostengu indartsuagoa ematea.

Hitzaldi ludikoek jasotako harrera onari erreparatuz, euskaraz modu erakargarriagoan bizitzeko beharra badagoela erranen al zenuke?
Euskaldunok eta euskarak aurrera egingo badugu, ezinbestekoa izango da gure hizkuntza komunitatea eta gure ekoizpen soziokulturalak erakargarriak izatea.
Euskarak gozatzeko, ziria sartzeko, maitatzeko, adarra jotzeko, jotzeko, dibertitzeko, e.a. balio ez badigu… zertarako nahi dugu?

Gazte hizkera landu duzu eta, berriki, sakelako telefonoen bidez igortzen diren mezuetarako kode liburu bat prestatu duzu aipatu bi lagun horiekin batera. Nola ikusten duzu euskara eta gazteak binomioa?
“Euskara eta helduak” edo “Euskara eta zaharrak” binomioak baino hobeto. Kezkatzeko arrazoiak daudela? Bai, noski! Baina, hala ere, noiz entzun da gaur adina euskara Iruñerriko gazteen artean? Hori ez dela aski? Badakigu! Horregatik gabiltza gabiltzan bezala. Baina etorkizuna baikor ikusten dut.

Idazle lanetan ere aritu izan zara. Berriki antolatutako Durangoko Azokak izandako arrakasta alde batera utzita, kulturgintzako hainbat lagunek euskal kulturaren kontsumo apala izan dute hizpide. Zer deritzozu?
Euskarazko kultur produktuen kontsumoak ez du gora egin, euskararen ezagupenaren gorakadaren proportzio berean. Globalizazioaren eta inguruko estatuen hizkuntza menperatzaileetan ekoitzitako produktuen indarra eta kontsumoa oso handiak dira. Gure indarrak txikiak direla jakinik ere, etorkizuna gure botere mailaren eta sormen ahalmenaren araberakoa izango da neurri handi batean. Kultur produktu erakargarriak sortu behar ditugu, horretarako ezinbestekoak diren azpiegiturak ahalbideratu behar direlarik eta eragile guztien artean produktu eta zerbitzu horiei ahalik eta zabalpen eta oihartzunik handiena eman behar zaielarik.