Orkestrak eusten dio sinfonia bukatugabea
Andante. Euskaltzaleon orkestra zuhur abiatu zen. Aretoaren baldintza akustikoak ez ziren hoberenak eta tresnaren bat zaharkitua zegoen. Hala ere, nota leunak airean zabaldu ahala gero eta entzule gehiago hurbiltzen ziren. Komunikazioa gauzatzen hasia zen eta bakarlari iaioen garaitik elkarlanaren arora pasatu ginen.
Presto. Kementsu aritu gara urte askoan eta ekinaren ekinez tentsio musikala iraunarazten jakin izan dugu. Tresna jotzaileen trebetasuna garai batean garrantzitsua izan zen inprobisazioa ordezkatzen ari da. Orkestra erraldoi eta aske honetan ez gabiltza perfekzioaren bila: ez dugu batutadun zuzendaririk eta gu geu gara konpositoreak. Gure nahiei bakarrik jarraitzen diegu, baina prestakuntzarik ezak desafinatzeko arriskua dakar. Halere, kide bakoitzak duen tresnarik garrantzitsuena –euskara- zaindu eta fintzen badu, eta besteekin duen harremanari arreta jartzen badio, ez dugu tonua galtzeko beldurrik izanen.
Allegro ma non troppo. Haizea kontra izanda ere, doinuari ongi eutsi diogula erakutsi dugu. D ereduko ikasle kopurua gorantz, euskararen kale erabilera egonkor, motibazioek sendo jarraitzen duten zantzuak… Soinulariok aurreko malenkoniari agur esateko arrazoiak ditugu. Baina hauek ez dira pozaren pozaz ibiltzeko garaiak. Alde batetik, diskordantziak saihesteko gehiago ezagutu behar dugu elkar. Bestetik, goiko palkuetatik musikarion aurkako jarrerak ez dira baretu. Izan ere, soinua ez da behar besteko indarraz hedatzen ari.
Molto vivace. Mugimendu honetan soinulari guztiok hartzen dugu parte. Ezberdinak gara oso. Baina nork bere funtzioa ezagutzen duenez, orkestra koherentzia eta oreka lortzen saiatzen da. Bibolinak, xirulak, tinbalak eta tronpetak… Lana, borondatea, hausnarketa eta aldarrikapena. Orkestrarena talde lana da. Zenbait arlotan lortu dugun erritmo biziari eusteko, besteei adi egotea eta nagusikeriarik gabe jardutea da kontua. Euskalgintzaren musikan ezer eta inor ez dago soberan, eustetik zabaltzera pasatzea baitugu helburu.
Ez dugu txalorik nahi: gure doinuek komunikazioa baino ez dute bilatzen. Ikusle gutxi eta soinu egile asko izan nahi dituen orkestra garenez, bakarka aritzeari utzi eta gurekin jotzeko gonbita egin nahi dizuegu. Animatzen zara?
ZENBAT BURU… Sortzen Ikasbatuaz
Noiz sortu zen Sortzen-Ikasbatuaz erakundea eta zer helbururekin?
1992an jaio zen sortzen erakundea. Euskal irakaskuntza garatzeko eta balizko erasoei erantzuteko ikastetxeen arteko tresna izateko.
Hasieratik bultzatutako euskal eskola publikoaren aldeko aldarrikapen nagusiarekin batera, hainbat proiektu bideratu dituzue. Horien artean aisialdiko monitoreen lan poltsa bat sortu zenuten. Zer moduz joan da?
Hauxek dira une honetan Sortzen Ikasbatuazek bideratzen dituen proiektu pedagogikoak:
– Euskaraz mintza: Nafarroan 9 ikastetxetan martxan dagoen proiektua, euskara arlo ez formalean ikasleek duten hutsunea gainditzeko asmoz. (2.520 ikaslek parte hartzen dute)
– Kimuberri: Murgiltzeari laguntza goiztiarra 2 urtetan (Amaiur ikastolan) 16 haurrek parte hartzen dute.
Aixe- aisialdia: aisia hezkuntza ikuspegitik eta hizkuntzaren tratamendu egokitik garatzeko programa. Une honetan 60 monitore kontratatuta ditu Aixek eta 15 ikastetxeetako eskolaz kanpoko jarduerak kudeatzen ditu.
Berriki eginiko Ikastolen Elkartearen XI. Jardunaldi pedagogikoetan hezkuntzaren barnean ahozkotasunari eman beharreko garrantzia azpimarratu dute hainbat adituk. Aipatu lan poltsa horretaz gain, Sortzenetik arreta berezia eskaini diozue gai honi eta horren froga da iaz aurkeztu zenuten aisialdiko ekintzak euskaraz kudeatzeko programa. Ikastetxe batzuetan lanean aritu zarete. Zer moduzko esperientzia izan da?
Ditugun programa guztiak honi heltzeko helburuarekin egiten ditugu, aspaldidanik, horren beharra oso argi dugulako.
Aixeri dagokionez, une honetan 2 koordinatzaile ari dira lanean, monitoreaz gain. Aurrerapen handia egin da monitoreen lan egoerari dagokionez (Denek kontratua eta gizarte asegurantza dauzkate), hizkuntzaren kalitate aldetik arreta berezia jartzen dugu eta programazioi eta didaktika aldetik aurreratzen ari gara poliki-poliki. Orain dela 2 urtetik hona arlo honetan oso jauzi kualitatibo handia egin dugula iruditzen zaigu.
Aurtengo matrikulazio datuak nahiko onak izan dira. Zer deritzozue?
Oso pozgarria da une honetan botere politiko administratiboak bideratzen ari diren politika negatiboa kontuan hartuz, Nafar gizarteak gure kultura propioarekiko duen atxikipen handia egiaztatzen baita.
Bertzelako lan arlo batzuk jorratu dituzuela uste dut. Zertan dira?
Gure lan ildoak hauexek dira:
Euskal irakaskuntzaren defentsaren alorrean lan ardatz batzuk jorratu ditugu azken urte hauetan:
– D ereduaren defentsa.
– Ingelesa- euskara kontrajartzearen kontrako jarduera. Hizkuntz ereduen dekretoak eta ingelesaren ezarpena.
– LOCEren kontrako jarduera
– Euskal irakaskuntza publikorako finantziazio egokiaren aldarrikapena
Heldu den hilean, urtero egiten duzuen Euskal Eskola Publikoaren festa ospatuko duzue? Zer prestatu duzue egun horretarako?
Euskal eskola publikoaren aldeko IX. festa egingo da, ekainaren 6an, Takonera parkean, “euskarari bidea eginez” lelopean.
Hauxe da prestatu duguna:
Eszenatoki txikian:
– 10.30ean jaiaren aurkezpena ( Berriozarko zanpantzar txikia, txalaparta, bertsolariak…)
– 11.00etan: abesbatzak ( Mutiko, Atarrabiako abesbatza, Eskolania)
– 12.00etan bertso saioa
12.30ean haur kantari
13.00 pilota txapelketaren sari banaketa
13.30ean herri kilolen sari banaketa
13.45ean txalaparta emanaldia
17.00etan triki mako (birziklai tailerra)
Eszenatoki handian:
11.00etan Takolo Pirritx eta Porrotx
12.30ean: hip-hop emanaldia
13.15ean Mikelats txistu taldearen emanaldia
16.00 – 20.00 kontzertua. Keltiar, Soublind, Kerobia, Ajari Guam, Koma, Tximeleta9
Bistabellan:
11.30ean herri kirolak, ikastetxeen arteko herri kirol topaketa
11.00-14.00: Dantza taldeak (Axular, Elorri, Elordi, Amaiur; Uharte Idoskia)
Egun osoan barna:
Kale animazioa (Txantreako erraldoi txikiak, zezentxoak, gaiteroak, txarangak…)
Eskoletako tailerrak (eskola bakoitzak jaima bat jartzen du eta bertan haurrentzako gauza desberdinak eskaintzen dira, esku- lanak, jolas txikiak, aurpegiak margotzea eta abar).
Txosnak.
HERRIEN ELEAK.
Bolivia
Urrea balio duten herriak
Gaur Bolivia eta antzina Alto Peru deituriko herrian kokatua dagoen Potosín urrea aurkitu zuten XVI. mendean. Garai hartan euskal kolonia nagusi zen hango kolonizatzaileen artean. Esaten denez, zortzi milioi indiar hil ziren Potosíko meatokietan, konkistatzaileek (euskaldunek barne) morroi erabili baitzituzten.
Gaur egun bestelako urreak eskaintzen dizkigu 8,5 milioi biztanle dituen Boliviak. Esaterako, langile eta nekazarien mugimenduak, duintasunez bizi nahi duten gizon eta emakumeen indarra eta bizirik jarraitzen duten mintzoak. Hizkuntza nagusiak hiru dira: aimara –jatorrizkoa; adibidez Evo Morales aimara da-, kitxua -Peru aldetik etorri ziren konkistatzaile inkek ekarria- eta gaztelania.
“Aimara” kontzeptuak Titikaka inguruan bizi diren 12 talde desberdin biltzen ditu baina aimararrek beren herriari “qulla” izena ematen diote. Ondoan duzuen irudia “wiphala” da, Andeetako herrien ikur koloreanitza.
Boliviarrak gurean
Agintariek egin ohi zuten sailkapenaren arabera, esan genezake Iruñerrian bizi diren Boliviar gehienak Cochabamba, Santa Cruz eta Beni aldetik etorri diren choloak edo mestizoak direla. Indiarrak ere badaude, eta zuriak oso gutxi dira. Gehienak emakumeak eta 20-35 urte bitartekoak dira. Hizkuntzei dagokienez, transmisioan etenak gertatu dira eta oro har ez dituzte Boliviako berezko hizkuntzak ongi menperatzen.
2001. urtean oso gutxi ziren Iruñean bizi ziren Boliviarrak: 39. Baina Espainiak ez die Boliviarrei bisaturik eskatzen (ekuatoriarrei bai, ordea) eta kopurua igo da: 160 inguru Iruñerrian eta 380 Nafarroa osoan. Horietako batzuk Arrosadian bizi dira eta orain dela bi urte elkarte bat osatzea erabaki zuten: ASOBOL, Nafarroako Boliviarren elkartea. Zaragoza etorbideko Pauldarren lokaletan biltzen dira eta helburuak bazkideei atzerritartasun legeaz informatzea –izan ere, hemengo boliviar gehienek ez dute paperik-, Bolivian garapen proiektuak sustatzea eta nafarrei Boliviako errealitate kulturalaren berri ematea dira.