JALGI HADI GEHIAGO, GEHIAGOREKIN, GEHIAGOTAN!

Kike Amonarrizek, Topaguneko lehendakaria, Euskararen Nazioarteko Egunean:

Euskaldunontzako etorkizun hobe baten ilusioak eta nahiak elkartzen gaitu. Baita bizi dugun egoeraren kezkak ere. Kemen handikoa gara euskara jendea; ohituta gaude arranguraz bezainbat itxaropenez eusten, ekiten eta eraikitzen. Baina neke historikoa ere sentitzen dugu bizkar gainean, eta euskaraz bizi ahal izateko garaia dugula ere aldarrikatu nahi dugu. Bidegurutzetik atera eta euskaraz bizitzeko jauzi kualitatiboa emateko unea da.


Beñat Etxeparek idatziz jasotako kontzientzia euskaltzale horren sua eta beroa mendez mende transmititu dira. Bidea egin dute familietan eta herrietan barrena, emakume nahiz gizonen artean, bertan sortutakoen nahiz etorkizuna gurekin eraiki nahi izan duten kanpotik etorritakoen artean. Euskaltzaletasunaren su horrek berotzen eta elkartzen gaitu gaur ere.


Kanpoko indar homogeneizatzaileen azpitik eta bertako askoren utzikeriaren gainetik. Herri honetan beti egon direlako justizia soziala lortzekotan, euskarari eta euskal komunitateari biziraupena eta duintasuna bermatzea ezinbestekotzat jo duten gizon-emakumean: ikasten ahalegindu direnak, seme-alabek jakin dezaten bermatu nahi izan dutenak eta euskara bizitzeko hautua egin dutenak.


Eta lehen bezala, orain ere, gugan dago etorkizuna irabazteko indarrik handiena. Euskararen aldeko defentsarik onena erabilera da: euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan erabiltzea. Euskara jalgi hadi plazara! Eta euskara pozarekin eta atseginarekin lotzea. Euskara jalgi hadi dantzara!
Horixe sentitu zuten aurreko Euskaraldian, beren hizkuntza ohiturak aldatzeko erabakia hartu eta praktikara eraman zuten milaka eta milaka herritarrek: ilusioa, konplizitatea, poza eta komunitate baten parte izatea.


Hasiak gara dagoeneko bigarren Euskaraldia prestatzen; sakonagoa, handiagoa eta zabalagoa izan nahi duen Euskaraldia. Berau euskararen alde inoiz eman den urratsik handiena izan dadila nahi dugu: bere eragina ahalik eta herritar eta entitate gehienetara iritsi eta urteko 365 egunetara zabal dadila. Horretarako, ezinbestekoa izango da euskaltzaleak batzea, antolatzea eta trinkotzea.

Bultza dezagun herriz herri, auzoz auzo euskaltzaleen mugimendua: sortu eta indartu ditzagun euskaltzaleen topaguneak eta Euskaraldiaren herri batzordeak Euskal Herriko txoko guztietan.


Gaur, abenduaren 3an, Nazioarteko Euskararen Egunean, Etxepareren aldarria gogoan, mugimendu euskaltzalea indartzera deitzen zaituztegu: gazteak, helduak eta adinekoak, emakumeak nahiz gizonezkoak, esku-langileak, irakasleak, unibertsitarioak, zaintzaileak, euskara ikasten ari zaretenak, belarriprestak eta ahobiziak… Bakoitzak ahal duen eta egoki ikusten duen konpromiso mailarekin; norbere aukera eta gaitasunaren arabera.


Indarrak elkartzen baditugu eta auzoz auzo, herriz herri euskararen aldeko dinamikak piztu eta sustatzen baditugu. Euskal Herri euskaldunago, biziago, berdinzaleago eta justuago bat eraiki ahal izango dugu. Guretzat eta hurrengo belaunaldientzat. Horixe da guretik munduari egin geniezaiokeen ekarpenik ederrenetako bat. Jalgi hadi plazara. Habil mundu guztira!


Kike Amonarriz Gorria – 2019ko abenduaren 3an.

“Lanerako modu berriak asmatu behar ditugu. Badugu ezagutza, badugu ahalmena, eta badugu beharra” JON ABRIL- Elhuyar fundazioko zuzendaria

“Lanerako modu berriak asmatu behar ditugu. Badugu ezagutza, badugu ahalmena, eta badugu beharra” JON ABRIL- Elhuyar fundazioko zuzendaria

Hari Izpia Hartzen jardunaldiak hartuko du urtarrilaren 24an Kondestable Jauregia. Jon Abrilekin mintzatu gara jardunaldiaren nondik-norakoak ezagutzeko, bera izanen baita hitzaren gidari egun horretan.

Zer da Hari Izpia eta zergatik nahi duzue hartu?


Euskal kulturaren transmisioan dagoen etenak kezkatuta, hari horri tiraka jarri nahi dugu. Euskarazko kulturaren kontsumo- maila nabarmen murriztu da, euskaldun gehienek ez baitute euskarazko kultura kontsumitzen. Horren atzetik dago, besteren artean, euskaldunen artean erdaraz errazago moldatzen diren herritar asko daudela. Eta euskarazko kultura ez bada transmititzen, euskalduntzea ez da erabatekoa izanen.

Beraz, euskararen erabilera eta kultur- kontsumoaren gaia estuki loturik daudela ikusten dugu, eta euskara biziko bada, kultur komunitate eta hiztun komunitate trinko bat behar ditu. Bertzetik, eskaintza oparoa dago, baina produkzio hori gizarteratzeko zailtasunak ditugu, maizegi, ez da behar bezala iristen herritarrengana. Horri erantsi behar zaio iraultza kultural baten erdian gaudela, mundu osoan gertatzen ari dena. Orain arte sozializaziorako izan ditugun bide nagusiek, hala nola, familiak, eskolak, lagunarteak edota hedabideek, pisua galdu dute, eta Google, Amazon, Facebook, Twitter edota Instagram dira kanal nagusiak.

Hortaz, ezinbertzekoa da erakundeen eta kultur eragileen arteko lan bateratua artikulatzea, eta epe luzerako politikak adostea. Horiek guztiak hizpide hartuta, hariari tiraka hasiko gara, jakitun hari-mataza luzea dela, eta erronka guztiei ezin izanen diegula goiz bateko saioan erantzun. Baina lanean jarri nahi dugu.


Nori zuzendua izanen da jardunaldia? Zein jende mota espero duzue?

Edonork parte har dezake, eta deialdia edonorentzat zabalik dago. Euskara teknikarien sarearena izan da ideia, eta euskara teknikariak bertan egonen dira. Eta nahi dugu hurbiltzea kultur teknikaria, eta kulturgileak, eta kulturaren industrian mugitzen direnak, euskararen normalizazioan dihardutenak, baina baita kontsumitzaileak ere, alegia, herritarrak, euskarazko kultura horren kontsumoa egiten dutenak. Guztiek osatu behar dugu ekosistema hori, guztien ikuspegiak, kezkak, zalantzak, ekarpenak eta ideiak beharko dira.


Zer topatuko du urtarrilaren 24an Kondestable Jauregira hubiltzen denak?

Goiz osoko egitaraua prestatu dugu. Bi hitzaldi iradokitzaile izanen dira. Josu Amezaga EHUko irakasleak euskarazko kulturaren kontsumoa ulertzeko gakoak diren datuak eta analisiak eskainiko dizkigu. Miren Artetxek, berriz, bertso eskolen esperientzia ekarriko du. Gazteek euskaraz zergatik egiten duten aztertu du, zein den euskarak gazteei egiten dien ekarpena, eta euren nortasunean zer paper jokatzen duen.


Bertzetik, Euskal Herriko hiru esperientzia adierazgarri ere ezagutuko ditugu: Berako Kultur Batzordean herriko eragileen eta administrazioaren arteko elkarlanaz ariko zaigu Aitor Elexpuru Berako alkatea; Azpeitiko Kultur Mahaia, eta horren baitan abian jarri duten Dinamoa sormen- gunea aurkeztuko du Xabier Gantzarainek; eta Aiaraldean lantzen ari diren Ekintzen Faktoria aurkeztuko du Gartzen Garaiok. Eta horrezaz gain, goizeko zati handi bat hartuko du elkarrekin eginen dugun gogoeta gidatuak. Nik neuk bideratuko dut, eta kezka honi nola heltzen diogun pentsatuko dugu; herritarrengan modu eraginkorrean eragiteko moduez ariko gara, transmisioaz, eskaintzaz, ikusgarritasunaz, nola eman prestigioa… eta, batez ere, hori guztia nola artikulatuko dugun pentsatzea, asmoa baita ariketa honen bidez aurrera begirako lan- lerro batzuk zehaztea.

Eta jardunaldiaren ondotik, zer?


Argi dugu lehenbiziko urratsa bertzerik ez dela hau. Jarraipena beharko du, baina lansaioak ematen duenaren arabera definitu nahi dugu. Abiapuntu bat izan nahi du, lan egonkor baterako balio behardu. Gauza izan behar dugu euskalgintzak, kulturgintzak (sortzaileak, industriak…) eta administrazioak eskutik joateko eta estrategia bateratu bat definitzeko. Lanerako modu berriak asmatu behar ditugu. Badugu ezagutza, badugu ahalmena, eta badugu beharra. Elkarren osagarri izanen diren hizkuntza-politika eta kultura-politika baten diseinua asmatzea izan behar du erronka.

Euskaraldiaren aurkezpena Nafarroan

2019ko azaroaren 23an egin da bigarren Euskaraldia Nafarroan aurkezteko ekitaldia Iruñeko Zentral aretoan. Ekitaldiaren laburpena egiten duen bideoa duzue jarraian:

Bertan Euskalerria Irratiko esatari Reyes Illintxetak eta Juan Kruz Lakastak zuzendutako saioan Euskaltzaleen Topaguneko ordezkariek (Kike Amonarriz eta Oskar Zapatak) eta Nafarroako Gobernukoek (Ana Ollo Herritarren Harremanetarako Kontseilariak eta Mikel Arregi Euskarabideako zuzendariak) parte hartu dute, besteak beste.

Hainbat erakunde eta gizarte eragileetako ordezkari zein herritarrek parte hartu dute ekitaldian, era berean. Musikak presentzia nabarmena izan du ekitaldian: Petti, Demode quartet eta Ibil Bediren emanaldiak izan dira.

HARI IZPIA HARTZEN (Euskal kulturaren erronkak Nafarroan)

Nafarroako Euskara Teknikarien Sareak, Elkarrek eta Karrikirik elkarlanean prestatu duten jardunaldia antolatzeko gogoeta dakargu hilabete honetan. 2020ko urtarrilaren 24an (Kondestablearen jauregian Iruñean). Izen-ematea, urtarrilaren 17a baino lehen.

Hainbat kezkek ekarri gaituzte jardunaldi hau antolatzera:

  • Arduratuak gaude euskal kulturaren kontsumoarekin. Izan ere, euskaldun gehienek ez dute euskarazko kultura kontsumitzen. Gero eta gehiago dira euskaldunak, baina errazago moldatzen dira erdaraz, eta horrek eragin zuzen du bere kultur kontsumoan. Eta erraztasunarekin batera, ohituraren gaia ere badago.
  • Euskal kulturaren transmisioan etena gertatu dela nabaria da. Gero eta haur gehiagok euskara ikasten dute eskolaren bidez, baina horrek ez du ekarri euskaldun izan daitezen. Euskarazko kultura ez bada transmititzen, euskalduntzea ez da erabatekoa izango. Euskara biziko da baldin eta kultur komunitatea eta hiztun komunitatea trinkotzen badira, ez jendeak euskara jakite hutsagatik.
  • Eskaintzari dagokionez, euskal kultur sorkuntza eta produkzioa aberatsak dira gaur egun, baina, maizegi, ez dira iristen herritarrengana. Euskaraz egiten den kultura badenik ere ez daki jende askok, eta dakienak ere askotan bigarren mailakotzat ikusten du. Programatzen dena koordinatzea eta gizarteratzea ezinbestekoa da jende gehiagorengana iritsi ahal izateko.
  • Hezkuntza arautuan baliabideak falta dira, eta literaturaz besteko kultur sorkuntza guztiak hedatzeko premia dago. Hizkuntzaren irakaskuntzarako material asko dago, baina ez euskal kultura zehar-lerro gisa landuko duena.
  • Iraultza kultural baten erdian gaude, mundu osoan gertatzen ari dena. Orain arte sozializaziorako bide nagusiak familia, eskola, lagunartea eta komunikabideak izan badira, egungoak Google, Amazon, Facebook, Twitter Instagram eta abar dira. Eta aldaketaren abiada ikaragarria da.
  • Ez dago, erakundeen eta kultur eragileen arteko lan bateraturik, ez eta epe luzerako politikarik adosturik. Euskal kultura ez da agenda politikoan garrantzia duen gai bat. Areago, kultur eragileak dirulaguntzen oso menpekoak dira.

Kezka hauetatik abiatuta, jardunaldiaren xedea da eragile guztien artean —teknikariak, sortzaileak, politikariak…—  gogoeta bateratu bat egitea nondik jo jakiteko. Denen artean osatuko dugun diagnostikotik aurrera begirako lan ildoak zehaztu nahi ditugu, etorkizuneko lankidetza artikulatzeko, euskarazko kultur ekoizpenak ikusgarri egiteko, transmisioa bermatzeko, kontsumo–joeren norabidea aldatzeko, kulturak duen funtzio linguistikoa aldarrikatzeko eta, funtsean, elkarren osagarri izenen diren hizkuntz politika eta kultur politika eraginkorrak abiatzeko.

Hitzordua: 2020ko urtarrilaren 24an (Kondestablearen jauregian Iruñean). Izena emateko idatzi hona: izen-ematea, urtarrilaren 17a baino lehen).

Bigarren Euskaraldira bidean

2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra.

GEHIAGO, GEHIAGOREKIN, GEHIAGOTAN

Euskaraldiaren bigarren ediziorako bidean, Nafarroan ere herriz herri prestatzen hasiak gara ahobizi eta belarriprestak.

Iturria: Unai Elorriaga, asteartean (26), Karrikirin; Etxeak eta hilobiak: Bernardo Atxaga, asteazkenean (27), Plazaran (kale nagusia 31)

Iturria: Unai Elorriaga, asteartean (26), Karrikirin; Etxeak eta hilobiak: Bernardo Atxaga, asteazkenean (27), Plazaran (kale nagusia 31)

Aste hau ere interesgarri datorkigu, sarrera libre: