Koloretarako anteojuak ikasleontzat

Erantzi zure betaurreko ilun horiek.
Ikusten? Ez dira itzalak. Gure ohiko egurats lainotsuan koloretako izpiak dira. Eta, konturatzen bazara, bazterrotako ñabardurak aldatzen ari dira argi horiei esker. Usadio zahar eta berriak, bertakoak zein kanpokoak, uztartzen hasiak diren seinale.
Begira hor, herri urrun batean jaiotako neskatila Iruñeko lagunekin jolasean. Edo hango langileak, gelditzen zaizkien opor egunetarako planak egiten, Hego Amerikako gaztelania goxoa ahoan dutela. Eta handik pasatu da, “agur” esanez, astean behin euskara ikastera doan lagun marokiarra. Anekdota gainditzen duten irudiak, denon artean eraikitzera goazen harreman berrien isla.
Bai, baina ele politak esanagatik ere, zisku itxietan bizitzen jarraitzen dugu. Orduan, nork eskaintzen ahal ditu inertziak hausteko tresnak? Nahikoak al dira hitzak eta “hezkuntza”, lagunarte orekatuak lortzeko?
Ikasgelak ere irribarre eta soinu berriez blai daude. Eskola eta immigrazioa, pil-pilean dagoen gaia. Ikastetxeetako langileek badakite erronka berriak egokitu zaizkiela, egungo hezkuntza ereduen gabeziak asko direla eta burua janztea komeni zaiela. Baina aldi berean badakite, beste inork baino gehiago, eskola ezin dela harrera-gune bakarra izan.
Hezkuntza, zentzu zabalean (ba al dago modu hertsian irudikatzerik?), eragile eta gune askoren esku dago: eskola, ahaideak, auzoa, hedabideak, kalea, lagun-taldeak eta elkarteak… Jarduera hezitzaileak edonon aurki daitezke. Baina hori bezain garrantzitsuagoa da ulertzea mundu berrian heziketa eta prestakuntzaren onura denoi dagokigula eta integrazioa ezin dela alde batekoa izan. Hartara, gu ere ikasle.
Ikuskera honek kulturei buruzko ideia mugiezinak kolokan jartzeko balio dezake. Izan ere, betaurreko berriak jantziko bagenitu, ikusiko genuke elkar topo egiten dutenak hezur-haragizko pertsonak garela eta ez “kultura” abstraktuak. Kultura ez da bakoitzak aldean daraman objektu bat edo betiko sustraitu zaigun izaera egonkorra, denboraren gurpilean eta batzuetan abiada bizian aldatuz doazen ezaugarriak baizik.
Euskara da eskaini eta konpartitzen ahal dugun ezaugarririk preziatuena, aipatu harremanak garatzen lagunduko diguna. Baina nola eragin elkar ezagutu gabe? Nola nahi dugu besteek gutaz interesik izatea guk haiekiko grina itzalita daukagun bitartean? Karrikirin emateko eta jasotzeko prest egon nahi dugu, norabide askotako ezagutza euskaldunon arteko harremanetarako eta gizarte euskalduna sortzeko onuragarria izanen delakoan.
Bai, zuzen zabiltza, irakurle. Betaurreko berriak ez dira protesiak: jakingura dutenen begiak dira, lausorik gabekoak, gure bizilagunen kolore guztiak ikusteko nahiaz bizi direnak. Eta zu, koloretan ikusteko prest al zaude?



ZENBAT BURU… Inma Errea

Kazetaria, Iruñeko Udaleko itzultzailea eta “Literatura eta harrikoa” bere lehenengo liburuarekin Zelaia sariko finalista izan zen iaz Inma Errea iruindarra. Harekin bere ibilbideaz eta euskal literaturaz solasteko aukera izan dugu.

Aita euskalduna zenuen arren, hamabost urterekin hasi zinen euskara berreskuratzen, ezta?
Bai, adin horrekin jabetu nintzen euskarak nire bizitzan zuen muntaz. Apitxi-amitxiak –aiton-amonak– eskuaraz mintzatzen ziren, eta aita eta osabak ere bai. 15 urterekin, institutuan, euskara ikasten ari ziren lagun batzuk ezagututa ohartu nintzen ni ere euskaraz mintzatzen ahalko nintzela. Hurrengo ikasturtean, Unibertsitatean, euskara ikasten hasi nintzen ni ere, Jose Basterretxea Oskilasorekin. Gero Arturo Campionera jo nuen. Niretako oso erraza izan zen euskara ikastea, eta oso dibertigarria, aldi berean. Etxean erabiltzen genuen gaztelaniatik euskarara kalkoak eta zuzeneko itzulpenak eginik euskarazko egiturekin asmatzen nuen bete-betean, eta Arturo Campionen zegoen giroa oso ona zen, bizi-bizia.

“Literatura eta harrikoa” zure lehenengo liburuarekin Zelaia sariko finalista izan zinen eta lana argitaratua ikusteko aukera izan duzu Pamiela argitaletxearen eskutik. Zer moduzko esperientza izan da?
Literatura eta harrikoa oso azkar idatzi nuen, 6 astetan edo, ganbaran neuzkan ideia batzuek bat egin zuten momentu jakin batean, eta trumilka atera ziren. Izan ere, ganbara batean otu zitzaidan ideia, hautsez estalitako liburu batzuk begiratzen hasi nintzela, gaztetan irakurritako anitz aurkitzean… Hasierako ideia idatzi ahala joan zen mamitzen, eta Zelaia sariaren epemugarako bi aste falta zirela arras urdurituta nenbilen: alde batetik, lana aurkezteko aproposa ikusten nuen, eta, bestetik, oso denbora gutxi nuen den-dena egoki osatzeko. Albainuz josita aurkeztu nuen, eta sorpresa hartu nuen finalisten artean zegoela jakitean. Pamielak argitaratzeko proposatu eta baldintza bakarra jarri nuen: lana osatu nahi nuen, jantzia behin betiko josi. Hori bospasei hilabetetan egin nuen. Orain liburua bere kabuz ari da. Susmoa dut nire belaunaldiko hainbat emakumek ongi hartu dutela. Beste pertsona batzuei berriz aditu diet haiei ez zaiela interesatzen feminismoaren inguruko libururik, beste batzuk izutu egiten dira saiakera dela entzutean, bitxia dela ere esan didate, eta batek izugarri gustatu zitzaiola esan zidan.

Literatura femeninoaz hitz egin baino, nahiago izan duzu literatura eta emakumearen arteko harremanez, gizonez eta bertze hainbat kontuetaz aritzea
Mundua gizon eta emakumeok nola dugun antolatuta ikustea interesatzen zait niri. Interesgarria da ingurura begira paratu eta galderak egiten hastea, puzzlea desegin eta azpian zer dagoen ikustea. Izugarria da nola betikotzat eta betirako jotzen ditugun hainbat gauza. Zergatik erizainetan emakume gehiago dago gizon baino? Eta zergatik da alderantziz idazleetan, medikuetan edo arkitektoetan? Halako errealitateen azpian anitz arrazoi daude, sustrai sakonekoak. Literaturak neurri batean halako egoerak justifikatu ditu, betikotu, baina, ideiak funtsezko materiala izaki, mundua aldatzen ere laguntzen ahal du.

Aipatu izan duzu emakumeak deseroso sentitzen direla/zaretela literatura egiterakoan. Dena dela, azken urteotan euskal literaturaren baitan emakumeen ekarpena nabarmena izan da; Itxaro Borda, Arantxa Iturbe, Ixiar Rozas, Jasone Osoro, Tere Irastortza, Laura Mintegi e. a. Zer iritzi duzu?
Titular batean jarri zuten hori. Esan nahi nuen literaturan dauden moldeak maskulinoak direla oro har, eta molde horietan emakumeok deseroso sentitzen garela gehienetan. Baina gauza bera gertatzen da enpresaren munduan, edo beste edozein lanbidetan. Gizarte-egitura gehienak gizonezkoek eratuak dira. Hor sortzen da emakumeon deserosotasuna.
Egia da, euskal idazleetan gero eta emakume gehiago dago, zuk aipatu dituzuenez gain beste zenbait ere: Arantxa Urretabizkaia, Miren Agur Meabe, Castillo Suarez, Yolanda Arrieta… Eta egingo nuke Mailaren Lujanbio bera ere, bertsolaria izateaz gain, idazle bikaina dela… Zer deritzot horri? Ongi iruditzen zait, jakina, emakumeen ahotsek literatura aberasten baitute. Eta literaturan elkarreraginak inportanteak direnez, gizon idazleengan ere eragina izanen dute!

Eta euskal literaturaren panorama nola dakusazu?
Uste dut ezin dela ukatu euskal literaturak bizi duen unearen interesgarria… Ahots handiak daude, nortasun poetiko handiko idazleak, eta gero eta askotarikoak dira idazleak beraiek, estiloak, generoak, idazkerak… Besterik da literaturaren alde komertziala… Hor ez gaude hain ongi, jakina, gutxi gara euskaraz irakurtzen ahal dugunok munduan… Horregatik bereziki interesgarria iruditzen zait kanpora begira egin daitezkeen itzulpenak. Euskarazko lanak beste hizkuntzetara itzuli eta munduan zabaltzea behar-beharrezkoa da… Produkzio dezente handia dago, horren adibidea da, ene iritziz, lehen ez bezala euskaldun irakurle arrunt batek ezin duela jada argitaletxeak eskaintzen dioten den-dena irakurri.

Aurrekoan Juanjo Olasagarre idazleari irakurri nion euskal literaturan kritika ausardia falta dagoela euskal idazle gutxi dagoelako eta elkarren artean ezagunak. Zer deritzozu?
Txikitasunak abantailak eta desabantailak ditu, eta desabantailen artean izan daiteke elkarren arteko gehiegizko ezagutza dela-eta kritika ez garatzea. Bestetik, euskaldunok beti gabiltzala ondoko hizkuntza esparruetako moldeei begira, ea gauzak nola diren eta molde horiek berak kopiatu nahian. Agian beste molderik asmatu beharko genuke, ez zait bururatzen nolakoa, baina literatur kontuak kudeatzeko beste modu bat. Kritikan, bestalde, guztia ez da urre, mundu zabalean. Begira zer gertatu den Amazon.com web gune horretan, akats informatiko batengatik jakin izan da liburuen idazleek beraiek igortzen zituztela aldeko kritikak…


HERRIEN ELEAK.
Senegal

Baobaben herriak
Senegal 10 milioi biztanle dituen estatua da. Erdiak baino gehiagok nekazaritzan egiten du lan eta %95 musulmanak dira. NBEk plazaratutako Giza Garapenari buruzko Txostenean munduko 20 estatu pobreen artean dago. 1960. urtean lortu zuen independentzia. Diola herria bizi den Casamance eskualdean independentziaren aldeko talde armatuak altxatu ziren 80ko hamarkadan eta egoera ez da oraindik baretu.
Hizkuntza ofiziala frantsesa izan arren biztanleriaren heren batek bakarrik erabiltzen du, eta ez beti. Biztanle askok wolof hizkuntza erabiltzen dute “lingua franca” moduan: 4.840.000 pertsonaren ama hizkuntza da baina ia 8 milioik darabilte eguneroko zereginetan. Beste hizkuntza asko ere badira: peul, fulani, serer, mandingo, soninke, etab.

Senegaldarrak gurean
2003ko datu estatistikoen arabera, Nafarroan Afrikako 8.302 lagun bizi dira, baina Senegalen jaiotakoak 326 dira bakarrik, gehienak gizon gazteak. Ez dira gutxi ikasketa unibertsitarioak eginak dituztenak. Euskal Herriko kostaldeko zenbait herritan arrantzan aritzen dira baina Nafarroan gizonek gehienbat eraikuntzan eta salmentan ibili behar izaten dute. Emakumeek, aldiz, etxeetan, fabriketan… Atzerritarren Legearen ondorioak, etxebizitza eta lana dira pairatzen dituzten arazo nagusienak.
Hainbat lekutan ikusten dute elkar Iruñerriko senegaldarrek: tabernetan, ostiraletan Sanduzelaiko meskitan edo Senegalgo gazte batek Iruñeko Kuria kalean duen “Bao Bab” dendan; bertan Afrikako musika, arropa, jakiak, artelanak eta bestelakoak aurki ditzakete. Eta aipatzekoak dira Berriozarren biltzen den Senegalgo Immigranteen Elkarteak (AISENA) antolatutako bazkariak eta musika tailerrak.
Senegaldarrek hizkuntzak erraz ikasteko ospea dute. Euskaldun arruntok baino hizkuntza gehiago dakizkite: frantsesez, wolofez, peulez eta gazteleraz egiten dute askok, baina ohikoa da senideekin Afrika Mendebaldeko beste hizkuntzaren bat erabiltzea. Zenbaitek euskarazko hitz batzuk ikasi dituzte eta dagoeneko baten bat euskaraz komunikatzeko gai da.