Itsasori eta Haizeari egindako elkarrizketak ekarriko ditugu. Elkarrizketa bana egin diegu, badutelako zer kontatu eta diotena entzutea merezi dutelako. Haiek topatuko dituzue Xabier karrika 4ra bisitan zatoztenean. Haien goxotasuna eta batez ere, euskal kulturarekiko maitasuna eta ezagutza jasoko duzue; aire, ideia eta indar berrituekin etorri zaizkigu, eta gure proiektuan nabari dugu jada, bultzada polita eman digute. Etorri eta sentitu zuek ere indar hau.

Zein da zure historia pertsonala euskararekin?
Euskara eta euskalkiak maitatzen eta errespetatzen ikasi dugu etxetik. Ttipitan Domintxinen sortu, Ozazen eta gero Puiun bizi izanik, ustez hain desberdin ziren herri horietan euskararen diglosi egoera nabari zen (eta da) mugaz alde batean zein bestean. Nik eta ahizpak etxean ikasi ahal izan dugu euskara. Aitak eta amak beranduago zerotik ikasi edo berreskuratu behar izan zuten euskara, eta zinez eskertzen ditut guri euskaraz egiteko hautua mantendu izanagatik. Guk lapurtera, gipuzkera eta batuaren nahasteka mintzatu dugu etxean, baina Sohütako ikastolan Xiberoko eüskara ikasi genuen eta orain berriz berrartu dugu ahizpak eta nik xiberutarra, ez baitugu galdu nahi horrek gure artean sortzen duen harremana eta mundu ikuskera.

Karrikiri lehenagotik ezagutzen zenuen?
Bai. Karrikiri nire kasuan erreferentzia leku bat izan da Iruñean, zerbait oparitu edo libururen bat erosi nahi nuenean, hona etortzen nintzen. Uste dut, eskaintzen dituen zerbitzu anitzak eta euskaldunen topagune izaera direla eta, oso elkarte maitatua dela iruñerrian.

Nola izan ziren zure lehendabiziko egunak?
Oso atseginak. Dendako lana ez nuen ezagutzen eta liburu eta produktu artean murgiltzea oso goxoa izan da, batez ere Haizea irakasle izanik, eta beste lankide jator eta jakintsuen babesean. Hasieran, hain kontzentratua izaten nintzen zerbaitetan, ezen norbait dendara sartu bakoitzean sekulako sustoa hartzen bainuen!

Zer ikusi duzu mostradorearen beste aldean? Imaginatzen zenuena ikusi duzu, ala zerbaitek harritu zaitu?
Mostradoretik mila gauza ikusten dira. Kanpora begira, dibertigarria da kaleko xehetasun txikietan fijatzea, kale hau bizi-bizirik dago eta pozgarria da. Dendaren barnean aldiz, jendeak biziarazten du leku hau eta are lekuago egiten du. Jendea erakusleihoari begira-begira egoten da eta espero gabeko gauza xelebreak galdetzen dizkizute. Dibertigarria eta lasaia da hemengo lana. Gainera, jendea ere presarik gabe eta alai etortzen da, eta hori oso eskertzekoa da, salbu denda ixteko bi minutu ments direnean!

Zer amets gauzatuko zenuke Karrikiriren proiektuaren baitan?
Euskaraz sortutako proiektuetan eta produktuetan aniztasun handiagoa lortzea, denen plazererako. Izan elkarrizketa, objektu, jolas, arropa eta gaur egun garrantzia hartzen ari diren alorretara euskara zabaltzen joatea.

Amaitzeko, baduzu gomendio musikalik edota literariorik?

Liburuetan Mari-mutil handi baten bluesa eta Bekatorosak gustatu zitzaidan azkenak eta musikan Gure Aldetara eta Seitan cd-ak.