Lamien Urrezko Orrazia Karrikarentzat

Hau da hau udazkena behar bezala hasteko modua!! Izan ere, pasa den irailaren 23an oparitxo ederra ekarri baitzigun larrazkeneko haizeak. Zaldiko Maldiko Iruñeko elkarteak urtero banatzen duen Lamien Urrezko Orrazia saria jaso baitzuen 2.300 etxe baino gehiagotara banatzen dugun Karrika aldizkari honek, Nafarroako euskarazko hainbat hedabiderekin batera. Hori ohorea gurea!
Ziurrenik jakinen duzuen moduan, Zaldiko Maldiko elkarteko kideek euskararen alde eta kontra ari direnei erreparatu eta lehenengoei “Lamien Urrezko Orrazia” eta bigarrenei, aldiz, “Asto Masto” ematen die urtero. Bada aurten euskararen aldeko lana kontuan hartzerakoan, saria Nafarroako euskarazko hedabideei ematea deliberatu dute eta horien artean, gure Karrika aldizkariari. Euren esanetan “urte sail luzean egindako lana eta une honetan, diru-laguntza ofizialik gabe, aurrera ateratzeko egiten ari diren ahalegina” kontuan hartu dute eta guk, jakina, pozez hartu dugu berria. 

Egia esateko, esku artean duzuen Karrika aldizkari hau ez da ohiko hedabidea, gure elkartearen buletina baizik, baina biziki estimatzen dugu gurekin ere gogoratu izana eta ibilbide luzeko beste hedabideekin batera saria partekatzea: Guaixe, Belaixe, Ttipi Ttapa, Xorroxin irratia, Xaloa, Karrika, Xuka, Zorrokaria, Pulunpe, Esan- erran, Mailope, Euskalerria Irratia, Aralar Irratia, Irati Irratia, Karrape Irratia, Nabarra… Guztiei zorionak!!
Eta saria jaso eta behar bezala ospatzeko, argazkian ikusten ahal duzuen moduan, egun horretan, hilaren 23an, Zaldiko Maldiko elkartean elkartu ginen aipatu hedabideetako ordezkariak eta festa giro politaz gozatzeko aukera izan genuen. Ea elkarrekin egoteko ez den azken aldia izaten!
Eskerrik asko berriro Karrika egiten dugun guztion partetik!!
Oharra: guk ere oparitxoa egin nahi dizuegu zuei eta urriaren 19an Xabier karrikako gure dendan eginen dugun Joseba Tapiaren azken lanaren aurkezpenera gonbidatu nahi zaituztegu. Aurrerago emanen dizkizuegu xehetasun gehiago gure web orri edo Twitter sarean (bai, Karrikiri hasi da jada txioka!!)


 

Eraite

Eraite

Iruñean 2009ko ekainean sortutako talde gaztea dugu Eraite. Metal musika jotzen dute eta, hasi berriak badira ere, soinu indartsua erakusten dute euren lehenengo maketan. Heldu den urriaren 17an Atarrabiako Paz de Ziganda ikastolak antolatutako Nafarroa Oinez festan ariko dira.

Noiz eta nolatan bururatu zitzaizuen taldea sortzea? Zer moduz joan zaizue orain arte?
2009ko ekainean Aitor eta Enekok aurreko proiektua bukatu ondoren, talde berri bat osatzea erabaki genuen. Ekainean bertan Asier taldean sartu zen, lehenengo bertsioekin hasiz. Taldea osatzeko jende bila jarraitzen genuen bitartean, lehenengo konposizioak agertu ziren. Abeslariak ez zirenez agertzen, Aitor hasi zen abesten, eta taldearen erantzun positiboaren aurrean, hala jarraitzen du. Gitarra joleari dagokionez, zenbaitekin frogatu eta gero, Iosu taldean sartu zen, taldearen eraketa itxiz.

2010eko maiatza arte maketa prestatzen egon ginen, abestiak eta letrak konposatzen, eta honen grabaketa amaitu ondoren zenbait kontzertu jo izan ditugu tabernetan eta herriko festa ezberdinetan. Oso gustura gaude, egindako lanaren emaitzak disfrutatzen ari garelako.

Maketan soinu indartsua erakusten duzue. Zeintzuk dira zuen eraginak?
Hainbat metal talde ditugu gustuko. Eragin nabarmenena agian Euskal Herriko taldeena da (Su ta gar, Latzen, S.A…) hurbiltasunarengatik batez ere. Halere atzerriko talde ezberdinengandik ere jaso dugu eragina (Machine Head, Pantera, In flames, Bullet for my Valentine… esate baterako).
Agerian da metala dela entzuten dugun musikaren portzentajerik handiena, baina hala ere beste musika estilo batzuk entzuten ditugu: Funky, Rock, Ska, Reggae…

Hasi berriak zarete, baina jada zenbait kontzertu eskaini dituzue. Zer moduz jendearen harrera? Kontzertuak lortzeko aukerarik izaten ari al zarete?
Gaur egungo metalaren egoera ez da orain dela 10-20 urte bezalakoa. Musika estiloen modak aldatuz doaz, gaur egun metalak ez du lehen bezainbeste jarraitzaile eta hori nabarmena da. Halere ez dezakegu kexarik izan, eman ditugun kontzertu guztietan jendea animatua egoten da eta giro ona sortzen da.
Kontzertuak lortzeko maketa taberna eta gaztetxe ezberdinetara bidali edo eraman dugu, eta interneten bidez ere lortu ditugu batzuk. Gainera, urriaren 17an Nafarroa Oinezean jotzeko aukera eman digute, eta ziurrenik joko dugun kontzerturik garrantzitsuena izango da.

Maketako kanta guztiak euskaraz egin dituzue. Zenbait taldek gaztelaniara edota ingelesera jotzen dute publiko zabalagoa edota oihartzun handiagoa lortzeko asmoz. Zergatik erabaki zenuten zuek euskaraz aritzea?

Hizkuntzarena ez dugu inoiz pentsatu zergatik aukeratu dugun euskara, gaztelaniaz metala ez dugu ia entzuten (ez zaigu gehiegi gustatzen), eta ingelesa agian urrunegia sentitzen dugu. Azkenean denok Euskal Herrian hazi gara eta gehien entzun dugun musika euskalduna da (Negu gorriak, Berri Txarrak, Urtz, Anestesia…). Gainera joaten garen kontzertu askotara euskal taldeek emanak dira, beraz beti gure musika euskararekin identifikatu dugu.

CD-en kopia piratekin eta batik bat internetekin musikaren mundua zailtasunak dituela esaten du hainbatek, baina, aldi berean, teknologia berriak ongi erabiliz gero, aukera berriak ere zabaltzen direla ezin ukatu. Nola dakusazue musika panorama?
Azken hamarkadan izugarrizko aldaketa izan da musikaren munduan, batez ere teknologia berrien agerpenarekin. Zenbait talde eta musikari ezagun kexatzen dira honengatik (agian gutxien kexatu behar direnak), baina gure ustetan hau ez da okerrerako izan, onerako baizik. Hasten ari garen taldeek aukerak eta laguntzak izan ordez, oztopoak ditugu gehienetan, eta honetarako internet oso erabilgarria suertatzen zaigu. Aukera paregabea aurkitzen dugu gure musika ahalik eta jende gehienari zabaltzeko.

Eta euskal musikari dagokionez, zer deritzozue? Ongi ikusten al duzue gure musikaren egoera? Eta Nafarroari dagokionez?

Euskal musika orokorrean ongi ikusten dugu, maila handiko taldeak aurki ditzakegu musika estilo guztietan, eta ez soilik eragin lokala dutenak, baita eragin nazionala eta internazionala dutenak ere.
Hala ere, metalari dagokionez, egoera nolabait maldan behera dago. Talde ugari aurki daitezkeen arren, orain ditugun erreferente nagusienak 80-90eko hamarkadan sortutako talde berberak dira. Beraz, ez da taldeetan berrikuntza handirik ematen, talde berriei ez zaie aukera gehiegirik ematen eta, honen ondorioz, batzuk desagertzen dira edota talde berriak eratzea erabakitzen dute aukera berri bat izateko.

Jada maketa bat duzue karrikan eta horrekin ezagutzera ematen ari zarete. Ba al duzue bestelako proiekturik esku artean? Diskorik ateratzeko asmorik?

Orain kontzertuetan zentratuak gaude, entsaioak horretara bideratzen ditugu, eta gauza berriak ateratzeko denbora gehiegirik ez daukagu. Baina hala ere, etorkizunari begira kanta berriak konposatzen ari gara (baita kontzertuetan bertsioak kendu ahal izateko).
Neguan sartzen garen heinean kontzertu gutxi egongo direnez, konposatzen eta gauza berriak ateratzean zentratuko gara. Diskoa grabatzea pentsatua daukagu, noski, (zein taldek ez du ideia hori buruan), baina orain dela gutxi maketa kaleratu genuen, eta ez daukagu presa handirik.

Zuen musika myspace gunean eta Youtuben ere aurkitzen ahal da, ezta? Maketa erosi nahi duenak nora jotzen ahal du? Eta zuekin harremanetan jartzeko kontzerturen bat lotzeko?
Bai, gure webgune nagusiena myspace-a da (http://www.myspace.com/eraite), gure musika zabaltzeko tresnarik nagusiena. Halere, interneteko beste baliabide ezberdinak erabiltzen ditugu: Youtube-n abestiak igo ditugu eta gizarte sare ezberdinetan aurkituko gaituzue.

Maketa eskuratzeko Iruñerriko taberna ezberdinetan erosi daiteke 5 euroren truk: Infernu taberna, Terminal, Black Rose, Big star, Sai, Si bemol… Gurekin kontaktuan jarriz ere eskuratu dezakezue maketa, eta nola ez gure kontzertuetan ere salgai daukagu. Halere nahi duenarentzat megaupload-etik dohainik jaitsi daiteke, myspace-an eta agertzen garen webgune gehienetan dagoen linkean (http://www.megaupload.com/?d=OGG4OU65).

Gurekin harremanetan jartzeko myspacean aurkitu daiteke informazio guztia, bai telefonoak bai e mail helbidea (eraite@hotmail.com).


Biziraupena eta bizipoza

Mikel Irizar. euskaltzalea eta A.E.D. (Arrasate Euskaldun Dezagun) elkartearen sortzaileetarikoa

Amets garaia
Frankismoan klandestino genbiltzala, amets egiten genuen. Eta ametsetan dena zen eder, dena posible. Euskal herritar guztiak ginen euskaldun, debekuak bakarrik galarazten zigun hala agertzea. Franco bota, debekua altxa eta lehenengo udaberrian loratuko zen Euskal Herri euskalduna.

Amets hura errealitateak birrindu zuen, baina berriak piztu genituen. Aski izango zen euskarazko eskolak eta eskolak euskaraz paratzea denok euskaldun izan eta hala jarduteko. Honek gehixeago iraun du, baina hauts da egun.

Petral aldia
Amets apurtuek petrala ekarri ziguten. Eta, bekokia zimurtuta, borrokarako prestatu ginen. Dena bihurtu zen eskubide, aldarri, gatazka. Eta agonia. Euskararen biziraupena bera kolokan ikusi genuen eta horrek hil ala biziko tenorean jarri gintuen. ‘Euskara ala hil’ zioen ormaren bat ikusi izana ere gogoratzen dut.

Borroka kalean bakarrik ez, alderdien politikara ere eraman genuen. Eta klik! argia piztu zitzaigun: alderdi abertzaleek salbatuko zuten euskara, independentzia zen bidea. Euskaltzale berdin abertzale. Eta alderantziz? Hortik ere ilun. Aparte, ezin esan oso mesedegarri zaionik euskarari Zaldierok ingelesez deitzen duen erakundeak bere jarduera euskaraz azaltzeko duen grina..

Etsipena?
Beldur naiz ibilbide bihurri honek ez ote duen euskaldun ugari etsipenera bultzatu. Euskara ikastean goieneko gailurra lortu ez zuenak, mendira joateari utzi ote dion. Eta inguru euskalduna trinkotu ez duenak, ez ote duen gero eta errazago amore ematen erdaren aurrean.

Eta nik uste dut ez dagoela etsipenerako arrazoirik. Hizkuntza bera inoiz baino osatuago daukagu, eta sekula egon ez den esparru eta mailetan dabil, ondo suelto. Sarri errepikatzen dudan adibidea: Gipuzkoako Aldundiaren gobernu bilerak euskaraz egiten dira. Noiz gobernatu da euskaraz orain baino lehen?

Biziraupena
Posible ikusten dut. Baina, lehenik eta behin, egin dezagun amets neurrian. Auskalo inoiz iritsiko den Euskal Herri euskalduna, adiera zaharrean behintzat. Baina eskura ditugu gune eta sare euskaldunak. Landu ditzagun. Amets unibertsalaren ezinak ez ditzala ezindu posible diren helburu hurbilak.

Euskararen biziraupenak hiztun listoak behar ditu, beti urri izango diren baliabideak puntu estrategikoetan kokatzeko: hurbileko komunikazioa, teknologia berriak, enpresa erreferenteak… Gipuzkoako Kutxan hizkuntza arduraduna izan naizen denboran aski probatu eta frogatu ahal izan dut listo jokatzearen indar eragilea.

Bizipoza
Eta, batez ere, ezabatu dezagun kopetako zimurra. Ondoratzen ari den itsasontzira inor gutxi igoko da, eta saltzaile kopetilunak nekez erakarriko du bezero axolagabea. Bizipoza deitu dudan horri esan niezaioken berdin asertibitatea, harrotasun lasaia, edo auto-konfiantza. Gure ahalmenen gaindi dagoena bigarren mailan utzi, eta egunero egin dezakegun hori egin dezagun.

Oraintxe konturatzen naiz, non eta KARRIKIRIn ari naizela horrelakoak esaten! Errezeloa daukat hau guztia nik baino hobeto ez ote dakizuen…