Azalekoan, horixe bada, uztailaren 10ean Ondarruko gure lagun eta beste hainbat kiderekin batera ospatuko dugun Arrantzale egunaren 16. edizioa. Badakizue, etorri nahi izanez gero, agudo ibili eta hartu txartela gure bulegora deituz edo bertaratuz. Eta horrekin batera, ekainaren hasieran egindako bazkideen batzarraren berri ere ematen dugu, baita Zaldiko Maldiko, Muthiko Alaiak eta Iparraldeko Begiraleak taldearekin eginiko Karrika gurea da ekimenaren bertze edizioaren aipamena egin ere. 

Larrabetzuko Literaturia ferian ere izan ginen ekainan eta aurten ere euskal literaturarekin eta euskal kulturarekin gozatzeko aukera izan genuen berriro ere.

Agendaren atalean, ekitaldi aunitz, oraingoan batik bat Sanferminei dagozkionak, baina baita barnetegiak, udako ikastaroak, kanpaldia eta hainbat lehiaketa.

Euskalgintzako ekarpenen tartean, uztaileko alean, Arantxa Iturberen kazetari eta idazlearen artikulu interesgarria berriki Madrilen jaso zuen Max sariaz eta elkarrizketaren atalera, aldiz, aurten 30. urte bete dituen Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartea ekarri nahi izan dugu orain arte eginiko ibilbidearen berri ezagutzeko asmoz.

Eta hilabete honetako Karrikiriren gomendioen artean, Lutxo Egiaren “Txakur ingelesa” eta Andrea Camilleriren “Gauaren usaina” liburuak eta Gontzal Mendibilen “Neure txiki polita” eta Xutik taldearen “Mukaki zpirit” diskak.

Eta hasieran esandakoa, Sanfermin usaia dariola eta gure Karrikiriko dendan ere (Xabier jaitsiera 4) Sanferminetan murgilduta gaudela jada, beraz goitik behera zuri-gorriz jantzi nahi baduzue, pasa lehenbailehen. Maialen Lujanbiorekin batera eginiko elastiko polita txuriz atera dugu, jaietan ere “herri hau sortzen segi dezagun, euskaratik eta euskaraz”.