San Simon eta San Judas, joan zen uda…

Ziztu bizian pasa da, bai, urtero legez, uda partea; atsedena hartzeko eta hurbileko zein urrutiko bazterrak, kulturak eta jendea ezagutzeko sasoia. Atzean gelditu dira Sanfermin jaiak, gure hiriko kale bazterrak musikaz, burrunbaz eta zuri gorriz jantzitako jendez mukuru betetzen dituztenak. Karrikirin, gainera, atun janaren 15. edizioa ospatu genuen aurten eta, betiko moduan, giro ezin hobeaz gozatzeko parada izan genuen. Eguzkiari aurre egiteko molde guztietako kapelak jantzirik, Euskal Herriko hainbat txokotatik heldutako eta sukalde lanetan maisuak diren gure Ondarruko lagunak izan genituen gure artean. Biba zuek!!!
 Festa usaiari lotu ondoren, gure hiriburura heldutako hainbat turistak Karrikiriko Xabier jaitsierako dendan bisitatxoa egin ziguten, batik bat Katalunia aldetik etorritako lagunak. Hurreratutako guztiak, Euskal Herriko produktu eta kulturaren berri izateaz gain, gure saltokiko beherapenez baliatu izan dira eta eskaintza berezi hauek oraindik ere jarraipena izanen dute irailaren erdialdera bitarte. Elkartearen bulegoan, bestalde, elkarteko kideak itzuli ahala, erritmoa hartzen hasi gara jada eta gure zerbitzuak eguneroko martxa hartzen ari dira poliki-poliki; lan poltsa, pisukideak, itzulpengintza, zerbitzu euskaldunen errolda, informazio gunea, esku artean duzun Karrika buletina, web orria e.a. Denda ibiltaria ere, uda partean etenalditxoa egin ondoren, urriaren 17an Paz de Ziganda ikastolak eginen duen Nafarroa Oinez jaian izanen da. Ikusten duzuen moduan, bada, lanari eutsi diogu berriro eta gure elkarteko ateak zabalik dira. Eta lur hartzea astiro eta goxo izan dadin irail partean izanen ditugun Sanfermin Txikiko jaiez ere gozatuko dugu. Gora San Fermin Txikito!!



Iñaki Saenz Pascual

Heldu den urriaren 17an Nafarroa Oinez jaia antolatuko du Iruñeko Paz de Ziganda ikastolak. Aurten “Munduz mundu” leloarekin euskara lau haizetara zabaldu beharreko hizkuntza dela aldarrikatu dute. Urte osoan zehar eginiko lanaz eta urrian eginen den festa egunaz solasean aritu zaigu Iñaki Saenz Nafarroa Oinezeko koordinatzailea.

Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolak lekukoa pasa eta gero bide polita egin duzue. Zer moduz joan da dena orain arte?
Urtean zehar hainbat jarduera burutu ditugu, ikasle ohien bazkaria, bertso astea, futbol txapelketa, Pirritx eta Porrotxen ikuskizuna, guraso ohien bazkaria, Euskara Munduan (unibertsitate atzerritarrak eta euskal irakasleen presentzia) Xakobeo erakusketa, besteak beste.
Guztietan helburua euskararen presentzia areagotzea eta Nafarroa Oinez ezagutaraztea izan da. Nafarroa Oinez gizarteratu nahi genuen, Ikastolatik atera eta herrira zabaldu.

“Munduz Mundu” da hautatu duzuen leloa. Zer adierazi nahi izan duzue?
Lelo horrek, euskara gurea izanik munduan barrena zabal daitekeela, erabil daitekeela adierazi nahi izan dugu. Leloarekin batera, logoak ere bat egiten du ideia horrekin, globoa poliki-poliki bidea egiten duen, isil isilik doan garraiobidea baita, oztopo eta muga guztien gainetik. Euskararekin parekotasunik badu, ezta?

Nafarroa Oinezen alderdietako bat ekonomikoa da. Nora bideratuko duzue urte osoan zehar jasotako sosa guztia?
Paz de Ziganda Ikastola zentro handia izanik, bere ikas prozesua bukatzeko batxilergoa falta zaio eta, beraz, horretara bideratuko ditugu lortutako etekinak.
Bestalde, badira Nafarroan, hegoaldean batez ere, kinka larrian dauden ikastolak; Lodosa, Biana eta Tuterako ikastolak, esaterako. Gure Oinezarekin Lodosako ikastola ere lagundu nahi dugu, larrien dagoen ikastola delako, beraz, irabazien portzentaje bat ere haientzat joango da.

Urte osoko ekitaldiez gain, Nafarroa Oinezek lotura berezia izan du aurten beste zenbait ekimenekin; Done Jakue bidea, Oinez basoa.
Bai, hala da. Ikastola Done Jakue bidean bertan kokatzen denez eta Xakobeo urtea izanik, Xakobeoa eta zinea uztartzen zituen erakusketa bat zabaldu genuen apiril aldera Ikastolan bertan. Erakusketak bazuen beste alde bat ere, euskararen jatorria lantzen zuena. Erakusketa horiek Mikel Velasko, Ramon Herrera, Peio Monteano eta Toti Martinez de Lezearen hitzaldiekin osatu genituen.
Maiatzean oihartzun handia izan zuen beste jarduera bat ere burutu genuen: EUSKERA MUNDUAN. Bertan, Tokio, Helsinki, Bahia Blanca eta Madrilgo unibertsitateetan euskara irakasten ari diren adituak ekarri genituen mahai inguru batera. Oso saio interesgarria izan zen, haiek esperientziak entzutea.
Bestalde, Oinez Basoa ekimena duela bi urte Jaso Ikastolak antolatutako Oinezean sortu eta iaz Etxarrin martxan jarri zen proiektua da. Arbizun kokatzen den Euskararen basoan zuhaitzak babesteko aukera eskaintzen digu egitasmoak. Helburua bikoitza da, euskararen irakaskuntza eta ingurumenaren zaintza bultzatzen baititu. Enpresek, erakundeek, familiek… nahi adina zuhaitz babes ditzakete 20 euroren truke. Hau guztia www.oinezbasoa.net orrian ikus dezakezue.

Urrian eginen duzuen festaz ezer aurreratzerik bai?
Ibilbidea zoragarria izango da. Lau herri eta bi ibai hartuko ditu bere bost guneen artean. Gune bakoitzak kokatua dagoen herriaren izena eramango du, hau da, Burlata, Uharte, Arre eta Atarrabia. Bosgarrenak, ikastolan egongo denak, esan bezala Lodosa izena eramango du. Ibilbidea Arga eta Ultzama ibaien ondotik igaroko da hein handi batean.
Guneetako programazioa oso zabala izango da, adin guztietako jarduerak ikusgai izango dira. Aipatzekoa Eskoziatik etorriko den koadrila handia, bere herri kirolak eta kultura erakutsiko dizkigutenak.
Beharren aldetik, jende asko beharko dugu lanean aritzeko, 3000 bat lagun gutxi gora behera. Ikastola handia izan arren guztion laguntza eskertuko dugu, hortaz, inork lan egin nahiko balu, nahikoa du Ikastolara deitu eta Iñaki Saenzekin, nirekin alegia, hitz egitea. Gustu handiz hartuko dugu guztion laguntza.



Harrotasuna

Gotzon Carcar. Coach pertsonala eta enpresarialean aditua

Aspaldi batean nire bakarrizketan, nire barnean dabil jo eta ke, gora eta behera, oso ezaguna den, euskaldunon artean askotan -gehiegitan esango nuke- esan eta entzundako gai hau: Harrotasuna.

Harrotasuna-ri buruz doa plazaratu nahi dudana. Eta hain zuzen, harrotasunarekin loturik dagoen esaldi ospetsu bati buruz: “Euskalduna naiz eta harro nago”.

Esaldi xelebre horren ospea alde guztietara hedatu da. Ozenki erabilia, abestu, aipatu egiten da… eta ez hori bakarrik, baita, euskaldun izatearen harrotasunari garrantzi eta meritu handia ematen zaio. Adibidez, berari esker euskara bizirik dagoela nonbait irakurrita daukat eta askotan entzuna ere. Ai ene! nolakoa izan zitekeen gure historia harrotasun hori gabe!

Nire asmoa, harrotasun horrek gugan (eta gurearengan) sortu duen eragin ezkorra salatzea da. Baina batez ere denok elkarrekin –behin onartuz gero azaltzera noana noski- baikortasunerantz abiada ederra egitea da asmoa edo beharrezkoa balitz, edonork bere buruarekin -edo taldean-, eztabaida sortzea edo hausnarketa egitea.

Ikus ditzagun 3000 Hiztegian azaltzen diren itzulpen hauek:
harrotasun:1 hinchamiento, dilatación. 2 orgullo
harro:poroso/sa, esponjado/da, ahuecado/da, vano/na
arrotu, harro(tu), harrotzen:ahuecar, hinchar, levantar
harrokeria: vanidad, orgullo, presunción
vanidad:1 calidad de vano: hutsaltasun, hutsalkeria. 2 engreimiento, envanecimiento: harropuzkeria, harrokeria, hantuste, astintasun, harrotasun.

Hala ere eta zoritxarrez, oso barneratua eta onartua dago harrotasuna gauza ona dela guretzat. Hanka sartze handia da. Harrotasuna ona dela eta harrokeria ez? Oker dabil horrela pentsatzen duena. Handikeria adierazten dugunean gutxiagotasun konplexuaren iturritik edaten dugu eta. Guztiz, txobinismo jarrera dela esango nuke.

Edonork, hutsik egonez, harrotasunaz eta handikeriaz, betea dagoela adierazi nahi du, barnean duena estaliz. Holako jarrera baten aurrean, edonork errez sentituko duena arbuioa izango da. Kaltegarria denontzat: mezuaren igorlearentzat eta hartzailearentzat.

Adimen Emozionalaren zientziak edo trebetasunak aztertzen du argi eta garbi horrela adieraziz:
harrotasun:barne energia emozionala
harrokeria: harrotasunak sortarazten duen jarrera

Harrotasun sentimendua (barne energia) esperimentatzen dugunean, gure sistemak –gorputza bitartez- jarrera bat –edo gehiago- adierazten du eta helarazten duena harrokeria da. Bata bestearen ondorioa da. Harrotasunak halako harro jarrerak bermatu egiten ditu: harropuzkeriak, harrokeriak, huts eta faltsu. Gutxiagotasunaren konplexu ezkutukoaren eraginpean gaude harrapatuak orduan. Oso arriskutsua, oso kaltegarria.

Buelta eman diezaiogun, mesedez. Aukera badago. Euskaldunak izateagatik harro sentitu beharrean, jar gaitezen pozik, edo ase, edo nahi bada, maitemindurik. Gure mezu guztiak energia baikorraz helarazi ditzagun. Nik uste komeni zaigula. Denontzako den helburua lortzeko askoz hobe.. Beste aurrerapauso eder bat izan daiteke eta. Ze deritzozu?