ELKARTEA

Karrikiri euskaldun ameslari batzuen elkartea da. Sortu zenean Iruñean bizi ziren hainbat euskaltzalek bat egin zuten euskaraz bizi nahi zutelako. Gurean euskaldunen komunitatea txikia zen kopuruz, fisikoki sakabanatua, elkarren artean ezezaguna eta eremu publikoan islarik ez zuena.

Zer egiten dugu?

Karrikiri Euskaldunon Topagunearen helburu nagusia Iruñean euskal kulturaren eta euskararen erabilera bizitzaren eguneroko alderdi guztietan bultzatzea, indartzea eta sustatzea da, hots, Iruñeko komunitate euskaldun trinkotua, egituratua eta orekatua, euskaldun guztiendako ateak zabalik dituena, erdiesteko bidean.

Honako xedeak ditugu:

• Euskaldunon hizkuntza komunitatea egituratzea, euskaldunon arteko harremanak indartuz.
• Euskaraz aritu ahal izateko guneak ezagutzera ematea eta zabaltzea.
• Komunikaziorako gune berriak sortzea.
• Euskararen erabilera egunerokotasunean sustatzea
• Euskararen aldeko sentsibilizazioa piztea
• Euskararen irakaskuntza sustatzea eta motibatzea

Horretarako komunikazio lanak, eskaintzen ditugun zerbitzuak eta euskal denda gure ildo nagusiak dira.

Bizi al daiteke euskaraz Iruñean?

2001eko zentsuari erreparatuz, Iruñerrian 15.300etik gora euskaldun eta 19.000 ia euskaldun baino gehiago bizi omen gara. Hiztun kopuru hori duen herriak ezin ote du euskaraz bizi?

Erdaldunen artean egonik neketsua izan daiteke, baina posiblea baldin eta euskaldunen arteko harremanak errazten badira. Hauxe da Karrikiri elkartearen xede nagusia: hizkuntzaren erabilpena bermatzea. Funtsean Karrikiri, hiri karriketan euskaraz gaitezen bizi sortu da; hizkuntzari guneak irekitzen, baliabideak sortzen, e.a. Hau da gure eginkizuna. Zurea ere ote?

Euskaldun bizi nahi al duzu? Zatoz eta galdegin, zure zain gaituzu.

 

Karrikiri izenaz

Iruñeko euskaldunen elkarteari Karrikiri izena paratzea Asisko Urmenetak 1997an eginiko proposamena izan zen; Iruñeko karriketan euskararen normalizazioa bultzatzeko asmoz sortutako taldeari izena emateko.

Historiari erreparatuz, Karrikiri XIX. mendean ospe handikoa izan zen Nazario Carriquiri politikari, bankari eta ganaduzale nafarrak hazitako ganadutegiaren izena zen; zezen basati, gorrixka eta iheskorrez osatutako ganadutegi famatua. Lehenago Gendulain izenaz ezaguna zen ganadutegia Nazario Carriquiriren abizena hartu eta bazter guztietan famatu bilakatu zen bere zezenen ausardiagatik eta toreatzaileei pasarazten zizkieten une latzengatik. Betizu arrazakoak omen ziren eta, adituek diotenez, eztenkada mordoa jaso arren, ez zuten erraz etsitzen. Gaur egun Iruñeko Sanferminetan feriako zezen ausartenari Karrikiri saria ematen diote.

Zenbait filologoek diotenez, “Karrikiri” izena bi osagaik da osatua: batetik “Karrika” (kale) izena, eta bertzetik, “-iri” (hurbil) atzizkia. Karrikirik, beraz, “karrikari hurbil dagoena (dagoen etxea) erran bide du”. “Karrika” izenaz ere bada zer errana; “karrika” sortaldean erabili izan da (gogora dezagun Oiartzunek baduela Karrika izeneko auzo bat edo Atarrabiaren goitizena “Karrikaluze” izan dela oraintsu arte –bertako euskara taldearen izena-). “Kalea”, berriz, sartalde edo mendebaldean erabili izan da. Beraz, Iruñeko karriken izenak agertzen dituzten plakattoetan “kalea” agertuagatik ere, usadioari jarraikiz gero, “karrika” agertu beharko lukete dudarik gabe.

Eta jakin izan dugunagatik, Karrikiri abizena Iparraldetik omen dator -Nazario Carriquiriren aita hain zuzen ere Baxenabartarra omen zen- eta Larrañen bertan gaur egun oraindik ere izen horixe duen landetxea aurkitu daiteke. Gerora Euskal Herriko zenbait tokitan hedatu da, hala nola Tafallan eta Errenterian, baita itsasoaz bestaldeko Uruguain ere nonbait.