Sareak harrapatuko zaitu!
Adi egon, irakurle. Sare itsaskor eta xarmangarri bat dabil Iruñerri osoan zehar. Baina ez diogu zertan beldurrik izan, berehala abiaraziko den askatasunaren sarekada honek gozatzeko aukera paregabea emango digu eta. Truke Sarea du izena, eta guztioi irekita dagoen sare honen bidez bertako euskaldunon arteko harremanak ugaritzeaz gain, betidanik norberaren gustukoak izan diren ezagutzak ikasi eta irakatsi ahal izango ditugu, ohiko “ikastaro” arruntik egin gabe. Karrika honetan bertan informazio zehatzagoa eskaintzen da, baina hona hemen zertzelada batzuk:
Datozen asteotan izen horretxekin abian jarriko den ekimenean euskaldunok ezagutzak eta trebeziak elkar trukatzeko aukera izanen dugu. Denok ikasle eta irakasle izan gaitezke: jarduera jakin bat ikasi nahi baduzu, gainontzeko sarekideei eskaera egiten ahal diezu; aldi berean, zerbait irakasteko eskaintza ere egingo diezu, elkarrekikotasuna baita jarduera honen funtsa. Kontuan hartu edozein motatako ezagutzez ari garela, eta denok irakasten ahal dugula zerbait: ale honetan bertan aipatzen diren adibideak ikusi besterik ez dago ohartzeko denok garela gauza zerbait irakasteko. Gure abileziak eta ezagutzak gutxiesteko joera apurtu beharrean gaude behingoz, eta hori egiteko tenorea heldu da. Edozein momentutan atera zaitezke saretik, nahi izanez gero, baina han zauden bitartean, bestelako pizgarriez gain, hizkuntza erabiltzeko eta aberasteko baliagarria izango zaizula konturatuko zara.
Egiaztatu ahal izango duzunez, ekimen honen bidez pertsonen arteko harremanak ohikoa ez den era batez planteatzen ari gara: elkarbidea ezagutzak izanen dira, baina dirurik eman behar izan gabe garatzen diren harremanak dira hauek, besteekiko begirunea eta elkarren arteko konfiantzari lehentasuna emanez. Berdintasuna, malgutasuna eta aldi berean aniztasuna uztartuko dituen sare honetara bildu nahi zaituztegu, guztiok euskaldunon komunitateko partaide garelako, eta uste dugulako ezagutza konkretuak baino haratago ere elkar ezagutzea merezi duela.
Jarduera berri honen asmoetako bat euskaldunon partehartze zabala bultzatzea da, eta beste bat elkarrekiko prestakuntza hobetzen eta hedatzen joatea. Agerikoa da beraz sarea gero eta erakargarriagoa izan ahal dadin, zure eta zu bezalakoen partehartzea ere ezinbestekoa dela. Horregatik, emaiezu ekimen honen berri lagunei eta ezagutzen dituzun euskaldun guztiei, denon artean sare ezin dinamikoago bat josi ahal izan dezagun.
Ez galdu aukera hau. Jakin badakigu askotan gure bizitzak jarduerez beteta egoten direla, baina aholku bat ematera ausartuko gara: oraingoan busti zaitez, proposamen honek ilusiotan blai utziko baitzaitu; desberdina da eta estimatua izatea merezi duela uste dugu. Sareak sariak ere baititu: partehartzaileok gure betiko jakinminak asetzeko parada izanen dugu, eta gainera beste inon ez bezalako esperientziak eta harremanak bideratu ahal izango ditugu.
Badakizu: eguneroko ohikeriak harrapa ez zaitzan, sarekide bilakatu zaitez!
ZENBAT BURU… Patxi Salaberri
Patxi Salaberri Zaratiegi Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea duzue. Doktore hau Euskal Filologiaren arloan aritzen da Filologia eta Hizkuntzaren Didaktikaren sailaren barnean. Honez gain, toponimian eta dialektologian aditua da eta artikulu ugari idatzi ditu gai honen inguruan zenbait aldizkari eta liburutan.
Euskal komunitatearen egoerak kezkatzen al zaitu? Nola baloratzen duzu egungo egoera?
P.S. Euskal erkidegoaren egoerak kezkatzen nau bai; hori garbi. Egungo egoera Iruñetik, Nafarroatik ikusita aski gogorra dela iruditzen zait, aspaldi honetan ezagutu ez dugun neurrian gainera. Honekin ez dut erran nahi, ordea, gaurdainoko egoera bikaina izan dela, baina orain bezalako eraso zuzenik gutxi ikusi ditugu azken urteotan, Nafarroako Gobernuko Hizkuntza Politika euskararen aldekoa zen jendearen eskuetan baitzegoen, nahiz gero esku horiek loturik egoten ziren gauzak egiteko, maiz. Unibertsitateari dagokionez, zehazkiago erran, NUP-ri dagokionez, aldaketa gutxi izan dira azken urteotan, alegia, egoera ez da sobera txartu -hein batez bai, ordea- lehendik ere nahiko txarra zelako.
Zer egingo zenuke jendearen Euskararekiko motibazioa areagotzeko, hau da, elebakar erdaldunek Euskaraz ikas dezaten eta elebidunek Euskara erabil dezaten?
P.S. Euskararekiko motibazioa aregotzeko erakundeen bultzada ezinbestekoa dela uste dut, partikulazki “motibazio instrumentala” deitzen dena bulkatzeko. Hau da, jendeak euskara baloratzen dela ikusi behar du, euskara ikasteko edo bere haurrak euskal ereduetara bidaltzeko. Beste aldetik, gure artean, euskaldunon artean, erdaraz mintzatzeko joera handiegia dakusat eta hau, jakina, ez da ona ondokoek euskara ikas dezaten. Zertarako ikasi inork erabiltzen ez duen hizkuntza? Alegia, erakundeak euskara bultzatu beharrean oztopatzen ari badira ere, lortuko bagenu orain arte euskara, modu batera edo bestera, ikasi duten gehienek euskaraz mintzatzea urrats handia eginik izanen genuke gure hizkuntza aitzina ateratzeko borrokan. Negargarria da, izan ere, ikastoletan eta unibertsitatean berean euskaraz ikasten ari direnek elkarrekin erdaraz nola jardukitzen duten ikustea.
Euskararen aurkako joera dutenei zer erakutsi eta irakatsi behar diegu?
P.S. Euskaldunok euskaraz hitz egiten dugula, erabiltzen dugula –izkribuz ere bai– eta hori egiteko esku badugula, bestek eman gabe. Euskaldun guztiok muturreko zenbait joera politikoren aldekoak ez garela erakustea ere mesedegarri dateke, nire irudiko, aise egiten baita bortizkeriaren eta euskararen arteko lotura. Jende xeheaz ari naiz hemen, ez politikariez, eta Nafarroakoaz bereziki. Bestalde, unibertsitatean asko aipatzen den kontua kalitatearena da, euskara eta kalitatea elkarren aurka baleude bezala. Aieka honetatik uste dut ahaleginak egin behar ditugula gure lanek ahalik eta kalitaterik handiena izan dezaten, ez baita erraza!
Zure ustez, argudio eta datu historiko eta linguistikoek euskararen aldeko kontzientzia areagotzeko balio al dezakete?
P.S. Argudio eta datu historikoek ene iritzian garrantzi handia dute. Badakit, eskarmentuz -eta hitz bikoitza darabilt hemen- datu historikoak aurkezte hutsak euskararen aurka dagoen jendea euskara ikastera ez duela bultzatuko, bestela Jimeno Jurioren liburuak irakurraraziz konponduko baikenuke gure hizkuntzaren arazoa, Nafarroan bederik. Argudio eta datu zorrotz-zehatzak gure euskalduntasunaren oinarri dira, batez ere euskara galdu den Euskal Herriko eremu zabalean, baina ez bakarrik hemen. Hor dago, erraterako, lingua navarrorum delakoaren interpretazioaren auzia, alegia navarri haiek nor ote ziren?, lau menditar-baserritar atzeratu (Zierbidek eta nahi duten bezala) ala nafar gehienak? Jende prestatua behar da gure historiaren eta hizkuntzaren defentsarako eta hori ez da goizetik gauera lortzen; lana eta unibertsitatea behar dira horretarako, eta horregatik ez dute nahi euskara NUP-en sar dadin. Historian zehar Euskal Herriko alderdi orotako bizilagun guzti-guztiek euskaraz jardukitzen zutela dioen hipotesiaren aldeko jarrera ez hagitz zientifikoak ere, nire irudiz, gure kalterako dira.
SOZIOLINGUISTIKA.
Hizkerak: ezinbesteko aberastasuna
Erregistro linguistikoa: testuinguru sozialaren arabera hiztunek aukeratzen duten mintzatzeko era
Hizkuntza estandarra akademiak finkatzen du baina hizkuntzaren gainerako erregistroak, gainerako hizkerak (lagunartekoa, argotak…) ezin dira arautu hiztunek, erabileraren poderioz, zabaltzen eta aldatzen baitituzte. Komunikabideak esamolde eta hitz berrien bozgorailuak izan ohi dira. Horrela gertatzen da hizkuntza komunitate osasuntsuetan.
Erabilera esparruak desorekatuta daudenean, ordea, hiztunek ez dituzte menperatzen behar dituzten erregistro guztiak.
Pentsa dezagun zer gertatuko litzatekeen, gazteleraz mintzo garenean, tabernan unibertsitateko filosofia irakaslearen moduan mintzatuko bagina edo lan elkarrizketa batean gazteen arteko argotik modernoena erabiliko bagenu. Solaskidearengan harridura sortuko genuke eta komunikazioa eta gure helburuak oztopatuta geratuko lirateke, erregistro desegokiak aukeratuz, gizartean ezarritako eta denok ezagutzen dugun “adostasun linguistikoa” hautsiko baikenuke.
Euskaraz, aldiz, erregistro bakarreko hiztun asko daude, bere ilobekin edo bere enpresako nagusiarekin, adibidez, berdin mintzatuko liratekeenak. Kasu horien aurrean ez harritzea edo komunikazioa oztopatuta geratzen dela ez ikustea gure komunitate linguistikoaren osasun ezaren adierazgarriak dira.
Gaia Euskaltzaindiak irailean egindako azken biltzarrera heldu zen, Koldo Zuazok(1) ekarria. Lehenagotik ere kezka esparru askotara zabaldu da. Nafarroako Gazte Kontseiluak, adibidez, “Gazte hizkera eta argotak” izeneko tailerra antolatu du(2). Gaiak pizten duen interesaren seinalea, dudarik gabe.
(1) Berak proposatzen duena ezagutzeko: Zuazo, K. Euskararen sendabelarrak, Alberdania, 2000.
(2) Azaroaren 14an, 19:00etan, Iruñeko Gazteriaren etxean. Izena emateko eta informazio gehiago eskuratzeko: 948234819 telefonoa.