Karrikiri klik batean
Itxuraldatuta heldu ginen zuen etxeetara aurreko alean eta ziurrenik zuetako hainbatek parra gustura eginen zenutela Patxi Uharte komikilariak gure logotipo berriaren inguruan azaleko irudian izaniko ateraldiarekin, ezta? Tira, ba pozten gara, guk ere gozatu baikenuen haren umorearekin eta oraingoan beste berritasun bat dakarkizuegu martxoko zenbaki honetan. Izan ere, logotipoa eta esku artean duzuen Karrika aldizkariarekin batera, Software askean eginiko Karrikiri elkartearen webgune berria martxan jarri baitugu. Horrela bada, hemendik aitzina, klik bakar batean elkartearen inguruko informazio guztia saretik eskuratzeko parada izanen duzue (elkartearen historia eta xedeak, Karrikiri izenaren jatorria, bideratzen ditugun zerbitzuak eta jarduerak, Karrika aldizkariaren hemeroteka, Karrikiri denda, etab.) eta azken kultur ekitaldi eta berriez ohartzeko aukera izanen duzue web orrian gehitu ditugun bi atal berriri esker: Iruñerriko euskarazko ekitaldiak bilduko dituen kultur agenda eta berrien atal bat. Sarean ikusgai izanen duzuen agenda horretan Iruñerrian antolatzen diren ekitaldien inguruko informazioa jaso ahala sartuko dugu eta berrien atalean, aldiz, elkarteari dagozkion notiziez gain, interesgarriak iruditzen zaizkigun beste batzuk ere sartuko ditugu. Beraz, kultur eragile eta talde guztiei deialdia egiten diegu antolatzen dituzten euskarazko ekitaldi guztien berri eman diezaguten denon erakusgai jarri dezagun.
Eta horrenbeste berritasun iragarri ondoren, horiek guztiak elkarrekin ospatzeko unea dela iritzi diogu eta horregatik martxoaren amaiera aldera eginen dugun festatxora etortzeko gonbitea luzatu nahi dizuegu. Zehazteke dago oraindik eguna, baina laster jakinaraziko dizuegu.
Virginia Cervera. Malaspulgas antzerki taldeko antzezlea
Nafarroako Antzerki Eskolaren oholtza gainean Bergerakeko Cyranoren penak eta pozak euskaraz entzungai eta ikusgai izanen ditugu heldu den martxoaren laugarrenean. Virginia Cerverak eta Sofia Diezek orain dela hamabortz urte osatu zuten Malaspulgas taldea eta euren estreinako antzezlanerako Tormeseko Lazarilloren pasadizoak oinarri hartu ondoren, arma eta letrak pareko neurrian maite zituen sudur luzearen kontuak moldatu dituzte orain, Axularen gure mintzairara goldatuz gainera. Taldeko kideetako Virginiarekin mintzatu gara Karrikan. Hurrenak berripaperaren taulara goratu ditugun galderak.
“Antzezlana euskaraz moldatzea guretzat hagitz aberasgarria izan da, are gehiago, euskara ez denean gure ama hizkuntza”
Lazarilloren joan etorriak lehendabiziko eta orain, Bergeraceko Cyrianorenak. Zergatik?
Batean zein bertzean bi lan ikaragarriren aurrean gaude. Taldean bi antzezle gara, Sofia Diez eta ni neu, eta gurekin batera, Javier Perez Eguaras, zuzendaria. Hiruroi izugarri gustatzen zaigu Lazarilloren kontakizuna. Oso pertsonaia interesgarria da, gainera, antzezlan baten tentsioa iraunarazteko, bera eta bere arrimora dauden gainerako pertsonaiak. Egokitzapenaren emaitza oso ona izan da eta, hori horrela, Cyranori ekitea pentsatu genuen. Agian korapilo gehiago ditu Cyranok, baina antzerkigintzari dagokionez, oso istorio osoa da.
Euskaraz agertuko duzue zuen lana. Izan ere, zenbaitzuei, hainbat jaun txit agintari agurgarriri tarteko, gogoratu behar zaie físika aferak euskaraz erakusteko fisika jakin behar dela, hori dela koxka, Pedro Migel Etxenikek berak adierazi bezala, hizkuntza oro mezuaren bitartekari den heinean.
Noski, zer erran nahi den, horixe da garrantzitsuena. Zein hizkuntzatan, zein moldetan, hori gero dator. Antzezlana euskaraz moldatzea guretzat hagitz aberasgarria izan da. Are gehiago, euskara ez delako gure ama hizkuntza. Gainera, Cyranoren kasuan, antzezlanaren erdia bertsoak dira, eta honek gauzak zaildu ditu. Zentzu honetan, bertsoak euskaratzeko Asis Arbideren laguntza mirestekoa izan da. Asisek bera eta bere ingurukoak hunkitzeko ahalmen handia du. Bertso bat itzultzea hizkuntzen arteko matematika ariketa baino zerbait gehiago ere badelako.
Eta zeintzuk dira antzezlanaren antzerki hizkuntzaren moldeak?
Antzerki hizkuntza zuzena darabilgu. Hauxe da gure giltza, antzezlanaren haria umeek zein helduek jarraitu ahal izateko.
Jatorrian euskaraz idatzita dagoen lanik antzerkirako prestatzea aurreikusi al duzue?
Egia errateko, etorkizun hurbilean ez. Gure hurrengo lana hasieratik bukaera bitartean guk geuk sortutakoa izanen da. Sormen lanaren hasieran gaude, baina ez du hizkuntzarik izanen, hitzen ezean gure keinuak ukanen dituelako soilik. Aurrerago, ordea, zergatik ez?
Rosa Ramos. Berriozarko Euskara Zerbitzuko teknikaria
Hobetzeko dauzkagun aukerez ohartu
Iruñerriko euskaldun guztiontzat ezaguna den egoera: lehenengo aldiz sartu denda edo bulego batean eta betiko zalantza, zer gertatuko da aurrean dudan dendari edo bulegariari euskaraz egiten badiot? Zantzuren bat suma tzen ez dugunean (hitzen bat euskaraz kartel edo errotulu batean, esaterako) edo hasierako kortesia-agurrek arrastorik ematen ez digutenean, betidanik deigarria iruditu zaidan ezerosotasuna sortzen da (estualdia deitzea gehiegi izanen litzateke?). Aurreko batean, hitzaldi batera joan nintzen eta bertan TELPen berri izan nuen: Taller de Espai Lingüístic Personal, Ferran Suay eta Gema Sangines psikologoek hizkuntza asertibitatea lantzeko garatutako metodologia. Orain hobeki ulertzen ditut elebidunen estualdiak aipatutako egoeretan. Izan ere, euskaldun izan nahi dugun elebidunok “zigorra” ziurtatuta omen daukagu. Amore emanda gaztelaniaz hasten bagara (testuinguru ba tzuek zalantzarako tarte txikia uzten baitute) gure buruarekin gaizki senti tzen gara eta, ondorioz, zigorra jasotzen dugu. Gure burua adoretu eta “uretara botata” ezezagunari euskaraz egiten badiogu aurrean daukagunaren erantzuna izan daiteke gure zigorra (aurpegiera, begirada edo gaitzespen esaldia, batzuk ez baitira mozten…). Gauzak horrela ikusita ulertu dut, bestalde, bi ezezagun ohartzen direnean euskaldunak direla sortzen diren (lekuz kanpoko?) irribarre zabalak eta gogokidetasun giroa. Argi dago, behingoagatik, zigorrari ihes egin diote… Batzuei zigor hitza gogorregia irudituko zaie egunerokotasunean gertatzen zaigun hori azaltzeko, baina gutxik ukatuko dute, gutxienez, “nekea”, “higadura emozionala” edo “motibazio-ahultzea” gertatzen zaigula. Zorionez rtenbideak ere landu ditu. Herrialde katalanetan abiatutako esperientzia honek landu beharreko hiru alderdi azpimarratu ditu. Batetik, gure pentsamoldea berrikustea komeni dela azaltzen digu, gure posiziotik eta ez besteen posiziotik berrikusi, gaztelaniaz aritzeko ikasitako beharra berraztertzeko. Bestetik, baliabide komunikatiboak menperatzea komeni zaigula esaten digu eta hitzezko ez diren aldeei garrantzia eman (tonua, abiadura, jarrera, keinuak…); izan ere, hainbat estrategia landuta, eztabaida antzuak ekidin ahalko ditugu eta egoera deserosoetatik atera gure pentsamoldea eta argudio-andana azaltzen ibili gabe eta, garran tzitsuena, emozionalki hustu gabe. Azkenik, baliabide emozionalak lantzea ere onuragarria omen dugu, asertibitatean oinarritutako hizkuntza portaerak (gure hizkuntza erabili mintzakideak errespetatuz eta gu eroso sentituz) jarrera oldarkorrak edo pasiboak baztertzen lagunduko baitigu. Portaera asertiboaren helburua da gure erabilera esparruak zabaltzea, kostu emozionala murriztuz. Alde horiek landuta, Ferran Suay eta eta Gema Sangines psikologoek proposatzen dute norbera gaztelaniara aldatzen den egoerak sailka tzea eta, aldaketen gakoak ikusitaa (aurrekoak “euskaldun itxura” izatea ala ez, bestea gaztelaniaz hastea, solaskidea ongi ez moldatzea euskaraz…), gure jokamoldea era mailakatuan eta modu kontzientean aldatzea. Testuinguruak eragina dauka, dudarik gabe, eta egoera batzuk beste batzuk baino zailagoak eginen zaizkigu. Kontua da gure erabilera esparrua zabaltzearekin batera erosoago sentitzea; hots, hasieran aipatutako “zigor” gutxiago jasotzea. TELPek ez digu ez dakigun gauza askorik esanen, baina, ziur aski, lagungarria izanen dugu burua beste modu batez antolatzeko eta hobetzeko dauzkagun aukerez ohartzeko.