Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak (Irene Solà)

Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak (Irene Solà)

Emakumeak kantatu eta mendiak dantzan hasten dira. Eleberri honetan, emakumeen eta naturaren bihotz taupadak entzuten dira, biak baitira istorio honen protagonistak.

Orri hauetan agertuko zaizkigu amodio kontuak, gerla zibileko oroitzapenak, eguneroko bizipozak eta zailtasunak; eta natura nonahi, errekak, oinaztarriak, ur-jauziak, haizea, mendiak, hartzak, txakurrak, erbiak eta basurdeak. Denek kantatzen eta kontatzen digute haien historia. Aipatzekoa da Joxean Elosegik eleberri kutun hau katalanetik euskarara ekartzeko egin duen lan bikaina.

Hemen eskuragai.

Indarkeriaz (Hannah Arendt)

Indarkeriaz (Hannah Arendt)

Hannah Arendt XX. mendeko filosofo eta politika pentsalari handienetariko bat zen. Judutar izanik
nazismoaren jazarpena pairatu zuen, Alemaniatik ihes egin behar izan zuen A.E.B.etan aterpe hartzeko eta han geratu zen aurrerantzean.

Lan hau argitaratu zenean, 1970an, Vietnamgo gerla puri-purian zegoen eta indarkeriaren inguruko eztabaidak oso sutsuak ziren, bai alde, bai aurka aldean zeuden pertsonen artean. Testuinguru horretan plazaratu zuen Hannah Arendtek honako saiakera hau eta 50 urte pasa badira ere, ez du galdu gaurkotasunik beraz, esan dezakegu testu filosofiko klasiko baten aurrean gaudela.

Hemen eskuragai.

Ez dakit zertaz ari zaren (Ana Malagon)

Ez dakit zertaz ari zaren (Ana Malagon)

Ana Malagonek idatzitako hirugarren narrazio liburua dugu hau, eta tituluak esaten duenaren kontra, biziki ongi daki zertaz ari den. Bizitzak gorputzean utzitako orbanez solas egiten digu, dibortzioaren amorruaz, maitatzen dugun pertsonaren galerak dakarkigun minaz, gaitzak eragindako ezinegonaz.

Gizarte-arazoei ere ez die iskin egiten: lan prekarioak edo hipoteka ordaintzeko zailtasunak ere badute beren lekutxoa narrazioetan. Zenbait kasutan umore garratza antzematen zaio, beste batzuetan arrangura eta ezinegona gure bizitza sasi- perfektuaren aurrean. Behin liburua irakurtzen hasita, gero eta harrapatuago sentituko da irakurlea; istorioak oso ongi garatuta daude, erritmo atsegina dute, eta horrek liburua segituan irakurtzeko nahia pizten du.

Hemen eskuragai.

Nirliit (Juliana Léveille-Trudel / Aiora Jaka (Itzul.))

Nirliit (Juliana Léveille-Trudel / Aiora Jaka (Itzul.))

Eva, Salluit Inuit herrixka bateko neska gaztea, desagertu da, eta inork ez daki zer gertatu zaion: hartz zuri batek hil , izotz polarrak irentsi, badian ito edo besterik gabe bere buruaz beste egin al du?

Quebecetik urtero legez gizarte-lana egitera joaten den Evaren lagunak, ahots narratzaileak, ezin du onartu desagerpena. Evaren espirituari hitz egiten dio, galdegiten dio ea noiz itzuliko den. Inuit herria menderatua, kolonizatua; gizarte desegina, alkoholizatua, Kanadako estatuaren diru laguntzari esker bizi dena.

Drogak eta prostituzioa, genero-indarkeria… baina baita ere jendearen abegia, naturaren edertasuna, kultura berdingabea. Istorio hunkigarria, Inuiten bizimodua ezagutzeko aukera ematen duena.

Hemen eskuragai.

Zeruko belardiak (John Steinbeck)

Zeruko belardiak (John Steinbeck)

Zeruko belardiak - John Steinbeck - Urrezko Biblioteka - Karrikiri Euskal Denda

Kaliforniako estatuan badago aran bat, bere edertasun eta emankortasunagatik “Zeruko belardiak” izenarekin ezagutzen dutena. Han girotu zuen Jhon Steinbeck-ek hamabi kapituluz osatutako istorioa.

Kapituluak independenteak dira, baina aldi berean istorio poliedriko bat osatzen dute. Zeruko belardietan ere bizitza borroka da, gorabeheraz betea; ez da infernua, baina purgatoriotik ez dabil oso urrun.

Pertsonaiek koru bat osatzen dute, beren bizitzak harilkatzen eta gurutzatzen baitira istorioan zehar. Liburua irakurri ondoren, ahoan zapore mikatza geratzen zaigu itsatsita.

Hemen eskuragai.

Jende likidoa (Nerea Arrien)

Jende likidoa (Nerea Arrien)

Jende likidoa - Nerea Arrien - Erein argitaletxea - Karrikiri Euskal Denda

Ematen du, Zygmunt Bauman filosofo judutarrak esaten zuen bezala, modernitate likido batean bizi garela. Saiatzen gara eskuekin denbora harrapatzen, baina hatzen artean galtzen dugu.

Gure bizitza likidoa da: ezerezaren sentsazioaren menpe bizi gara, irudiaren tiraniari ezin aurre eginik, bakardadez bustita. “Jende likidoa” narrazio bilduma da, baina nobela bezala irakur daiteke.

Pertsonaia zalantzatiak bizitzaren aurrean errenka ibiltzen dira, errealitate likidoan itota. Nerea Arrien lekeitiarra eta poeta da; agian bi kointzidentzia horiek likidoaren irudia erabiltzera eraman dute.

Hemen eskuragai.