Euskaraz Iruñean barna
BaDuela urte dezente, Antonio Tovarrek Euskararen mitologia eta ideologia liburua argitaratu zuen. Bertan, euskararen inguruko iritziak eta sinesmenak aztertu zituen, XVI. mendetik XIX. mendera arteko hainbat egileren idazkietarik bilduak. Hain urrun joan gabe, geure egunerokoan ere badugu non topatu mitologia eta ideologia ugari. Horretarako, aski da Iruñean euskaraz ibiltzea. Behin, artean gure haurra ibiltzen ikasten ari zela, beti bezala karrikara atera ginen, esku batekin haur-kotxeari kontu egiten niola eta bertzetik semea helduta neramala. Betiko moduan, espaloia zapaldu bezain fite, tarrapataka atera zen, nire eskua askatu gabe. Haren gibeletik, nik: “Polliki, Manex, polliki!”. Eta horrela segituko genuen, ezezagun batek erran izan ez balit: “Poyiki, ez, polliki!”. Tontoa naizen aldetik, kasurik egin gabe aitzinat egin beharrean, erantzun egin nion: “¡Pero si lo digo bien!”. “No, no, no es con la y como en erdara, es con la doble l”. Etsita, autobusa hartzera joan ginen, eta hura han gelditu zen, DJ besta bat iragartzen zuten paperak dendaz denda paratzen (eta ahoskera zainduaz hausnarrean, naski). Bertze behin, Manex eta biok billabesan erausian gindoazela, andre batek haurrak gaztelaniaz ba ote zekien galdegin zidan. Ez nekiela, erran nion, baina ezezkoan nengoela. “Pues hay que enseñarle en los dos”, bota zidan. Ea berak seme-alabei bietan egiten zien galdetzekotan egon nintzen, baina eutsi nion tentaldiari. Susmoa dut, gainera, tolerantzia erakutsi nahi izan zuela: erran, haurrari gaztelania ere irakatsi behar niola erran arren, nahi, euskara ere irakastea ongi zegoela erran nahi baitzuen. Emaztekiak lehenagoko ideologian bezala, euskara ezkongabea susmagarria baita, eta bikotekidea behar du onargarria izateko. Iruñetik bueltan, barride batekin suertatu gara etxe parean. “¡Hola, Manex!”, mutikoari, eta niri, “Ay, qué gracioso, tan pequeño y ya sabe el vasco”. Iruzkinak, hainbat aldiz aditua, txistea ekartzen dit beti burura, ezinbertzean: Alemanian denak arras inteligenteak omen dira, haurrek berek ere alemanez egiten baitute. “Bueno, Manex, agur”; “Aio!”, Manexek; eta barrideak, “no, no, en vasco adiós se dice agur”. Zenbaitetan, ordea, posible da. Zenbaitetan, ahoskera zaintzaileak, elebitasunaren aldeko elebakarrak eta filologo amateurrak gorabehera, miraria gertatzen da. Bidean, San Nikolas karrikan Sagrario ikusi dugu, Hizkuntza Eskolaren ondoan Mikelekin gelditu gara istant batez solas egiteko, Roch ostatuan Xabier agurtu dugu, eta La Hormiga Atómica liburu-dendan Patxirekin mintzatu gara. Guziokin euskaraz egin dugu, baina ez nahitaez euskarari buruz. Gai normalak aipatu ditugu, apalak: eguraldia, lana, irakurritako hondar liburua. Etxetik euskaraz atera, eta euskaraz egitetik gelditu gabe ibili gara goiz osoa. Gaur egun posible baita hori egitea euskaldunon hiri buruzagian. Erran nahi baita, aldez aurretik “euskal ibilbiderik” prestatu gabe. Batzuetan, emeki-emeki ehuntzen ari den komunitatearen hari bat harrapatu eta irudimenean dugun mundu normalizatu hori ikusten dugu, bat-batean, balizko etorkizun baten iragarle.
Santi Leon. Historialaria eta irakaslea
ZENBAT BURU… Saioa Alkaiza
Martxoaren 21era bitarte eginen den Nafarroako Bertsolari Txapelketan iruindar bat arituko da bertsotan aspaldiko partez. Saioa Alkaizak 18 urte bete ditu aurten eta Antsoaingo bertso eskolan hasi zen. Iaz eskola arteko txapelketa irabazi zuen eta Nafarroako txapelketa nagusian bere bertsokera erakutsi nahiko luke.
Noiz eta nola hasi zinen bertsotan?
Antsoaingo bertso eskolan hasi nintzen Estitxu Arozenarekin batera 12-13 urte nituelarik. Hasieran talde handia ginen, baina denbora pasa ahala desegin zen. Orduan hasi nintzen Iruñeko Alde Zaharrean elkartzen zen jendearekin batzen.
Ikastetxean, bestalde, bertsolaritza klase bat ematen genuen eta hori oinarri gisa izanda, lagunak animatu ziren bertso eskolan apuntatzera. Nik ez nuen bestelako bertso grinarik, baina behin hasita, asko erakarri ninduen.
Txantreako bertso eskolan noiz hasi zinen? Bertan jarraitzen al duzu? Zer moduz?
Aurreko urtean elkartu ginen lehendabizikoz Txantreako bertso eskolako gazte taldea. 2007-2008 ikasturtean lau ginen, baina zorionez aurten fitxaje berriak etorri dira: Garaxi Taberna, Iker Gorosterrazu…
Oso giro ona dugu gure artean bertsogintzaz aparte. Noizean behin parrandaren bat prestatzen dugu, Nafarroako gainerako bertsolari gazteekin topaketak antolatzen ditugu, hainbat saio ikustera elkarrekin joaten gara, e.a. Egia esan, oso gustura nago.
Horretaz gain, Alde Zaharrean elkartzen nintzen horiekin ere geratzen naiz kantuan aritzeko, baina Lekunberrin egiten dugu orain jarduna.
Nafarroako Txapelketan aritu aurretik, eskola arteko txapelketan aritu zara. Zer moduzko esperientzia izan da?
Eskola artekoa esperientzia ona da. Aurten azkenekoz hartuko dut parte eta pena pittin bat ematen dit, polita delako zure adinekoekin elkartzea bertsotan aritzeko. Halere txapelketak hori besterik ez dira, beste plaza batzuk, eta nik nahiago ditut bertso afariak.
Aurreko urtean txapela janztea lortu nuen, baina nafar bertsolarien maila nabarmen igo da eta auskalo zeinek jantziko duen aurtengoan. Zer egiteko gai garen erakutsiz, saio ona eskaintzea da gure lana, harrobia ziurtaturik dagoela nabaritzea.
Mariano Izeta sariketan ere parte hartu duzu. Zer moduz?
Kanporaketan postu ona lortu nuen arren, puntuen ondorioz ez nuen finalerako pasea lortu, baina kontent geratu nintzen. Uste dut halako txapelketak ongi daudela plaza asko ez dugun bertsolarion izenak aditzera emateko. Gainera, bertan egon izana primerako esperientzia da.
Nafarroako Txapelketaren 38. edizioan arituko zara. Zeintzuk dira zure xedeak?
Aurrenekoz arituko naiz eta ez dut helburu handirik. Batetik, nire bertsokera erakutsi nahiko nuke eta, bestetik, bertso onen bat bota. Xede pertsonaletatik aparte, nire ustez txapelketaren osotasuna da garrantzirik handiena duena; saio bakoitzean ale onak egotea eta entzuleek bertsoekin gozatzea.
Aspaldiko partez ez zela Iruñeko bertsolari bat izaten. Erronka handia al da zuretako?
Egia da orain dela denbora dexente ez zegoela Iruñerriko bertsolaririk, baina niretzat ez da erronka berezia. Lan handia egin da Nafarroan bertso eskolak eremu guztietara zabaltzeko eta horren ondorioz aritzen dira gaur egun horrenbeste neskato eta mutiko Iruñerrian. Ni belaunaldi horietako adibide bat naiz, besterik ez.
Nola ikusten duzu bertsogintza Nafarroan? Eta Euskal Herri mailan?
Nafarroako bertsogintza osasun onarekin ikusten dut. Esan bezala, bertso eskolak gero eta eremu zabalagoetan daude, gaztetxo gehiago daude bertsoarekin lotuta eta azkenik plazetan dabiltzanak fuerte ari dira.
Euskal Herri mailan bertsolari asko daude azkenaldian oso estilo ezberdinekin eta hori izango litzateke egungo bertsogintzaren ezaugarririk politena, aurrera dihoala eta oso era desberdinetan gainera.
Zein bertsolari dituzu gustukoen?
Ez dut bertsolari faboritorik, denek dute zerbait berezia eta norberaren berezko ezaugarri horiek erakartzen naute; baten umorea, bestearen ironia…
Emakume eta belaunaldi berriko partaide zaitugu. Zer etorkizun ikusten diozu bertsolaritzari?
Argi dago bertsolaritzari etorkizuna ziurtaturik ikusten diodala, gero eta gazte gehiago ari da kantuan, gizon zein emakumeak, berritasuna emanez kultur ekimen honi.
HERRIEN ELEAK
Kalmykera
Errusiaz hitz egitea, munduko estatu handienaz hitz egitea da (azalera 17.075.400km 2). Han den dena itzela da; paisaia ikusgarria eta mugaezina da, Siberiako taiga ederra, Baikal lakua, munduko zaharrena eta sakonena, bere barruan munduko ur edangarriaren %20 gordetzen du. Petrolio, gas, mota guztietako mineralak eta natura baliabideak daude Errusian. Populazioari dagokionez, 146milioi biztanle dira; horietako 120milioi Europan bizi dira, gainekoak Asian. Talde etniko asko daude, 100etik hurbil. Europan bizi dira bi talde nagusiak, Tartaroak, mongolen jatorrizkoak, eta Kosakoak. Beste talde txikiagoak ere badaude, besteak beste, Komi, Carelios, Chuvash, Bashkir…Siberian asko dira han bizi diren taldeak, Mongol Buritanoak, Yakutak, Tuvako natiboak…46 talde baino gehiago daude.
Erlijio eta sinesmen desberdinak daude, kristau ortodoxoak, kristau zaharrak, musulmanak, budistak, xamanikoak …Errusia estatu itzela eta aberatsa da, inolako zalantzarik gabe.
XIIgarren mendean Gengis Khanek mongolen tribuak bere agindupean bildu zituen, Asiako inperio handiena, Txinatik Hungariara zabaldu zena, eratuz. Errusiara heldu zirenean, Gengis Khanen agintea onartzen ez zuten hiriak, Rostov, Suzdal, Vladimir… suntsitu zituzten. Moskuk, berriz, haiekin negoziatu zuen eta mongolek alde egin zutenean Errusiako hiri nagusia bihurtu zen. Atzera egite horretan mongol tribu batzuk Don eta Volgaren artean, Europak eta Asiak bat egiten duten lurretan kokatu ziren. Egun Errusiar Federakundeko Kaukasoko Kalmykia Errepublika izenarekin ezagutzen dugu lurralde hori.
Kalmykeraren jatorria Altai lurraldean kokatzen da, Errusiak, Kazajastanek eta Mongoliak muga egiten duten mendikatean eta Europan hitz egiten den mongoliar adarreko hizkuntza bakarra da.
Kalmykeraren hiztunak 520.000 inguru dira; 174.000 Kalmykian bizi dira, 205.000 Mongolian, 139.000 Txinan eta beste zenbait Kyrghyztanen. Kalmykiako biztanleen %91k omen daki kalmykeraz. Kalmyakarrak, Kaukasoko beste herri asko bezala, naziekin bat egin zutela aitzakiatzat hartuta, kopuru handitan deportatu zituzten. Berlingo harresia erori zenean, gauza asko aldatu ziren Errusian. Herri batzuek euren independentzia eskuratu zuten, beste herrietan pizkunde kulturala ezagutu zuten, esate baterako 1990ean Kalmykiako parlamentuak “hizkuntza legea” onartu zuen eta ebazpen horretan kalmykera eta errusiera hizkuntza ofizial izendatu zituzten. Erabaki hark eragin positiboa izan du kalmykeraren erabileran eta egun hezkuntzan, hedabide idatzietan, irratian eta telebistan eta literaturan erabiltzen da. Idazteko, alfabeto zirilikoa erabiltzen da.
Kalmykian biztanleriaren %38 errusiarrak dira eta, hortaz, halabeharrezko errealitate honen aurrean errusieraren erabilera erabat normalizatua dago.
Galdera, hauxe: Kalmyera eta errusiera gai izango ote dira elkarrekin bizitzeko?