Karrika 53. 2001eko abendua
Orekan, Herrien eta hizkuntzen ekologiaz
Garai bateko ekologiaren ideiek inguru fisikoari erreparatzen zioten gehienbat: natura gizakien erasoengandik babestu beharra zegoen, ingurunea eta gizateria bereizgarriak izango balira bezala. Errealitatean oinarritzen ziren intuiziook azken hamarkadotan gauza eta izaki guztien arteko harremana kontuan hartzen duen pentsamendu berri bat osatzen lagundu dute: kontserbazionismo hutsa alboratu eta garapen bideragarriaz hitz egiten dugu orain.
Ez da nahikoa. Ekologia bere osotasunean ulertu behar dugu: pertsonen arteko harremanak eta naturarekiko eragina ezin dira bereizi; justiziarik gabeko gizarte batek gero eta kalte handiagoak eragiten ditu ingurune osoan, eta bidegabekeriak desagertzen ez diren artean desoreka eta ezinegona nagusi izanen dira munduan.
Desoreka hau kultur arloan ere islatzen da. Hortaz, herri eta hizkuntzen ekologiaren alde egitea balore etikoak dituen kontzientzia berri bat eraikitzea da. Harreman zapaltzaileek -bazterkeria, norberekeria, besteekiko ezaxola…- denon ondasun eta eskubideak hutseratzen dituzte, herrien nortasuna eta kultur adierazpenak tartean. Beraz, hizkuntz aniztasuna bermatzea giza ondarearen oreka ekologikoa mantentzeko erabaki saihestezina da: aniztasun honen mesedetan, euskaldunok herri bezala irauteko premia dugu: hau lortzeko gai gara, baina horretarako egunero lan egin behar dugu.
Gizakiak berdintasunean sinesten duela esaten duen arren, harropuzkeriaz jokatzen du. Diskurtso eta ekintzen arteko kontraesana kezkatzekoa da, baina zurikeriatan ari denaren ezaugarri honek beste intuizio bat ere adierazten du: lehen bezala, bidezidor malkartsu eta okerretatik gabiltza, baina, sasi artean, denon ongizatea lortzeraino eramango gintuzketen bideak zein izan daitezkeen sumatzen hasiak gara.
Xamar-ek idatzi berri duen “Orekan. Herri eta Hizkuntzen Ekologiaz” liburuak behar dugun ikuspegi osoa lortzen lagundu diezaguke. Unibertsoa, Lurra, gizakia, mintzaira, hizkuntzak, hizkuntz komunitateak eta herriak; izarren hautsa zena, bizigai. Izaki guztion arteko lotura estuaz ohartuko bagina eta elkarren beharra dugula ulertuko bagenu, bizitzak azaleratzen dituen itxura, nortasun eta hizkuntz ezberdinen aurrean begirunez eta berdintasunaren grinaz jokatzen saiatuko ginateke.
Berdintasunaren printzipioa eta interdependentzia aniztasunean… Bizitzaren mintzoa ulertzeko biziaren hizkuntzaz ari gara. Hitz ederrak, alajaina! Eta hitzak ere bizitzatik sortuak dira. Goazen bada bizitzera eta hitzak bizitzera: bakarka zein taldeka, lagunartean, auzokoekin eta ezezagunen aurrean, saia gaitezen inoiz baino beharrezkoagoa zaigun utopia bideragarri hau gauzatzen: izaki, herri eta hizkuntz komunitate desberdinen elkarbizitza aberasgarri, zuzen eta orekatua, hemen eta orain.
Bukatzeko, aipatu liburua irakurtzera gonbidatzen zaituztegu, bertan gure herriaren iraupenaren beharraz kontzientzia pizteko inoiz agortzen ez den erregaia aurkituko duzuelako.
ZENBAT BURU… Xamar
Juan Carlos Etxegoien Juanarena, “Xamar”, Garraldako Xamarrena etxekoak, “Orhipean. Gure herria ezagutzen” eta “1898, Garralda” liburuak idatziak zituen orain gutxi arte. Elkarrizketa honetan plazaratu berri duen hirugarren liburuaz-“Orekan. Herri eta Hizkuntzen ekologiaz”- eta beste zenbait kontuz hitz egiteko aukera izan dugu berarekin.
Euskal komunitatearen egoerak kezkatzen al zaitu? Nola baloratzen duzu egungo egoera?
Nola ez, nere egoera pertsonala eta familiarra baita. Guk, euskaldunak izanik, ezin garatu dugu gainerako pertsonek bezala. Iruñean (edo Bilbon, Donostian, Baionan…) erdaldun batek ez du oztoporik erdaraz bizitzeko; gu diglosikoak izatera beharturik gaude, praktikan eta teorian ere (legeek bermatzen baitute erdaren nagusitasuna). Erdaran guzia erreztasun eta malda behera den bitartean, Euskaran zailtasun, oztopo eta “lujo asiático” –nafar (?) gobernuak errana–.
Egungo egoera ez da berria, erasoak indarberriturik badatozkigu ere. 1901ean, adibidez, Nafarroako gobernadoreak eskoletan Euskara erabiltzea debekatu zuen; inperialismoa eta faxismoa aspaldidanik ezagutzen ditugu, demokraziaz mozorroturik heldu badira ere. Kezkagarriena gure erantzuna da ahula, konplexuz beterik…
Zer egingo zenuke jendearen Euskararekiko motibazioa areagotzeko, hau da, elebakar erdaldunek Euskaraz ikas dezaten eta elebidunek Euskara erabil dezaten?
Egina dut dagoeneko: OREKAN Herri eta Hizkuntzen ekologiaz. Gauza anitz izateaz landa, hori ere bada: motibazioan sakontzeko saioa. Diskurtsoan dago gakoa, “el del vasco” izateaz asperturik nago. Ulertu behar dugu ez gaudela -–bereziki– Euskararen alde, gu Biziaren alde gaudela baizik, munduko kultur aniztasunaren alde, ohartuz (eta ohartaraziz) mintzoa gure beharra dela gu izaten jarraitzeko eta, bidenabar, yanomami, boskimano, dakota, ainu… munduko herri guzien aldeko ekimena dela, Gizadi osoaren garapenaren aldekoa delakoz.
Nola suertatu zen zure azken liburu hau egiteko aukera?
Ideia aspaldikoa zen, baina gisa honetako liburu batek denbora osoa eskatzen du (ikasteko, idazteko, ilustratzeko…). Bilbon Zenbat Gara elkarteko adiskideek berehala ulertu zuten material honen garrantzia eta bere egin zuten egitasmoa. Haiei esker gauzatu ahal izan da.
Nafarroako euskalgintzan aritzen diren herri mugimenduei zer nolako hutsuneak ikusten dizkiezu?
Munduko borondate hoberena ez da aski, tamalez, egoera orokorrari aitzin egiteko eta noraezean gabiltza (kasu, hemen eta Nafarroa atlantikoan ere). Luze litzateke galderari ongi erantzutea eta, hain zuzen ere, hauxe da hutsunetariko bat: uste izatea guzia ihardesten (eta konpontzen) dela esaldi batekin; beti “formula magikoaren” bila gabiltza, pilula sendagarri amets: herri mugimenduetan, haur eta helduen irakaskuntzan… Hori bai, hizkuntzaren (edo zernahiren) aldeko manifak arras ongi ateratzen zaizkigu, zer jendeketak!.
Zure ustez, Nafarroako euskaldunok garrantzia ematen al diogu benetan euskararen eta euskal kulturaren garapenari?
Galdera bera egoeraren adierazgarria da. Galderak hauxe behar luke izan: guk garrantzia ematen al diogu gure garapenari? Baina, normalak izanik (edo normalak izan nahirik), galderak ez du zentzurik. Nork ez dio bere garapenari garrantzia ematen? Euskara errebindikazio zerrendan gai bat gehiago den bitartean, gureak egin du: eskubide historikoak, euskal selekzioa, emaztearen eskubideak… eta Euskara. Ez, ez da hola izan behar; horrela Euskara eta euskal kultura pluraleko 3. pertsona dira: haiek; baina hizkuntza ez da gu gabe eta gu ez gara gu Euskararik gabe, erran nahi baita, aipatutakoak pluraleko lehen pertsona dira: gu. Gu gara Euskara.
Honetaz ohartuko bagina, ez ginateke hau bezalako galderak egiten eta erantzuten ibiliko, ez baitute zentzurik, munduko pertsona guziok normalak izateko beharra dugulakoz, jakina.
SOZIOLINGUISTIKA.
Zer ordutan aterako da Rangunerako hegazkina? Hizkuntza funtzioak
* Aireportu batean informazioa eskatzea (7)
* Literatur liburua norberarena ez den hizkuntzaz irakurtzea (6)
* Unibertsitatean ikastea edo nazio mailako telebista ikustea (5)
* Ogia erostea edo dentistarenera joatea (4)
* Laborategiko txostena irakurtzea (3)
* Seme-alabekin jolastea edo lagunarteko parranda egitea (2)
* Hurrengo egunean lantokian egin behar ditugunak buruz errepasatzea (1)
Aipatutako adibideak, batzuk besteak baino ohikoagoak, hiztunok egiten ditugun jarduerak dira. Guzti-guztietan hizkuntza behar dugu. Dena den, hiztunen ikuspuntutik hizkuntzen ikuspuntura pasatuz, hizkuntza guztiek ez dute jarduera mota horietan guztietan garatzeko aukerarik, ez dute, beraz, funtzio guztiak garatzeko aukerarik.
Hizkuntza funtzioen azalpen asko aurki ditzakegu, baina arrakastatsuenetarikoa Txepetxek egindakoa daukagu (Goiko adibideen ondoan dauden zenbakiak beheko eskema honetako zenbakiekin bat datoz):
(7) FUNTZIO INTERNAZIONALA
(6) ZIBILIZAZIO FUNTZIOA
(5) FUNTZIO NAZIONALA
(4) FUNTZIO LOKALA
(3) LAN FUNTZIOA
(2) FAMILIA F.
(1) IDENTITATE F.
Txepetxen azalpena jarraituz, teorikoki, hizkuntza orok eskalaren zazpi funtzioak bete ditzake. Praktikan, aldiz, funtzio internazionala hizkuntza gutxik daukate. Zibilizazio funtzioa ere ez da oso arrunta, maizago agertu arren. Are gehiago, beherago dauden funtzioak ez betetzea gertatzen da, funtzio nazionala hizkuntzaren biziraupena ziurtatzeko ezinbestekoa den arren. Horrelako kasuetan, gizartean beharrezkoa den funtzio multzoa garatzeko (1etik 5era) hizkuntza bat egon beharrean bi hizkuntza agertu ohi dira; alegia, bi hizkuntza eskailera bakar batetarako: diglosia egoera, hain zuzen.
Funtzio internazionala eta zibilizazio funtzioa bakarrik ikaspen kulturalaren bidez lortzen dira, familia eta identitate funtzioak, aldiz, bakarrik ikaspen naturalaren bidez.
Hizkuntzaren estatusa eskailera horretan betetzen duen mailarik altuenarekin pareka daiteke. Estatusa aldakorra da. Portugesak, adibidez, estatus ezberdina dauka Portugalen (6) edo Espainiar Estatuko etorkinen artean (2/1). Historian zehar gertatzen den aldakortasuna ere nabaria da.
Euskararen kasuan aldaketa garaia da oraingo hau. Non kokatuko zenukete euskara funtzioen eskaileran?