Euskalerria irratiarekin elkarlana

Aurreko alean Iruñerrian duela 25 urtetik euskara hutsean aritzen den Euskalerria Irratiaren urteurrenaz aritu bagintzaizkizuen, oraingoan eurekin egindako elkarlanaren berri eman nahiko genizueke, izan ere azarotik aitzina Karrikiri eta Euskalerria irratiko bazkideek aukera polita izanen baitute Iruñeko Irrintzi dorreko irratiari euren laguntza emateko. Nola? Bada, Karrikirik Xabier karrikan duen saltokian egiten dituzten erosketen portzentaia bat irratiari emanez. Izan ere, Karrikiriko bazkideek berez dituzten deskontuak eta Euskalerria irratiko bazkideek hemendik aitzina izanen dituztenak irratiari emateko aukera izanen baitute. Horretarako Karrikiri dendan erosketa egiterakoan, irratiko bazkideek abisua eman beharko diote gure saltzaileari eta produktu horietan egiten dituzten erosketen portzentaia horien sosak Euskalerria irratiari emanen dizkio gure elkarteak.
Beraz, badakizue, Karrikiri dendan erosketa eginez gero, gure elkarteari sostengua emateaz gain, jada zilarrezko ezteiak bete dituen Iruñerriko euskara hutsezko irrati bakarrari ere laguntza emanen diozuela. Eta modu horretan euskal komunitatea indartzeko lanean ari diren bi elkarte lagunduko dituzue. Animatu bada eta gora sinergiak eta auzolana!!!

Berri on horretaz gain, ikusten duzuen moduan aurtengo azkeneko Karrika edukiz gainezka dator, izan ere, urtero legez, establezimendu euskaldunen zerrenda berritu eta aldizkariarekin batera doakizun liburuxkan aurkituko baituzu . Baliteke, halere, zure inguruan euskaraz zerbitzua ematen duen saltoki edo zerbitzuren bat faltan sumatzea, beraz horrela bada jarri gurekin harremanetan eta hurrengo zerrendan sartuko dugu. Eta kasu eman establezimendu hauetan guztietan aurkituko duzun logoari: “Euskaraz nonahi, hemen ere bai”. Ikusiz gero, zalantzarik ez izan eta euskaraz eskatu.
Eta establezimenduen zerrenda eguneratuaz gain, Eguberriei begira osatu dugun euskal produktuen katalogoa ere eskuratuko duzue azaroa-abenduko Karrikarekin batera, adin eta poltsiko guztientzako eskaintza aurkituko duzuelarik. Guztia Karrikiriko gure dendan izanen duzue eskuragai eta bertara hurbilduz gero, gure dendariek aholkua emanen dizuete edozein zalantza izanez gero.

Adi egon agendan ikusiko duzuen Olentzeroren karrikaratzearen II. edizioari eta ahaztu baino lehen, gogoratu hilaren 21ean Karrisolasa ekimenaren beste saio bat izanen dugula Uri Ruiz Bikandiren “Eleaniztasuna eta Europa” ekarpenetik abiatuta. Hitzordua Karrikiri elkartean izanen da 19:00etan.

Eguberri eta  urte berri on!!!!


Pablo KormenzanaPablo Kormenzana
Mintzakideko dinamizatzailea

2004. urtean Topagunek eta hainbat eragilek euskararen erabilera sustatzeko asmoz Iruñerrian eta Tafalla aldean sortutako egitasmoa da Mintzakide. Pablo Kormenzana da Nafarroako mintzapraktika ekimen honen dinamizatzailea eta berak azaldu dizkigu 9. edizioaren xehetasun guztiak.

Noiz sortu zen Mintzakide egitasmoa eta zeintzuk dira xede nagusiak?
Iruñerriko eta Tafallako Mintzakide 2004. urtean sortu ziren Topagune euskara elkarteen federazioaren eskutik eta hainbat eragileren elkarlanaren ondorioz, tartean Karrikiri elkartea. Dena dela, mintzapraktika programa hauek ibilbide luzea dute, izan ere 1993an Donostiako Bagera Elkartean jaio baitziren,beraz aurtengo ikasturtean molde honetako egitasmoen 20. urtemuga ospatuko dugu.

Aurten 9. ikasturtea duzue. Zer berritasun?
Ikasturte honetan partaideek proposatutako hainbat berrikuntza dakarzkigu; Mintzakide mendi taldeaz gain, Mintzakide txirringa taldea, Ibilbide osasuntsuak eta Donejakue bidea -asteburuetan burutzeko-, Skype doako programaren bitartez atzerrian edo urrun dauden euskaldunekin mintza saioak, hitano mintzapraktika taldeak e.a. Azken finean Mintzakide denon artean egiten dugu eta proposamen berrietara irekiak gaude.

Urtetik urtera egitasmoaren arrakasta handitu eta neurri berean parte-hartzaileak ugarituz joan dira. Zer moduzko bilakaera izan du?
2004. urtean, egitasmoa martxan jarri zenean ia 100 Mintzakide hasi ziren eta egun 500 lagun baino gehiagok parte hartuko du. Azkeneko ikasturteetan egitasmoak izan duen arrakasta ez genuen espero eta oso pozik gaude izan duen bilakaerarekin, nahiz eta zailtasunak ere ditugun: euskaldun zahar edo osoak, diru iturri berriak lortzea, e.a. Halere, urtero bezala traba guztiei aurre egingo diegu eta jarraituko dugu Mintzakide egitasmoaren sarea zabaltzen.

Elkarlanik al dago beste herrialdetan bideratzen diren  molde bereko mintza praktika ekimenekin?
Bai. Mintzapraktika egitasmoak euskara elkarteetatik dinamizatzen ditugun herrietako eragileak Mintza Batzordea deitzen dugunean elkartzen gara eta elkarrekin ekintzak antolatzen ditugu. Denetan aipagarriena, ekain hasieran ospatzen dugun Mintza Eguna izango da ziurrenik. Eta horretaz gain, eskualde mailako ekintzak, ondoko herrietako mintzakideak elkarrekin harremanetan jarriz.

Gainera, Mintza Batzordean mintzalagun aldaera berriak abiatzen ditugu, esperientziak partekatuz eta formazio saioak antolatuz. Eta era berean, AEKk koordinatzen dituen egitasmoekin edo gainontzeko euskaltegiekin ere elkarlanean dago Topagunea.

Zer aurreikuspenak aurtengo ikasturterako?
Izen ematea itxi ondoren, taldeak osatuko ditugu. Batzuk martxan daude jada eta besteak azaro hasieran bilduko dira lehen aldiz. Hortik aurrera, ekintza osagarriak antolatuko ditugu. Honetaz gain, beste herri edo eskualde batzuetako mintzalagunekin ere elkartu nahi ditugu Iruñerriko eta Tafallako mintzakideak, euskaldun sarea osatuz eta gozamenaren bidez horei esperientzia positiboak eskaintzeko. Horretarako, Mintza Batzordean hasi gara datorren udaberriko Mintza Eguna antolatzen, eta Skype bidezko mintzalaguna ere jarriko dugu martxan.

Azken finean, mintzakideen hizkuntza erabileran eragin nahi dugu. Izan ere, esperientzia positiboek euskararen erabilera handitzen laguntzen baitute, eta hori da programa honen helburua: aisialdian, astean ordubetez (gutxienez) zein ekintza osagarrietan parte hartuz, egoera ez formaletan… euskaraz bizitzea.


Komikia 164


SUPERNOVA vs MASTERCARD
Xabi bandini

Greziak dirua zor du, greziarrak bere posibilitateen gainetik bizi izan omen dira. Espainiak dirua zor du, espainiarrak bere posibilitateen gainetik bizi izan dira.

Zorra ezin da pagatu diruarekin, mastercard-en antzera. Zorra zorrarekin pagatzen da. Logikoa. Primarekin zoratuta dabiltza, benetako lehiaketa dirudi. Italia, Alemania edo Espainiaren jarraitzaileek sutsuki jarraitzen dituzte eguneroko zifra aldaketak, emozionantea. Guzti honek badu etorkizunik. Dagoen edo egongo den diruarekin ez denez nahiko izango, murrizketak ere ez dira nahiko izango. Telebistan daukat nire begia itsatsita, erre ere egiten dit, zein erredura gozoa, ea zeinek proposatuko duen krisiaren aurkako neurririk fantastikoena ikusteko. Eta orain pobrea denak ez du bigarren etxebizitza erosi zuenak baino merkeago saldu nahi. Eta goseak hilko da.

Inteligentzia da geratzen zaigun gauza bakarra.
Beraz, eta oportunista izan gabe, Kerobiak beste modelo bati eutsi dio, orain urte dexentetik aurrera jarraitu duena. Hemendik aurrera zeinek daki! Ez dut apusturik egingo. Baina bere lanak autofinantzatzen saiatu da, bai eta lortu ere. Aurreztuta zuen diruarekin moldatu eta azken urteetan trilogia bat aurkeztu eta defendatu du. Ez du negozio handirik egin, egia esan ‘zero defizita” erabat konplitu du besterik gabe (beste bi puntu Kerobiatarrentzat). Argi izan zuen zuenarekin kontatuta bakarrik argitaratu zitzakeela bere diskoak, mailegu edo zorrik gabe.

Eta 2011. urtean ideia berri bat dute buruan. Supernova du izena. Eta ez da disko soil bat izango, liburu bat, DVD eta mural bat izango dituen lan multidisziplinario bat baizik. Presupuesto bat egin zuten, eta bere kontu korrontean zuten diruarekin konparatu. Ups! Daukagunarekin ezingo dugu lana aurrera eraman, diote. Eta pentsatzen hasi dira. Ez dute zorpetu nahi, ez baita bere estiloa. Eta azkenik soluzio batekin egiten dute topo, mikromezenazgoa, edo crowfunding delakoa. Hau da, interesa duen edozeinek aldez aurretik jar dezala diskoak kostatuko den dirua, eta behin lana guztia burututa, Kerobiatarrek etxera bidaliko diokete aurretik erositako lana.

Primeran. Hiru hilabeteren buruan lortu zuten beharrezkoa zuten dirua proiektua aurrera eramateko. Eta sei hilabetetara lana prest dute, paketatu eta mikrofinantzatu zuten horiei zor zaiena bidaltzeko. Ideia bat, proiektu eta lan bat zor zitzaien, eta ez interes finko baten mailegu bat. Baina berriro ere Kerobiako kideak ez dira aberatsak egin. Ez dute hamarkada honetako negozioa egin. Hori al zen helburua?

Orduan, galdera tonto batek nire burua zeharkatzen du. Gauzak beste era batetan egitea posible ote da?

Makroekonomian ahaldun eta jakindunek esango dute ezetz, gauzak oso konplikatuak direla, eta ez garela gai izango ulertzeko, mastercardar-a bezala.

Eta bitartean Supernovakide bakoitzak bere etxean kantatzen du, ‘behin liderrak esan zuen…