Esku artean duzuen Karrika berria azken hilabeteotan Karrikiri elkartearen baitan eginiko hausnarketa bidearen emaitza da. Hainbeste urtez zuen etxeetara hilero iritsi ondoren, bazen garaia etenalditxo bat egin eta ibilitako bideari erreparatzeko, barnera begiratuz, ezinbestez, baina baita zuen iritziak jasoz ere. Eta horretan aritu gara, hausnarrean, eta aurreko hilabeteetako Karrikaren zenbaki bereziak horren isla izan dira. Baina jada prozesu hori amaitu egin da eta Karrikak bere betiko jardunari heldu nahi dio. Eta, ikus dezakezuen moduan, aurpegia itxuraldatuta iritsi zaigu, Euskal Herrira heldu berri den inauteri giroarekin bat eginik. Elkarteak berak logo berria erakutsiko du hemendik aitzina eta Karrikak ere bat egiten du aurpegi aldaketa horrekin. Eta barrenak ere zertxobait aldatuta ekartzen ditu, taldean hausnarrean aritu ondoren ateratako ideiak eta zuek etxetik helarazi dizkiguzuenak kontuan hartuta. Hertzainak talde bikainak aspaldi erran zuen moduan “ez dira betiko garai onenak”, baina hementxe egon nahi dugu, zuen ondoan, elkartean ematen diren kontu berri guztiak zuenganatuz. Horixe izan baita hasieratik gure xedea, Karrikiri elkartearen bozgorailu ttikia izatea; taldeak bideratzen dituen ekimenen berri emanez eta Iruñerrian euskaraz bizi ahal izateko aukera eskainiz. Horrela bada, Karrika itxuraldatu honetan elkartearen nondik norakoak ezagutaraziko dizkizuegu azalean bertan, eta barrenean zuetako hainbatek horrenbeste eskertu diguzuen euskarazko ekitaldien agendatxoa biltzen jarraituko dugu hilero hilero. Agenda horretako ekitaldi edo protagonistaren bat sakonean ezagutzeko parada izanen dugu atal berri bati esker eta Xabier karrikako gure dendan ditugun euskal sortzaileen eta bestelako produktuen berri ere emanen dizuegu. Horixe guztia Patxi Uharte komikilari bikainak jarritako umore apartaz lagunduta. On egin diezagula!!!
Estitxu Arozena Bertsolaria
Hizkuntzaren jolasa dugu bertsolaritza; hitzaren dantza, elearen balantza, euskararen gantza, solasaren zalantza. Hau guztia ederki aski daki Estitxu Arozena bertsolari lesakarrak. Bi aldiz jantzita baitu buruan Nafarroakoan txapela eta hamabi urte daramatzalako eskola umeei bertsoaren zirrara erakusten. Aurki hasiko delako gainera txapelketaren edizio napar berri bat, honetaz eta hartaz mintzatzeko bertaratu dugu gure karrikan, prosaren prosaz, zortzi galderek halako neurrian manaturik itaunak erantzuteko.
“Bertsolaritza beti egon da iraultzari lotuta lurra irauli gabe ez baitago uztarik”
Hastear da Nafarroako Bertsolari txapelketaren 39. karrera. Bertsolaritzaren harrobitik harri zahar eta harri berriak, emeak eta harrak, hauetariko aunitz 30 urte beherakoak…
Batzutan badirudi kasualitatez harri azpitik sortzen direla bertsolariak, baina normalean harrobian lan aunitz egin ondotik aurkitzen dira. Oraindik ere Nafarroan denaren beharrean gaude, bai adinez, bai eskualdez ere. Bittor Elizagoien hor dago, hogeita hamar txapelketatik goiti egina. Aurten, gainera, hemezortzi urte beteko dituzten bi hasiko dira. Eskualdeei dagokienean, Iruñerriko, Bidasoa inguruko, Leitzaldeko, Sakanako zein Pirineotako harrobiak behar ditugu. Zenbat eta harri kopuru handiagoa eta desberdinagoa izan, orduan eta hobeki. Zorionez, Nafarroako harrobiak harribitxiak ere eman ditu.
Txapelketa nagusiak ere orain berriki eraman ditu lehen emakumearen buru gainera txapelaren ohorea eta itzala. Natural antzean ikusi dugu guztia, baina bertsolaritzaren ur korronteetan iraultza osoa ezkutatzen da, hala emakumeen ekarpenari dagokionean, nola kopla kantari gazteen jardunari dagokionean ere.
Bertsolaritza iraultzari lotua egon da garai desberdinetan. Iparragirre iraultzailea zen bere garairako, musikari eta bidaiari. Txirrita zer erranik ez, lanerako alferra omen, baina oraindik gaur egungo bertso eskoletan haren bertsoak eredu gisara ematen dira, errekurtso ezberdinak aztertzeko. Uztapide ezagutzeko aukera izan zutenei oraindik aurpegia aldatu egiten zaie hartaz ari direlarik. Amurizak bertsoa eskoletan ikasi zitekeenaren iraultza ekarri zuen. Egañak bertso bukaera edo baita xorta bukaerako sorpresarena gehitu zion aintzineko guztiari. Maialenena ere iraultza kualitatibo bat izan da. Puntaren puntara iristen direnak zerbait irauli dutelako heltzen dira. Lurra irauli gabe ez dago uztarik.
Bertsolaritza hizkuntzaren, hitzaren, euskararen jolasa da. Bertsolarien ahotsa, mikrofonoak handituta, hizkuntzari fereka egiteko, bertzelako apaingarririk gabe; noiz eta teknologia berriek ikuskizunak eta taula gainekoak bertze modura apaindu eta birmoldatu dituztenean XXI. mende honetan.
Bertsoa teknologikoki biluzik dago eta agian horrek eusten dio xarmari. Dena den, teknologiak ere badu indarra. Honen adibidea, bertsoen munduak garai berrietara egokitzen jakin izan duela da. Hartara, azken Txapelketa Nagusia ordenagailu pertsonalean zuzenean jarraitu dute milaka pertsonak. Sarrera gehienak internetez erosi eta etxean inprimitu ditu bertsozaleak.
Hitzaren biluziak non ezkutatzen du, ordea, bertsoaren indarra?
Beti erraten da euskaldunen artean hitza sakratua dela. Hor egon daiteke gako nagusia. Urteetan zehar egindako lana eta hartu diren erabakiek ere zerikusia izanen dute.
Izan ere, Euskal Herria guztira zabaltzen den elkarte baten lana dago. Euskalgintzaren eta kulturgintzaren eremuan lan egiten duten bertze elkarteen eredugarri al da Bertsozale Elkartea?
Ez dut uste hori erratea niri dagokidanik! Hori bertze elkarteek erran beharko lukete. Nik uste Bertsozale Elkarteak lana ongi egin duela, baina perfekzioa ez da existitzen, ezta bertsotan ere –kar, kar, kar-.
Zein da zure irudikoz bertsolaritzaren ekarpena hizkuntzalaritzari eta euskararen berreskurapenari dagokionez?
Urteak daramatzagu, euskara hizkuntza akademikotzat soilik duten haurrei bertsogintza programa ematen eta nik uste gure ekarpen handiena hizkuntzaren ludikotasunean dagoela. Euskararekin jolasean ongi pasaraztea lortzen baduzu, agian ez da emaitza neurgarri bat baina… aunitz egin duzula erranen nuke.
Hortaz, bertsolarien plazara arribatuko diren etorkizuneko bertsolariak aipatu gabe ezin utzi, bertso eskoletako irakaslea zaren aldetik gainera. Zer giro?
Urte luzeak behar dira emaitzak ikusteko. Mila haurrekin lan egin behar duzu bertsolari bat sortzeko. Zorionez emaitzak iritsi dira eta iritsiko dira. Hamabigarren ikasturtea dut lan honetan. Bertsoaren inguruko lehen pausuak nirekin eman zituzten zortzi bertsolarirekin kantatzeko ohorea izanen dut.
Arrakastak bertsolaritzaren dir-dira amatatzeko arriskurik?
Arriskua leku guztietan egon daiteke. Baina ez dut uste juxtu arrakasta denik gure etsai handiena. Garai berriak, bizimodu berriak, hizkuntza gutxitua izateak… horiek beldur gehiago ematen didate.
Oskar Zapata Solano.
Topaguneko Nafarroako arduraduna
Sortu eta eragin!
Kaguenka! bukatu genuen 2009. urtea Topagunekook, euskalgintzako beste hainbat eragilek bezala: haserre, irainduta, nazkatuta… Hau da, toxinaz beteta. Nahikotxo hitz egin da euskarazko hedabideek merezi ez duten tratuaz, euskaraz zein erdarazko Euskal Herri osoko hedabideetan. Hauxe da gertatu denaren gainean egin dezakegun irakurketa positibo bakarra: alde batetik, hainbat enteratu dira existitzen garela eta egituratu samar gaudela, eta bestetik Euskarabidearen sorrerarekin Nafarroako Gobernuak egin zuen distrakzio maniobra berez erori egin dela, agerian geratuz, Nafar Gobernuak daraman hizkuntza politika euskarafobiko, mendekatzaile eta aldeanoa ezkutatzeko, Euskarabidea erabiltzea dela euren asmo bakarra, horretarako Euskarabideko zuzendariak ipurdia agerian utzi behar badu ere.
Bestelakoa izan zitekeen Institutua baliabidez hornitu izan balute, baina ez. Gero elkarbizitzaz hitz eginen digute. Nork eta gizartearen gutxiengo handi baten nahiak, eskubideak eta kultura errespetatzen ez dituenak.
Gaurkoan, ordea, ez dut gehiago hedabideen gaiaz hitz eginen, mingarria den arren, ez baita kaltetua atera den sektore bakarra, ez horixe. Azken bi urteko aurrekontuek, euskararen erabilera sustatzeko ekimen guztiak kaltetzea dute helburu: hedabideak, haur eta gazteen aisialdia, kultur programazioa, entitateak euskalduntzeko programak, mintzapraktika egitasmoak, herritarren sentsibilizaziorako ekimenak, euskaltegiak, irakaskuntza… Hau da, erasoa erabatekoa da, helburu garbia duena: euskaraz bizi nahi dugunontzako esparruak irabazteko egindako lanak ahalik eta gehien trabatzea, horretan aritzen diren eragileei diru-laguntzak erabat murriztuz.
Nafarroako euskaltzaleok, gure Gobernuaren babes juridiko, politiko eta ekonomikorik gabe aurrera egin behar dugu. Gainera, kontziente gara Gobernuak hiru plano horietan orain ukatzen duen babesa ezinbestekoa dela, gizartearen inplikazioarekin batera, euskararen erabateko normalizazioa lortuko bada.
Egoera larria dela jakin badakigu. Horren aurrean zer? galdetu dute hainbatek. Gure ustez, zailtasunaz zailtasun bi planotan lan egin behar dugu: alde batetik sormenetik tiraka inurrien antza auzoz auzo, herriz herri antolatu, hiztun sareak osatu, erabilerarako esparruak irabazi, diru iturri berriak bilatu…. Eta, beste aldetik Nafarroako euskaltzaleon nahia ozenago entzun dadin ekimen bateratu eta jarraituak antolatu; horretarako Nafarroan gero eta euskaltzale gehiago egon gaitezen diskurtso eta ekimen erakargarriak gizarteratu, politikariekin harremanak ugaritu, botere ekonomikoan ahal dela eragin, kale agerpen indartsuak egin etab.
Lehendabiziko egitekoari, hots, auzoz auzo saretze lan horri dagokionez, inozokerietan erori gabe, zerbait aurreratua dugula esan dezakegu, ez baita alferrik urteetan euskalgintzakook langintza horretan sortutakoa: ikastolak, euskaltegiak, hedabideak, aisialdi eta kultur programak, mintzakide, komertzio eta profesionalen gidak…
Bigarren egitekoari dagokionez, Topagunea etxeko lanak egiten ari da; izan ere, azken urte hauetan, euskararen erabileran eragitea helburuarekin sortu diren euskara elkarte eta ia hedabide guztiak federatu baitira Topagunean. Horren ondorioz, esan dezakegu euskalgintzaren hanka bat Topagunearen inguruan egituratu dela eta horrek lagungarri izan behar lukeela Nafarroako euskalgintza egituratzen eta batzen.
Beraz, Topagunea prest dago euskalgintza eta Nafarroako gizarte euskaltzaleekin diskurtso eta dinamikak adostu eta elkarlanean aritzeko.
“El Drogas” -ek esana: Pentsatzeari uzteko garaia iritsiko zaigu hiltzen garenean, bitartean…