Hasiera guztiak ongi dakigun bezala, ez dira berdinak izaten. Baina hasiera aunitzek formula bera elkarbanatzen dute, adibidez : Hiru, bi, bat; Hemen da udazkena. Udazkena gainean dugu, eta udazkenak gaztaina zaporea du, jertse potoloaren testura, kolorea gorrixka, zaparrada doinua eta usain Ipuingarria.

Bertze behin, ahozkotasuna, ilustrazioa, poesia, musika eta ipuinaren bitartez,  ateak irekiko dizkiogu gure irudimen kolektiboari. Ipuinak entzutetik eta irakurtzetik haratago doa Ipuingarria. Gure komunitatea elkartzeko espazio bat sortu nahi izan dugu, gure txikiei haien herriko artistak ezagutzeko hitzordua jarri eta ez hain txikiei ere gozamenerako uharte bat eskaini.

Aurtengoak gainera, ezinbertzean berezia behar du, hirugarren aldiz ospatuko baita ipuinaren jaia; Eta ipuin zaleok ongi dakigun bezala, hiru zenbakia magikoa da. Hiru anaia ziren Makilakixkiren familian, hiru bisita egin zioten deabruek errementariari eta hiru, otsoak jan nahi zituen txerriak. Ez al zaizue tenore ezin hobea iruditzen gure bizitzetan ipuinei ematen diegun espazioa, hiru bider handitzeko?

Azaroak 9an Kondestablen abiatuko dugu hirugarren edizioa eta azaroak 12ra arte Laban aukera izanen duzue unibertso zoragarri honetaz gozatzeko. Dena esanda dago eta dena esateke, bazatoz? Bat, bi, hiru: Hemen da ipuingarria!