Bagoaz aurrera
Aurreko alean aurreratu genizuen moduan, martxoaren amaiera aldera, Karrikiri elkarteak hartutako martxa berria ospatzeko eginiko aurkezpen festatxora etortzeko gonbitea luzatu genizuen bazkide zareten guztioi, Iruñerriko euskara elkarteei, lagun, zein hurbileko kideei. Hitzordua Xabier jaitsierako gure dendan egin genuen martxoaren 24an eta arratsaldeko 19:00ak iritsi ahala, gure saltokia aurpegi ezagunez betetzen joan zen. Reyes Iraola elkarteko kideak ongi etorria eman zigun bertaratuko guztioi, azken hilabeteotan Karrikirik emaniko urratsen berri emanez: barnera begira eginiko saioak taldearen hasierako xedeei berriro helduz eta horiek birplanteatuz, orain arte eginiko bidearen berrikuspena eta aurrera begira jarraitu beharreko lan ildoen zehaztapena… Ondoren elkarteko zenbait bazkide eta lagunekin eginiko jardunaldiak eta hilabete luzeak pasa ondoren, ereindako lanaren fruituak: esku artean duzuen Karrika itxuraldatua, interneten abiatutako web orri berria eta gure logotipo berritua jendartean aurkezteko parada izan genuen.
Eta horietaz guztietaz solastu ondoren, alde zaharreko karriketan zaparrada ederra botatzen zuen bitartean, Karrikiriren martxa berria lagun artean, pintxoak eta poteak dastatuz ospatzeko aukera izan genuen gure dendaren goxotasunean.
Esker mila bide hau guztia egiten lagundu diguzuen guztiei eta hementxe gaituzue elkarlanerako prest. Hurbildu gurera eta ekin diezaiegun egitasmo berriei!!!
Saioa Martinez de Lizarrondo
Atarrabiako Karrikaluze Euskara Elkartea
Karrikaluze Atarrabiako Euskara taldeak hamar urte daramatza herriko euskaldunen arteko sarea ehuntzen. Bigarren urtez Antzerki Aroa antolatu dute, euskara eta aisialdia, euskara eta kultura, euskara eta gozamena, euskara eta plazerra, hori guztia uztartzeko.
“Atarrabian Iruñean baino errazago dugu euskaldunak identifikatzea, beste kontua da sarea noraino ehunduta dugun”
Apirilean antzerkiak gain eginen du Atarrabian, Antzerki aro berri baten edizioa arrazoi.
Aisialdiak euskaraz bizi eta gozatzeko aukera ematen dio. Eskaintza kultural handiegirik ez dagoen herri honetan, euskaraz gero eta espazio gehiago eskuratzea dugu helburu.
Antzezlanak anitzak dira, edukierari dagokionean, ikuslego motari dagokionean bezala.
Denboratxo nahiko eskaini behar zaio. Bigarren urtea da zikloa antolatzen dugula. Udazkenean hasi ginen obrak begiratzen, alderatzen, aurrekontuak… Lehendabiziko lana taldeekin hitz egitea da, datak zehaztu, eta honen arabera zikloa zehaztu. Gero propaganda lan guztia dago, eskuorri eta kartel propioak egin baititugu. Udalarekin elkarlanean antolatzen dugun zikloa da eta udala arduratzen da Atarrabiako buzoi guztietan eskuorria uzteaz, baina horretaz gain, bestelako leku eta herrietan gu arduratzen gara informazioa zabaltzeaz, baita aldizkarietara, egunkarietara, ikastetxeetara… bidaltzeaz ere. Eta, bukatzeko, egunean bertako lana egongo da.
Zein da Atarrabiako euskaldunen sarearen panorama?
Euskaldunena Iruñerriko beste herrikoen parekoa da. Sareari dagokionez, Iruñean baino errazago dugu, euskaldunak identifikatzea errazagoa da, beste kontua da sarea noraino ehunduta dugun. Izan ere, ingurumari honetan ohikoa denez txokokeria asko dago Atarrabian ere, euskaldunon sarea osatzeari askok ez diote duten garrantzia ematen, beste gauza batzuk lehenesten dituzte herrigintzaz ari direlarik.
Zuen elkartearen xedea sare hori ehuntzea da.
Iaz 10 urte egin genituen eta oso poztekoa da orain arte egin dugun lana. Batetik aisialdi esparrua dago. Atarrabian 3 aisialdi talde ditugu (Larunblai, Jauzi eta Iseka), 8-16 urte bitarte hartzen dituztenak eta gainera, aurten hasi gara gazteekin begirale izateko formazio ikastaroarekin. Bestetik, Atarrabian euskarazko eskaintza zabaltzea da jardunbidea: kultura eskaintza urtero egiten dugu, Xuka aldizkaria argitaratzen dugu hilabetero, herriko elkarte eta kolektiboekin horien euskalduntzean pausoak emateari begira egiten dugun lana dago, lan poltsa zerbitzua… Bestetik ere, hainbat egun puntualetan edota herriko jaietan gure ekarpena ere egiten dugu Jai batzordean parte hartuz.
Eta etorkizun hurbilean, erronkarik?
Orain arte egin dugun lanarekin aurrera jarraitu, indartu eta sendotzea da orain dugun erronka.
Argia profitatuz, ametsa idatzi
Olatz Zabaleta Telleria.Arangurengo Udaleko euskara teknikaria
Berri Txarrak taldeak bere abesti batean ametsak idazteko argiak profitatzeaz hitz egiten duen bitartean, KEN 7 taldeko Eñaut Elorrietak, argiak nork, zerk pizten dituen galdetzen dio bere buruari azken diskoari izena ematen dion abestian. Oraingoan Topaguneak, Urtxintxak eta Soziolinguistika Klusterrak egin berri duten ikerketa batek pizti dizkigu profitatzeko argiak. Alde batetik, euskara elkarte eta administrazioetako kideok gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko nola joka eta lan egin dezakegun galdetzen diogu geure buruari. Beste alde batetik, gazte batzuek amets egiten dugu zeharo euskalduna izango litzatekeen bizi batekin: gurekin euskaraz bizi den familia, koadrila, bikote… batekin. Ikerketa horrek, batzuei zein besteoi, amets hori idazteko profitatu ditzakegun argiak eskaini dizkigu. Lerro hauen bidez horietako argi bakar batera hurbilduko gara, argi horietako bati begiratuko diogu. Hona hemen: bizitzan gizatalde askotako partaide izaten gara (bikotea, lagunak, ikaskideak, familia…). Horietako bakoitzean dagoeneko hizkuntza arau batzuk izaten dira eta horiek portaeran eragiten dute. Horiek aldatzea, nekagarria eta zaila suerta daiteke. Baina, “giro berri batean murgildu eta hizkuntza arau berriak finkatzeko momentuan berriz, erabileran aldaketak gertatzeko aukera handiagoak daude.” Hortaz, ikerketa horretan ikus dezakegunez, gazteengan, helduengan bezala, maila indibidualeko, mikro mailako eta makro mailako faktoreek eragiten dute. Ona litzateke ulertzea zenbait ingurunetan (gizartea edo gizatalde ezberdinak) norbanakoak nahi badu ere, amets hori egia bihurtzea zaila izan litekeela. Halere kontua ez da norberaren erantzukizunak disolbatzea, porrot horren atzean egon daitezkeen faktore ezberdinak ulertu eta hurrengo saiakera baterako indarrak eta gogoak ez xahutzea baizik. Beraz, elkarte eta administrazioek gazteen hizkuntza portaeran eragin nahi badute, momentu horietan eragiten ahalegindu beharko lukete; hizkuntza erabileraren aldaketarako aukera gehiago eskaintzen duten talde berrien sorreretan. Horretan datza, hain zuzen ere, gaur egun Iruñerriko euskara elkarteek eta zenbait udalek abian duten 3blai egitasmoaren indarra. Egitasmo horretan gazteentzako talde berriak osatzen dira, aisialdi talde antolatu berriak, eta horietan hizkuntza arau berriak ezartzen dira, partaideen artean euskarazko harreman berriak sortuz. Ikerketa horrek egitasmo horren lana bide onetik doala erakusten digu. Eutsi diezaiogun piztuta argi horri! Gazte euskaldunok ere, gure euskararen erabilera esparrua zabaldu nahi dugun gazteok alegia, argi hori profitatzeko dugu. Dagoeneko gure bizimoduko taldeak diren horietan hizkuntza arauak bat-batean aldatzea nekeza izan daitekeela ikusi dugu. Egin daiteke ordea, eta ona da gure burua zigortu gabe eta, aurreko alean Rosa Ramosek aipatzen zuen TELPek aholkatzen duen jokamoldea aldatzeko egoeren sailkapen horren bidetik, poliki-poliki aurrera egitea. Horrez gain, orain, ikerketa horri eskerrak, badugu artikulu horretan aipatutako “neke” eta “higadura emozional” gutxi sortzen duten eta oso eraginkorrak izan daitezkeen egoeren berri. Gure euskarazko bizitza eraiki nahi badugu, saia gaitezen gure inguruan sortzen diren gizatalde berrietako hizkuntza ohituretan eragiten, ahalegin gaitezen euskarazko hizkuntza arauak dituzten gizatalde berriak sortzen: unibertsitatean edo institutuan ikaskide berriekin hastean, lantokiz aldatzean lankide berriekin, mendian edo parrandan egiten ditugun lagun berriekin, bikotekide berriekin… Euskaraz bizitzeko gure ametsa idazteko, gure bizitzako fase ezberdinetan eratzen ditugun taldeen osaketak ematen dizkigun aukerak, argiak, profitatzea besterik ez dugu. Animo!!