Hortaz, Karrikiri, zer da?


Mamitsuagoa da: Karrikiri zer den, edo zer izatea nahi dugun, nolako Karrikiri bilatzen dugun azaldu.
Tira, hasteko, Karrikiri beti eginbidean den zerbait da; ez da erabat osatuko Iruñerriko euskaldun guztiak aldez edo moldez karrikirikide ez direno. Karrikiri proiektua da beti, eta bere xedea, hain zuzen ere, euskaldun guztien artean harremanak bideratzea, euskaldungoa trinkotzea, euskaldunak euskaldunekin bizitzea da. Iruñekoak, Nafarroakoak, Euskal Herri osokoekin batera; eta gainera, munduko beste herri guztiekiko berdintasun, elkartasun eta adeitasunean.
Zehatzago, euskaldunok komunitate gisa ditugun beharrei erantzuteko asmo tinkoa
daukagu. Ziur gaude urratsak eman behar ditugula eta erreibindikazio soiletik ekinbide sendoaren bidetik segitu beharra daukagula, geure beharrak asetzeko geuk baitakigu zer nolako tresnak eta baliabideak eratu behar ditugun. Ibilitakoa ahaztu gabe, bide berri eta eraikitzailetatik abiatu nahi dugu.
Uste sendoa dugu, ezen normaltasunera iritsiko garela, baldin eta gu geu izateko behar duguna normaltasunez eraikitzeari ekiten badiogu, irmotasunez eta elkarri laguntza emanez. Elkarren ondoan negar-zotinka aritu gabe, batak bestearen nahi, behar eta ametsak osatzeko adoretsuki lan eginez, giro lasaian, inori gehiegizko ahaleginik exijitu gabe, baina egindakoaz harro eta egitekoaz kementsu.
Elkartearen onura bakarra euskaldungoaren onura besterik ez da:
biltzen dugun dirua ez dugu botere ekonomiko hutsagatik biltzen, baizik eta azpiegiturak eskuratzeko ezinbesteko baliabidea delako; ez dugu diruz indartsua den elkartea nahi, baizik eta euskara ardatza izanen duen bizimodu duin eta egokia bermatu ahal izanen duen giza-elkarte zabala. Alegia, elkarte indartsu, bizi eta sendoa garen neurrian izanen ditugu diru baliabideak eskura, eta ez alderantziz. Karrikiri jende arrunta aritzen deneko bilgunea da; gure soluzio magiko bakarra egunero-egunero zintzoki lanean aritzea da. Eduki teoriko-teknikoak eta ideia berri eta sakonak beharrezkoak ditugu, baina gure ekimena eguneroko lan goxo eta xumeetan gauzatzen dugu, edonork parte hartzeko moduko zereginetan. Ekinaren ekinez ikasiz joanen gara.
Karrikirin euskaldun guztiok gara kide; laguntzen dutenak, gure lana baliagarri egiten dutenak, eta besteak ere bai. Beti izanen da atea zabalik, zuretzat eta lagun ororentzat.



ZENBAT BURU… Jon Alonso

Euskal komunitatearen egoerak kezkatzen al zaitu ? Nola baloratzen duzu euskal komunitatearen egungo egoera?
Bere buruari begira, euskal komunitatearen egoerak argi-itzalak dauzka. Datu batzuk positiboak dira, eta beste batzuk, aldiz, negatiboak. Baina zaila da egoera hori baloratzea erdal komunitatearekiko harremanak baloratu gabe. Eta, alde horretatik, egoera latza da. Horrek guztiak esan nahi du, batetik, une hau kritikoa dela, eta, bestetik, borroka gogorrak edukiko ditugula aurrerantzean.

Zer egingo zenuke jendearen Euskararekiko motibazioa areagotzeko, hau da, elebakar erdaldunek Euskaraz ikas dezaten eta elebidunek Euskara erabil dezaten?
Erdaldun elebakarrei saiatuko nintzen buruan sartzen euskara jakitea, Nafarroan, justizia kontua baizik ez dela. Euskara erabiltzen ez duten euskaldunei ez nieke ezer esango, oso propagandista txarra naizelako.

Zer esango zenioke Koldo Izagirre, adibidez, nor den ez dakien Iruneko euskaldun alfabetatu bati?
Galdetuko nioke ea non egon den sartuta azken bost urte hauetan. Oso toki bildua izan behar du, eta, nork daki, agian etorkizunean ni ere joan ninteke.

Euskararen aurkako joera dutenei zer erakutsi eta irakatsi behar diegu?
Erakutsi, hemengoak garela, nafarrak garela; terminologiatik eta eztabaida sasi-jakintsuetatik haratago, egia izaten segitzen duela euskara, Nafarroa sortu duten hizkuntzen artean, inportanteena eta zaharrena delako horrek. Irakatsi, elebakarraren burua, batzuetan, faszismoak habia egiteko tokirik ezin hobea dela.

Nola baloratzen duzu egungo euskal kulturan dagoen sormena?
Sormena, espantuka dabiltzan batzuek nahi dutena esateagatik, ongi dago. Kontuz, ongi dago kontuan hartuz zenbat garen, zer kultura maila dugun, zer hizkuntzatan hezi garen… eta abar. Kopuruak, kasu honetan, ikaragarrizko garrantzia du: bistan da mila lagunek lagun bakar batek baino hitzezko produkzio handiagoa eta hobea egiteko probabilitatea %99’99koa dela, eta horixe da, gaztelania, frantsesa, ingelesa… eta horrelako hizkuntzekin alderatuz gero egiazko proportzioa (bakar bat milaren ondoan, alegia). Bestalde, esperientziak oso argi erakusten du espantuka bihotza urratu nahi diguten asaldatzaile profesional zein amateurren motibazioak, ia-ia beti, oso miserableak izaten direla (banitate zaurituak, hilaren bukaerara ezin iristea, urrunera laburreko helburu politikoak, eta gisakoak). Guztiarekin ere, nik esan behar dut sormenak ez nauela kezkatzen. Harmenak kezkatzen nau, biziki kezkatu ere: gure hiztun komunitateak sortzen dituen produktuak estimatzen ez baditugu (benetan estimatu, esan nahi dut, eta benetan estimatzea ez da inori zilborrean kilika egitea, produktu horiek kontsumitzea eta apreziatzea baizik), alferrik ari gara; ez gara sekula euskaraz biziko. Eta harmena kezkagarria da, bai, oso baju dagoelako. Eta ez naiz bakarrik liburuez ari.

Euskaldun alfabetatu guztiok elebidunak izaki, zenbateraino merezi du itzulpenetan baliabideak gastatzea?

Galdera hau aurrekoarekin lotzen da. Gu guztiok, neurri handi batean, erdaldunak gara. Eman dezagun kasu ideal bat: herri euskaldun eta familia euskaldun bateko seme-alaba, unibertsitate ikasketak eginda, euskaraz, eta bere bizitza guztian euskaraz bizi izan dena, hau ahalezkoa den neurrian. Ba, kasu ideal hori ere, neurri batean (nirean baino gutxiagoan bada ere), erdalduna ere bada. Kultur erreferentzia nagusiak erderetatik etortzen direla. Orduan, bi aukera baizik ez daude: bata, kultur errererentzia nagusi horiei bizkar emanda bizitzea (ez dakit non, mendi punta batean edo), edo horiek poliki-poliki eta ahalik eta txukunen gureganatzen -hau da, itzulpen edo moldatzen joatea. Kultur erreferentzia nagusiak zeintzuk diren diskutigarria da, noski, baina ez naiz bakarrik literatura unibertsalaz ari -nahiz eta hori ere sartzen den-, ezta gutxiagorik ere. “Kultura” hitza oso zabal hartuta ari naiz, ez elitekoentzako zerbait balitz bezala. Euskaraz ez gabiltza eroso edo erdara lagungarri erabili behar dugula ikusten eta aitortzen dugunean (ez beti, beraz), azken-azken finean, gure jarrera linguistikoa horixe ari da salatzen, alegia, gure kultur erreferentziak, gure kultur iturriak ez direla euskaldunak. Izan ere, pertsonak handik eta hemendik entzuten dituen mezu linguistiko-ideologikoak jaso, gustatzen zaizkionak aukeratu, piska bat bere erara moldatu (eta hau da batzuek “orijinalitatea” deitzen dutena) eta horrekin eratzen du bere diskurtsoa (alegia, egoera bakoitzean esan behar dituen gauzen errepertorioa). Gizabanakoak iturri horietatik edaten duena landu bai, baina oso-oso gutxi gaineratzen dio, oso-oso gutxi asmatzen du: onenean, esaldi grazioso samar batzuk, kolore piska bat ematen dio hitzari… Zenbat eta iturri gehiago euskaraz eduki, orduan eta erosoago ibiliko gara. Horregatik merezi du itzulpenean baliabideak eta indarrak gastatzea.


SOZIOLINGUISTIKA.
Hizkuntzen normalkuntzaren arkitektura

Udaletako hirigintza arduradunek udalerriko esparrua antolatzen dute: hemen etxebizitzak, hor zerbitzuko eraikinak, alboan parkeak eta, han errepidearen ondoan, adibidez, industrialdea. Herri edo hiri bat antolatzeko eredu ezberdinak egon daitezke baita eredu horien araberako proposamen ezberdinak ere. Adibidez, azken urte hauetan, emakumezkoak hiriak gizonezkoen beharren arabera antolatuta daudela salatzen hasi dira.
Baina inor gutxik jarriko ditu zalantzan arkitekturaren edo injinerutzaren oinarri teknikoak (etxeak eta zubiak nola eraiki eror ez daitezen), arkitektoen arteko eztabaida teknikoetan ez bada.
Hizkuntza normalkuntzaren arkitektura soziolinguistika da. Badira zenbait kontzeptu, zenbait oinarri soziolinguistikak finkatu dituenak; baina, hirigintzan ez bezala, hizkuntza normalkuntza lanetan soziolinguistikaren oinarriak soziolinguistek ez ezik politikariek, kazetariek, intelektualek (mundu guztiak esango genuke) zalantzan jartzen dituzte. Existituko ez balira bezala
hitz egiten dute, behintzat. Gero eta maizago entzuten diren astakeriak entzunda, garrantzitsua da euskaldunok hizkuntza normalkuntzaren “arkitektura”ren oinarri-oinarrizkoenak ezagutzea, gure argudioen porlana baitira. Karrika berriko atal honetan horretan tematuko gara: hots, zenbait kontzeptu eta ideia era ulerterrazean azaltzen. Beraz, badakizu, gai honekiko interesa baduzu anima zaitez eta bidali iezazkiguzu zure galderak, desadostasunak edo iruzkinak, txoko honetan lekua izango dute eta.