Ximun Fuchs, Berria, 2019/12/08
https://www.berria.eus/paperekoa/1956/040/001/2019-12-08/satorrak.htm
Joan den asteburuan, elkarretaratze batean egon nintzen, biribilgune batean. Deus berezi, euskaldunok egin ohi dugun protesta arrunt bat, ezarriak zaizkigun neurri bereziak onartezinak direla adierazteko. Nekea eta haserrea komunitatean partekatzeko elkarretaratze bat. Euskaldunak, abereak bezala, ezin gara egon edo bizi nahi edo behar dugun lekuan. Gure nazionalitate arrotza azpimarratzeko asmoz seguruenik, burdinazko tresneriarekin markatuak gara. Azala eta arima erre, geure buruaz ez gaitezen jabetu sekula santan. Han, txikitako lagun bat ikusi nuen; beraz, eta besarkatu ondoan, nire azken artikulua irakurri zuela hitz hauekin adierazi zidan: «Zer, zuek beti marmar, negarrez edo? Ez al da ongi ibiltzen Zaldi Urdina?». Eta irriz hasi zen, ziria sartuz. «Ezetz, ba, ongi dela egurra ematea», erantsi zidan, lasaitu nahian. Baina arrazoi du; artistak, laborariak edo merkatariak bezala, ez gara sekula pozten: euria eskas edo gehiegi, eguzkia berdin…
Orduan, oraingoan poztea erabaki dut. Milaka pertsona hurbildu zaizkigu Zaldi Urdina ikustera, eta eskuetatik eskapatzen zaigu. Gu baino handiagoa den fenomeno txiki bat bihurtzen ari da. Jendea trumilka, tribuan, familian edo lagun taldean etortzen da gure ikustera. Eta antzezlana baliatzen du berea den historia bat aipatzeko. Taldean hitz egiteko, eta intimitatean bizi izan diren zauriak partekatzeko. Beren minez, bizipenez, beldurrez, galdutako senideez, mintzatzen da jendea. Antzezlanak komunitatea egiten du. Familien motxila, estigma, lotsa, erru sentimendua, eta euskal gizarteak jasan duen azken sarraskia, arrats bateko hitzorduan, doi bat arintzen da. Antzezlan hau ez da gehiago gurea. Komunitateak bere egin du.
Euskal Herrian milaka gazte erail dira, nahitara, molde antolatuan, heroina dela medio, Hiesa-eta tarteko. Belaunaldi pare bat desagertu dira herri batzuetan. Eta gazte horiek guziak, herriak, familiak, bakar-bakarrik sentitu dira min horrekin… Haien zama, mina eta hutsunea adierazteko, ez da lekurik, ez bada molde pribatuan. Sarraski hau ez da sartzen euskal gatazkaren kontakizunean. Gatazkarik ez omen da, izan ere, pentsa… Orduan, bai, zoriontzekoa da gure komunitatearen gaitasuna elkartzeko eta mintzatzeko ausardia ukaitea oraindik. Minak ez du isildu euskal komunitatea: antzezlan ostean, ikusi ditugu gurasoak haurrarekin aipatzen osaba edo izebaren eskasa, lehengusua, alaba, amona…. Memoria herrikoi bat elikatzen ahal da antzerkiz, eta euskaraz.
Arrakasta aipatzen segitzeko, Jaurlaritzak atera berri du inkesta bat, non agertzen den euskaldunek antzerkia «kontsumitzen» dutela gero eta gehiago. Hainbatek (%40k), euskal antzezlan bat ikusten dute urtean. Zenbaki ederra da, baina ez du kontatzen ezkutatzen dena: zenbat antzezlan ikus ditzaket euskaraz urtean, eta zenbat erdaraz? Iparraldean 300 bat frantses ikuskizun «kontsumitu» ditzaket urtean; eta euskaraz, zenbat? 30? 40, asko jota? Zenbat euskal antzerki talde bizi da bere ofizioaz? Zenbat ikuskizun estreinatzen da urtean hiru aktore baino gehiago dituena? Zenbat hamar aktore baino gehiagorekin (ez bada herri antzezlan bat)? Eta proportzioa handitzen da zinemaz hitz egiten hasten bagara. Hor basamortutik hurbiltzen gara. Gure historia kontatzeko ahalbide txikiak ditugu, oso txikiak komunitate bezala. Ez dakit nahitara edo nagikeriaz hartaratu garen. Edo ezjakintasunez. Edo pixka bat denetarik.
Kezka horren haritik doa euskal sorkuntza prekaritatean mantentzea. Ez baita kasualitate bat. Erabaki guneetan, bigarren mailako gaitzat kontsideratzen da gure artea, pintxo potea hornitzeko ekimena, noizean behin ama edo amona ateratzeko aitzakia, edo haurrak entretenitzeko modua. Baina gure historiaz jabetzeko? Gure etorkizunaz arduratzeko? Gure pentsaera propioa garatzeko tresneria izateko? Saretzeko? Ordu pare batez euskaraz askatasun osoz bizi, minutu bakar batean pentsatu gabe euskaraz ari garela. Hots, komunitate aske bat bezala bizi. Begi bistakoa da gotorlekua zein den, aski da ikustea Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin gertatu dena Iruñean. Gure intimitatea, transmisioa eta elkargunea bihotzean erasotzen da. Hor molde agerian erasoa egin bada, besteetan molde zuhurragoan egiten da, molde ekonomikoan, ezintasuna aitzakiatzat emanez. Gezur hutsa denean, zeren Euskal Herria ez da herri pobre bat. Aski da Baionatik Bilborako bidea zeharkatzea eta ikustea nolako enpresa puskek, eta etxe-gazteluk edo zelai berdek osatzen duten gure herria. Maleruski, urteroko aurrekontuen negoziazio korapilatsuetan kultura edo arte hitzak ez dira aipatu ere egiten…
Izaeraz satorrak gara, eta eskerrak. Gauez, guk soilik ezagutzen ditugun lurpeko hoditeria batzuei esker, antzokietan biltzen gara. Marra gorriak pasatzeko plazerra gure komunitatearen kirol kuttunenetariko bat da. Eta itsuak gara behartutako marra gorriei. Bizirik iraun dugulako, mintzatzen segitzen dugu eta mintzatuko gara. Kirola ez al da ona osasunerako? Izan gaitezen gizarte osasuntsu bat, eta josta gaitezen marra gorri, beltz edo zuri guziekin. Bil gaitezen, pozaren harira.
Hemen:
https://www.berria.eus/paperekoa/1956/040/001/2019-12-08/satorrak.htm