atun jana

Festetan eta oporretan ere euskaraz bizi eta goza!!

Iaz eginiko hausnarketa prozesuaren ostean, Karrikiri elkarteak ilusioz beteta ekin zion ibilbide berriari ikasturte honen hasieran; jende berria hurbildu da gurera eta, horri esker, gure zerbitzuak sendotuz eta hobetuz joan dira gutxika-gutxika. Esku artean duzuen Karrika aldizkari itxuraldatuak ere bere urratsak eman ditu eta Internet sarean ere bere tokia hartuz joan da gure web orri berritua. Gure ohiko zerbi­tzuek aurrera darraite sasoitsu eta Karrikiriko denda mugikorrarekin Euskal Herriko hainbat bazter bisitatu ditugu azken hilabeteotan; Artaxoa, Baigorri (Nafarroaren eguna), Portugalete (Folk Azoka), Sondika (Bizkaiko Dantzarien Biltzarra), Sortzen festa Iruñean, Larrabetzu (Literaturia, euskal liburuaren azoka). Eta berriki, gainera, lagun gehiagoren laguntza ekarriko digun bazkidetza kanpaina bati heldu diogu. Hori guztia, bada, azken hilabeteotan gure elkarteak eginiko lanaren erakusgarri. Eta lan erritmo horri eutsi ondoren, atsedena hartzeko ordua heldu zaigula uste dugu, merezita, gainera. Horregatik, zuetako hainbaten modura, oporretan eta festa giroan murgilduko gara datozen egunetan, atsedena hartu eta pilak kargatzeko asmoz. Baina, hori bai, euskaratik eta euskaraz; izan ere, oporretan eta festetan ere euskaraz bizi eta gozatu nahi baitugu lagunekin eta familia artean. Eta horregatik, gure hirian barna Sanferminetan eginen diren euskarazko ekitaldi guztietara joateko gonbitea luzatzen dizuegu (agendan emanen dizuegu horren berri zehatza) eta, horien artean bereziki, uztailaren 9an eginen dugun atun janaren 15. ediziora. Urtero legez, Ondarruko gure lagunek ekarriko diguten hegaluze goxoa dastatzeaz gain, bazkalostean euskal musika eta dantzez gozatzeko aukera izanen da; beraz, elkarrekin ongi pasatzeko parada ederra. Zaldiko Maldiko elkartean izanen da, animatu bada! Ongi pasa festetan eta oporretan eta gogoratu abuztuan gure Karrika oporretan egonen dela. Iraila arte!!!


Patxi Laborda

“Konpartsa edozein momentutan karrikara atera­tzen badugu, berez duen magia xahutu daitekeelakoan nago”

Aurten Iruñeko Erraldoi eta Kilikien Konpartsak bere 150. urteurrena bete du eta ekitaldiz hornituriko urtea ospatzen ari da Iruñerriko jendearen gozamenerako. Sanferminetan, gainera, Txupinazoa jaurtitzea egokituko zaie eta irailaren 18rako ikuskizun berezi bat prestatzen ari dira. Horretaz guztiaz hitz egin digu Patxi Laborda Konpartsako kideak.

Ibilbide oparoa egin du Iruñeko Konpartsak. Zer nabarmenduko zenuke eginiko bide luze honetaz?
Neretzako interesgarriena izanen litzateke konpartsak berak izan dituen garapena eta bilakaera. Batzuetan, horrenbeste jende inguruan ikusiz, ematen du betidanik horrela izan dela, baina urte aunitz konpartsan dantzan egon direnek argi esaten digute gauzak zeharo aldatu direla; konpartsa nolabaiteko ikurra bilakatu dela azken bolada honetan, onerako eta txarrerako, jakina. Segur aski Tadeo Amorenak bere erraldoiak egin zituelarik ez zuen ezta urrutitik espero gaur dagoena izatea. Berak segida ematen zion antzinatik zetozen tradizio bati, besterik ez… baina zorionez tradizioak aldatzen, pobretzen edo aberasten dira, eta kasu honetan asko aberastu da… Batek daki hemendik berrogei urtera zer izanen den, baina hortaz solastuko gara mende erdi barru.

Etxeko txikienendako ez ezik, Iruñeko jendearendako ere oso berezia da konpartsa, ezta? Sumatzen al duzue hori?
Nagusi guztiak txikiak izan gara noizbait, eta ausartuko nintzateke esatera nolabait jarraitzen dugula txikiak izaten. Guk nahi dugu erraldoiak, kilikiak, buruhaundiak eta zaldikoak ikusten genituen moduan gure ondorengoek ikustea, eta agian horrela haien begien bidez berbizitzen ditugu atzean utzitako une gozoak… Badira modu ezberdinak konpartsa bizitzeko: kilikien eta zaldikoen aurrean korrika egitea, bilobak, seme-alabak arrinkonkor jarri eta erraldoien ondoan joatea… eta bizitzak modu horietatik guztietatik pasarazten gaitu.

Urteurrena dela eta, aurtengoa urtea berezia izaten ari da zuendako. Zer moduz doa?
Urte berezia da, dudarik gabe, eta horren aldeko apustua egin dugu nabarmenki, baina agian gure kalkuluetatik haratago joan zaizkigu agerraldiak, izan ere nire ustez ez baita batere ona konpartsa horrenbeste kalean egotea… Konpartsak badu bere testuingurua, bere funtsa, eta edozein momentutan kalera ateratzen badugu, magia hori xahutu daitekeelakoan nago… Baina, egia esan, aurtengo kontua da, eta segur aski datorren urtean ez gara honetaz solastuko.

2010eko SanferminetakoTxupinazoa jaurtitzeko ohorea, gainera, zuena izanen da. Akaso azken urteotako Txupinazorik maitatuena izanen da?
Guretzako bai, jakina, eta agian bide polit bat landu daiteke hemendik aitzina: txupinazoa Iruñearen alde lan egiten duten kolektibo edo pertsonek bota dezaten, eta ez bakarrik politikariek. Nire ustez bide interesgarria eta tradizio “berri” horren funtsarekin koherentea. Nik esanen nuke guk txupinazoa botatzeak iruindar guztiak ados jarri dituela, eta hori itzelezko lorpen bat da, zalantzarik gabe.

Baina ospakizunak ez dira Sanferminetan akituko. Irailerako ekitaldi berezi bat prestatzen ari zarete. Ezer aurreratzerik bai?
Gauza asko prestatzen ari gara ekimen horretarako, jende askok gogoa adierazi du parte hartzeko eta une bereziak biziko dira. Aukera izanen dugu bidaiatxo xume bat erraldoien bihotzera egiteko, musika ezberdinen bidez, soinu eta koloreak, hitzak, irudiak… Zaila da azaltzea, baina… bi printzesen arteko jota… erraldoien begirada tristeetako dan­tzak. Jeroglifikoa ematen du, baina guztiek ulertuko duzue.


Euskararen etorkizuna, geure esku

Patxi Baztarrika. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde ohia 

Hizkuntza pluraltasunaren gainean ertz askotatik garatutako gogoetak jaso ditut Babeli gorazarre izenburuarekin (Alberdania) argitaratu berri dudan liburuan, eta, jakina, hizkuntza aniztasunaren galera-arriskuaz ere aurki daiteke gogoetarik bertan. Izan ere, gizadiaren historia hizkuntza pluraltasunaren etengabeko galeraren historia baita. Mendez mende milaka hizkuntza hil dira munduan, oraintxe bertan milaka daude, estu eta larri, galtzeko arriskuan, eta segur da asko desagertuko direla. Egiazki ez dakigu zer-nolako bilakaera izango duen globalizazioak, ez baitakigu zer izango den: edo jakobinismo linguistikoaren erreinua edo aniztasunaren eta diferentzien arteko berdinkidetasunaren paradigma. Denetarik izango du, seguruenera. Galerak ere bai, seguru. Euskara, ordea, nahiz eta gure arteko lantu jotzaile askok euskararen hil kanpaiak astindu, ez dago hil edo biziko ataka horretan, ezta gutxiagorik ere. Euskara, beste hizkuntza asko bezala, ingelesaren eta inguruko hizkuntza hegemonikoen tarte gero eta estuagoan zirrikitu bila dabil, baina badu zerbait bere alde, badugu zerbait gure alde: milaka hizkuntzaren heriotzak hizkuntzak erabili ezean hil egiten direla erakusten digun bezala, euskararen urteotako bilakaerak erakusten digu guztiz egingarria dela hizkuntza ez-hegemoniko eta gutxiagotuak biziberritzea, garatzea eta haztea. Utopia egingarria dela, alegia, euskara indarberritzea.

Utopia hori egia bihurtzen duten faktore erabakigarrien artean hiru nabarmentzen dira besteen gainetik: biziberritu nahi den hizkuntza babesteko eta sustatzeko lege-araudi egokia, hizkuntza politika eraginkorra herri-aginteen eskutik eta herritarren atxikimendua. Faktore horien indarra eta elkarren arteko uztardura nolako, hizkuntza biziberritzeko prozesuaren arrakasta edo porrota halako. Diogunaren kasu paradigmatikoa da euskararena: bistakoa baita hiru faktore horien gorabeherak esplikatzen duela azken hogeita bost urteotan euskarak eta elebitasunak atzera egin izana Iparraldean, aurrerantz baina motel Nafarroan, eta aurrerantz indartsu Euskal Autonomia Erkidegoan.

Nolanahi dela ere, nago urteotan guztiotan euskarari dagokionez gertatu den aldaketa nagusia geure buruetan gertatu dela. Gutako askok Aitorren hizkuntza zaharra etxe-zulora kondenaturiko bigarren edo auskalo zenbatgarren mailako hizkuntza baliogabetzat kontsideratzeari utzi genion, eta hizkuntza bizi, moderno eta maila guztietako komunikaziorako hizkuntza kultu eta baliozkotzat hartu dugu. Aldaketa horren kariaz eta aldaketa horren bidelagun bereizezinak diren herritarren atxikimenduari eta herri-aginteen konpromiso irmoari esker gertatu da gertatu den euskararen aurrerakada. Esan dezadan, halere, herri-erakundeen konpromisoa hizkuntza politika kontuetan, Nafarroan nahiz Iparraldean, oro har, oso kezkagarria izateraino dela aski eza eta hutsala; izan ere, lurralde horietan, euskararen muga soziolinguistiko saihetsezinei, tokian tokiko herri-erakundeek ezarritako muga legal eta politikoak gaineratzen baitzaizkie ezinbestez.

Kontua da, azken hogeita bost urteotako bilakaerari esker, nire ustez, inoiz baino neurri handiagoan daudela euskararen eta hizkuntza-bizikidetzaren etorkizuna herritarren eta hiztunen esku. Inoiz baino neurri handiagoan gara geu gorabehera honen soluzio. Nago, baina, sarri askotan –gehiegitan- geu garela baita ere arazo. Kontu hauetan ere hobe dugu, “politikoki zuzenak eta arriskurik gabeak” diren diskurtsoen erosotasunetik ihes egin eta hainbat txip saihestea; esaterako, erresistentziaren edo errebindikazioaren eta agoniazko jarrera biktimisten txipa. Boluntarismoaren liluraz mozkortuta jardutearen ondorioz edo euskara estrategia politiko batzuen morrontzan jartzearen ondorioz, euskararen biziberritzean lortu ezin litezkeen espektatibak balekotzat ematen ditugunean, frustrazioari ateak luze-zabal irekiz, geu bihurtzen gara arazo. Hogeita bost urteotan gertatutakoa ikusita, euskararentzat guztiz kaltegarria dela uste dut euskal herritarrei -elebidunei nahiz elebakarrei- adieraztea legerian eta marko juridiko-politikoan edo herri-aginteetan dagoela euskara azkarrago indarberritzea eragozten digun muga nagusia. Kaltegarria diot, gure muga nagusiak, Nafarroaz eta Iparraldeaz jadanik esandakoaren kalterik gabe, besteak beste, beste honako hauek direlako: gure errealitate soziolinguistiko askotariko eta konplexua, euskarak gizarte-bizitzan gaztelaniarekiko nozitzen duen ahulezia, erdaldun askoren inertzia, euskal hiztunen euskararekiko leialtasun-neurria, eta euskal herritarron gogoa.

Gureganatu beharko genukeen txipa Kennedy presidentea parafraseatuz adierazi dezakegu: “hizkuntza politikak niri zer eman diezadakeen galdetu beharrean, galde diezaiogun gure buruari: zer egin dezaket nik bizikidetzaren alde? Zer egin dezaket hizkuntza-bizikidetzaren mesedean eta hizkuntza kontuetan aukera-berdintasuna bermatzearen onuran?”. Bai, hobe dugu, bai, herritarrek jakin dezaten euskararen etorkizuna eta hizkuntza-bizikidetza batez ere euren hizkuntza-jokabidearen esku daudela: bai elebakarrek elebakartasunari behin betiko atea itxi eta elebitasunari irekitzearen esku eta, batez ere, euskal hiztunen hizkuntza-jokabidearen esku. Gaur oraindik elebakar direnei eskatu behar diegu hurbil daitezela euskarara, eta asmatu behar dugu ohartarazten neurri handi batean euren esku dagoela hizkuntza-bizikidetzan aurrerapauso sendoak ematea, herritar elebidunik gabeko elebitasuna itxurakeria eta erretorika hutsa baitira. Ildo berari jarraiki, ordea, hil edo bizikoa dugulakoan nago, are hil edo bizikoagoa, Joxanton Artzeren lelo hura berreskuratu eta lau haizeetara zabaltzea: “hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek erabiltzen ez dutelako baizik”, edo Bitoriano Gandiagaren beste hura: “Baina eta hemen / euskaraz jakin arren / euskaraz mintzatzen ez denak ere / ez digu uzten / euskaraz egiten”. Bistan baita etxetik euskal hiztun direnek euskara esparru guztietan, bereziki ez-formaletan, ohikotasunez eta naturaltasunez erabiltzen badute, bidearen erdia baino gehiago egina izango duela gure hizkuntzak. Bistan baita, halaber, gaur gaurkoz euskarak atzera egitearen arriskua ez dagoela Unibertsitateko edo DBHko ikasgeletan atzera egitean, baizik eta atzera egiteko arrisku-guneak ikastetxe horietako pasillo eta kafetegiak, edo ikasle eta irakasle EGAdunen arteko ikasgelaz kanpoko harremanak, aisialdia… direla. Bistan baita, azkenik, euskararen etorkizunerako erabakigarria izango dela gaurko guraso euskaldun berriek euren seme-alaben etxeko hizkuntza euskara izatea aukeratzen duten, aukera hori egiten badute askoz naturalagoa eta barnekoiagoa izango baitute euskara bihar-etzi gaurko haurrek. Euskararen erabileraren aldeko pausoa euskal hiztunen erantzukizuna dugu, lehenik eta behin. Etxetik euskal hiztun direnek ohikotasunez eta lehentasunez erabiltzen ez badute, eta bigarren hizkuntzatzat ikasi dutenek gero eta modu naturalagoan bereganatzen ez badute, eta euskara tresna eroso eta baliagarria ez badute, ezer gutxi aurreratuko du euskararen bizi-indarrak, nahiz eta erruz gehitu ezagutza-indizea.

Esandakoaren ildotik, zer pentsatua eman beharko lioke euskararen etorkizunaz arduratzen den edonori, euskararen erabilerarekin azken bi hamarraldiotan gertatzen ari denak: euskararen ezagutza ez ezik, erabilera ere gehitu egin da Euskal Autonomia Erkidegoan, eta mantendu baino ez Nafarroan. EAEko erabileraren gehikuntza, ordea, batez ere esparru publikoan gertatzen ari da, oso nabarmen zerbitzu publikoetan eta motelago lagunartean. Alabaina, esparru ez-formalean, zehatzago esanda “etxeko salan”, ez da gehitzen ari euskararen erabilera. Elebidunen kopurua erruz hazi delako hazi da, beraz, erabilera, nahiz eta normala denez neurri apalagoan hazi; gaurko elebidunek, ordea, batez beste, ez dute duela hogei urteko elebidunek baino gehiago erabiltzen euskara, nahiz eta erabiltzeko aukerak areagotu egin diren. Hizkuntza biziberritze prozesuak saihetsezinak dituen hazkunde-kostu batzuk eta hainbat arrazoi estruktural dira hori guztia neurri handi batean esplikatzen dutenak (elebidunen euskara-gaitasun erlatiboa, elebidunen lehen hizkuntza, elebidunen profil urbanoa, elebakarren proportzio altua, eta abar). Baina, euskal hiztunek hizkuntzarekiko duten identifikazio-loturaren eta leialtasunaren neurriak ere zuzenean eragiten du erabileraren gorabehera honetan, zalantzarik gabe.

Hain zuzen ere gogoeta-hari honi tiraka papereratu ditut Babeli gorazarre liburuan, beste zenbaiten artean, ondorengo galderok: elebidunen kopurua erruz gehitu bada ere, zein neurritan hazi ote da egiazko hiztunen kopurua? Eskolako hizkuntza akademiko nagusia (zabalduena) den bezala ote da euskara ikasgelatik kanpora ere ikasleen eta irakasleen arteko harreman ez formalagoetako komunikazio-hizkuntza? Inoiz baino liburu-izenburu gehiago eta inoiz baino hedabide gehiago ditugunean euskaraz, euskarazko produktuen aukera egiten al dute kontsumitzaile elebidunek, eta zein neurritan? Zenbateraino da euskara Administrazioan lanean jarduteko behar besteko euskara-gaitasuna erakutsi dutenen lan-hizkuntza? Gaztelaniaz bezain erraz eta eroso moldatzen al dira euskaraz elebidun berriak? Eta elebidun zaharrak? Zer-nolako balioekin lotzen dute gaur egun euskara belaunaldi gazteek? Euskararen ezagutza hazi den neurri bertsuan hazi al dira euskararekiko atxikimendua eta begirune soziala? Zergatik ez dute erdaldun elebakar askok oraindik ere euskararantz inolako pausorik ematen? Ez ote du XVI. mendeko “euskara, jalgi hadi plazara!” haren lekua “euskara, hator etxera eta lagunartera!” leloak bete beharko XXI. mendean?

Mitxelenak esana da: “hizkuntza batentzat hilgarria dena hiztunen axolagabekeria da”. Ez bekie gaurko herritarrei eta hurrengo belaunaldiei esan eurek egin beharrekoa eta egin dezaketena neurri handi batean eginda dagoela, eta etorkizuna herri-aginteek eta legegileek egiten dutenaren esku dagoela. Bizitzaren esparru gehienetan bezala, hizkuntza kontuetan ere errazagoa eta atseginagoa da egoeraren erruak hirugarren baten bizkar botatzea, norberaren arduragabekeriak zuritu eta erosokeriari bide emanez. Hortik ezin, ordea, onik ezer espero, jokoan daukaguna ez baita bakarrik euskara erabiltzeko aukerak sortzea –horretan etengabe eta atzerapauso txikienik gabe jarraitu beharra dago-, jada ditugun aukerak baliatzea baizik. Jokoan daukaguna erabili ahal izatetik erabili nahi izatera eta, beraz, erabiltzera jauzi egitea da. Euskara erabiltzea da, ez besterik, euskarak behar duen mobilizazio sozial berria, berria eta berritua, konnotazio alderdikoirik gabea, anizkoitza den gizartearentzat bateragarria izango dena, konfrontazioaren ikusmoldea eta biktimismo uxatzaileak erabat baztertu eta balio nagusi eta erreferentzialak bizikidetza, berdinkidetasuna, elkartasuna, pertsuasioa, erakarmena eta naturaltasuna izango dituen euskararen erabileraren aldeko mobilizazio soziala.

Hizkuntza bizikidetzak eta hizkuntza pluraltasunak nahitaezkoa dute herri-aginteen hizkuntza politika aktibo eta sustatzailea. Euskarak biziberritzen jarraituko badu nahitaezkoa du herri-aginteen aitzindaritza; ezinbestekoa du herri-aginteek euskara indarberritzeko ahaleginari geldialdirik gabe eustea. Baina nago, euskararen aurrerabiderako gako nagusiak honakook direla: erabilera, gogoa eta adostasun sozial eta politikoa. Jabetuko al da gizartea inoiz baino gehiago daudela bere esku euskararen etorkizuna eta hizkuntzen bizikidetza harmoniatsua?