Txuma Flamarike gitarrajolearen azken proiektua da Zaratamakers izenekoa. Rock amerikarraren iturritik edandakoa da eta eragin hori erraz nabari da Atarrabiakoaren azken abenturan. «Eboluzioa» izeneko lan berria osatzeko hiru lagun bildu ditu ondoan; Iker Bengoetxea kantaria, Jon Uribeetxeberria bateria eta Oscar Muñoz baxua.

Hamaika kantuz osatzen da lana. Hitzak, Bengoetxeak sortuak dira eta konposizioak berriz Flamarikek eginak dira. Melodia sarkorrak eta rock & rollaren esentzia mantentzen duten doinuak dira nagusi Zaratamakers taldearen estreinako lanean.

Blues doinuek ere badute beren tokia, «Aurrezblues» izeneko kantua sorpresa bikaina da, Iker Bengoetxea kantariak abilezia berezia erakutsi baitu interpretazio lanean.

Elkar ekoiztetxeak argitaratutako eta babestutako CDa da.