Piurak eta figurak

Komunitate, giza talde. belaunaldi, alderdi. Zalegoa…, orohar giza elkarte guztiek izaten dute zerbaitengatik, bere merituak edo bere egintzak direla, ezaguna den lagun bat goraipaturik edo lehen mailakotzat harturik, hots, figuraren bat aldareetan. Eredu gisa hartu ohi dena gainera. Badakigu batzutan horiek jainko-Jainkosa bihurtu ohi ditugula, eta hori ez de1a egokia, ez eta pertsonaia horiek baino hobeagorik ez dagoela sinestea. Baina, izan ere, badira.

Hizkuntz komunitateetan ere, badira hizkuntzari doakionean nabarmentzen diren pertsonaiak. Eredu izan ala ez, komunitatearen aldeko lana eginez, hizkuntzari prestigioa emanez, edo besteontzat bitartekoak eskuratuz, bide egin duten figurak.
Edozein hizkuntz komunitatetan, eta gurean ere berdin. Gauzatu ditugun proiektuak, euskaraz bizitzeko tresnak alegia, aurrera ateratzen lagundu eta bultzada eman duten guztiak dira gure figurak.
Horiek dute, hain zuzen ere, gure esker ona merezi; ez genuke, ordea, hizkuntzarekin zerikusirik ez duten eginbideak direla eta famatu denik inor hizkuntzaren laguntzat hartu behar. Eta hau diogu, zeren eta noizean behin, publizitatea eta gaurkotasuna direla kausa, nonahi agertzen diren izenak eta aurpegiak euskaldunon ekintzetara azaldu baitzaizkigu. Alegia, pertsonaia horiek euskal mundura ekarri beharrean, euskal mundutik erdal munduko bihotzera jo izan baitugu izar bila.
Eredu, edo hizkuntzaren komunitatearen bidelagun, gure gizartearen erdigunean, kontsekuente izanki, beren ahalmenaren neurrian ekarpena, nola edo halakoa, egin digutenak.
Piurak eta figurak ez baitira gauza bera. Itxurak egitea eta apaigarriak erakustea barne egitura sendotzen lagungarri ez diren era berean. Figurak, aldiz, itzal handiagoa ematen digute eta norabidea, askotan, seinalatzen.