Miel A. Elustondo kazetari eta ARGIAko kolaboratzaileak emango dio segida Nobela Beltzaren Asteari, Beltz guztiak ez dira bele (Gotzon Garateren oroimenean) izeneko hitzaldiarekin. Anizko elkartean antolatu dute solasaldia, 2008an hil zen idazlearen lana ardatz hartuta.
Film laburrak eta trama politiko beltzak
Letretatik ikus-entzunezkoetara pasako dira ondoren, urtarrilaren 20an, Euskal Harriaren ABDak film labur sortaren emankizun batekin. Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean da zita, eta film horietan parte hartu zuten hiru egile izango dira bertan: Ane Urkiola, Beñat Iturriotz eta Santi Leoné.
Urtarrilaren 21eko larunbata ageri da beteen programan, goizeko 11etan hasita Iratxe Fresneda EHUko irakasleak eta Gorka Bereziartua ARGIAko kazetariak izango duten solasalditik abiatuta. Mikel Soto Txalaparta argitaletxeko editoreak moderatuta, Fikziorako argudioak politikaren trama beltzetik izango dituzte hizpide Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean.
Genero beltzaren aurtengo uzta
14:00etan Erratzuko Etxeleberteko txokoa elkartean bazkaldu ondoren, hainbat liburu aurkeztuko dituzte: Eneko Aizpuruaren Lehertu da festa, Itxaro Bordaren Ultimes déchets, Miren Gorrotxategiren 33 ezkil eta Ander Odriozolaren Freeport, denak ere intrigaren eta genero beltzaren alorrekoak.
“Susmagarrien gaua” prestatu dute segidan Erratzuko ostatuetan barna eta atzetik, 21:00etan, Markos Untzetaren kontzertua. Blues-folk ukituak dituen popa egiten du musikari eibartar autodidakta honek.
Biharamun handirik gabe esnatzea aurreikusten dute urtarrilaren 22an, Lekarozko plazan ipuin kontaketa teatralizatua prestatu baitute 11:30ean. Arratsaldeko 19:00etan bukatuko da aurtengo Euskal Nobela Beltzaren Astea Elizondoko Arizkuneena Kultur Etxean: 19:00etatik aurrera Julio Soto, Andoni Egaña, Onintza Enbeita eta Alaia Martin ariko dira bertsotan Josu Goikoetxeak jarritako gaiei erantzunez.