Eta horrela ibiltzen gera…

Eta horrela ibiltzen gera…
Urratsez urrats, ibilian egiten dugu bidea. Arinago ba-tzuetan, emekiago bestetan. Ttipi-ttapa, jauzika, zialdoka edo zuzen, baina atzeraka behin ere egin gabe. Gure berezko erritmoaz, bidaide gehiago lortuz eta mugarriak gaindituz.

…sortuz ta sortuz gure aukera…
Gune berri bat sortu dugu, garena are gehiago sustraitu nahian. Ikusmira eta aukera berriak eskaini nahi izan ditugu beti eta erakusleiho hau horren isla izanen da. Sormen lana da gurea, eta lan horretan helmugara hel-tzea eta egunero arian-arian segitzea gauza bera dira.

…atsedenik hartu gabe…
Jakin dezatela ez garela inoiz lokartuko, aurrera egitearen zirrarak esna mantentzen baikaitu. Ezerk ez du gure martxa motelduko eta plazerrari uko egin gabe ere, tinko, samurki eta gogotsu jarraituko dugu lanean.

…lana eginez goaz aurrera…
Ekinaren ekinez, gure jarduerak aurrera ateratzen lagunduko duen amets txiki bat gauzatu dugu. Honekin eta bestelako hariekin Iruñerriko euskaldunon arteko sareak josten gabiltza, gure komunitaterako zerbitzu hobeak eskaini nahi dituen taldea gaituzuelako.

…kate horretan denok batera…
Elkarren nahian gaude. Eta kate honetan gauden guztiok gero eta euskalgintza biziagoa lortzen ari gara. Pertsonak, elkarteak, ideiak, dendak, ukitzen ahal diren utopiak… Euskalgintzan etsipena baino ez dago soberan: etorkizuna denon oihalez janztera goaz.

…gogorki loturik gaude…
Egiten ditugun gauzetan sinesten dugu, eta horri esker energiaz blai bizi gara. Euskaldunon babes bakarra gu geu garela jakinda, guztion arteko harremanei mesede eginen dien lokarri berria egin dugu. Denok traineru berean, denok arraunari eragiten.
Karrikiriren magalean haziko den jaioberri kuttunari ongi etorria eman nahi diogu. Horrela, Karridendak abenduaren 9an irekiko ditu bere ateak. Eror zaitez tentaldian eta zatoz ezagutzera!

 

 



ZENBAT BURU… Olatz Arrieta

Astigarragan sortu zen Olatz Arrieta eta Euskal Herriko Unibertsitatean ikasketak burutu ondoren, nazioarteko politikan master bat egitera abiatu zen New Yorkera. Kazetari lanetan Zarauzko telebistan eman zituen bere lehenengo urratsak eta 1995ean Moskura joan zen errusiera ikasteko asmoz. ETB eta Euskadi irratiko berriemaile gisa aritu zen eta bertako hauteskundeak eta Txetxeniako lehenengo gerra gertutik bizitzeko aukera izan zuen. Bertzelako hedabide batzuendako kolaborazioak egin ditu eta interneten ere aritua da. 2000. urtetik aitzina ETBko be-rriemalea da Estatu Batuetan.

Kazetaritza ikasketak amaitu zenituenean, zer dela eta hasi zinen ETBn lanean eta ez RTVE, A3 edo SER bezalako izen handiko hedabideetan?
Kazetaritza ikasten ari nintzela beka bat eman zidaten ETBko albistegietan aritzeko. Ikasketak bukatu eta beka amaitu zenean, udan, ordezkaritza bat egitea proposatu zidaten eta horrela ETBrako lanean hasi nintzen. ETBn izan nuen telebistako kazetaritza ikasteko eta gertutik ezagutzeko lehenengo aukera.

Hainbat kasutan trabak handiak diren arren, urteek aurrera egin ahala euskal hedabideak ugarituz eta sendatuz joan dira. Euskal kazetaritzaren egoera nola ikusten duzu? zeintzuk dira zure ustez eginiko lorpenak eta bere hutsuneak?
Azken urteotan euskal kazetaritzak aurrerapauso handiak eman dituela uste dut. Trabak egon arren, izugarri ugaritu dira hedabideak eta geroz eta kazetari gehiago dabil euskaraz informazioa ematen. Dena den, egoera oraindik normalizatu ez dela pentsatzen det , euskaraz egiten den kazetaritzak ez du gazteleraz egiten denak duen sona. Euskara indartzen doan heinean hau hobetzen joango da ziu-rrenik, baina oraindik lan handia dago egiteko.

Euskal Herrian hainbat urtez aritu ondoren, Errusia aldera abiatu zinen ETBko berriemale gisa eta gaur egun Estatu Batuetan zabiltza. Bertan eginiko lanagatik, gainera, “Euskadi Gaztea” saria jaso zenuen duela zenbait hilabete. Nola ikusten duzu euskal berriemaileen lana nazioartean?
Euskal berriemaileen sarea ez da oso handia baina handitzen doa. Nik gehienbat telebista eta irrratiaren kasuak ezagutzen ditut. Albistea dagoen tokietan beti topatzen dut euskaldunen bat nahiz eta askotan kazetaria ez izan eta profesionaltasun falta hori somatu. Berriemaile profesionalen maila ona dela pentsatzen dut. Dena den, albisteak hobeto azaltzeko eta hizkuntza ulergarriago bat erabiltzeko oraindik lan handia egin behar dugula iruditzen zait.

Horrelako tokietan egon zarenean eta bertako jendea elkarrizketatu behar izan duzunean zein izan da haien erreakzioa zure jatorria, euskalduna zarela jakin dutenean?

Gehientsuenek ez dakite euskaldun izatea zer den. Unibertsitate mailan edo instituzioetan elkarrizketak egin behar ditudanean orduan aurkitzen ditut euskaldunei buruz dakitenak. Harritu egiten dira hedabide euskaldun batek berriemailea Estatu Batuetan izan eta albisteak euskaraz emateagatik. Galdera asko egiten dizkidate euskarari eta egoera politikoari buruz, jakinmina erakusten dute. Irailaren 11koa gertatu zenean, telebistarako zuzenekoak egiten ari nintzela, zero gunetik metro gutxira bitxikeria hau gertatu zitzaidan. Mundu guztiko kazetariak geunden zuzenekoak egiten. Gaur Egun albistegirako hitz egiten bukatu eta berehala telebista seinalea satelitera igotzen duen teknikari bat etorri zitzaidan korrika eta presaka, hor ikusteak harritu egin ninduen beti kamioi baten barruan egoten baitira teknikariak . Teknikaria nigana iritsi zenean zera esan zidan, “ezin det gehiago aguantatu, jakinmina asetu beharra daukat: zer demontreko hizkuntza da hori? “Euskara da” esan nion eta irrifarre egin zuen. “Euskara? Sekula ez zitzaidakeen bururatuko euskara hemen aurkitzea”. Teknikariak euskarari buruz zerbait bazekien baina ez zuen sekula entzun. Pozik gelditu zen hizkuntza arraroaren misterioa konpondu zuelako eta gainera sekula entzun duen hizkun-tzarik politena zela esan zidan.
Urte hauetan Estatu Batuak ezagutzeko parada izanen zenuen. Ipar Amerikako euskaldunen komunitatea maiz kutsu folkloriko batekin ikusten dugu hemendik.

Ezagutzeko aukera izan al duzu, nolakoa da?
Jaioterritik urrun daudenak euren kultura mantentzen saiatzen dira, dantzak, hizkuntza, abestiak oso garrantsitsuak dira beraientzat eta hau ez da bakarrik euskaldunekin gertatzen, denekin baizik. Jaioterriarekin harreman zuzenagoa daukagunontzat honek folklorikoa dirudi baino zein kontestutan gertatzen den ikusi behar da. Idahon izan nintzen joan den udaran eta han euskaldunek komunitate bezala duten indarra izugarria da, Estatu Batuetako beste tokitan ez da hori gertatzen. Egia da Estatu Batuetan jaiotako euskal jatorriko askok gurasoen jaioterriaren irudi erromantikoa dutela eta askotan bertan gertatzen denaren inguruan ez daukatela informazio osoa.

Zer irudi dute Euskal Herriaz atzerri aldean? ezagutzen al dituzte gure ohiturak, hizkuntza, etab.?
Euskal Herriari buruz Estatu Batuetako komunikabideetan ematen duten informazio apurra indarkeriaren ingurukoa da. Ohituren inguruan ezer gutxi dakite, jateko gauza batzuk ezagutzen dira, piper gorriak eta gazta esaterako, baina hori kultura gastronomikoa dutenen artean. Hemen New Yorken Bilboko Guggenheim museoa askok ezagutzen dute eta Estatu Batuetan orohar Gery-ren eraikuntza nahiko ezaguna da. Euskarari dagokionez, askok uste dute gaztelaniaren dialekto bat dela. Konparatzen hasiz gero, katalanak euskaldunak baino askoz ere gehiago ezagutzen dituzte Estatu Batuetan.

Irailaren 11ko data gogoangarriaren ondotik kazetarien lana kontrolatuago dagoela ematen du, ezta? Ikuspegi bakarra zabaldu nahi da mundu osora.
Nik ez det somatu kazetarien lana lehen baino kontrolatuagoa dagoenik. Inperio guztiekin gertatzen den moduan, Estatu Batuak munduaren inguruan duten ikuspegia inposatzen saiatzen dira. Estatu Batuetako komunikabideetan autozentsura egon zen atentatuak eta gero, baina hori orain desagertu egin da. Irailaren 11z geroztik Etxe Zuriak martxan jarri duen terrorismoaren kontrako nazioarteko gerra delakoaren inguruan iritzi kritikoak daude Estatu Batuetako komunikabideetan, baina telebistetan, hemen indar gehien duen hedabidean, ez dira egunkarietan eta aldizkarietan bezain kritikoak.