Euskara politizatuta dago
Gizakiak Zoon Politikon den aldetik ikutzen duen guztia politika bilakatzen du. Hizkuntza da ikutzen dituen gauza guzietarik bat, besterik ez. Zentzu honetan hizkuntza guztiak politizatuta daude: euskara, bretoiera… gaztelera, ingelesa eta frantsesa ere (Piarres Hegitoak irrigarri utzi zuen jaun frantximentari galdetzea baizik ez dago… Gora Frantzia!). Halere, politizatuta egoteko modu guztiak ez dira berdinak. Hizkuntza batzuk dira ministro eta besteak zerbitzari. Tamazight hizkuntza oinezko hauetariko bat da. Afrikako Melilla hiriko presidenteak adierazi duenez, hiri horretako biztaleen herenaren hizkuntza ezin da ofizialdu espainiar hizkuntza ez delako. Izan ere, bere ustez, Melillan den guztia espainiarra da, Melillan erabiltzen den hizkuntzarik zaharrena izan ezik. Eta hau esatea ez da politizatzea, taxuz jokatzea baizik.
Euskara aipatu hizkuntza berbere, bretoi eta beduino guztien antzekoa da: munduko beste hizkuntza politizatuetariko bat, kitxuaren, aimararen eta mapudungunaren parekoa.
Politizatuta egotea ez da ez txarra, ez ona. Egoera bat da. Lodia edo argala izatea bezalakoa. Politikari esker euskarari behar zuen thornuia eman zitzaion. Arloteen hizkuntza Basarteko Unibertsitatera iritsi zen Peru Abarkaren eskutik eta noizbait beren hizkuntzaz lotsatu zirenak euskararen katedradunak zirela konturatu eta beren buruaz maitemindu ziren berriro, autoestimua ikaragarri goratuz. Jinko jaun guztiz ahaltsuarengandik hurbilago hiltzeko mendien kaskoetara igo beharrean, ibarretara eta hirietara jeitsi zen politikaren eskutik. Euskara politizatu zen “hemen nago” edota “bizi naiz eta bizi nahi dut” (ahal baldin bada…) lehenengo aldiz esan zuenean. Orduan politizatu zen.
Politikak euskara berpiztu zuen eta politikak berak euskara hil dezake. Badu, bai, ahalmena hilik dagoena pizteko (Lizardiren amona zaharra berpiztu zuen bezala) eta bizirik dagoena hiltzeko (Lauaxetaren langilea eraildu zuen bezala). Euskarak adimentsuki eta zuhurtasunez jokatu behar du politikak bere alde joka dezan, zeren eta euskara berez hilko baita, dagokion unean, eta tamalgarria bailitzateke politikak kontrako norabidea hartu eta heriotza azkartzea.
Fernandez Ostolatzak irakatsi zigun bezala “euskara” markari tasun erakargarriak erantsi behar dizkiogu. Euskararen saltzaile onak izan gaitezen, euskararen alderdikide seduzitzaileak. Galde diezaiogun geure buruari ea euskararen alde ongi ari ote garen jokatzen edo gure jarrera desegokiekin ez ote diogun kalte egiten ari.
Euskara politizatuta baldin badago, bego, baina eraginkortasunez, senaz eta gainerako hizkuntza politizatu guztien miresmena eta inbidia lortuz. Eta ingelesaren txapelaren distira kontrajarriz euskararen boneta baztertzen eta iraintzen duenari kanta diezaiogun guztiz politizaturik… eta pozik…
Txapela badük bena arhin barnekua
Nun ützi dük boneta Uxkal-Herrikua?
Txapel horrek eztereik edertzen kaskua
Basta ederragatik, asto dük astua
Juanka Lopez-Mugarza. Filologoa
ZENBAT BURU… Huan Vélez
Duela jada hiru urte Iruñerriko zenbait elkarteren bultzadaz eta Euskal Herriko beste hiri batzuetan egiten zenari jarraikiz, Iruñeko karriketan giro herrikoian euskaraz abesteko ekimenari hasiera eman zitzaion; Iruñean kantuz sortu zen. Hiru urte pasa dira dagoeneko eta hilabetearen lehenengo larunbata hitzordu finkoa bilakatu da euskaraz abestea gustuko duten lagunentzat. Huan Vélez, Euskal Kantuzaleen Elkarteko kidea, arduratzen da koordinazioz eta egitasmoaren inguruan solasean aritu gara berarekin.
Nola sortu zen Iruñean Kantuz ekimena?
2005eko udazkenean Iruñerriko zenbait elkartek (Muthiko Alaiak, Karrikiri, Orreaga, Manexak, Euskaldunon Biltoki…) beste herrietan erabiltzen zen formula ikusita, Iruñean egiteari ekin genion, euskaraz kantatzeko aukera eman nahian. Hasiera apala izan zen, bai antolakuntzaren aldetik -hilero A3 bat besterik ez baizen banatzen-, baita partaideen aldetik ere. Izan ere, lehendabiziko egunetan 40-50 bat lagun elkartzen ginen.
Zer xede bilatzen dira? Eta nori zuzenduta dago?
Ekimena guztiz irekita dago, euskaraz kantatu nahi duen orok parte hartzen ahal du; gazte zein helduak, euskaldun edo erdaldunak, hemengoak edo kanpotarrak, musikan jakitunak edo musikarekin harremanik ez duenak. Baldintza bakarra euskaraz abestea da. Eta hau da, hain zuzen ere, egitasmo honen xede nagusia; giro herrikoian euskaraz abestea eta ongi pasatzea, alegia. Bigarren lerro batean gelditzen dira beste xede batzuk: karriketan presentzia izatea, gure ondare kulturala kantuaren bidez mantentzea eta zabaltzea.
Euskal Herriko bertze hiri batzuetan badago antzeko egitasmorik. Haiekin harremanik al duzue?
Egia esan, ditugun harremanak pertsonalak dira, ez elkarteen artekoak. Donostiako Kantujira, Baionan Kantuz eta Iruñean Kantuz ekimenen funtzionamenduak tokian tokikoak dira. Halere, gure lehen erronka Iruñeko ekimena sendotzea izan da eta hori behin lortuta, besteekin batera egitasmoak gauzatzera abiatuko gara. Proiektu komunak egiteaz landa, besteek egiten dutena ere ikasi nahi dugu eta guk ere ekarpenak egin gure esperientziatik abiatuta. Euskal Herriko “sare” bat egituratzea litzateke egokiena eta hortara goaz, lan itzela izan arren.
Gutxika-gutxika jendea ohitu egin da eta gustura biltzen da lagun giroan abestera. Pozik al zaudete jasotako erantzunarekin?
Jakina, lehen esan dugun bezala, 40-50 lagun egotetik 300-400 izatera pasatu gara eta ikustea jendeak zeinen ongi pasatzen duen eta zein kementsu eta adoretsu etortzen den, asmatu dugunaren seinalea da guretzat. Gogoratu helburu nagusia kantuarekin batera jendea gustura egotea dela eta hau lortu dugulakoan gaude. Gazte gehiago eta musikari gehiago etortzea nahi dugu, eta ditugun erronken artean, nagusietako bat hau da. Gainera, Nafarroako beste herri batzuetan ere hasi dira jada kantatzera ateratzen (Zizur, Tafalla, Tutera, Lizarra, eta abar).
Bestalde, jende kopuru handia denean antolakuntza lanak zailtzen dira eta lanerako prest egonen diren lagunen beharra dugu: diskoak eta kantutegiak banatzeko, zuzendaritzan egoteko edo musikari lanetan aritzeko. Beraz, inor prest izanez gero gurekin harremanetan jar daiteke iruineankantuz@kantuzale.net posta helbidera mezua igorriz edota 948 14 47 06 telefono zenbakira hots eginez.
Abesten diren kantuekin disko bat osatu duzue, ezta? Zer asmo dituzue aurrera begira?
Diskoa ateratzea jendearen kezka nagusi bat bideratzen saiatzea izan zen. Izan ere, doinuak ikasi nahi zituzten eta kantutegia zabala dela ikusita, disko mordo batera jo behar zuten kantuak entzuteko. Orduan bururatu zitzaigun doinuak guk geuk grabatzea eta jendearen esku uztea kantak ikas ditzaten. Gainera, karrikan grabatzeak kutsu informal, herrikoi eta lagunen artekoa eman dio diskoari, edozein partaideri berea dela erakusten dioena. Hemen ere, asmatu dugulakoan gaude eta urte bukaerarako bigarren diskoa ateratzeko asmoa dugu, doinutegia eta kantutegia zabaltzeko asmoz.
HERRIEN ELEAK
Kaledonia Berria
Ozeano Bareko Melanesiako irla bat da Kaledonia Berria. Ingelesek aurkitu zuten eta kolonizazioarekin hasi ziren, baina 1843. urtean Frantziako kolonia bilakatu zen eta egun Frantziako itsas gaindiko departamentua da. Irla honek 1905km dauka; populazioari dagokionez, 2005. urteko erroldaren arabera 232.258 biztanle ditu, %45 kanakoak dira, jatorrizko indigenak; gainerakoak, europarrak, ozeaniarrak eta asiatikoak dira. Hiri burua Noume da eta han kokatzen dira zerbitzuak, ikastetxeak eta koloniaren egitura nagusiak.
1980. hamarkadan kanakoek independentzia aldarrikatu zuten bainan Parisek ez zuen onartu, europar populazioaren laguntzarekin independentziari bidea moztu zion, eta autonomia mugatua ezarri zuen. Hurrengo urteak oso korapilatsuak izan ziren baina egun Oskar Temaru buruzagi independentista Kaledonia Berriako lehendakari da eta 2009-2019 bitartean independentziari buruzko erreferenduma egin behar du.
Frantziako kolonia izanik hizkuntza nagusia frantsesa bada ere, irla honen ezaugarri garrantzitsuenetariko bat bere eleaniztasuna da. Ez da irla handia, bere populazioa ez da oso ugaria bainan asko dira bere barruan bizirik dirauten eleak.
Kaledonia Berriaren eleek malayo-polinesiko jatorria daukate. Duela ez asko bi desagertu dira eta irlako hizkuntza txikiek nabarmenki gibelera egin dute. Frantsesaren ordezkatze prozesua oso aurreratua dago eta, kasu batzuetan, auzokideen hizkuntzek ere hizkuntza txikiak ordezkatzen dituzte. Egia da azken hamarkadetan kanakoen artean hizkuntza eta kulturarekiko atxikimendua biziki indartu dela, bainan, hori nahiko ote da?. Ikus dezagun ele minorizatu batzuen egoera eta bakoitzak atera ditzala ondorioak.
HMWAVEKE. Iparraldean mintzatzen da, 1982an 300 hiztun zituen, baina gaur gutxiago dira. Ez dago hitz egiten duen haurrik eta frantsesaren ordezkapenaz gain PAICIren presioa ere jasaten du. Gaineko ele minorizatuak bezala ez dago alfabetatzerik.
NEMI. Ipar-ekialdeko kostan mintzatzen da. 1982ko erroldaren arabera 600 hiztun ziren arren, egun 325 dira. Haurrek ez dute ikasi eta ez dago alfabetatzerik. JAWE eta FWÁI eleek mehatxatzen dute.
PWAPWÁ. Hil zorian dago ele hau. 1982an 130 hiztun ziren baina asko murriztu da kopurua. Ez da alfabetatzerik eta JAWE eta YUAGA auzokideen eleek erabat ordezkatu dute.
PIJE. 1982an Tiendanite eskualdean 100 hiztun zeuden, baina egun gutxiago dira. Frantsesa eta FWÁIren mehatxua erabatekoa da. Oso larria da bere egoera.
PWAAMEI. Teomata eskualdearen iparraldean hitz egiten da. 1974an bazeuden 325 hiztun. Ez dago alfabetatzerik eta JAWEk mehatxatzen du.
ARMÖ. Poya herriaren inguruan mintzatzen da. 1982an 100 baino gutxiago hiztun ziren eta egun gutxi batzuk geratzen dira. Aspalditik jasan dute AJIËren ordezkapena horrexegatik geratzen diren hiztun gutxi horiek elebidunak dira.
ARHÂ. 1974an 250 hiztun ziren eta egun asko gutxiago dira. AJIË, PAICÎ eta frantsesaren mehatxupean dago.
NEKU. Boruail inguruan hitz egiten da eta 1982an 200 hiztun geratzen ziren. AJIË eta PAICÎren presioa oso nabarmena da.
WAILU. HOKAILOU eta AJIE izenekin ere ezagutzen zaio. XX. mende hasieran, Eliza protestanteak ele misiolaritzat aukeratu zuen eta, hori dela kausa, hizkuntza franka bilakatu zen. Egun 5.000 hiztunentzako ama-hizkuntza da, eta beste 2000entzat bigarren hizkuntza da.