Horrez gain, Iruñean filma otsailaren 7an (asteazkena) proiektatuko da. Emanaldia Nafarroako Ateneoak eta Iruñeko Udalak antolatu dute eta 19:30erako dago programatuta, Civivox Kondestableren Areto Nagusian (Kale Nagusia, 2). Sarrera doan izanen da lekua bete arte. Zuzendariek aurkezpena eta solasaldia euskaraz eginen dute.
Donostiako Zinemaldiaren 71. edizioan estreinatu zen mundu mailan, Euskal Zinemaren Galaren barruan; Euskadiko Filmategiak antolatutako Euskal Zinemagileak zikloaren hirugarren edizioa inauguratu zuen; TIFF Tokyo International Film Festival jaialdian parte hartu zuen; Madrilgo Emakumeen aldeko VI. Zinemaldian aurkeztu zen; Iruñeko XVIII. Mundua eta Giza Eskubideak Zinema Erakusketan ere aurkeztu zen; ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 65. edizioan aurkeztu zen, Bertoko Begiradak sailean. Filma Euskal Herriko beste hainbat herritan ere proiektatzen ari dira.
Bere filmen gaiaren, begiradaren, ametsen, aurrera atera beharreko ahaleginen eta, batez ere, zinemari egindako ekarpenaren aitzinean gaude. Bidaia honetan hiru urpekari ditugu gidari: Erea Lopez, Lara Larrañaga eta Ainhoa Incognito. Filmak Deustuko Unibertsitateko ikertzaile Pilar Rodriguezen begirada ere jasotzen du, eta Ur Joko Elkarteko (Donibane Lohizune) Elorri Arin, Morgane Baud, Ainhoa Etxenik eta Ihintza Urtxegi arraunlariak ditu tartean.
Bertha Gaztelumendik eta Rosa Zufiak idatzi eta zuzendutako dokumental luze honek Rubén Crespo (itsaspeko filmazioan espezializatua) du argazki zuzendari. Kim Maiteny, Sonia Uribe, Belen Moreno eta Leire Arzuaga arduratu dira ekoizpenaz. Heidi Otaduy eta Ruben Crespo dira kamera-operadore nagusiak, eta Wild Focusek eta Asier Torresek gidatu dituzte droneak. Maitane Carballo da zuzeneko soinuaren arduraduna; Xanti Salvador, soinu muntaketaren zuzendaria eta Alex Argoitia da irudi-postprodukzioaren arduraduna. Olatz Salvadorrek y Borja Antonek musika sortu dute. Amaia Merinok muntaketa egin du eta Ane Antoñanzas da produktore exekutiboa.
Azkenean hasi da emakumeen ahotsa zineman entzuten. Atzoko eta gaurko euskal zinemagileak protagonista dituen dokumental honekin ospatzen dugu, gaiaren ikuspegi unibertsala dakarkiguna.
Hiru urpekarik itsaspeko bidaia batean barrena eramanen gaituzte, emakumeek zuzendutako zinemaren bidez, eta haien filmen gaiak, pertsonaiak, haien begirada, ametsak, aurrera ateratzeko ahaleginak eta, batez ere, zinemari eta gizarteari egiten dioten ekarpena erakusten dizkigute.
Aitzindariak ezagutuko ditugu, eta azken jaialdietan arrakasta izaten ari diren zinemagile beteranoen edo gazteen lanak harrituko gaituzte.
Euskaraz eta gaztelaniaz grabatua, filmak 75 minutuko iraupena du.
Filmeko zuzendariek beren buruari galdetzen diote “Nola aldatzen ari da zinema emakumeen begiradaren ekarpenarekin? Zinema da emakumeak gehien falta izan dituen arteetako bat. Emakumeek egindako zinema ernamuintzen ari den une honetan, zinegileek iraganean egindako lana omendu nahi dugu, haien oraingo lorpenak ospatu, eta haien etorkizunean haiekin batera amestu”.
“Filma itsaspean gertatzen den irudi bidezko fikzio baten bidez gidatuta dago. Apnea egiten duten hiru urpekariren bidaia baten bidez, gaiaren arabera egituratutako eta 19 euskal zinemagileren eta ikertzaile baten bizipenetan eta pentsamenduetan oinarritutako istorio bat eraikitzen joan gara”.
“Emakumeen zinema-unibertsoaz ari gara, eta lanbidean eskubide-berdintasuna aldarrikatzen dugu. Baina, horrez gain, itsasoak haien lanetan duen presentziaz gozatzen dugu, film gisa egiten dituzten bidaiez eta bidaia gisa egiten dituzten filmez, dokumentalek eta esperimentazioak pizten dieten pasioaz, inguratzen dituen munduagatik duten interesaz eta haien barne-mundura irekitako leihoaz”.
BERTHA GAZTELUMENDI CABALLERO
Kazetaria, errealizadorea eta, gaur egun, ikertzailea da UPV/EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Unesco katedran.Arnasa betean. A pulmón bere seigarren filma da. Aurretik beste hiru dokumental luze zuzendu ditu: Mariposas en el hierro (2012); Volar (2017); atzerriko dokumental onenaren saria lortu zuen Annual Copenhagen Film Festivalen; eta Ez, eskerrik ask. Gladysen leihoa (2019); ikus-entzunezko ARGIA saria jaso zuen. Nigar franko egingo zuen aitak (2014) film ertaina ere egin zuen, eta Nuria Casalekin batera Las buenas compañías (2015) film laburra zuzendu zuen, Errenteriako XX. Film Laburren Jaialdian dokumental onenaren saria jaso zuena.
ROSA ZUFÍA SANZ
Kazetari honek 30 urte eman ditu Euskal Telebistan (ETB) lanean erredaktore-editore gisa eta kulturako eta zinemako programak zuzentzen. 1999 eta 2006 artean albistegietako zuzendariordea izan zen. Halaber, Donostiako Tabakalera kultura garaikidearen nazioarteko zentroa sortzen lagundu zuen, Komunikazioko zuzendari lanetan (2006-2011). Donostiako Nazioarteko Zinemaldiko RTVE-Otra Mirada sariko epaimahaian parte hartu du, besteak beste. Arnasa betean. A pulmón da bere lehen filma.