1999/12/1 | Karrika
Eskubideek justifikaziorik ez
Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren arabera, gizaki orok dauzka eskubide eta askatasun guztiak, arraza, kolore, sexu, hizkuntza, erlijio, politikazko zein bestelako iritzi, jatorri nazional edo sozial, egoera ekonomiko, jaiotza edo beste edozein kondiziorengatik inolako bereizkeriarik onartu gabe. Gaur egungo gizartean nor ausartuko litzateke honen guztiaren kontra dagoela esatera?
Gehiengoarentzat eskubide horiek guztiak ukaezinak omen dira. Hala eta guztiz ere, deklarazio honek finkatzen dituen eskubideak ukatuak eta erasotuak izan dira etengabe.
Hizkuntz eskubideei dagokienez ere, elkarrenganako errespetua sustatu beharrean, herrien arteko desberdintasunak eta lehiakortasuna bultzatu dira maizegi. Batzuk, munduko hizkuntz oparotasuna ongi ikusten ez dutenez, aspaldi ekin zioten hizkuntz aniztasunaren aurkako tokian tokiko borrokari. Askotan, agintean daudenek ere aurreiritzietan oinarritutako heziketa bat eta ezjakintasuna aldi berean sustatu dituzte, hizkuntza jakin batzuk erabiltzeak dakartzan abantailak argudiatuz. Horixe da larriena: eragindako iritziak badirela, eta bere asmoak aitortzen ez dituzten aginte-guneetatik ere zabal daitezkeela.
Bartzelonako Unibertsitateko irakasle Jesus Tusonek “Hizkuntz aurreiritziak” liburuan iradokitzen diguna hizkuntz eskubideei buruzko arau etiko batzuk gizartean onartuak izan daitezen lan egin behar dugula. Beste hitzetan esanda, izaki, herri, kultura eta hizkuntza guztiak berdinak direla eta haien arteko gaitasunik ez dagoela baieztatzea, inolako justifikaziorik eman gabe. Berak dioenez, 1996ko martxoan plazaratu zen Hizkuntz Eskubideen Deklarazio Unibertsala abiapuntu interesgarri bat izan liteke.
Ezberdintasunaren sustapenaren aurka borroka egitea beharrezkoa da. Eta horretarako, hezkuntza integratzaile berri baten defentsa egin beharko genuke, tolerantzia gainditu gizabanakook justifikaziorik behar ez duten eskubideak defendatzeko prest baldin bagaude, hezkuntza integratzaile baten defentsa sozial bat egin beharko genuke, tolerantzia gainditu eta bizikidetasunaren alde egingo duen hezkuntza bat, hezkuntza-sistemaz gain, komunikabideak ere inplikatuz.
1999/11/1 | Karrika
AB=BA?
Zu, zer zara? AB edo BA? Terminook ez dira gauza bera, kasu honetan ordenak esanahi handia baitu; ez da hain ekuazio zaila, baina bi aldeek ere balio handia dute. Zu bata edo bestea izan zaitezke. Zarena zarela, ekuazio horrek, matematikarik jakin gabe ere, asko esaten ahal digu zure historian buruz, hiztun zaren aldetik bederen. Eta zera dira: hizkuntza ikasteko jarraitu duzun bidearen adierazleak. Zeren eta, bi bide baititugu hizkuntzak ikasteko. Etxean, gurasoengandik jaio eta 1ehen hizkuntzaz euskaraz bazenuen, bidearen A zatia egina duzu; geroago hizkuntza maila altua iritsi baduzu, trebea bazara eta euskara kultur hizkuntza baduzu, B zatia ere bai. Hori deitzen dugu hiztun oso izatea.
Bestela ere, heldutakoan ikasi bazenuen euskaraz, modu kulturalean esan dezagun, euskaltegi edo barnetegitan, liburuetatik edo, eta gero, pixkanaka euskara gero eta barnerago sartu bazaizu, eta zure gogoan eta ametsetan guztiz txertatua baduzu,ama hizkuntza duzun maila berean, orduan zuk ere bidearen bi zatiak eginak dituzu, lehen B zatia eta gero A zatia, beste ordena batean beraz. Ikusten? Ekuazioa ez zen hain zaila. Hamar lerrotan ikasi dugu hizki horiek zer ziren, eta gauza gara gu zer garen esateko, AB izatera edo BA izatera iritsi garen.
Izan ere, ikastaro garaia da hau; baduzu non aukeratu, Karrika jasotzen duzunez: gurean dantza edo soziolinguistika, euskaltegietan hizkuntza, nonahi zabaltzen dira ateak ikasteko gogoa duenarentzat. Euskarari dagokionez, bide guztiak egin arte. Guk euskara menperatu arte; euskarak gu menperatu arte…
Bide guztiak esan dugu, ez ahaztu. Nafarroa Oinezkoa ez baita bide bakarra. Horretan ere bide egiten da, biharko euskaldunak AB edota BA izan daitezen; bideA eta Bidea, ttipi-ttapa, ttanttaz-ttantta. Hara, aurtengo ibilbidean barrena ongi ikasiko zenuen bustidura deitu fenomenoa zertan den…
1999/10/1 | Karrika
Kexatik harantz prestakuntza
“Arlo askotarako ez du balio hizkuntza honek”. “Galduko balitz, ez litzateke gauza handirik gertatuko”. Etengabekoak izan ohi dira Euskarak jasaten dituen eraso “dialektikoak”. Hedabide askotan zabaldutako argudioak Euskararen aurka egiteko tresna nagusi bilakatu dira. Izan ere, begi bistakoa da komunikabideek iritzia sortzeko orduan daukaten ahalmen erabakigarria eta hau guztia badakigu ia segurutzat jotzen dugun arren, badirudi honek daukan garrantziari askotan ez diogula behar bezala erreparatzen.
Seguru gaude zuk ere, irakurle, maiz aditu eta irakurri dituzula holako argudioak. Gehienetan, esaldi hauek euskaldun askorengan sortzen duten eragina emozio batzuk piztean datza: amorrua, sumindura, nazka… Kexu egoteko ziorik ez da falta. Baina oraingo honetan haratago joan nahi dugu. Ezagutzen al ditugu benetan egunero komunikabideetan agertzen diren iritzien muina, jatorria, helburua? Nori zuzenduta daude? Eta, garrantzitsuena dena, ba al dakigu honi guztiari erantzun egoki bat ematen ? Kontziente al gara benetan argudio hauetako askori darien ahultasun dialektiko eta teorikoaz?
Kontua ez da Euskararen egoeraren “errudunen” bila joatea. Norbaitek esan zuen hizkuntzaren egoera larria besteei, kanpokoei bakarrik boteaz, aitzakia bat ematen diegula euskaldunei beren burua zuritzeko eta bertan goxo egoteko. Egia esan, arrisku hori egon badago eta saihestu beharko genuke gure kontzientzia indartuz, baina gizartean Euskararentzako kontzientzia berri bat sortu nahi badugu, beste gauza askoren artean, ezinbestekoa da aurkako argudio hauek guztiak taxuz aztertu eta ulertzea. Horretarako, eta Euskararen inguruko beste gai askotarako, soziolinguistikak tresna teoriko baliagarriak gure esku jartzen ditu. Saia gaitezen horiek ezagutzen: azken orrialdean ikusiko duzunez, Karrikirik aurten honen guztiaren inguruan egingo du ikastaro bat.
Gezurrak eta maltzurkeriak agerian uzteak ez ditu aurkakoak konbentzituko, baina euskaldungotik aparte bizi direnen borondatea erakartzeko balioko digulakoan gaude. Eta hala ez bada, gure arrazoibidea sendotuko dugu, dudarik ez.
1999/09/1 | Karrika
Guk zeresana badaukagu
Azken hilabete hauetan hurrengoak garai gogorrak izango direla aipatu da hemendik eta handik. Dirudienez, Iruñeko (eta Nafarroako) euskaldunak euskaraz bizitzeko aukera izan dezagun lan egiten ari garenok bide aldapatsuagoa daukagu aurrean. Egia esanda, normalizazio prozesuetan horren garrantzitsua den eragileetariko bat: administrazioa eta berarekin lotuta dagoen boterea horren nabarmenki euskaldunen eskubideen kontra agertzeak ez du ezer onik aurreikustarazten. Dena den, aurreko garaiak ere ez dira lauak izan: azken mendeetan administrazioak ez du inoiz benetako borondaterik izan euskal komunitateko hiztunek jasan dugun bazterkeriarekin bukatzeko. Beraz, garai gogorrak bai, baina tamalez ez berriak. (gehiago…)
1999/07/1 | Karrika
Minutu bateko manifestua
Lingua Vasconum, Lingua Navarrorum, Lingua Vasca, Limba Vasca, Llengua Vasca, Lengua Vasca, Langue Basque, Basque Language, Baskische Sprahe, Baskische Täl, Baskitski Jazyk, Baskisk Sprog, Jelzik Baskiski, Bask Sprok, Baski Ezin, Bask Nielv, Vaskii Jazik, Basko Simi, Ibaskiki Glosa, Baskin Kieli, Baski Keeli, Baski Geld, Urrulimi Baski, Uzuelelu Vasko, Nkobe Vasco, Ludimi Bask, Bakeren Lezou, Aluga Baskia, Basuku Go, Pachike Yü, Bask Ki Ke, Leilali Bask, Euskera, Üskara, Euskerie, Euskara: Gure hizkuntza da. (gehiago…)